Kontzertua Estatuarekin dugun lotura egonkorra da, ahalegin fiskalaren eta gastu publikoaren arteko zuzeneko korrelazioa ahalbidetzen diguna
Euskadiko Kontzertu Ekonomikoak 140 urte betetzen ditu aurten. Baina azken hilabeteetan eztabaida sutsuak eragin ditu, batzuek uste dutelako Autonomia Erkidego honen eta Estatuaren artean pribilegiozko harreman bat islatzen duela. Ez da hala, ordea. Hitzarmen horren inguruko informazio urriak eta manipulazio politikoak gaurkotasunera itzuli du Kontzertua, gainerako Autonomia Erkidegoek orain dela 40 urte sinatu nahi izan ez zutena.
Garaia da, inoiz baino gehiago, Kontzertu Ekonomikoak zer esan nahi duen jakiteko. Eta horretarako pertsonarik egokiena antzinako akordio honen gaur egungo eguneratzearen eragile nagusia da: Pedro Luis Uriarte.
37 urte igaro dira garai hartako Ogasun ministroaren aurrean jarri eta Euskadik bere zergak biltzeko arriskua hartuko zuela eta Estatuari urtean % 6,24ko kupo bat ordainduko ziola jakinarazi zionetik.
37 urte hauetan, Euskadik krisi handiak gainditu ditu, baina tributuetan duen autonomiari esker, gizarte arloan % 40 gehiago inbertitzen du. Hori guztia Kontzertuari eta Pedro Luis Uriarte bezalako pertsonen ahaleginari esker. Hain zuzen ere, oraindik ere deitzen dioten tokietara joaten jarraitzen du –59 hitzaldi egin ditu dagoeneko– Euskadiko Kontzertu Ekonomikoa Estatuarekin solidarioa zergatik den eta Euskadiko herritarren gizarte ongizatearen oinarria dela azaltzera.
‘Alumni Time’ aldizkarian eskatu diogu hori guztia belaunaldi berriei, Kontzertua 2918ean onartu zenean oraindik jaio ez zirenei, azaltzeko. Horretarako, Blanca Camaron Enpresa Zuzenbideko Masterreko ikaslearekin hizketan jarri dugu.
Blanca Camarón (BC): Argi dago Kontzertu Ekonomikoa Eskubide Historiko baten aitorpenean oinarritzen dela. Frankismoa amaituta, kontzertua negoziatzen hasi zinetenean, jabetzen al zineten zenbateko garrantzia izango zuen guretzat?
Pedro Luis Uriarte (PLU): Kontzertua 1878ko otsailaren 28an jaio zen, Karlistadak amaitu eta bi urtera, Joan I.a Gaztelakoak Euskal Foruak onartu zituenetik 777 urte igaro zirenean. Behin-behineko erregimena zen, zazpi urterako. Ehun urte geroago, Espainiako Konstituzioa onartu zenean, Autonomia Erkidegoen Lege Organikoa sartu zen indarrean, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko eskubide historikoak babesten eta errespetatzen dituena.
BC: Eta urte gutxiren buruan, Madrilen eseri zineten, gaur egungo Kontzertua negoziatzera.
PLU: 1980an, 37 urteko gazte bat nintzen. Deustuko Unibertsitatean Ekonomia eta Zuzenbidea ikasi nituen, eta Bilbao Bankuko eragiketen zuzendaria nintzen. Garaikoetxea lehendakariak deitu zidan, sortu berri zen Eusko Jaurlaritzan sartzeko, Kontzertu Ekonomikoa negoziatzeko pertsona bat behar baitzuten. Beraz, Zuzenbideko hirugarren mailan ikasitakoa baino askoz gehiago jakin gabe, Ekonomia eta Ogasun sailburu izendatu berritan, Madrilera joan nintzen, lantaldea osatu gabe, aurrekonturik gabe eta esperientzia politikorik gabe. Ogasun ministroaren aurrez aurre eseri nintzen, eta hauxe esan nion: “asko sentitzen dut, baina Euskal Kontseilu Nagusiarekin (Autonomia Estatutuaren aurreko organoa zena) negoziatu duzuenak ez du baliorik, hutsetik hasi behar dugu”.
BC: Ez al zen arrisku handikoa Estatuari ehuneko jakin bat ordaintzeko konpromisoa hartzea, edozein zenbateko bilduta ere?
