Monika Hernando

Zuzenbidea, 94ko promozioa

Tokian bertan lan egiten duen emakumetzat dut neure burua, ekintzakoa eta jendearekin zuzenean harremanetan jardutekoa naiz eta, bizitzak Euskadin geratzea eta bulego batean lan egitea ekarri badit ere, saiatzen naiz errealitatearekiko lotura hori ez galtzen”

Zuzenbideko ikasketak amaitu ondoren, CEAR Euskadiko Zuzendaritza Batzordeko presidenteorde izatera iritsi zen. Ia hamazortzi urtez jardun zuen kargu horretan; eta, urte horietan, nazioarteko garapen eta lankidetzan espezializatzeko aprobetxatu zuen. Mexikon eman zuen, urtebete eta erdi umeen eskubideak babesten UNICEFentzat lanean. Bilbora itzulitakoan, ia hamar urte eman zituen Mundubat erakundean, Nazioarteko Lankidetza eta Ekintza Humanitarioko koordinatzaile. Orain duen ardurazko postura heldu baino hiru urte lehenago, UNESCO-Etxean programen koordinatzaile eta Giza Eskubideen eta Bakearen Kulturako arduradun izan zen. 2013tik, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusiko Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria da. Garapen iraunkorrari, gizartea aldatzeari, nazioarteko lankidetzari, Giza Eskubideei eta biktimei eskainitako lanbideko bizitza osoa da.

Noiz konturatu zinen bide hori jarraitu nahi zenuela, gai horiei eskaini nahi zeniela bizitza?

Buruan ditudan oroitzapenetan, Unibertsitateko garaia ageri zait. 89-94 bitarteko promoziokoa naiz. Unibertsitatean nengoela lehertu zen Balkanetako gerra; gerraren kontrako hainbat ekintzatan hartu genuen parte, Kosovotik ihes egin zuten gazteak ezagutu genituen eta indarkeriaren eta intolerantziaren ondorio larriez jabetzen hasi ginen. Unibertsitateko Amnistia Internazionaleko taldearekin batera lan egin genuen. Karrerako bosgarren mailan nengoela, CEARen boluntario lan egiten hasi ginen eta hor hasi zen dena.

1995ean elkargokide egin nintzen, Javier Galparsoro eta Iñigo Lartiteguiren bulegoan egin nuen abokatu-laguntzaile lan. Baina Eusko Jaurlaritzako Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren barruan, 94an Boliviara eta 95ean Txiapas eta Guatemalara joan ondoren, nazioarteko garapen eta lankidetzarako bidea hartu nuen.

Tokian bertan lan egiten duen emakumetzat dut neure burua, ekintzakoa eta jendearekin zuzenean harremanetan jardutekoa naiz eta, bizitzak Euskadin geratzea eta bulego batean lan egitea ekarri badizkit ere, saiatzen naiz errealitatearekiko lotura hori ez galtzen. Zorionekoa naiz, pribilegiatua ere esango nuke, gustuko izan dudan eta sinesten dudan horretan lan egiteko modua izan baitut, gizarte erakundeen bidez, nazioarteko erakundeetan eta, orain, Eusko Jaurlaritzako kargu publiko batean.

Ez naiz ausartzen esaten zein izango den nire hurrengo lanpostua. Uste dut bizitzak eramaten gaituela eta datorkigun horretara moldatu behar dugula. Baina seguru nago beti egongo naizela lotuta, arlo profesionalean edo boluntario lanean, giza eskubideak babestearekin eta elkartasunaren munduarekin.

Alumni Time-en aurreko zenbakian Alumni Soziala aurkeztu zen: Deustuko Unibertsitateko proiektu bat, esperientzia eta ikaskuntzarako espazio bat, ikasle ohiak gizarte premiak dituzten pertsona eta komunitateetara hurbiltzeko, hirugarren sektorean parte hartuz eta ekarpena eginez. Zure ustez, zelan bultzatu daiteke, lagundu nahi izan arren, zelan egin ez dakiten edo egiteko denbora gutxi duten pertsonen inplikazioa?

