Skip to main content

Juan Ignacio Gomeza Villa

… aitari eginbeharreko aitormena da, berak bideratu baininduen; Deustu Unibertsitateari ere bai, bertatik sortu bainintzen Zuzenbidearen mundura; Jesusen Lagundiari, bertan ikasi bainuen, ikasten baitut eta bertara lotuta sentitzen bainaiz; notariotza funtzioari, gizarteri egindako zerbitzu gisa; segurtasun juridikoari eta gizarte bakeari; balio deontologikoei, eguneroko lanbideko jardunean; eta Unión Internacional del Notariado-ri …

San Raimundo Peñafortekoaren Ordenako Gurutzeak Justizia Ministerioaren kondekorazioak dira, justizia administrazioan eta Zuzenbidearen adar guztien ikerketaren aplikazioan parte hartzen dutenen merezimenduak saritzen dituztenak, baita Justizia Ministerioaren menpeko jarduera juridikoan kontrako notarik gabe zerbitzu eman dutenentzakoak ere.

Beste ezer baino lehen, zorionak San Raimundo Peñafortekoaren Ordenako Lehenengo Klaseko Ohorezko Gurutzea bezalako aitorpen garrantzizkoa Justizia Ministerioaren eskutik jaso duzulako. Zer esan nahi du Juan Ignacio Gomeza Villarentzat domina horrek?

Lehenengo eta behin, harridura. Ez nuen uste emango zidatenik eta espero ere ez nuen espero.

Aitari eginbeharreko aitormena da, berak bideratu baininduen; Deustu Unibertsitateari ere bai, bertatik sortu bainintzen Zuzenbidearen mundura; Jesusen Lagundiari, bertan ikasi bainuen, ikasten baitut eta bertara lotuta sentitzen bainaiz; notariotza funtzioari, gizarteri egindako zerbitzu gisa; segurtasun juridikoari eta gizarte bakeari; balio deontologikoei, eguneroko lanbideko jardunean; eta Unión Internacional del Notariado-ri, erakunde horri zerbitzu eman baitiot 35 urte baino gehiagoan.

Urte asko daramazu Unión Internacional del Notariado Latino (UINL) erakundeari lotuta. Azalduko zeniguke erakunde horri eta bertan egiten duzun lanari buruzko zerbait?

Unión Internacional del Notariado Latino 1948an eratu zen, Espainiaren isolamendu garai betean.

Espainia eta Argentinako notarioen arteko harremana sortu zen eta hara bildu ziren Alemania, Belgika eta Frantziako profesionalak, Zuzenbidea sakonago ezagutzeko, bereziki, Notariotza arloko Zuzenbidea.

Ni 1986an sartu nintzen, Montrealeko Biltzarraren ondoren. Notariotzaren egoera, notariotza arloko legeak eta notariotza funtzioa bera elkartera bildu nahi zuten herrialdeetan aztertzeko helburua zuen batzorde batean aritu nintzen.

1989an Berlingo harresia erori ondoren, Europa Ekialdeko herrialdeak Errusiaren kontroletik kanpo geratu ziren eta Europa Askerantz begira jarri ziren berriro. Eta Afrika eta Asiakoak ere garai bateko metropolietarantz.

Zuzenbideak berrantolatu eta zuzenbide estatuaren, kontratu-askatasunaren eta jabetza indibidualaren aitorpen osora egokitu behar izan zuten herrialde horiek.

UINLra bildu nahi zuten notariotzek homologatu egin behar zituzten legediak eta notariotza sistemak, eta UINL oso arin zabaldu zen munduan; Afrikan, Txinan, ekialde urruneko herrialdeetan, herrialde arabiarretan, etab.

Sistemak aztertzen eman genituen urte frenetiko haiek, notariotzen legeak betetzea eta aholkularitza egiaztatzen.

Lanean berrogei urte baino gehiago eman ondoren, luzaroan ondo lan egin izanari emandako aitormena da.  Hasierara itzulita, zein momentutan erabaki zenuen notariotza karrera jarraitzea? Zer ekarri zuen Zuzenbideko ikasle gaztearentzat erabaki horrek?

Bizitzak eramaten zaitu eta erabakiak hartzen laguntzen dizu. Karrera hasi aurretik, merkataritzako marinel izan nahi nuen. Geroago, itsas zuzenbidean espezializatutako abokatutzan aritu nahi nuen. Deustuko Unibertsitatean, abokatu ekonomistako karreran zehar, AEBn Enpresen Administrazioko Master bat egin ala enpresa mundua eta familia enpresetan parte hartzea bateratuko zituen oposizio bat egin pentsatzen aritu nintzen.

