Imanol Aizpuru, Teresa Arzanegui y Endika Muñoz

“Global Training” programaren barruan, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak osatutako Partzuergoaren beka eskuratuta, lau lagun –horietako hiru Deustuko Alumniak– Mexikora abiatu ziren, 2026ko urtarrilaren 8an. Hilaren 12an hasi zituzten praktika profesionalak Campari México SAren egoitzan, Guadalajaran, Jalisco estatuan.

Iritsi eta hilabete eskas igarota, otsailaren 20tik 23ra bitartean, muturreko indarkeria egoerak bizi izan ziren herrialdean, bereziki Jalisco estatuan.

Imanol, Teresa eta Endika Alumniei elkarrizketa egin genien, Mexikoko egonaldiaren erdia egina zutenean.

— Nola iritsi zineten Guadalajarara? Nolakoa izan zen praktiken hasiera, Campari enpresan?

Urtarrilaren 8an iritsi ginen eta, egia esan, oso ondo egin genuen bidaia. Jendea oso abegikorra eta atsegina da, ongi hartu gintuzten. Inongo momentutan ez genuen segurtasun faltarik sentitu, Mexikori buruz esan zigutena bestelakoa izan arren. Camparin praktikak hasi genituenean, besoak zabalik hartu gintuzten, adeitsu eta arduraz.

— Non zeundeten «El Mencho» hil zutenean?

Asteburu horretan, Michoacango estatura joan ginen 15 laguneko talde batekin, gure etxebizitzaren jabeak antolatutako txangoan. Igandean handik itzultzen ari ginela izan genuen gertatutakoaren berri. Errepidean bakar-bakarrik geundela konturatu ginen: ez zegoen ez beste autorik, ez autobusik… Bidegurutze batean, auto bat kiskalita ikusi genuen, narkoblokeoaren ondorioz. Polizia ere han zen. Poliziak esan zigun ezin genuela Guadalajarara itzuli, oso arriskutsua baitzen. Berehala Pátzcuarora, asteburua igaro genuen herrira, itzuli behar genuela azaldu ziguten, autobuseko gidariari kontatu baitzioten mehatxuak jaso zituztela.

— Nolakoak izan ziren Jalisco Nueva Generación (CJNG) karteleko buruzagia hil ondorengo egunak?

Igande hartan bertan Pátzcuarora itzuli ginen eta beste gau batez geratu ginen han. Astelehenean Guadalajarara itzultzea pentsatu genuen. Camparikoek ez itzultzeko esaten ziguten, errepidean segurtasunik ez zegoelako. Baina autobus enpresak gidariari jakinarazi zion errepideak libre zeudela, eta Guadalajarara itzultzea erabaki genuen. Itzuleran ez genuen inolako arazorik izan. Egia da kamioiren bat erreta ikusi genuela, baina guri ez zigun eragin. Guadalajarara iritsita, hurrengo 3 egunetan etxean geratu ginen, hiri osoa alerta gorrian zegoelako. Baina ez genuen ezer arrarorik ikusi edo entzun, eta gertatutakotik bi egunera, dena normaltasunera itzuli zela iruditu zitzaigun, nahiz eta denda batzuk itxita egon.

— Egunak igarota, badirudi tentsioa jaitsi egin dela. Hala da? Normaltasunez ari al zarete lanean?

Bai, egia esan, dena normaltasunera itzuli zen eta inolako arazorik gabe hasi ginen bulegora joaten. Gertatutakoaren ondoren, ez genuen beste ezustekorik izan. Baina guri ez zitzaigun normala iruditzen egun bateko kontua izatea, eta kezkatuta geunden, berriro ere dena lehertuko ote zen beldurrez. Zorionez, ez zen ezer gehiago gertatu.

— Zer nabarmenduko zenukete bizi izandako esperientzia horretatik?

Egia esan, ezustean harrapatu gintuen, eta leku seguru batean, Pátzcuaron, egoteko zortea izan genuen. Baina, jakina, beldurrez bizi izan genuen; horrelakorik inoiz gertatu ez zenez, ez genekien nolako bilakaera izango zuen. Esperientzia horrek erakutsi zigun zenbateko boterea duten kartelek eta dena zein azkar alda dezaketen.

* Global Training bekak: Beka hauek Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeari laguntzeko Euskal Agentzia), SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia eta Eusko Jaurlaritzaren ekimena dira. Global Training programa hainbat erakundek kudeatzen dute. Beken eskaintza osoa Basque Trade & Investment Agentziaren webgunean kontsulta daiteke.