Oso garrantzitsua iruditzen zait Akademia eta gizarte proiektuak lotzea, eta aparteko interesa du lotura horrek ikasle ohiak kontuan hartzea eta erakartzeko ahalegina egitea. Balio handiko giza kapitala da eta oso positiboa iruditzen zait esperientzia gizarte konpromisoari eta hirugarren sektoreari uztartzea.

Lehenengo lana da Euskadin halako erakunde eta proiektuei buruzko informaziorako sarbidea erraztea. Sarritan, zure lanbideko bizitza beste arlo batekoa bada, ez da hain erraza informazio horretara iristea (edo hori uste dugu). Bigarren urratsa litzateke hirugarren sektorea lanbideko beste esparru batzuetatik banatzen duten zenbait beldur edo oztopo eraistea. Gizartea eta etorkizuna benetan aldatuko dituzten prozesuak sortu nahi baditugu, era askotako diziplina, erakunde, entitate, herritarrak jarri behar ditugu harremanetan; eta lortu behar dugu, bakoitzak bere jarduera esparrutik elkartasunezko ekintza txikiagoak edo handiagoak egitea, bizikidetza hobea izaten lagungarri izan daitezen eta pertsona guztien giza eskubideak errespetu handiagoz tratatu daitezen.

Joan den azaroaren azkenetan argitaratu zen Euskadi, Irlanda eta Erresuma Batuarekin batera, errefuxiatuen harrera eta gizarteratze mugimenduan “babes komunitarioko” aitzindari izango diren herrialdeen artean egongo dela. 2019ko lehenengo seihilekoan proiektu pilotua bultzatzea dago aurreikusita, Espainiako Gobernuaren, ACNURen, Euskadiko Cáritasen eta Euskal Herriko Jesuiten Plataformaren arteko hitzarmen baten bidez. Txanponaren bi aldeak hain ondo ezagutzen dituzunez (tokian-tokian lan egitea eta ardura politikoa), zure ustez, zelan babestu dezakete Deustuko Unibertsitateko ikasle ohiek ekimen hori?

Oraindik esperientzia egiten ari gara eta espero dugu babes komunitarioaren bidez hartuko ditugun lehenengo bost familiak martxoan iristea. Turkia, Jordania edo Libanoko errefuxiatuen eremuetatik birkokatutako errefuxiatuen familiei Euskadin egiten zaien harrera zabaldu eta hobetu nahi dugu.

Babes komunitarioaren asmoa da administrazio publikoetatik egiten den harrera eta gizarteratze lana osatzea, herritarrak, GKEak eta interesa duten beste talde batzuk (erakunde erlijiosoak edo herri agintariak) horretan konprometitzeko eta beren aldetik antolatuta aritzeko. Ekimen horien bidez, herritarrak bildu eta babes ekonomikoa, emozionala eta soziala eskaintzeko konpromisoa hartzen dute aldez aurretik ezarritako aldi baterako, normalean urtebeterako.

Oraingoz, Euskadiko Cáritas eta Euskal Herriko Jesuiten Plataformarekin lotuta dauden tokiko taldeetan egingo da esperientzia; baina gure asmoa da harrera hori zabaltzea eta beste erakunde batzuk eta konpromisoa hartu nahi duten beste pertsona talde batzuk horretan inplikatzea, urte batean edo bitan familia bati harrera egiteko eta lagun egiteko. Harrerako beste talde hori Deustuko Unibertsitateko ikasle ohien talde bat izan daiteke. Zergatik ez? Nahi baduzu, beste urtebete barru hitz egin dezakegu…

Urteak dira, agian urte gehiegi, Ekialde Hurbileko eta Afrika osoko migrazio fluxuak Europan hedabideetako eguneroko berri bihurtu direla, baita alderdi guztietako politikariek elkarren kontrako lotsa gorrizko arma gisa erabiltzen dituztela ere. Estatuen eta elkarteen arduragabekeriaren isla da hori, mafien irabazpide, pertsona horien zoritxarrari probetxua ateratzen baitiote, irabazi ez makalak eskuratuz, pertsonen trafikoan arituta. Beste hainbeste gertatzen da Amerikan eta Asiako hego-ekialdean. Non geratu da Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, hirurogeita hamargarren urteurrena ospatu berri dugun honetan?

