Skip to main content

Beti gogoan izango dudan bizitzako garai bat da. Azken batean, urte horietan gauza asko bizi dituzu, gero estimu handia izango diozun jendea ezagutzen duzu, eta era guztietako momentuak partekatzen dituzu, politak eta zoriontsuak zein estuak eta mingotsak

Zurea Filosofia, Politika eta Ekonomiako bigarren promozioa da Deustuko Unibertsitatean. Zerk bultzatu zintuen ikasketa horiek aukeratzera? Itxaropenak ase dituzu?

Ikasketa hauen berri ustekabean izan nuen lehen aldiz, gutxienez. Nik ez nuen gradua ezagutzen, unibertsitateko ateak zabaltzeko jardunaldi batean arreta eman zidaten arte. Informatu eta ikasketen inguruan hitz egin ondoren jakin nuen benetan gustatzen zitzaizkidala .

Izan ere, pozgarria izan zen gustatzen zitzaidan karrera bat aurkitzea, eta, gainera, nolabait kezkatzen ninduen guztiarekin bat zetorrena izatea: bizi garen munduaren errealitatea nola eta zergatik gertatu den ulertzea. Bi arrazoi horiek bultzatu ninduen gehien aukera egiteko orduan, pentsamendu zorrotza lantzeko aukerarekin batera.

Egia da, Filosofia, Politika eta Ekonomiaren bigarren promozioa denez, graduaren hasierako garapenaren parte garela, eta, ezinbestean, ziurgabetasun pixka bat duzula eta itxaropenak aldatuz joan daitezkeela. Era berean, eta atzera begiratuz, oso pozik nago aukeratutakoarekin eta nire bizitza pertsonalerako zein profesionalerako egin didan ekarpenarekin.

Unibertsitate aurreko prestakuntzan, hamaika urtez Olabide Ikastolako abesbatzako kide izateaz gain, saskibaloian eta beste kirol modalitate batzuetan aritu zinen, baita dantzan ere. Nola baloratzen dituzu esperientzia horiek eta gaur egun pertsona eta profesional gisa nor zaren eratzeko orduan izan duten eragina?

Egia esan, txikitatik izan dut hainbat jarduera probatzeko zortea, kiroletakoak zein kulturalak, eta horiek guztiek eragina izan dute nire oraingo izaeran. Uste dut aukera hori izateak lagundu didala gauza berriak probatzen eta hainbat ingurunetan sozializatzen.

Oso oroitzapen onak ditut egin dudanaz, batez ere, koruan eman ditudan urteez. Koru batean parte hartzea oso berezia da, musika eta kantua ikastetik haratago doalako, dimentsio soziala hartzen duelako eta emaitza beti komuna delako eta partaide guztien artean partekatzen delako. Gainera, espazio horretan sozializatzera eta komunitatea sortzera bideratzen zaitu eta, ikastearekin batera, zure gorputzaren bitartez sentimenduak adieraztera, gorputz hori baita zure musika tresna.

Horrek guztiak oso gauza politak ekarri dizkit bizitzan, baina, batez ere, asko lagundu dit neure buruarengan segurtasun handiagoa izaten.

Ingelesa ikasteko nazioarteko esperientziak izan dituzu. Kontatuko zeniguke nola bizi izan dituzun esperientzia horiek eta zer ikasi duzun horietatik?

Bi esperientzia nahiko desberdin izan nituen. Lehenengoa askoz lasaiagoa eta dibertigarriagoa izan zen; bigarrena, berriz, gazi-gozoa.

Ez nuen zorte handirik izan egokitu zitzaidan familiarekin. Gogoan dut oso denbora gutxi pasatzen zutela nirekin edo etxean eta, beraz, bi aukera nituen: nik neuk erabakia hartu eta beste plan batzuk egin edo ezer ez egin. Eta, bakarrik geratu nahi ez nuenez, lehenbizikoa aukeratu nuen. Benetan ikasi nuen “bizimodua atera” behar nuela nolabait ondo pasatzeko edo planak egiteko eta, hasieran gogor samarra izan bazen ere, gero gauza berri eta desberdin asko bizi izan nituen.

Azkenean, gauza garrantzitsu bat ikasi nuen: oso desatsegina zen egoera bati aurre egiten jakin nuela. Gaur egun ere mantentzen dut jarrera hori. Nire bizitzan gogaikarri edo deseroso sentiarazten nauten uneak bizi ditudanean, badakit badudala nolabaiteko gaitasuna egoera horiei aurre egiteko edo, gutxienez, zer nahi ez dudan jakiteko.

Masterra egiten ari zinen bitartean, Madrilgo Arte Ederren Zirkuluko Zuzendaritza Sailean praktikak egin zenituen. Diziplina anitzeko zentro hori 1880. urtean sortu zen, eta arte ederrak, literatura, zientzia, musika, filosofia, zinema eta arte eszenikoak biltzen dituzten jarduerak garatzen ditu. Esango zeniguke nolakoa izan zen zure esperientzia zentro ospetsu horretan?

Oso esperientzia polita izan zen alderdi pertsonaletik eta erabakigarria alderdi profesionaletik. Praktikak Madrilen egiten ari nintzen masterraren bidez egin nituen eta kultura erakunde baten barne-funtzionamendura hurbildu nintzen: blogerako eztabaida filosofiko eta kulturalak idatzi nituen eta Arte Ederren Zirkuluan egiten diren proiektu kultural batzuen antolaketan parte hartu nuen.

Horri esker, konturatu nintzen karreran eta masterrean ikasitako guztia kulturaren esparruan sar zitekeela. Izan ere, kultura espazioak oraindik ere interes izugarria sortarazten dit, adierazten, biltzen eta hartzen duen guztiarekiko, eta, praktikei esker, horri buruzko gehiago jakiteko gogoz utzi naute. Gainera, sektore horrek gaitasuna du beste sektore askorekin konektatzeko eta gizartean eragin handia izateko.

Ziur nago mundu horretan trebatzen jarraituko dudala, interes hutsagatik edo etorkizun profesionalari begira.

Eskerrik asko elkarrizketa hau emateagatik. Lerro hauetatik eskerrak ematen dizkizugu eta onena opa dizugu. Azkenik, esango zeniguke zer oroitzapen gordetzen duzun Deustuko Unibertsitateko ikasgeletan emandako denboraz?

Beti gogoan izango dudan bizitzako garai bat da. Azken batean, urte horietan gauza asko bizi dituzu, gero estimu handia izango diozun jendea ezagutzen duzu, eta era guztietako momentuak partekatzen dituzu, politak eta zoriontsuak zein estuak eta mingotsak.

Egia esan, oraindik ere gustatzen zait unibertsitateko garai hartaz gogoratzea, eta iruditzen zait duela gutxi amaitu nuela, nahiz eta urte batzuk igaro diren, baina bihotz-altxagarria da berriro gogoratzea eta estimu berezi hori sentitzea.