Aitak, Bilbon notarioa zenez, karrera amaitu aurretik oposizio bat presta nezan animatu ninduen eta, unibertsitateko milizietako praktikak 1977ko urtarrilean egin ondoren, Erregistroko edo Notariotzako oposizioa bilatzen hasi nintzen. Erregistroetakora urtebetean prestatzen egon ondoren ez nintzela iristen ikusi nuenez, Notariotzakoak egitea erabaki nuen, bi urte bainituen horretarako. Kode zibil bat erosi nuen foru bildumekin (oraindik gordeta dut) eta 1977ko urtarrilaren 7an jesarri nintzen ikasten. Lehenengo ariketa 1979ko martxoaren 21ean izan nuen eta udaberri horretan bukatu genuen oposizioa.

Elgoibarreko notariotzaz jabetu ondoren (3. mailako notariotza), krisi ekonomiko, sozial eta politiko betean, aitak adierazi zidan komeni zitzaidala notarioen arteko oposizioak egitea. Oposizioetako lagun talde batekin, Bartzelonako Notario Luis Roca Sastre Muncunill jaunak (Ramón María Roca Sastre jaunaren semea, Hipoteka Zuzenbidearen aita) zuzenduta, notarioen arteko oposizioa prestatu eta Getxoko 2. mailako Notariotzara pasatu nintzen. Berriro ere, adiskide batzuk elkartu ginen notarioen arteko oposizioa egiteko, oraingoan Madrilgo José Ángel Martínez Sanchiz, José María de Prada González eta Julián María Rubio Villanueva notario jaunen laguntzarekin. Ceutara lehiatu nintzen, lehendik notarioen artean irabazita nuena ez galtzeko eta 1986ko udaberrian amaitu genuen notarioen arteko bigarren oposizioa. Plazarik erakargarrienak orduan Madril edo Bartzelona ziren, plaza berezi gisa, baina Bilbora etortzea erabaki nuen, aitari lagunduko niolako Notariotzako azken urteetan; eta notariotzan 70 urte beteta jubilatu zen, 82 urtera arte abokatutzan arituta. Orduan esan zuen nahikoa zela.

Baina Bilbon instalatu aurretik eta 1986an Montrealeko Biltzarretik bueltan, New Yorketik pasatu nintzen, Itsas Zuzenbidean espezializatutako hiri hartako bulego batean sartzeko. Hura ez zen ondo atera; hortaz, Bilbon notario tokiaz jabetu eta abokatuen elkargoko kide egin nintzen, niretzat ohorea baitzen Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuko kide izatea, nahiz eta abokatutzan ez jardun, ez orduan eta ez orain.

Zure galderara itzulita, 9 urteko ikasketa trinko eta etengabea izan zen.

Zelakoa da notario baten eguneroko lana?

Notarioaren lana, notario izaera bikoitzean, Zuzenbideko profesional gisa eta zerbitzari edo funtzionario publiko gisa, notarioak berak eta bere taldeak egiten dute.

Notarioaren zerbitzua behar duten pertsonak jasotzen ditu, artatu, entzun eta aholkua ematen die, eta planteatutako gaien inguruko proposamenak eta irtenbide juridikoak ematen dizkie, legera egokituta, eraginkortasun juridiko osoa izan dezaten, auziak saihestuz.

Jarduera horren emaitza notariotzako dokumentu batean gauzatzen da. Notarioaren aurrean sinatzen da eta legeak ematen dituen eragin pribilegiatuak, frogagarriak, exekutiboak, legezkotasun-presuntziokoak, erregistro-publikotasunerako titulukoak ditu.

Notarioak pertsona fisiko eta juridikoen, enpresen, irabazi asmorik gabeko erakundeen, elkarteen eta fundazioen, entitate publiko eta pribatuen bizitza juridikoan laguntzen du, Zuzenbide pribatuaren esparruan.

Denbora honetan guztian denetarikoa ikusiko zenuen. Gogoratzen duzu kontatzeko moduko pasadizoren bat?

40 urte baino gehiagoan pasadizo asko dago kontatzeko. Notaritza bakoitzak izan ditu bereak.

