Skip to main content

Trinidad L. Vicente
BFA – Berdintasuneko zuzendari nagusia

Pentsamendu feministak funtsezko ekarpenak egin dizkie herritartasunari buruzko teoriei, eta herritartasun osoa eta unibertsala eskatu du, non eskubideek ez duten generoari, jatorriari, bizikidetza modu jakin bati, egoera zibilari, lan egoerari, sexualitateari eta abarri lotuta zertan egon

Joan den martxoaren 21ean, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Saileko Berdintasuneko zuzendari nagusi izendatu zintuzten. Ezer baino lehen, zorionak eta eskerrik asko elkarrizketa hau emateagatik. Zer esan nahi du zuretzat izendapen honek?

Izendapen hau ilusioz beteko erronka da niretzat: foru erakunde publiko honetatik lan egitea, emakume guztiek, gizonek bezala, beren oinarrizko eskubide guztiez gozatu ahal izan dezaten, gizarteko eremu guztietan, diskriminaziorik gabe. Uste dut genero berdintasuna lortzeko dudan konpromiso pertsonala agerian geratu dela Deustuko Unibertsitatean egiten ari naizen lanean, zehatzago, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean eta haren Giza Eskubideen Institutuan egiten ari naizen lanean (emandako irakaskuntzaren, egindako ikerketaren, eta gizartean sentsibilizatzeko eta eragiteko egindako jardueren bidez). Baina, orain, beste erronka handi bat dut aurrez aurre: Bizkaiko Foru Aldundia bezalako erakunde publiko batetik, zehazki, Berdintasunerako Zuzendaritza Nagusitik, foru-eremuan zeharkako genero politikak eta hezkidetzako, prebentzioko, maskulinotasun berriko, mikromatxismoak desagerrarazteko, ahalduntzeko eta emakumeen aurkako indarkeriaren biktimak artatzeko politikak garatzeaz arduratzea. Erakunde publikoek eta politika publikoek oso gogoan hartu behar dute giza eskubideekiko konpromisoak betebeharrak hartzea dakarrela, emakumeek beren oinarrizko eskubide guztiez baliatzean berdintasunerako eta diskriminaziorik ez izateko eskubidea une oro izango dutela bermatzeko. Eta zeregin horretara bideratuko ditut nire ahalegin guztiak etapa berri honetan, helburua lortzeko erabateko konpromisoa sentitzen baitut.

1997az geroztik — zure ibilbide profesional osoa —, irakaskuntzan eta ikerketan — eta militantzia aktiboan — diharduzu Giza Eskubideen, nazioarteko migrazioen, genero soziologiaren eta aniztasun soziokulturalaren arloetan. Zure ustez, zein neurritan lagunduko dizu ibilbide akademiko luze horrek zure funtzio publikoa kargu berrian garatzen?

Nik beti pentsatu izan dut unibertsitateak ezagutzak eta, batez ere, ezagutzen jarraitzeko tresnak ematen dituela, bai eta gure bizitzan zehar sortzen diren erronka berriei aurre egiteko tresnak ere. Eta erantzunak aurkitzea bezain garrantzitsua dela galdera berriak planteatzen jakitea. Karrera egin nuenean, Politika Zientziak eta Soziologia, jarraitu nuen ikasketa planak oraindik ez zituen jasotzen nazioarteko migrazioak, giza eskubideak edo generoa jorratzen zituzten gaiak. Baina horrek ez dit eragotzi jakintza arlo horietan espezializatzea, besteak beste, egungo migrazio prozesuetan, aniztasun soziokulturalaren kudeaketan edo giza eskubideen defentsan, genero ikuspegi eta ikuspegi feminista argia izanik. Eta militantzia aktiboak errealitatearekiko harremana ekarri dit beti eta inoiz uko egin nahi izan ez diedan ilusio eta konpromiso dosi gehigarria ere bai. Orain beste erronka bati aurre egitea dagokit, beste esparru batetik, baina uste dut nire oinarri eta zutabeak, funtsean, nire unibertsitate-bizitzaren muinean izan diren horiek berak izango direla. Gainera, Unibertsitateko bizitza hori ez dut erabat utziko.

