Skip to main content

Iñigo Aguinaga San José

Kirolaren psikologia ez da arazoren bat duten pertsonentzat bakarrik. Alderdi tekniko-taktikoarekin eta alderdi fisikoarekin integratuta egon behar du diziplina horrek. Asko gustatzen zait esatea psikologia ez dela dena, baina denean dagoela.

Zure ibilbide akademiko eta profesionala ikusita, badirudi oso argi zenuela zer nahi zenuen. Nola erabaki zenuen Kirolaren Psikologian espezializatzea eta zerk bultzatu zintuen espezialitate horretan lan egitera?

Txiki-txikitatik izan dut lotura kirolarekin, eta beti izan dut argi esparru horretan lan egin nahi nuela. Kirolari gisa izan ditudan esperientziek eta aldagelako beste kide batzuekin batera bizi izandakoek lagundu didate ulertzen alderdi psikologikoak zenbateko garrantzia duen bizitzan eta, ondorioz, kirolean. Niri gustatuko litzaidake gertatu zitzaizkidan zenbait gauza eta aurrean izan nituen hainbat erronka ulertzea; ziur naiz orain dakidanarekin askoz ere hobeto egingo niela aurre egoera horiei. Helburu horrekin hurbildu nintzen psikologiaren esparrura, pertsonen portaera ulertu nahian, izan dituzten esperientzien eta dituzten testuinguruen arabera. Orain, kirolari esperientziaren eta eskuratzen ari naizen prestakuntzaren arteko konbinazioa aprobetxatzen saiatzen naiz, gazteei beren kirol ibilbideetan lagundu ahal izateko. Pertsona bakoitza bakarra da, eta, horregatik, ez da lan erraza, baina horrek motibatzen nau gaur egun ere: kirolarien ezaugarri pertsonaletan oinarritutako ekintza planak bilatzen ahalegintzen naiz.

Ikerketan eta irakaskuntzan ere aritzen zara. Zure ustez, bi arlo horiek zer neurritan dute harremana kirol psikologoaren lanarekin?

Ikerketarekiko interesa karrerako laugarren mailan sortu zitzaidan, Honors programari esker, aukera izan bainuen FamilyPsych ikerketa taldean lan egiteko. Orduan konturatu nintzen oso garrantzitsua zela diziplinaren azken aurrerapenak ezagutzea, egunean egon ahal izateko. Gaur egun, gustatzen zait astean zehar tarteren bat gordetzea Kirolaren Psikologiari buruzko artikuluak irakurtzeko eta beste gai batzuetako adituengandik ikasteko. Gainera, pandemiaren urtean doktore tesia egiten hasi nintzen, eta, horrela, gehiago barneratu naiz ikerketa munduan. Urtarrilean defendatuko dut tesia, eta etorkizun hurbilean ere ikertzen jarraitu nahi dut. Kirolaren psikologiaren eremua hazten ari da, eta nire ekarpen xumea egin nahi nuke, nire pasio bera duten beste pertsona batzuei informazio esanguratsua eskaintzeko. Bestalde, kirolari aplikatutako psikologiaren inguruko kezka duten entrenatzaileekin ikaskuntza espazioetan parte hartzen saiatzen naiz. Kirol taldeetan dituzten kasu praktikoei eta esperientziei buruz hitz egiten dugu, eta, elkarrekin, erabil ditzakegun baliabideei buruz gogoeta egiten dugu. Dena ez dago liburuetan, eta kirol profesionalen egunerokotik hurbil egotea funtsezkoa iruditzen zait.
Azken batean, ikerketaren eta aplikatutako praktikaren arteko konbinazioak aukera ematen dit egunean egoteko eta, horri esker, kirolariei edo entrenatzaileei laguntza hobea eman diezaieket, bakoitzaren beharrak kontuan hartuta.

Diskrezioz, zer erronka zehatzi egin behar izan diezu aurre Kirol Psikologiaren arloan lan egitean, eta nola gainditu dituzu?

