Skip to main content

Elixabete Etxanobe Landajuela

Bizitza politikoa gizarteari laguntzeko modu bat da; guztioi dagokiguna hobetzen parte hartzea da, eta hala izan behar du, nik ulertzen dudan moduan: bizitza publikoan aritzen garen guztiok ekin behar diogu geure lanari. Hortik aurrera, etengabe aldatzen ari den gizarte bati aurre egiteko hainbat arlotan gero eta prestakuntza osoagoa izateak duen garrantzia, ahaleginaren balioa eta norbere buruarekiko konfiantza azpimarratu behar dira.

Unibertsitateko ikasketak amaitu eta gutxira, administrazio publikoan hasi zen lanean. Lehen urte batzuetan abokatutzan aritu ondoren, esparru publikora igaro zen, lehenik Otxandioko Udalean, Durangoko Udalean, eta gero, karrerako funtzionario lanpostua gorde eta Eusko Jaurlaritzara jauzi egin zuen. Han, zuzendaritza bat eta bi sailburuordetza bete zituen, eta, azkenik, Bizkaiko Foru Aldundian. Azken horretan, foru-diputatua izan zen lehenengo, eta, orain, diputatu nagusia da, erakundearen historian kargu hori betetzen duen lehen emakumea. Era berean, bederatzi foru departamentuetatik zazpitan emakumeak dira buru. Une historiko honetan, Bizkaiko Batzar Nagusiek — legegileak — eta Foru Aldundiak — exekutiboak — bi emakume dituzte buru, eta emakumeen % 80k betetzen du karguren bat gobernu-organo gorenetan.

Ezustekorik eragin behar ez lukeen albistea izanik, oraindik ere mugarri bihurtzen da. Zure ustez, zein neurritan laguntzen dute erabaki horiek berdintasun-politikak sustatzen?

Uste dut gero eta harridura gutxiago sortzen dutela eta naturaltasunez hartu behar ditugula; pertsona prestatuak eta trebeak dituen gizarte baten erakusgarri eta, beren bokaziotik, horrelako erronkei aurre egiteko prest daude.

Bizkaia denontzat, datozen lau urteetarako prestatu duzun jarduera plana asmo handikoa da, eta sei ardatzek ez dute ezkutatzen GJHekin duen lotura. Bizkaiko herritar garen aldetik, nola lagundu dezakegu plan hori ezartzen?

Gure gobernu programa bat dator Bizkaiko pertsona, erakunde eta enpresen kezka eta nahiekin; eta ekintza batzuk eskaintzen ditugu, arlo publikotik uste baitugu ekintza horiei hobeto aurre egiten lagun diezaiekegula: hurrengo belaunaldiei utziko diegun ingurumena eta planeta zelan zaindu; bizitza luzeagoa duten pertsona gehiagori arreta eta zainketak antolatzeko zer egin; pertsona guztiek beren bizi-proiektua garatu ahal izateko zer egin, enplegu eta zerbitzu publiko onak izanda… Ildo horretan, uste dut plan hau Bizkaiko gizarteak arlo publikotik dituen helburu eta beharrizanetara egokitzen dela, gizarteak argi baititu bere beharrak eta nahiak, eta horiei erantzun egokia ematea beste asmorik ez baitugu.

Administrazio publikoan profesional moduan lan egin duen emakumea zarenez, zer alde positibo eta negatibo azpimarratuko zenituzke zure ibilbidean?

Administrazio publikoak, oro har, eta, batez ere, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko gizartean izugarri txertatuta dagoen erakundea izanik, lurraldeko errealitateak ezagutzeko aukera ematen dizu. Nik azpimarratuko nuke entitate hurbila dela eta, aldi berean, lurraldearen errealitatea aldatzeko gaitasun ikaragarria duela eta pertsonen bizitzan sekulako eragina duela.

Zer gomendio emango zenieke Deustuko Unibertsitateko ikasle ohiei, bereziki, neskei, lanbideko karreraren garapenari eta bizitza politikoan parte hartzeari lotuta?

Bizitza politikoa gizarteari ekarpena egiteko modu bat da; guztioi dagokiguna hobetzen parte hartzea da, eta horrek izan behar du bidea, nik neuk ulertzen dudan bezala: bizitza publikoan aritzen garen guztiok horixe eman behar diogu gure lanari. Hortik aurrera, etengabe aldatzen ari den gizarteari aurre egiteko, hainbat arlotan gero eta prestakuntza osoagoa izateak duen garrantzia, ahaleginaren balioa eta norberarengan konfiantza izatea azpimarratu behar dira.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkizut zure denbora eta gogoetak eskaintzeagatik. Zer oroitzapen dituzu Deustuko Unibertsitatean igarotako urteez?

Oso oroitzapen atseginak ditut, lagunak ere baditut, eta haiekin harreman ohikoa izaten dut. Gustatuko litzaidake nire seme-alabek, garaia iritsitakoan, nik bizi izan ditudan bezalako esperientziak bizi ahal izatea eta Deustoko unibertsitate-garaiko oroitzapen onak mantentzea.