
… ingurune abegikorra aurkitu nuen, non hainbat hezkuntza-sailekin lankidetzan aritu eta askotariko proiektuetan parte hartu ahal izan nuen. Horri esker, nire ezagutzak testuinguru errealetan aplikatu ahal izan nituen eta, aldi berean, irakasteko modu berriak ikasi. Nazioarteko esperientziak egokitzeko gaitasun handiagoa garatzen, ingurune multikultural batean lan egiten eta nire komunikazioko gaitasunak hobetzen lagundu zidan, batez ere ingelesez. (…) ohitura, bizimodu eta balio berriak ezagutzeak burua ireki zidan eta munduari buruzko ikuspegia zabaldu zuen. (…) pertsonen berotasuna, espiritu komunitarioa eta profesional eta pertsona gisa hazteko aukera nabarmenduko nituzke
Unibertsitateko ikasketetan, boluntariotzako eta hezkuntzarekin, jarduera fisikoarekin eta kirolarekin lotura handia zuten jarduerak egin zenituen. Zer neurritan osatzen zuten esperientzia horiek zure prestakuntza?
Unibertsitateko ikasketetan, hezkuntzari eta jarduera fisikoari lotutako boluntariotzako eta laneko esperientziak funtsezkoak izan ziren nire prestakuntza akademikoa osatzeko. Klasean ikasitako teoriak askoz balio handiagoa hartu zuen testuinguru errealean aplikatu ahal izan nuenean, adin eta premia desberdinetako ikasleekin. Jarduera horiei esker, gaitasun praktikoak garatu ahal izan nituen, taldeen kudeaketa, jardueren plangintza eta ezustekoen aurrean egokitzeko gaitasuna, besteak beste. Gainera, gizarte eta komunikazioko trebetasunak indartu nituen, haur, gazte eta familiekiko zuzeneko tratuak enpatia, pazientzia eta mezuen transmisioan argitasuna eskatzen baitzuen. Motibazioak eta ikaskuntza aktiboak hezkuntzan duten garrantzia ulertzen ere lagundu zidan, batez ere kirolaren bidez, lankidetza, diziplina eta errespetua bezalako balioak sustatzen baitira. Azken batean, esperientzia horiek nire prestakuntza akademikoa aberasteaz gain, bokazio profesionala sendotu zidaten.
2024an Deusto Alumnirekin 3R1 programan izena ematea erabaki zenuen. Zerk animatu zintuen salto hori ematera?
2024an Deusto Alumniren 3R programan izena ematera bultzatu ninduena maila pertsonalean zein profesionalean hazten jarraitzeko aukera izan zen. Trantsizioko une batean, nire ibilbideari, gaitasunei eta helburuei buruz hausnartzen lagunduko zidan espazio baten bila nenbilen, hurrengo urratsak hobeto bideratzeko. Programak esparru egituratua eta bidelaguntza eskaintzen zizkidan nire ibilbidea berrikusteko, nire indarguneak ezagutzeko eta hobetu behar nituen arloetan lan egiteko. Deusto Alumniren hurbiltasuna ere kontuan hartu nuen, eta unibertsitateko etapatik haratago ikasle ohiak zaintzen jarraitzearen aldeko apustua ere bai. Azken finean, urrats hori ematea erabaki nuen, nire etorkizuneko garapenean egiten nuen inbertsio gisa ulertu nuelako.
Zer alderdi nabarmenduko zenituzke programa horretan zure parte hartzeari dagokionez?
3R programan parte hartuz, lehenengo eta behin, nire ibilbide pertsonal eta profesionalari buruz hausnartzeko aukera azpimarratuko nuke, egunerokoan ez baita beti erraza izaten. Programak aukera eman zidan nire indarguneak, motibazioak eta garatzen jarraitu behar nituen gaitasunak patxadaz aztertzeko, eta nire etorkizuna norantz bideratu nahi dudan argiago ikusteko. Jasotako laguntzaren kalitatea ere azpimarratuko nuke: prozesua gidatzen duten profesionalak izatea, tresna zehatzak eskaintzea eta helburu errealistak planteatzen laguntzea oso aberasgarria izan zen. Azkenik, motibazioari eta segurtasunari dagokienez nire buruan sentitu nuen bultzada azpimarratuko nuke, nire hazkunde pertsonalean eta profesionalean urrats sendoak egiten ari nintzela baieztatzean.

Handik gutxira, Global Training2 beka lortu zenuen, nazioarteko praktikak University St. La Salle Bacolod Cityn, Negros Occidental, Filipinetan egiteko. Kontatuko zeniguke labur esperientzia hori nolakoa izan den? Zer nabarmenduko zenuke bereziki?
