Errektore jauna, zorionak izendapenagatik. Joan den maiatzaren 22ko zeremonia akademikoaren ondoren, itsasontziaren lema hartu duzu. Eman zenuen hitzaldiaren bizkarrezurra lau ardatzen inguruan antolatu zenuen eta agintaldia ere ardatz horien inguruan eratu nahi duzu: esker ona, erantzukizuna (zerbitzua), proiektua eta unibertsitateko elkartea. Alde horretatik, zeintzuk dira zure helburu nagusiak datozen lau urteetarako?
Eskerrik asko. Unibertsitateak, prozesu parte hartzaile zabal baten ondoren, datozen lau urteetarako Plan Estrategikoa onartu berri du, bost aukera estrategiko argi aukeratuta: balioetan heztea bidelagun izanik, hezkuntza-eskaintza dibertsifikatzea eta berritzea, jakintzaren sorkuntza eta transferentzia fokalizatzea, sareko lana eta gizarte eragina bultzatzea, eta misioarekin konprometitutako unibertsitate-elkartea sendotzea. Nire helburua da aukera estrategiko horien barruan definitutako proiektuak berehala garatzen hastea, luzaro gabe. Proiektu horiek hezurmamitzeko erabakiak hartu beharko dira, baina unibertsitateko gobernu eta zuzendaritza organook gure jarduna gidatuko duten adierazle oso zehatzak definitu ditugu.
Aurrera pausoak egiten jarraituko dugu eduki humanistiko handia duen unibertsitaterantz, eskaintza akademiko zabalago eta pertsonalizatuagorantz, ikerketa erreferentziazkoa delarik gai jakin batzuetan, unibertsitate nazioartekoagorantz eta gizartera eta enpresen beharrizanetara irekiagorantz, eta unibertsitateko elkartea osatzen duten era guztietako pertsonen garapen pertsonal eta profesionalarekin konprometitua dagoen unibertsitaterantz.
Deustuko Unibertsitateko ikasle ohiek 137 urte daramatzate tokiko, autonomia erkidegoko, estatuko eta nazioarteko gizarte, lan eta enpresen sarean txertatzen. Azken 40 urteetan egin dutenak, eta gure artean jarraitzen dutenak, jardunean daude oraindik Deustuko unibertsitateko elkarte zabala osatuz. Pertsona batzuk ibilbide profesionala hasten ari dira, beste batzuk garapen betean eta beste batzuk amaitzear, edo amaitu berritan. Zure ustez, nola sustatu beharko litzateke ikasle ohien elkarteak unibertsitatean parte hartzea eta elkarte horrek alma materrarekin duen harremana sendotzea?
Gure ikasle ohien sarea indartzea da Deustuko Unibertsitatearen azken urteotako lorpenetako bat. Harro gaude ikasle ohien elkartea gure unibertsitateko elkartearen funtsezko parte delako. Gure plan estrategikoaren leloa ‘mundua eraldatzen duten pertsonak’ da ‘. Alumni sarea lelo hori errealitate bihurtzeko plataforma ezin hobea da. Horretarako, eragile askorekin harremanak izan behar ditugu. Nor dugu, bada, gure ikasle ohien elkartea baino aliatu hoberik zeregin horretan laguntzeko!
Unibertsitateko proiektu solidarioetan ikasle ohiek duten inplikazioa dugu elkartearen osasun onaren adierazle. Azken aldiko bi adibide aipatuko ditut: ikasle ukrainarrak hartu izana Ukrainan gerrak sortutako krisiari erantzuteko, eta Deusto Arrupe beka-funtsari egindako ekarpena espediente akademiko ona izan arren baliabide nahikorik ez duten gazteentzat. Beste adierazle egoki bat promozioen urteurrenetako ospakizunetan gero eta gehiagotan parte hartzea da. Unibertsitatearekin elkartzeko eta loturak sendotzeko aukera paregabea dira.
