Skip to main content

2024-2025 Ikasturtearen Hasiera

Irailaren 25ean eman zitzaion hasiera ospetsua 2024–2025 ikasturteari Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean. Egitaraua Loiola Centrumen izan zen oso-osorik. 10:30ean hasi zen Espiritu Santuaren mezarekin, Fernando Prado Ayuso Donostiako elizbarrutiko gotzaina buru zela, eta eguerdian ekitaldi akademikoarekin jarraitu zuen.

Eukaristia

Homilian, gotzainak azpimarratu zuenez, “geure historia bizi eta horretaz pentsatzera deituta gaude, egunero gure erabakietan, ahaleginetan eta harremanetan. Jesuiten unibertsitate honek, Deustuko Unibertsitateak, esparru pribilegiatua eta kalitatezkoa eskaintzen digu jakindurian, konpromisoan eta bereizmenean hazteko, beti Magis lortu nahian, Loiolako San Ignaziok asmo zuen “gehiago” hori lortzeko bidean.

Egungo testuinguru historikoan, agian “beldur eta ziurgabetasun hori senti dezakegu etorkizunera begira ditugun erronken aurrean (…) Hala ere, dizipuluei bezala, Jesusek gaur hauxe diosku: ‘Bakea zuei’. Gure ‘ate itxietatik’ ateratzeko eta mundura bidaltzeko deia egiten digu, batez ere etorkizun gizatiarragoa, bidezkoagoa eta solidarioagoa eraikitzeko (…) Ikasturte hau erabaki zuhurrak hartu nahirik hasten dugu, ez bakarrik gure bizitza akademikoan, baita gure harremanetan ere, gure gaitasunak denen onerako erabiltzen ditugun moduan, (…) hartara, gure misioa betetzeko: bereizmenaren bidez, garen eta dakigun guztiarekin munduari laguntzeko erantzunak bilatzen (…) Zientziak, teknologiak eta ezagutzak eskaintzen dizkiguten aukera ugarien erdian, arrakasta pertsonaletik haratago joatea eskatzen zaigu (…) Eska diezaiogun Jaunari bakearen eta jakituriaren dohaina eman diezagula, bereizteko zer egin dezakegun ikasturte hau maitasunean, justizian eta besteekiko zerbitzuan hazteko aukera izan dadin”. (Homiliaren testu osoa)

Ekitaldi akademikoa

Ezkerretik eskuinera: Juan Ignacio Pérez, Javier López (SJ), Imanol Pradales, Juan José Etxeberria (SJ) eta Stella Solernou.

Imanol Pradales Gil, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Javier López Aríztegui (SJ), Deustuko Unibertsitateko Gobernu kontseiluburua eta kantzilerordea, Juan José Etxeberria Sagastume (SJ), Deustuko Unibertsitateko errektorea, Juan Ignacio Pérez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua, eta Stella Solernou Sanz, Deustuko Unibertsitateko idazkari nagusia izan ziren ekitaldiaren buru.

Halaber, ekitaldi ospatsu horretan parte hartu zuten Vicente Atxa Uribek, Mondragon Unibertsitateko errektoreak; Eva Eguiguren Medinabeitiak, European University Gasteizko errektoreak; Agustin Erkizia Olaizolak, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, eta Raul Anton Remírezek, Nafarroako Unibertsitateko Tecnun Ingeniaritza Eskolako zuzendariak.

Ekitaldiaren egitaraua aurkeztu ondoren, saioa hasteko 2023-2024 ikasturteko memoria akademikoa irakurri zuen Stella Solernou Sanz idazkari nagusiak, eta Anton Zellinger Fisikako Nobel sariduna aipatu zuen: “ezin da esan gauzak existitzen direnik norbaitek begiratzen ez badie”. Ondoren, iazko ikasturtean unibertsitatean matrikulatutako pertsonei dagozkien zenbakiak aurkeztu zituen: guztira 17.000 pertsona izan ziren ikasketetan, eta haiek zaintzeaz arduratu ziren 3.172 irakasle eta ikertzaile, administrazio eta zerbitzuetako langile eta laguntzaile.

Ikerketari eta transferentziari dagokienez, egindako etengabeko ahalegina eta lortutako aurrerapenak azpimarratu zituen: ikertzaileen, defendatutako doktorego tesien, artikuluen, liburuen eta argitaratutako liburuen kapituluen, nazioarteko ikerketa proiektuen edo Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan izandako parte hartzeen eta ikerketako seiurtekoen hazkundea.

