Íñigo Pastoriza Azpilicueta

Lehen Hezkuntza. Prom. 18

Uste osoa dut, etorkizuneko belaunaldiekin klaseetan bertan lantzen badugu zergatik garen europar, egoerari buelta emateko sasoiz gabiltzala. Benetan diot, garaiz gabiltza.

Lehen Hezkuntzako graduduna, Entzumen eta Hizkuntzako espezialitatea, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko lehenengo promoziokoa (2018), DECA eliz titulazioa ere lortu zuen urte berean. Bi urte lehenago, Musikako Gradu Profesionaleko ikasketak amaitu zituen (zeharkako flauta espezialitatean) Francisco Escudero Musika Kontserbatorio Profesionalean; eta Aisialdiko eta Denbora Libreko monitore titulua ere lortu zuen. 2018ko irailetik, Lehen Hezkuntzako irakaslea da SUMMA Aldapetan, Donostian.

Zorionak! Ikasketak amaitu bezain laster hasi zara lanbideko karreran, prestatu zaren arloan eta ospe handiko ikastetxe batean. Nolakoa izan da zuretzat hasiera azkar baino azkarrago hori?

Mila esker. Egia esan, hala izan da, lanean haste azkar samarra. Ikasle garaitik lanbide mundura pasatu naizeIa konturatzen hasteko astirik izan gabe gertatu zait, eta zinez diotsut zorabio antzeko bat izan dudala behin baino gehiagotan. Baina, beno, egia da halako jauziak erronkak direla, izan direla eta izango direla ikasketak amaitu berri dituen edonorentzat. Orain, pixkanaka-pixkanaka nire gauzak egiteko denbora berriro hartzen ari naiz; baina, egia esan, ikasle garaiko erritmo zoroarekin konparatuta, orain lasaiago nabil eta errutinaz gozatzen ikasten ari naiz.

Zure curriculumari begiratuta, adina gorabehera nahiko zabala bada ere, hamabost urte zenituenetik bateratu duzu musikako prestakuntza eta batxilergoa, lehenengo, eta unibertsitateko gradua, geroago. Eta adinez nagusi izan zarenetik ez diozu gauzak egiteari utzi: laguntzako klaseak, denbora libreko jarduerak, ikasleen ordezkari, boluntario lana, praktikak, etab. Zerk eragiten dizu geldirik ez egotea?

Unean-unean bizitzaz gozatzeko ilusioak, nire ustez. Bizitzaz maiteminduta dagoen pertsona naiz. Une bakoitza, norbaitekin duzun elkarrizketa bakoitza, egiten duzun bidaia bakoitza, argazki bakoitza… une bakoitza Jainkoak egiten digun opari bat da, gozatzeko, gure bizitza eta ingurukoena hobetzeko. Beraz, uste dut gauzak egiteko gogoa eta emozioak sentitu nahiak eragin didatela urte hauetan guztietan geldirik ez egotea.

Graduatu zinen urte berean hartu zenuen parte Parisen mahai-inguru batean, Europan balioetan heztea gai harturik, Échanges Internationaux au service de l’education Fundazioarekin, eta Espainian balioetan hezteari buruzko ponentzia bat aurkeztu zenuen. Gure Kontinente Zaharreko azken aldiko gorabehera politikoen argitan, zein tokitan dago balioetan heztea Europan? Antzeman ahal izan zenuen desberdintasunik mahai-inguruetan parte hartu zuten herrialdeen artean, hezkuntzako arlo horretan?

Egia da, hezkuntza mailan, are gehiago balioetan heztearen ikuspegitik, identitate krisia kezka puntu batez bizi dela. Hori errealitate komuna da Europa osoan. Uste dut, eta hala partekatu nuen Hungaria, Frantzia, Alemania eta Eslovenia bezalako herrialdeetako jendearekin, errorea honetan dagoela: ez dugu jakin azaltzen Europar Batasunean egotea zein garrantzitsua den. Europar lurralde guztietan zabaldurik dago eta argi eta garbi islatzen ari da orain Brexitarekin. Hala ere, uste osoa dut, etorkizuneko belaunaldiekin klaseetan bertan lantzen baditugu europar izatearen arrazoiak, egoerari buelta emateko sasoiz gabiltzala. Benetan diot, garaiz gabiltza. Egia da, ideologia aldetik nolabaiteko atzerapausoa eman bada ere, irakasleen artean hezteko bokazioa lehenetsi behar dugula, zenbait jarrera eta pentsamendu atzerakoi desmuntatzeko lanean irmotasun morala sustatzen duten eragile aktiboak izan behar dugula, jarrera horiek ez baitira XXI. mendeko euskal, espainiar eta europar gizarterako egokiegiak. Ahotsa eman behar diogu gehiengo lasaiari, etorkizuneko belaunaldientzat bihotzetik bihotzerako hezkuntza sustatuko duten balioetan oinarritutako hezkuntza baino ez baitute nahi.