Lehenengo oroitzapena Mutrikukoa da, etxetik itsasora atera ziren zortzi neba-arrebako familia batena: galtzontzilo batzuk eta kamiseta bat zituzten eta diru guztia ematen zuten etxean. Aita hiltzean, etxea alaba gaztearentzat geratzea nahi zuen amak, hark zaintzen baitzuen ama. Udaletxean elkartu ginen, hitz egin zuten, negar egin zuten, elkar besarkatu zuten eta nire eskuz idatzitako jaraunspena sinatu zuten, amaren borondateari jarraituz.

Filipinetan ondasunak zituen euskal familia baten oinordekotza ere gogoan dut. Hango auzitegian oinordekotzagatik auzia izan zuten, testamentu batean seme-alabetako bat jarauntsirik gabe uzteagatik, etxalde batean beste baten kontra suzko armaz atentatzeagatik eta sorospena heltzea oztopatzeagatik. Ez zuen Espainiako higiezin batzuen gaineko jaunspena inskribatzea lortzen, ezta Filipinetara egin nuen bidaia batean ezagutu nituenak ere.

Bilbon nengoela, UINL dela eta Afrikara egin nuen bidaia batean, printzesa batekin ezkondu nahi izan ninduten… Beste bidaia batetik, amebak zirela eta sats eginda itzuli nintzen. Afrikako beste herrialde batean neure begiz ikusi nuen Pulitzer saria irabazi zuen argazki batean agertzen zena: sai bat neskatxo baten zelatan. Umea mango zati eroriak biltzen ari zen lurretik, zaborra pilatzen zen hiri baten erdigunean. Gogoan dut tailer txiki baten erosleen kasua ere: ezkondu gabeko bikotea zen (oraindik ez zegoen izatezko bikoterik) eta emakumea harrituta zegoen negozioaren zatirik ez zuela erosten jakitean. Nik esan nien elkarrekin bizitzen pozik bazeuden, ezkontzeko eta orduan partekatuko zutela jabetza. Pare bat urte geroago jakinarazi zidaten ezkondu zirela, familia zutela, zoriontsuak zirela eta tailerra ondo zihoala.

Zer gomendatuko zenieke notariotza egitea erabakitzen duten unibertsitate honetako, zure unibertsitateko, Zuzenbideko ikasle ohiei?

Prestatzaile ona aurkitzeko.

Osasuna eta oreka fisikoa eta psikikoa zaintzeko; lasaitasuna bilatu dezatela ikasteko eta ilusioa mantentzeko eta ekinak izateko, horrela gaindituko baitute oposizioa.

Eta azkenik, oposizioa ateratzen ez badute, ez daitezela zapuztuta sentitu eta pentsatu dezatela erabili duten denbora prestakuntza prozesua dela, oso konplexua, Zuzenbide pribatuaren ezagutza sakona lortu dutela, ikasle gutxik lortu dezaketena hain epe laburrean.

Ez daitezela diruagatik itsutu, jakintzagatik baizik, lan ondo eginagatik, lankideen errespetuagatik eta prestatzen dituzten dokumentuen zorroztasunagatik. Gauzak ondo eginda heltzen gara helmugara.

Jarraitu dezatela Deustuko Unibertsitatearen lema: Sapientia melior auro.

Agur esan aurretik, eskerrak eman nahi dizkizugu zure arretagatik eta berriro ere zorionak eman. Bukatzeko, kontatuko zeniguke Deustuko Zuzenbide Fakultateko geletan ikasle izan zinen urteetako oroitzapenik?

Aita Acevedoren oso oroitzapen berezia dut. Zibila eman zigun (Familia eta oinordetzak) eta bosgarren mailan oposizioetako gaiekin prestatzen utzi zidan, eta Zuzenbidea gustagarri egin zidan; Aita Arzak Zuzenbide kanonikoa eman zigun bigarren mailan eta aukera eman zigun irtenbideak logikaz oinarritzen; Komertzialeko taldekoen kontrako errugbiko partidak ere gogoan ditut; beste irakasle bat ere gogoratzen dut: nire nota galdetzean, OSO ONGI SUSPENDITUTA! erantzun zidan ozenki klasean. Eta azterketa berrikustean, aldatu eta nota ona jarri zidan eta barkamena eskatu. Geletako politikako garai latzak ere gogoan ditut, eta gelako ateari ostikada eman eta klasea etetea ere.