Ikasle ohien sareko kide izateak elkartekideei emozioetatik eta identitatetik haratago doazen onura ukigarriak ematea izango da aurrerantzean ere gure estrategia, nahiz eta azken horiek ere garrantzitsuak izan. Deustuko Unibertsitateko alumni sarea topaketarako, harremanetarako eta kontaktuetarako, prestakuntzarako, enplegagarritasunerako eta mota guztietako abantailetarako espazio bikaina da, eta lan hori bultzatzen jarraituko dugu.
2023-2026 Plan Estrategikoan aldarrikatutako printzipioetariko bat hau da: Deusto gizartea eraldatzen duen eta bere burua eraldatzen duen unibertsitatea da, unean uneko beharrei hobeto erantzuteko. Zuk karguaz jabetzeko hitzaldian adierazi zenuenez, gaur egungo testuinguruaren ezaugarri nagusia aldaketa da: aldaketa sozial, teknologiko, kultural eta erlijiosoak —faktore anitzekoak eta esponentzialki azeleratuak— gertatzen ari dira eta horrek “gure unibertsitateko elkartea indartzea eskatuko du, eraginkortasunez eta sormenez erantzuteko”. Unibertsitateko elkarteko atala den aldetik, zein neurritan egin dezake bat ikasle ohien elkarteak proposamen horrekin?
Oso erronka garrantzitsuak ditugu aurretik gizarte gisa. Aldaketa sozial, teknologiko, kultural eta erlijiosoek eraldatzera behartzen gaituzte, gizarte aldakor horretan eragin ahal izateko. Publiko berrietara iritsi behar dugu, eragina izaten jarraitu ahal izateko. Urrats ausartak egin nahi ditugu hainbat arlotan, hala nola etengabeko prestakuntzan, gure prestakuntza dualeko ereduan, gizarte eragile ugariekiko harremanetan… Gure plan estrategikoan helburu zehatzak eta asmo handikoak ezarri ditugu esparru horietan, eta ikasle ohien elkartearen inplikazioa erabakigarria da horiek lortu ahal izateko.
Lanbideko esperientzia duten ikasle ohiek ekarpen handia egin diezaiekete ikasleei eta lanbideko karrera hasten ari direnei. Ikasle ohiek ardurak dituzten enpresen bidez lanpostuak eskaini diezazkiekete gure gradudunei (Deusto Job), eta haien esperientziak gizartean eskatzen diren profesionalen ezaugarriak zehazten lagundu diezaguke. Alderantziz, ikasle ohiek, esperientziaz dakite Deustuko Unibertsitateko hautagaiek, lanbideko heziketa zorrotzaz gain, balioetan oinarritutako giza prestakuntza sendoa jaso dutela, gaur egun gizarteko esparru guztietan hain beharrezkoa dena.
Ikasle ohiek mentore/coach gisa ere parte har dezakete (Mentoring, Lanean berriro hasteko, Lan Orientazioko eta bestelako programetan), edo tailer, mintegi eta ikastaroetan parte har dezakete, eta beren esperientzia profesionala networking jardueretan partekatu dezakete, hala nola NOW Topaketetan (Bilbao, Donostia, Madril…), Enplegu eta Ekintzailetza Foroan.
Zure esanetan, balioetan oinarritutako prestakuntza Deustuko Unibertsitatearen prestakuntza ereduaren bereizgarria izan da, da eta izaten jarraituko du. Eredu hori Jesusen Lagundiaren lau lehentasun apostoliko unibertsalen eskutik doa –“Jainkoaganako bidea erakustea”, “behartsuen ondoan ibiltzea”, “gazteei bidean laguntzea” eta “denon etxea zaintzea” –. Nola aurreikusten duzu Deustuko Unibertsitateko ikasle ohiek alderdi horietan sakontzen jarraitzea, gure gizarteak gaur egun dituen erronkei aurre egiteko?
Balioetan oinarritutako prestakuntza gure Unibertsitatearen bereizgarrietako bat da, eta hori indartzeko proiektu garrantzitsuak garatuko ditugu. Adibidez, hor ditugu programa guztietan sartuko ditugun zeharkako gaitasun berriak.