Jarraitzen duzu musikarekin? Hala bada, uste duzu musika interpretatzeak eragiten dizula lehen hezkuntzako irakasle lanean?

Bai, egia esan orain musikarekin jarraitzen dut, baina bigarren maila batean. Hala ere, badut proiekturen bat edo beste airean. Bigarren galderari dagokionez, musikarekin lau urte nituenetik bizi izanak nire adinekoengandik desberdin samar egiten nau. Musikak bestela garatzen laguntzen dizu. Musikari esker, aberatsagoa naiz emozioen aldetik, hura gabe izango nintzatekeena baino. Gainera, inguruko mundua beste ikuspuntu batetik ikusten duzu. Azken batean, artea da, eta horrek eragiten dit informazioa burura beste bide batzuetatik bideratzea, beste ikuspegi batzuetatik, ohikoak ez diren bideetatik. Pentsamendua eratzeko dudan desberdintasun hori oso tresna baliotsua da ikaskuntzarako, irakasle lanerako.

2016an nazioarteko boluntario proiektu batean ere hartu zenuen parte Errepublika Dominikarrean. Musikarekin bezala, zein neurritan uste duzu eragin dizula zure laneko ibilbidean? Baduzu pentsatuta beste esperientziarik boluntario lanean? Zein da eta noiz egingo duzu?

Esperientzia horrek irakaskuntzari eta bizitzari begiratzeko modua aldatu zidala gogoan hartuta, bai, esan dezakegu nahiko eragin zidala. Azkenean, Errepublika Dominikarra bezalako herrialde batera heltzen zara 20 urterekin eta konturatzen zara ez duzula bizitzaz, benetan irribarre eragiten dizunaz, ideiarik ere. Konturatzen zara Europan denbora eta bizitza alferrik galtzen ditugula, ez duela zentzurik hain bizimodu azaleko, ganora gabe eta zelebreak. Uste dut, esperientzia hari esker, egungo bizimodua bestelako alaitasunez ikusten dudala.

Bigarren galderari erantzunez, bai. Aurtengo udan Libanora joango naiz hilabetez. Lankidetzako lehenengo esperientzia haren ondoren, nire presentzia lagungarri izango zen tokiren batera joan beharra sentitzen nuen barruan, nahiz eta jakin laguntza jasoko duen lehena neu izango naizela. Baina ez dakit, atentzioa eman zidan Libanoko lankidetza proiektuak. Gainera, uste dut beste batzuen zerbitzura jartzeak, benetan behar duenaren (eta estimatzen duenaren) esku bizitza jartzeak ez duela preziorik. Bizitza aldatzen dizun sentsazioa da.

Zer aholku emango zenieke, unibertsitateko titulazioarekin batera, artea edo boluntario lana bezalako beste proiektu profesional batzuetan ere murgildu nahi duten Alumniei?

Lehenengo konbentzitu beharra dugu denbora ematen dugula bakoitzak egin nahi duen horretan. Batzuetan, egin ditudanak jendeak entzuten dituenean, hori ezina dela esaten du, ezina dela denetarako denbora izatea. Jakina, sentitzen dut, baina ez nago ados. Lehentasun kontua da, baina egia da beste gauza asko bezalakoa dela: proiektu batzuk lortzeko norbere buruaren kontra ere borrokatu behar da. Buruak traizio egiten digu eta beldurrak, alferkeriak, zalantzek, nerbioek, etab. oztopo egiten digute proiektu batzuetan buru-belarri sartzeko. Beraz, Alumni guztiak animatzen ditut, urrats bat aurrera eman eta beste profil ez hain arruntetatik (boluntario lanetik) edo arte munduko esperientziaren batetik hobetzen saiatzeko. Azken batean, bizitzako beste arlo batzuetan bezala, zailena lehenengo urratsa ematea da. Behin hori emanda, dena da errazagoa.

Partekatu ezazu