Deustuko Unibertsitatea 6. postuan dago Espainiako unibertsitateen artean errendimendu handiko adierazleei dagokienez, Conocimiento y Desarrollo Fundazioaren ranking-aren arabera. Nazioartean, “QS Europe 2025 ranking-aren arabera, Deusto Espainiako 5. unibertsitaterik onena da nazioarteko mugikortasunean, eta 8.a laneratzean eta kalitateko enpleguan. The Time Higher Education Impact Ranking-a kontuan hartuta, Deustok munduko 94. postua du 11. GJHan (hiriak eta komunitate jasangarriak) 1.000 unibertsitate baino gehiagoren artean eta, maila nazionalean, lehen postuan kokatu da”.

Prestakuntza-eskaintzari dagokionez, berrikuntzak honako hauek izan dira: bi gradu merkaturatzea, bata online (Zuzenbidea) eta bestea osorik ingelesez (EAZ); gradu bikoitzen ezarpena, Nazioarteko Harremanak + EAZ Bilbon eta Donostian, eta Nazioarteko Harremanak + Zuzenbidea Donostian, eta Fisioterapiako Graduko lehen promozioaren graduazioa Donostian.

Gure unibertsitatearen hirueletasun “eraginkorraren garapen progresibo eta harmonikoari” dagokionez, graduan emandako kredituen ia % 30 euskaraz izan ziren, eta % 27 baino gehiago ingelesez. Masterren % 30 atzerriko hizkuntzan egin ziren, eta doktorego programetan jarduera akademikoen % 44 ingelesez eskaini ziren.

Deusto Campusek, eskaintza akademikoaren osagarri, 370 jarduera baino gehiago antolatu zituen bost arlotan: Fedea, Elkartasuna, Ekologia, Kultura eta Kirola. Jarduera horietan 18.000 pertsona inguruk parte hartu dute bi campusetan.

Deustuko Unibertsitateak beka-politika garrantzitsua du — Eusko Jaurlaritzaren 1,5 milioi euro baino gehiagoko beken kudeaketaz gain, Deustuko Unibertsitateak 2,4 milioi inguru jarri zituen funts propioetatik atal honetarako —, eta 1.535 ikasle izan ziren onuradunak joan den ikasturtean.

Era berean, funtsak jarri dira Nikaraguako UCAko ikasleei laguntzeko; izan ere, hango gobernuak hezkuntza-erakundean esku hartu ondoren, beste unibertsitate batzuetan jarraitu behar izan dute ikasten.

Joan den ikasturteko (DUren historiako 138. urtea) gertakari garrantzitsu batzuen errepaso laburra eginda, Idazkari Nagusiak unibertsitateak aurrera jarraitzea ahalbidetzen duten pertsona eta erakunde publiko eta pribatu guztiei eskerrak emanez amaitu zuen hitzaldia, betiko agur egin zigutenen irakurketa geldo eta patxadatsua egin ondoren.

Iturrioz-Landart Deusto Business Schooleko doktore eta irakasle katedradunak hartu zuen hitza, irekiera-hitzaldia emateko: “Errotzea: pertsonen, enpresaren eta lurraldearen arteko sinergien palanka”. Haren hitzetan, “lurraldean errotuta egotearen oinarrian eragileek lurraldearekin era dinamikoan sortzen dituzten loturak daude. Ikuspegi ekonomikotik, lurraldearekin errotzea interes handiko fenomenoa da, eragileen portaeran eragin handia duen indarra baita eta eskualdeen garapena ulertzen laguntzen baitigu. Hitzaldi honek lurraldearen, enpresaren eta lurraldearen arteko dinamika zirkularraz hitz egiten du, dinamika horrek lurralde bereiziak osatzeko sinergien palanka bihurtzen baitu errotzea, lurralde horiek enpresa eta gizarte garapenerako eremu emankor bihurtu ala ez”. (”. Irekiera hitzaldiaren testu osoa)

Iturrioz doktoreari eskainitako txalo zaparrada bero eta luzearen ondoren, Deustuko Unibertsitateko errektorearen txanda iritsi zen.

Juan José Etxeberriak (SJ) honako apustua egin zuen: “2024-2025 ikasturte akademiko honi itxaropenez begira diezaiokegu, partaide gaituen historian eta amets partekatuetan konfiantza jarrita, garai berri honi elkarrekin ekiteko aukera ematen baitigute”.

Idazkari nagusiak aurkeztutako memoriari zegokionez, hau azpimarratu zuen: “Datu horiek aurpegiak, izenak, istorioak eta proiektuak dakartzate berekin, lantaldeak eta lidergoak berritzen dituzten egitasmoak. Zerbitzurako bokazioa lantzen dugu eta aldaketarako prestasuna etxearen bereizgarri da. Unibertsitatea komunitate hau osatzen dugun pertsonekin aberasten da. Azken finean, jarduera asko eta bizitasun handia, eta espero dugu ikasturte berri honetan ere hori dena biltzen eta bultzatzen jarraitzea”.