Ikasle ohien profesionaltasuna, lan ona eta balioak dira Deustuko Unibertsitateak gizarteari eskaintzen dion erakusleihorik onena. Ikasle ohi bakoitza ikastetxearen luzapena da. Haiek dira gure enbaxadore nagusiak eta Unibertsitatearen gizarte eraginaren erakusgarri nagusiak. Hori dela eta, ikasle ohien elkartea da gure jarduera batzuen hartzaile nagusia etengabeko prestakuntzan edo mota guztietako topaketa eta ekitaldietan. Unibertsitatearen nortasunak, balio ebanjeliko eta humanistetan oinarrituta, agerian egon behar du egiten dugun guztian.
Unibertsitatean sortzen dugun bokaziorako kulturak jarraipena izan behar du graduko edo graduondoko ikasketen ondorengo etapan ere, lanbidean. Gure ikasle ohiak unibertsitatera etortzen direnean, erakundeak ondo hartzen dituela sentitzen dute, eta erakundeak bere bokazio profesionala ikuspegi eraldatzailetik ulertzen laguntzen die. Era berean, ikasle ohien taldeak lagundu egiten digu gure bokazioa besteen zerbitzurako dei gisa ulertzeko adibideak erakusten.
Enplegagarritasunari dagokionez, erronka handien aurrean — krisi demografikoa, adimen artifiziala, teknologia berriak, profesional falta (osasunean, ingeniaritzan), ekoizteko ereduen aldaketak, migrazio-mugimenduak, gizarte gatazkak areagotzea, aberastasunaren banaketa desorekatua, fundamentalismoaren gorakada, gizartearen sekularizazioa, ingurumen-krisia—, nola lagun diezaieke Unibertsitateak etorkizuneko tituludunei eta egungo ikasle ohiei egoera horri aurre egiten?
Unibertsitateak ikasle ohien elkarteari era askotara lagundu diezaioke: bizitzan zeharreko prestakuntza eskaintza ugari eskura jartzen (haien beharretara, ordutegietara eta abarretara egokituta) reskilling eta upskilling prozesuetan, lanbideko karreran aholkularitza egokia ematen eta graduatu bakoitzak beste ikasle batzuekin, irakasleekin eta Unibertsitateko eguneroko jarduerarekin harremanetan jartzen eta sare lanerako guneak eskaintzen. Halaber, ad-hoc jarduerak ere antolatu ditzake eta Alumni Soziala programan aktiboki parte hartzera animatu (proiektu sozialak, ALBOAN, etab.)
Kideei zerbitzuak eta abantailak emateaz gain, ikasle ohien elkarteak erronka horiei buruz hausnartzeko eta erantzunak partekatu eta kontrastatzeko aukera emango duen plataforma izan behar du. Konplizitateak ere sortzen dira, erakundeen arteko aliantzak ahalbidetzeko eta erronka horien aurrean erantzun hobeak artikulatzeko.
Zure hitzengatik eskerrak ematen dizkizugu eta errektoretza ona opa dizugu. Amaitzeko, esan diguzunaz gain, zer gehiago helarazi nahi zenieke Deustuko Unibertsitateko ikasle ohiei datozen lau urteetarako?
Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiot ikasle ohien elkarteari azken urteotan Deustuko Unibertsitatearen proiektuarekiko izan duen fideltasunagatik eta Unibertsitatean arlo horretan lan egiten duten pertsonek eskainitako zerbitzuagatik.
Alde pertsonalagotik, eskerrik asko ikasle ohien elkartetik jaso ditudan konfiantza eta txerazko adierazpenengatik, nire izendapena jakinarazi zenetik. Jasotako maitasun horri guztiari erantzun nahi diot, eta konpromisoa hartzen dut dudan onena eta ahalegin guztia partekatzen dugun misioaren alde jartzeko. Zuen laguntza eskatzen dizuet, nahiz eta erakutsi didazuen zuekin kontatu dezakedala. Eskerrik asko!