PLU: Bai, garai zailak ziren, ekonomiaren egoerari dagokionez. Euskal ekonomia gainbehera zihoan, Ezkerraldeko langabezia tasa % 40 izatera iritsi zen; gizarte iraultza baten aurreko egoeran geundela esan genezake. Ministroak esan zigun ez nahaspilatzeko eta Arabako kontzertua, 1976an onartutakoa, beste lurraldeetara zabaltzeko. Baina frankismoaren osteko Kontzertu horretan, Kupoaren ereduak esan nahi zuen Estatuak kontrolatzen zuela Autonomia. Guk, ordea, kupo eredu independenteago bat lortu nahi genuen. Horregatik proposatu genion Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoari transferitu ez zizkion esparruetako gastuetatik zegokigun zatia ordaintzea. Arrisku bat hartzen genuen, diru nahikoa bildu ala ez, ordaindu egin behar genuelako. Baina Euskadirengan konfiantza osoa nuen. Garai zailak igarotzen ari ginen, baina uste nuen egoera hori gainditu genezakeela, horretarako gaitasuna bagenuela. Gainera, arrisku horren aurrean, onura ere agerikoa zen, diru gehiago biltzeak herritarrentzako zerbitzuak hobetzea ekarriko baitzuen. Alde bakarreko arrisku hori onartu genuen.
BC: Noiz bihurtu zen arrisku hori aukera eta onura?
PLU: Bada, 1995. urtera arte, Kontzertua sinatu eta 14 urtera, langabezia tasa Euskal Autonomia Erkidegoan % 25ekoa zenean, Andaluziakoaren eta Extremadurakoaren atzetik. Urte oso zailak izan ziren, baina ekonomia, azkenean, onbideratzen hasi zen, eta lanpostuak sortu ziren. Une horretan ikusi genituen Kontzertu Ekonomikoaren formula guztiz berritzaile haren abantailak: guk zergak biltzen ditugu eta Estatuaren gastuen % 6,24 ordaintzen dugu, Kupoaren bost urteko legearen arabera, orain dela gutxi onartu dena.
BC: Azken lege hori abenduaren 28an onartu zen, baina eztabaida ugari ekarri zituen. Ehuneko horri eusteak kalte egingo al digu? Zer esango zenieke solidarioak ez garela esaten dutenei?
PLU: Lehenengo, Kupoaren formula ez duela Euskadik bere kasa erabakitzen, baizik eta Estatuarekin adostutako formula bat da, eztabaida tekniko bat, Estatuaren aurrekontuetan oinarritzen dena. Estatuaren eskumenek zenbat balio duten zehazten da horrela.
Bigarren, Espainiako biztanleriaren % 4,66 izanik, aurrekontuaren % 6,24 ordaintzen dugula. Beraz, ikus dezakezu biztanleriari begiratuta egokituko litzaigukeena baino % 33 gehiago ari garela ordaintzen. Gainera, EAEko BPGk Espainiakoan duen pisua baino gehiago da hori. Beraz, bai biztanleriari eta bai BPGri begiratuta dagokiguna baino gehiago ordaintzen dugu. Hori al da solidario ez izatea?
BC: Gazteoi, neuri bezala, lanean eta zergak ordaintzen hasi berriak garenoi, nola eragiten digu Kontzertu honek? Nork du onura handiagoa, Zaragozan bizi denak edo Euskadin bizi denak?
PLU: Kasu bakoitza aztertu beharko genuke. Nik gehiago ordaintzen dut Bizkaian zergak ordainduta, Madrilen ordainduta baino. Baina elkartasun ekintza bat da bertan zergak ordaintzea. Balio historikoarengatik eta autonomiaren bizkarrezurra izateagatik garrantzitsua izanik ere, Kontzertuaren balio nagusia da gizartean inbertitzea esan nahi duela. Aurten, 14.367 milioi euro bildu dira. Kupoaren 1.300 milioi euroak ordaindu ondoren, gainerakoa Euskadin inbertituko da.
Kontzertu Ekonomiko azpiegiturak dira, osasuna, hezkuntza… Oraintxe bertan, Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza sare publikoan ikasle bakoitzeko 7.994 euroko inbertsioa egiten da, Erregimen Erkideko Autonomia Erkidegoetan, batez beste, egiten dena baino % 74 gehiago, eta Madrilgo Autonomia Erkidegoan egiten dena halako bi. Gaur egun, Euskadik Espainia osoko osasun zerbitzu publiko onena du, beste autonomia erkidegoek baino % 25 gehiago inbertitzen dugu bertan. Espainiako gizarte babes mailarik handiena du. 60.053 pertsona ari dira Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen, eta horiek guztiak Kontzertu Ekonomikoak babesten ditu. Eta beste erreferentzia bat: hamar urteko krisi honetan, euskal erakundeek gizarte gastua % 40 handitu dute, Kontzertu Ekonomikoari esker. Kontzertua pertsonengana iristen den gastu publikoa da.