Eta “hori guztia, zertarako? Zer nahi dugu? Misio batek zuzentzen du gure jarduera eta misio horrek hiru dimentsio ditu ezinbesteko gauzatuko bada: gure gizartearentzako zerbitzua, errotzea, eta bikaintasunarekiko eta kontuak ematearekiko konpromiso sendoa”.

Zerbitzua

“Azken urteotan, gizartearentzako zerbitzu hori ‘inpaktu sozialean’ biltzen da: kontzeptu horrek laburbiltzen du unibertsitateak ongizateari eta garapen inklusibo eta jasangarriari egiten dien ekarpena”. Kontzeptu hori honela gauzatu da: “inguruko eragileekin lankidetzan eta hainbat txosten argitaratu dira gure jarduerak gizartean duen eraginaren informazioa ematen dutenak”.

Ildo horretan, hau adierazi zuen: “Datuek erakusten dutenez, Deustuko Unibertsitateak ekarpen handia egiten die Euskadiko hezkuntza maila altuei eta enplegagarritasunari (gure gradudunen % 99 lanean daude ikasketak amaitu eta hiru urtera), eta enpresek eta erakundeek estimatu egiten dute eskaintzen dugun prestakuntza eta gure gradudunek beren proiektuei ematen dieten balioa. Deustuko Unibertsitateak dozenaka enpresa proiekturi laguntzen die”. Baina ez zien soilik adierazle ekonomikoei erreparatu. Horiei GJHei eta kultura eta hizkuntza alderdiei buruz lortu nahi direnak gehitu behar zaizkie, kontuan izanik, gainera, “Ignacio Ellacuria San Salvadorreko UCAko errektore-martiriak formulatutako gizarte-eraldaketa dela gure Unibertsitatearen funtsezko eragina”.

Errotzea

Iturrioz doktorearen gonbidapenari erantzunez, Etxeberriak adierazi zuen: “lehen ikasgai hori bukatzeko egin digun gonbidapenari erantzun nahi diot: gu, Deustuko Unibertsitatea, errotuta sentitzen gara, geure buruaz haragoko zerbaiten parte, batzen eta konprometitzen gaituen lurralde baten parte”.

Deustoren eta gizartearen arteko harremanaren erakusgarri, bi gertaera historiko ekarri zituen gogora: “1931n, Errepublikako presidenteak Jesusen Konpainia desegiteko agindua emango zuela eta, elkarte bat sortu zen, Asociación Vizcaína de Cultura izenekoa, jesuiten lan akademikoarekin jarraitzeko. Eta horixe egin zuen hurrengo urteetan. Aurten, elkarte horren funtsaren dohaintza jaso dugu, urteetan zaintzaile izan duen Antonio Elías Suárezen eskutik. Dokumentu-ondare horrek, batetik, aukera emango digu gure erakundeak urte nahasi haietan izan zuen historia hobeto ezagutzeko eta, bestetik, argi erakusten du gizartearentzat unibertsitatearen misioa garrantzitsua zela eta egoera hartan babesteko beharra ikusi zuela” eta “1937an, Gerra Zibilean, Bilboko ebakuazioa izan zenean, Jesus Maria Leizaola lehendakaria izango zenak Unibertsitatea suntsipenetik salbatzeko sena izan zuen, dinamita-kargak zegoeneko jarrita zeudela. Agirre lehendakariak ez zuen nahi lur errearen estrategiak Euskadiri kalte egin ziezaion herrialdea berreraikitzeko ordua, ezinbestean, iristen zenean. Ibaizabaleko gudariek kendu zituzten lehergailuak. Eta horri esker, unibertsitateak berriz ekin ahal izan zion bere jarduerari gerra bukatu zenean”.

Bikaintasunarekiko konpromisoa

Horretarako, hau adierazi zuen: “gure jarduna ebaluatzea Deustoren kultura da: dela ikasleek irakaskuntzarekin duten gogobetetzea, dela liburutegiaren (Ikasteko eta Ikertzeko Baliabideen Zentroaren) funtzionamendua, dela beste edozer”. Baina ez barne-ebaluazioa bakarrik, kanpo-ebaluazioak ere bai: ANECA, Fakultateen eta Titulazioen Kalitatea eta Etengabeko Hobekuntza ziurtatzeko; AACSB ospetsua, Deusto Business School munduko negozio-eskola onenen artean kokatzen duena; Times Higher Education, GJH jakin batzuetan Deustuko Unibertsitatea munduko unibertsitate onenen artean kokatzen duena. Hazkunde eta enpleguan 8. tokian gaude, eta Hiri eta komunitate jasangarrietan 11. tokian. Eta Euskal Unibertsitate Sistemako kide izanik, “kontuak emateko ariketa ikaragarria egin behar izaten dugu, gizarteari ematen diogun zerbitzua neurtzen duten adierazleetan oinarrituta”,eta eskertu egin zuen“ Eusko Jaurlaritzak lankidetza-esparru garrantzitsu horretan ematen digun babesa, baita eskakizun maila ere”.