Nire esperientzia Global Training bekarekin University of St. La Salle, Bacolod Cityn oso aberasgarria izan da, bai arlo profesionalean, bai pertsonalean. Lehenengo momentutik ingurune abegikorra aurkitu nuen, non hainbat hezkuntza-sailekin lankidetzan aritu eta askotariko proiektuetan parte hartu ahal izan nuen. Horri esker, nire ezagutzak testuinguru errealetan aplikatu ahal izan nituen eta, aldi berean, irakasteko modu berriak ikasi. Nazioarteko esperientziak egokitzeko gaitasun handiagoa garatzen, ingurune multikultural batean lan egiten eta nire komunikazioko gaitasunak hobetzen lagundu zidan, batez ere ingelesez. Beste kultura batean bizitzeak ekarri zidan bizi-ikaskuntza ere azpimarratuko nuke: ohitura, bizimodu eta balio berriak ezagutzeak burua ireki zidan eta munduari buruzko nire ikuspegia zabaldu zuen. Bereziki, pertsonen berotasuna, espiritu komunitarioa eta profesional eta pertsona gisa hazteko aukera nabarmenduko nituzke.
Praktikak egin ondoren, orain Manilan, atzerritarrentzako espainierako irakasle geratu zara. Kontatuko zeniguke zure klaseei buruzko zerbait? Ikasle-mota, anekdota atseginen bat…
Gaur egun, Manilan espainierako klaseak ematen dizkiet adin desberdinetako ikasleei, batez ere filipinar gazteei, arrazoi akademikoengatik, lanarengatik edo interes kulturalarengatik hizkuntzara hurbiltzen direnei. Bidaiatzeko edo jakin-min pertsonalagatik espainiera ikasi nahi duen ikasle helduren bat ere badut. Profil aniztasun horrek asko aberasten ditu eskolak, ikasle bakoitzak bere motibazioak eta esperientziak ematen baititu, eta horrek giro dinamikoa eta parte-hartzailea sortzen du. Saioak praktikoak eta motibatzaileak izan daitezen saiatzen naiz, teoria komunikazioko jarduerekin, jolasekin eta eguneroko bizitzako egoerekin uztartuz. Anekdota atsegin bat gertatu zen lagunarteko agurrak eta esamoldeak praktikatzen ari ginela: ikasleek “tío” hitza ikasi zuten eta “profe, tío!” deitzen hasi zitzaizkidan. Horrek barre asko eragin zituen, ez baitzuten ulertzen zergatik zen hain barregarria bere testuinguruan.
Amaitzeko, etorkizunerako onena opa eta gure aldizkariaren ale honetan parte hartzeagatik eskerrak emateaz gain, azken galdera bat egin nahi dizugu. Zer oroitzapen gordetzen dituzu Deustuko Unibertsitateko ikasgeletan emandako denboraz?
Oso oroitzapen baliotsuak ditut Deustuko Unibertsitatean eman nuen garaiaz, nire prestakuntza pertsonal eta profesionalean giltzarritzat jotzen dudan etapaz. Ikasgelan ikasitakoa alde batera utzita, gehien nabarmenduko nuke giro hurbila, humanoa eta etengabeko bidelaguntza, pertsonen artekoa, irakasleen nahiz ikaskideen aldetik. Era berean, aparteko maitasunez gogoratzen ditut urte horietan sortu ziren eta oraindik gordetzen ditudan lagunak, campus barruan eta kanpoan partekatutako esperientzien ondorioz. Azken batean, Deustuko Unibertsitatea ikasteko, hazteko eta etorkizunean konfiantza izateko gunea izan zen niretzat.
(1) 3R Gaztea. Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailak finantzatutako eta Deusto Alumnik garatutako programa horren helburua da Deustuko Unibertsitateko graduko eta graduondoko 30 urtetik beherako tituludunei, Lanbiden izena emanda eta Bizkaian erroldatuta daudenei, laneko orientazioko ekintzak (profilaren, curriculumaren eta ibilbide profesionalaren diagnostikoa eta prestaketa), tailerrak eta laneko bitartekotza eskaintzea.
(2) Becas Global Training. Beka hauek Hauek Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia), SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia eta Eusko Jaurlaritzaren ekimena dira. Global Training hainbat erakunderen bidez kudeatzen da, eta posible da beken baterako eskaintza kontsultatzea web-orri honetan: Basque Trade & Investment.