Gazte batek, beraz, gastu publikoa jasotzen du. Eta, zalantzarik gabe, ordaintzen dituen zergak baino gehiago. Beraz, onuradun garbi bat da. Adin handieneko pertsonak dira kaltetuenak, beste toki batzuetan baino zerga handiagoak ordaintzen dituztelako eta ez dutelako hainbesteko gastu publikoa kontsumitzen. Baina horrekin, beste talde batzuei laguntzen diete bizitza duin bat izaten, esate baterako, haiek baino okerrago dauden pertsona guztiei edo oraindik zergarik ordaintzen hasi ez diren gazteei.
PLU: Konbentzitu al zaitut?
BC: Bai, orain zergak pozik ordainduko ditut.
PLU: Begira, inori ez zaio gustatzen zergak ordaintzea, baina Euskadin zergak ordaintzen ez dituenak bizilagun bati ospitaleko ohea, hezkuntza edo gizarte babesa kentzen dio. Zibismoaren kontrako ekintza hori bera Almerian egiten duena ez da bizilagunari ezer kentzen ari, beharbada beste autonomia erkidego bateko norbaiti egiten dio kalte. Kontzertu Ekonomikoaren abantaila da zuzeneko korrelazioa dagoela ahalegin fiskalaren eta gastu publikoaren artean.
Hori, beste Autonomia Erkidegoetako finantzaketa erregimenarekin alderatuta, funtsezko desberdintasun bat da.
BC: Zergatik? Nola egiten dute Estatuko gainerako autonomia erkidegoek?
PLU: Gainerako autonomia erkidegoetan, zergetako dirua Estatuak biltzen du. Diru hori Altxor Publikora doa eta honek bi modutara banatzen du: autonomia erkidego bakoitzari errentan, sozietateen zergan eta abarretan bildutakoaren ehuneko jakin bat itzultzen zaio eta gainerakoa erkidego guztien artean banatzen da. Hortaz, ez dago korrelaziorik ahalegin fiskalaren eta gastu publikoaren artean. Espainiako 15 autonomia erkidego –espainiarren % 94 bizi da haietan– finantza egoera kritikoan daude. Estatuak 216.380 milioi euro utzi behar izan dizkie hezkuntza, osasuna, errepideak eta abar ordaintzeko. Kontzertuari esker, guk ez diogu Estatuari ezer zor. Finantza ikuspegitik, independenteak gara.
BC: Polemika handia sortu da defizit horien inguruan eta ahots batzuk hasiak dira gainerako autonomientzat Kontzertuaren antzeko erregimenen bat eskatzen. Egingarria izango al litzateke?
PLU: Egingarria ez ezik, desiragarria ere izango litzateke. 1980an, Ramón Trías Farras Kataluniako Ekonomia kontseilariari Kontzertu Ekonomiko bat eskaini zioten, ni aurrean nengoela. Baina lehen aipatu dugun arriskua dela eta, ez zuen onartu. 2000. urtean, Autonomia Erkidegoetako 15 ogasun kontseilariek ezetz esan zioten kupoaren formula lurralde ez foralei hedatzea komeni ote zen kontsultatzeari. Logikoa zen. Izan ere, 1995. urtean, pribilegio hori, Estatuak euskaldunoi egin zigun ‘opari’ hori, batzuek esaten duten bezala, onartzeko oso zaila zen, langabezia % 25aren ingurukoa baitzen.
Baina, krisi ekonomikoa iritsi zenean, diru bilketa bortizki erori zen. Euskadin gerrikoa estutu genuen, alde bakarreko arriskua dugulako. Gainerako autonomia erkidegoak, ordea, Estatuari esker bizi dira, baina honek diru iturria itxi zuenean, zorra pilatzen hasi zitzaien, eta ezin izango dute zor hori itzuli. Berriki jakin da 2018an Estatuak Erregimen Erkideko Autonomia Erkidegoei 105.000 milioi euro emango dizkiela sendagileak, irakasleak, errepideak… ordaintzeko, dagozkien eskumenak garatu ahal izateko.