Eta balio ukiezinei dagokienez, “Bikaintasunarekiko konpromisoa ukiezinak baina garrantzitsuak diren zenbait baliotan ere agertzen da. Polarizazio handiko testuinguru batean, non gizarte demokratikoei eusten dieten balioak ezin diren ziurtzat jo, sendo lagundu nahi dugu demokrazia, demokrazia gorpuzten duten erakundeak eta demokrazia bideragarri egiten duen gizarte-konfiantza indartzen”. Hurrengo urteetarako ikerketa guneak hauek izango dira: demokrazia pluralak eta inklusiboak; osasuna, ongizatea eta gizarte kohesioa; eraldaketa digitala eta trantsizio ekologikoa. Eta, horrekin batera, jesuiten unibertsitate-sareekin — hala nola, Unijes, IAJU edo AUSJALekin — lankidetza indartuko da, bai eta nazioartekotu ere, ikasleak erakartzeko, online metodologiek eskaintzen dizkiguten aukerak aprobetxatzeko eta UNIC unibertsitateen Europako aliantza-proiektua gauzatzen jarraitzeko, baterako titulazio berriekin, partekatutako ikerketa-proiektuekin eta ikasleen mugikortasunari eta irakaskuntzari lotutako berrikuntza-proiektuekin. (Errektorearen hitzaldiaren testu osoa)

Ekitaldia Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hitzaldiarekin amaitu zen. Lehendakariak iragarri zuen Deustuko Unibertsitatean lehendakari gisa egin zuen lehen hitzaldia ez zela ez instituzionalegia ez protokolozkoegia izango, bere etxean sentitzen zelako, Donostiako eta Bilboko campusetan ikasle, irakasle, ikertzaile eta kudeatzaile izan baitzen. Maitasunez gogoratu zituen zendutako Dionisio Aranzadi (SJ) eta Patxi Altuna (SJ) — Euskaltzaindiko kidea —, gizarte ekonomian eta unibertsitateko zientzia arloan euskararen sustapenean egindako ekarpenak nabarmenduz, bai irakaskuntzan, bai ikerketan, hurrenez hurren. “Altuna harro legoke unibertsitatean euskara indartzen jarraituko dugulako”, ebatzi zuen.

Donostiako campuseko hormak apaintzen zituzten leloetako bat ere aipatu zuen (orain desagertuak) arotzak landua eta Pradalesen gogoan eta bihotzean iltzatua geratu zena: Gaurko izerdia, biharko ogia.

Euskadiren garapenerako eta oparotasunerako konektibitateak duen garrantzia azpimarratu zuen, eta zientzia, teknologia eta berrikuntza globaleko poloekin konektatu behar dugula, herri gisa aurrerapausoak ematea ahalbidetuko baitigute.

Halaber, Lehendakariak jakintzan eta zientzian inbertitzearen garrantzia azpimarratu zuen, herriaren garapena sustatzeko. “Sapientia melior auro” (jakintza urrea baino baliotsuagoa da) Deustuko Unibertsitatearen leloa aipatuz, honako hau adierazi zuen: “lelo horrek agerian uzten du herrialde batentzat ezagutza aurreratuan eta zientzian inbertitzeak duen garrantzia. Horrela egiten duen gizarte bat bere baitan inbertitzen ari da. Egunero hobea eta libreagoa izaten. Zientzian eta ezagutza aurreratuan inbertitzeak osasunean, hezkuntzan, kulturan edo industria-jardueran inbertitzea esan nahi du. Bizi-kalitatean inbertitzea”.

Berbaldiari amaiera emateko, eskaera bat egin zuen: “gaur, nire etxean, Deustuko Unibertsitateari, (…) umiltasunik handienetik eta errespetutik, (…) planeta osoan zehar banatutako Jesusen Lagundiaren ezagutza sareekiko lankidetza irmoago sustatu eta indartzeko (…)” eskatu zion. “Euskadik behar zaituzte! (…) Nazioarteko lotura hori eta ezagutza askotarikoak behar ditu herrialde gisa ditugun erronka handiei erantzuteko (…) Ezagutzaren mugetan dauden beste batzuengandik eta horiekin batera ikasi behar dugu, euskal kultura, gizarte eta zientzia ondarean txertatu ahal izateko ”. Jarraian, ofizialki inauguratu zen 2024–2025 ikasturtea.

Ekitaldia Gaudeamus Igitur abestuz amaitu zen.

Ekitaldiaren ondoren kopau bat zerbitzatu zen bertaratutakoentzat.

Musika eta koruak, Eukaristian eta ekitaldi akademikoaren hasieran eta amaieran, Easo abesbatzak eskaini zituen