Bai, egia esan, giza eskubideekiko errespetua ez dago unerik onenean. Atzera pauso kezkagarriak gertatzen ari dira, azken hamarkadetan lortuta zeuden eskubideen babesean. Hala ere, uste dut atzerakada horren aurrean, eutsi egin behar zaiola, berreskuratu eta merezi duen balioa eman Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren funtsari.

Garrantzi handikoa dugu 1. artikuluak dioena: Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute. Aparteko garrantzia du baieztapen hori gogoratzeak, duintasun eta eskubide berberak izate hori bizi zaren Estatuko herritar izateari gero eta lotuago dagoen honetan. Batzuetan, zuzenean mehatxatuta ere egon litezke eskubideok, senide gisa jokatzen ez dugulako batzuk besteekin. Alderantziz, “hurkoa” etsaia dela dioten berbak zabaltzen ari dira, mehatxu faltsuak, eta diskurtso horretan oinarrituta aparteko neurriak hartzea justifikatu nahi dute, eta gehienetan ez dituzte giza eskubideen oinarrien funtsak errespetatzen.

Hala eta guztiz ere, lehen esan dudan bezala, eusteko unea delakoan nago, Giza Eskubideak zer diren gogoan hartzekoa, nazioarte mailan, eskualde, estatu edo herri mailan dauden tresnak martxan jarri eta babestekoa. Eta eutsi behar horretan aparteko garrantzia du giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonen lanari bere balioa aitortzeak.

Zure lanbideko ibilbide koherente eta zoragarri horrez gain, esparru pertsonalean, emazte eta seme-alaben ama zara –curriculum ofizialean adierazten duzun bezala. Zer ekarpen egin dezakegu belaunaldi berriak sentiberatzeko eta hezteko, mundu solidarioagoa, ingurumenarekiko eta pertsonekiko errespetu handiagokoa, alde batera geratzea ezinezkoa dela jabetzeko?

Mila esker, uste dut txera handia didazula. Garrantzizkoa deritzot curriculum ofizialean nire amatasun eta emazte izate hori ere islatuta geratzeari, baita adiskideen adiskide naizela agertzeari ere. Azken batean, bizitzako funtsezko alderdiak dira.

Zure galderari erantzuteko, uste dut une honetan, giza eskubideak inguru labainkorrean daudenez, sekulako garrantzia duela denbora, baliabideak eta ahalegina jartzeak sentiberatze eta hezkuntza lanean. Eta sentiberatze eta hezkuntza hori gure inguru hurbilean hasi behar dugu eta, jakina, familian. Ardura eta elkartasuna bezalako balioak gure seme-alabei erakustea eta balio horiek defendatzea gure inguru hurbilean; sekulako indar eraldatzailea du horrek.

Garrantzi handikoa da giza eskubideetan eta bakearen kulturan hezteko inbertsioa egitea, bai hezkuntza formalean eta bai informalean, hezkuntzako maila guztietan: lehen hezkuntzan, bigarren hezkuntzan eta unibertsitatean. Baina ezin dugu saihestu edo baztertu gutariko bakoitzak duen erantzukizuna eta gure inguruan eragiteko dugun ahalmena (esparru hori dena delakoa izan ere) diskurtso intolerante eta arrisku biziko horien kontra egiteko, gure gizartearen orainaren eta etorkizunaren mesederako.

Sentiberatze eta hezkuntza lan horretan ekarpena egitea litzateke enpatia sustatzea eta, horretarako, bizi esperientziek, desberdina dena ezagutzeak, gehien sufritzen ari diren pertsonen lekukotasunak entzuteak sekulako indar pedagogikoa du.

Eskerrak zure denboragatik eta lerro hauek gurekin partekatzeagatik. Amaitzeko, zer oroitzapen gordetzen dituzu Deustuko Unibertsitatean emandako urteez?

Unibertsitateko urte horiek bizitzako onenak izan ziren. Oroitzapen onak eta adiskideak ere gordetzen ditut, nahiz eta batzuk ez ditudan sarritan ikusten. Pentsatzen dut denei gertatuko zaiela antzera. Gainera, lanagatik beti mantendu izan dut loturaren bat Deustuko Unibertsitatearekin, bereziki Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuarekin.

Partekatu ezazu