BC: Ikuspegi teknikotik, bideragarria izango al litzateke?
PLU: Ikuspegi teknikotik, hedatu liteke. Bizkaian eta Gipuzkoan ikusi dugunez, jendeak ez dio zergak ordaintzeari uzten eta ez du beste toki batzuetara ihes egiten.
BC: Eta zergatik ez da egiten?
PLU: Arazoak, funtsean, politikoak dira. Alderdi politiko batzuek ez dute nahi, kontrol arrazoiengatik. Izan ere, hainbat autonomia erkidegok Espainiako Ogasunarekin duten zorrarekin, erabat mendean dituzte. Gainera, Konstituzioari lotutako beste kontu bat ere bada: Konstituzioak foru lurraldeen Kontzertua aitortzen eta babesten du, eta foru lurraldeak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa dira. Beraz, Kontzertua beste autonomia erkidego batzuetara hedatu nahi izanez gero, Konstituzioa beste modu batera interpretatu behar izango genuke.
BC: Kontzertu Ekonomikoa aurkari politikoari eraso egiteko tresna bihurtu al da, nolabait?
PLU: Kupoa negoziatzeko prozesuan ikusi izan ditugun eraso horiek guztiak beita izan daitezke, bi helbururekin. Epe laburrera, Kupoaren kontrako kanpaina osoaren helburu politikoa izan da, funtsean, Alderdi Popularra dagoen tokitik kentzea, Kontzertu Ekonomikorik gabeko lurralde batean hauteskundeak zeudela aprobetxatuta. Ongi etortzen zitzaien denei euskaldunon pribilegioei buruz eztabaidatzea. Horrela, laranja koloreko puxika bat puzten joan da, eta puxika hori zulatu nahi izan dute gobernuko presidentearen muturraren aurrean, haren tokia hartzeko asmoz. Politikaren ikuspuntutik, estrategia hori legitimoa da, baina Estatu ikuspegitik, oso arriskutsua bihurtzen da. Izan ere, lurralde grinekin jolasean aritzeak aurreikusi ezin diren ondorioak dituzten egoeretara eraman gaitzakete eta egoera horiek konpontzeko oso zailak izaten dira.
Epe laburrera, helburua Konstituzioa aldatzea da. Horretan ados daude puxika laranja, Alderdi Sozialistaren zati bat –Idazkaritza Nagusirako hauteskundeak galdu dituen zatia– eta Alderdi Popularraren zati bat –Fundazio jakin baten inguruan dagoena, Fundazio horren buru izanik Gobernuko presidente zela, euskal erakundeekin adostu eta onartu zuena, historian lehenengo aldiz, Kontzertuak iraupen mugagabea izango zuela–.
Horixe bakarrik behar dugu! Euskadin egonkortasun eza sortzea, lurralde historiko bati diru gehiago ateratzeko! Kupoari dagokionez, zergak ez ordaintzea leporatzen digute, Kontzertua ETAren presioari esker lortu zela azpimarratzen dute… Ba al dakite zer esaten duten? Kontzertua Estatuarekin lotura egonkor bat da, ETAk nahi zuenaren guztiz kontrakoa!
BC: Zer gertatuko zen negoziazio hori beste momentu batean egin izango balitz, Alderdi Popularrak aurrekontuak onartzeko EAJren babesa behar ez duenean?
PLU: 1981eko negoziazioan, Estatua konbentzitu nuen bost urteko legeari buruzko negoziazioetan adostasunera iristen ez baginen, zein formula erabiliko zen zehazteko: indarrean zegoen Kupoaren legea luzatuko zen.
Azken urteetan, Estatuak ez du negoziatu nahi izan, 2007-2011 aldian, lege garapen garrantzitsuak izan direlako, horien artean, Mendekotasun Legea, eta horrek Kupo txikiagoa ordaintzea ekarriko zuelako.. Estatuak ez du negoziatzera eseri nahi izan zazpi urtez. 2017ko maiatzean, akordio bat lortu zen, hainbat hilabetetako negoziazioen ondoren, eta adostu zen 1.300 milioi euro itzuli behar zizkiola Euskadiri, zegokiguna baino gehiago ordaindu genuelako.
BC: Orain lasaitasunera itzuliko al gara, Lege berria onartu arte?