Lehenik eta behin, garrantzitsua da ulertzea kirola egiten duten pertsonekin lan egiten dugula. Kirolari bakoitzaren atzean bizipen, indargune, ahulezia, inguru, beldur, igurikimen… zehatzak dituen pertsona bat dago. Nire eguneroko lanean, errendimendu hobea lortzeko alderdi psikologikoren bat hobetu nahi duten kirolariekin aritzen naiz, edo kirol inguruneko egoera jakin batzuei aurre egin behar dietenekin, kezkatzen dituen alderdi pertsonalen bati buruz hitz egin nahi dutenekin… Jokalariekiko harremana, lidergoa, komunikazioa hobetzen ahalegintzen diren entrenatzaileekin ere egiten dut lan. Azpimarratu nahi dut kirolaren psikologia ez dela arazoren bat duten pertsonentzat bakarrik. Alderdi tekniko-taktikoarekin eta alderdi fisikoarekin integratuta egon behar du diziplina horrek. Asko gustatzen zait esatea psikologia ez dela dena, baina denean dagoela. Ingurune jakin batekin elkar eragiten duten pertsonez ari garen unetik bertatik, portaerez ari gara eta, beraz, psikologiaz. Erronkak, lehen esan dudan bezala, askotarikoak dira, eta, nire ustez, horiek gainditzeko modua jakin-mina, enpatia eta prestakuntza dira. Kasu bakoitzari buelta asko ematen dizkiot (batzuetan, agian, gehiegi), baina pertsona bati laguntzeko nire esku dagoen guztia egingo dudala jakitea gustatzen zait.

Coventryn egon ondoren, Erresuma Batuko eta hemengo errealitateak alderatuta, zer esan dezakegu psikologiak kirol esparruan duen integrazio mailari buruz?

Lehen esan dudan bezala, uste dut kirolaren psikologiaren garrantzia handitzen ari dela gure herrialdean. Gero eta ohikoagoa da kirol arloko profesionalak entzutea buruak errendimenduan eta ongizatean duen garrantziaren inguruan hitz egiten. Horren ondorioz, kirol psikologoek presentzia handiagoa dute kirol talde edo erakundeetan. Gogoan dut Coventryn egon nintzenean, inguruko futbol talde apal batean jokatu nuela, eta pare bat hitzaldi eman zizkigutela kirolaren psikologiari buruz. Ordura arte, psikologiarekin nuen harremana Athletic Clubeko jokalari izan nintzen garaira mugatzen zen, baina Atlheticek egitura profesionala duela hartu behar dugu kontuan. Horrek pentsarazten dit beharbada Erresuma Batuan lehenago normalizatu zela figura hori. Hala ere, gaur egun, Espainian psikologiako oso profesional onak ditugu, nazioartean erreferentzia direnak.

Bukatzeko, Alumni Time aldizkariaren zenbaki honetan parte hartzeagatik eskerrak emateaz gainera, azken galdera bat egingo dizut: zer oroitzapen dituzu Deustuko Unibertsitatean Psikologiako graduko ikasle izan zinen garaiaz?

Eskerrik asko zuei, elkarrizketa honetarako nigan pentsatzeagatik. Oso oroitzapen ona dut unibertsitateko garaiaz. Psikologiaren oinarriak ezartzeko oinarrizko jakiteak eskuratzeko aukera eman zidan. Gainera, karrerako 4 urteetan ikaskide oso onak izan nituen, asko erraztu zidaten garai hori. Oso oroitzapen ona dut zenbait irakaslez ere, haietako batzuekin hainbat proiektutan lan egiteko zortea izan dut gero. Unibertsitatea, ikerketa eta irakaskuntza barne hartuta, nire beste pasio handietako bat da, beraz, nire ibilbide profesionalean unibertsitatearekin lotuta jarraitzen saiatuko naiz. Laster ikusiko dugu elkar, ziur!