Aldundian “lur hartu” berri duzu. Amets egiten utziko bazenio zeure buruari, zer herentzia utzi nahi zenuke BFAko Berdintasuneko Zuzendaritzatik igaro ondoren?

Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzatik igaro ondoren utzi nahiko nukeen herentzia benetako aurrerapena izango litzateke emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasunaren aldeko bidean, bizitzaren esparru guztietan, eskubide horiek biztanleria osoari – ez soilik emakumeei – beharrezko aurrerapen gisa aitortzeko bidean, bai eta herritar guztiek eskubide horiek lortzeko konpromisoan ere.

Amets egiten jarraituz, zer espero zenuke aurkitzea Bizkaiko herritarren aldetik, zure nahiak lortzeko ekarpen gisa?

Pentsamendu feministak funtsezko ekarpenak egin dizkie herritartasunari buruzko teoriei, eta herritartasun osoa eta unibertsala eskatu du, non eskubideek ez duten generoari, jatorriari, bizikidetza modu jakin bati, egoera zibilari, lan egoerari, sexualitateari eta abarri lotuta zertan egon. Feminismoak kontraesan hauek jarri ditu mahai gainean: harreman desorekatuetan oinarritutako menderatze sistema patriarkala, eta ingurumenean eragin handia duen produkzio sistema kapitalista bat; eremu pertsonalaren eta politikoaren arteko mugak aldatu ditu, dimentsio unibertsal eta partikularra konplexuago bihurtu ditu, eta politikoki aktiboagoak eta parte hartzaileagoak diren praktikak eraikiko dituzten egitura eta diskurtso parekideagoak, inklusiboagoak eta pluralagoak sortu beharra planteatu du. Eta, jakina, emakumeak jarri ditu subjektu aktibo gisa, beren nahiak eta eskakizunak formulatzeko gai direlarik, eta beren bizitzari buruz erabakitzeko eta jarduteko gaitasuna dutelarik. Herritartasun oso eta unibertsal hori lortzeko lanak dimentsio praktiko eta, beraz, politiko argia du, eta beharrezkoa da ordezkaritza politikoaren maila (bide instituzionaletatik egindakoa) eta pertsonen jarduera politikoaren maila (gizarte mugimenduek gauzatutakoa, eta abar) bereiztea. Eta, hain zuzen ere, alderdi horretan aurkitu nahi nuke Bizkaiko herritarren artean gero eta konpromiso handiagoa justizia, elkartasuna, aniztasuna, diskriminaziorik eza, tolerantzia eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ezaugarri dituen gizarterantz pausoak emateko.

Eskerrak eman nahi dizkizugu zure denbora eskaintzeagatik eta onena opa dizugu bizitzako fase berri honetan. Bukatzeko, esango zeniguke zer oroitzapen gordetzen dituzun Deustuko Unibertsitateko ikasle izan zinen garaiaz?

Deustuko Unibertsitatean ikasle izan nintzeneko oroitzapen asko eta atseginak ditut. Nire unibertsitate-aldia nolabaiteko ziurgabetasunarekin hasi nuen, karrera bat aukeratu nuelako, Soziologia, nire itxaropenak beteko zituen jakin gabe. Baina erabat bete zituen. Eta, bestalde, ikasle izan nintzen bitartean, oso inplikatuta egon nintzen gizarte boluntariotzako jardueretan eta jarduera soziokulturalen antolaketan, Gaurgiron. Zalantzarik gabe, nire unibertsitateko bizitzaren zati horrek ere ekarpen nabarmena egin zion nire prestakuntzari: gizarteko errealitatearekiko begirada kritikoa sendotu zidan eta gizarte inklusiboago, solidarioago eta justizia sozial handiagorako bidea aldatzeko konpromisoa hartzen lagundu zidan. Ikasle garaian lagun berriak egiteko aukera ere izan nuen. Gaur egun ere mantentzen ditut eta niretzat erreferente garrantzitsu bihurtu dira, ikuspegi profesionaletik zein pertsonaletik. Urte bizi eta pozgarriak izan ziren, zalantzarik gabe, nire bizitza profesionala unibertsitate honetan bertan garatzeko erabakian funtsezko papera izan zutenak.