PLU: Begira, Blanca, oso gaztea zara, baina jakin behar duzu politikan bi printzipio daudela: politika, izatez, oso aldakorra dela, eta bidaide arraroak ekartzen dituela. Epe laburrera, gatazka egoerak jarraituko du, Estatuak oraindik ez duelako negoziatu Erregimen Erkideko Autonomia Erkidegoekin bost urteko lege hori eta, bitartean, autonomia horiek esaten ari dira euskaldunok dena konponduta dugula eta ez diogula Estatuari ezer ordaintzen, eta txorakeria horiek guztiak. Horrek horrela iraungo du beren eredua definitzera iristen diren arte. Kontuan hartu behar da eredua katastrofe hutsa dela eta Espainiako herritarren % 94ari eragiten diola.
Ondoren, Konstituzioaren balizko erreforma iritsiko da, baina izapidetzea oso konplexua da, hiru alderdiren adostasuna behar baitu, Gorteak desegitea eta erreferendum bat egitea. Katalunian duten arazoarekin, nola izango dira Euskadin eta Nafarroan antzeko arazo bat sortzeko bezain zoroak, 140 urteko bizitza duen zerbait kenduz? Hori al da XXI. mendeko Espainia? Edo Konstituzio inklusibo batean pentsatu beharko lukete, herritar guztiak, beren lurralde lehentasunen gainetik, eroso sentitzeko? Eztabaida hori mahai gainean dago eta oso garrantzitsua da.
Kontzertuak iraupen mugagabea du eta ez da beste bat negoziatu behar. Beste bat negoziatu beharko da Espainiako tributuen ordenamenduan funtsezko aldaketaren bat gertatzen denean. Kontzertua bi botere exekutiboren arteko itun bat da eta Espainiako Parlamentuak itun hori onartu edo baztertu dezake, baina ez du aldatzeko eskumenik, ez dagokio. Nazioarteko itun baten tratamendu juridiko berbera du. Parlamentutik Kontzertuaren 18 lege igaro dira jada. Ez esan orain ez dela gardena, Parlamentuak zuzenketak sartzerik ez duelako. Ez esan bolbora aurkitu duzuela!
BC: Kritika horiek guztiak autogobernuaren kontrako erasotzat hartu behar al ditugu?
PLU: Euskadiren gizarte ongizatearen kontrako erasoak dira. Kontzertu Ekonomikoa kenduz gero, hezkuntza publikoari, osasun publikoari, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten 60.053 pertsonei eta abarrei egiten zaio eraso. Beraz, pertsonei zuzenean eragiten dien kaltea da, kalte politikoa baino gehiago. Horregatik, zabalkunde lan honen bidez, mezu bat bidali nahi nieke Espainiako herritarrei: diru kontuengatik, ez hautsi Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiarekin lotzen duen euskarririk sendoena (gogoratu 1978ko Konstituzioak Euskadin herritarren % 30aren babesa izan zuela).
Errespetua eta zentzua behar ditugu. Errespetua, daukagunaren aurrean, Foruetatik baitator; errespetua, Konstituzioak, Legeek eta Epaitegiek esaten dutenaren aurrean. Eta zentzua, burua, milaka pertsonari onura ekartzen dion zerbaitekin ez jolasteko.
BC: Espainiako Gobernuak 2010eko itun fiskala Kataluniarako ere onartu izan balu, saihestuko al litzateke 2017ko urriaren 1era iristea?
PLU: Ziur. Neurri batean, gertatu den guztiaren eragileetako bat izan da. Auzitegi Konstituzionalak Estatutuari buruz eman zuen epaiak oso gai sentikorrak ukitu zituen, hizkuntzarena, esate baterako. Baina katalizatzailea ‘Espainiak lapurtu egiten digu’ mezua izan zen, krisi garaian, zerbitzu publikoak murrizten ari zirenean. Egoera horretan, kataluniarrei balantze fiskala ez zaie aldeko ateratzen. Horrek gizartean alarma sortu du. Baina Euskadin, Kontzertu Ekonomikoari esker, ez da horrelakorik gertatu, are gehiago kontuan hartuta Euskadin independentzia nahia Katalunian baino askoz ere errotuagoa dagoela. Hain zuzen ere, Euskadiko independentziazale batzuk Kontzertu Ekonomikoaren kontra daude, Espainiarekin lotura eta egoera egonkorra adierazten duelako, eta hori ez zaie komeni.
Gainera, uste dut Kontzertu Ekonomikoa tarteko irtenbide bat izan daitekeela Europar Batasuneko independentzia planteamendu guztientzat, politika ikuspuntutik, independentzia handiko gaitasunak ematen dituelako eta, finantza ikuspuntutik, berriz, erabateko independentzia.
Nazio Batuen Erakundeko herrialde guztiek dute Kontzertu Ekonomiko bat. Espainiak Kontzertu Ekonomiko bat du Europar Batasunarekin, zerga erregimena erabaki, mantendu eta arautu dezakeelako, eta kupo bat ordaintzen du Europar Batasuneko aurrekontua osatzeko. Beraz, Kupoaren eredua guztiz esportagarria da.
BC: Euskal gizartea konturatzen al da Kontzertu Ekonomikoak duen garrantziaz?
PLU: 2013an, euskal herritarren % 51k baino gehiagok ez zekien ezer Kontzertu Ekonomikoari buruz. Onartezina. Horregatik, neure ekimenez eta herritar arduratsua naizelako, hainbat liburu idatzi ditut gai honi buruz. Horregatik idazten dut, halaber, sare sozialetan, 59 hitzaldi eman ditut eta beste 22 agendan itxita ditut jada. Eta horregatik sortu dut Gurea Kontzertua-Kontzertuaren Komunitatea, hiru konpromiso hartzen dituen herritarren plataforma: gure esparruan, Kontzertua ezagutzera ematea, zabaltzea eta defendatzea. Milaka pertsonentzat onuragarria delako, batez ere, gazteenentzat eta behar handiagoa dutenentzat.
BC: Nork du Kontzertua behar beste ez ezagutzearen errua?
PLU: Erakundeek erantzukizun argia dute: gure erakundeek gai hau gai politikotzat hartu izan dute eta, beharbada, zuhurtziagatik, ez dute eztabaida publikoko prozesuetan sartu nahi izan, planteamendu akademikoekin, tertuliakideekin, kazetariekin… Azkenean, elur bola hori elur jausi izugarria bihurtzen da.
BC: Ez al litzaiguke komeniko Nafarroarekin batera lan egitea, Kontzertuak defendatzeko?
PLU: Euskadiren Kontzertu Ekonomikoa eta Nafarroaren Hitzarmen Ekonomikoa anaia edo arreba biki unibitelinoak dira, arrazoi politikoek eraginda banatutakoak. Beraz, bi lurraldeen arteko aldea errespetatuta, nabarmena da eredu bera badugu eta eraso egiten badigute, elkartu egin behar dugula indar handiagoz erantzuteko eta elkarri laguntzeko.
Hain zuzen ere, nortasun juridikoko elkarte bat sortuko dugu, ‘Kontzertuaren eta Hitzarmenaren Elkartea’ izenekoa, eta baliabideak jaso ahal izango ditu, ez publikoak, baina bai dohaintzak. Ekarpenak egiteko mikrofunding eredu bat ere ireki nahi dugu. 51 ekintza definitu ditugu Kontzertuaren Komunitateari indar handia emateko, gizarteak Kontzertua ezagutu behar duelako eta itun hori babestu behar dugulako. Ziur aski, garai txarrak etorriko dira. Eta oso garrantzitsua da euskal gizarteak protagonismo guztia erakunde publikoen eskuetan ez uztea, nahiz eta orain arte gai honetatik urrun, loturarik gabe, motibaziorik gabe, konpromisorik gabe bizi, bere oparotasun aberatsean. Gizarteak konturatu behar du hau ez dela zerutik erortzen den zerbait, baizik eta eskubide bat, ezagutu eta defendatzen jakin behar dena. Konpromiso hori hartu dut nik eta horixe eskaintzen diot gizarteari.
BC: Pedro Luis, zorionekoa sentitzen naiz zurekin hitz egiteko aukera izan dudalako. Amaitzeko, zer esango zenieke 1981aren ondoren jaio ziren gazteei, Kontzertu Ekonomikoa zer den ez dakiten horiei?
PLU: Kontzertu Ekonomikoa Euskadiren eta Estatuaren arteko itun bat dela, 140 urteko bizitza duela eta zuri eta zure familiari bizi kalitate hobea bermatzen dizuela. Zergen eta gastu publikoaren korrelazioari esker, eta geure burua kudeatzeko eta arautzeko dugun ahalmenari esker, ekonomiaren garapen onak lagunduta, Erregimen Erkideko gainerako Autonomia Erkidegoek baino gaitasun handiagoa dugu geure politikak egiteko. Onura bat da, eskubide bat, sentsibilitate bat, historiarekin lotzen gaituena eta zure kultur ezaugarrien enborrera eramaten gaituena.