Inbertsioa talentuan
Joan den azaroaren 29an, Juan Jose Etxeberria (SJ) errektoreak Deusto Arrupe Beketarako lankidetza beken 2023ko kanpaina ireki zuen, hirugarren urtez jarraian, 2021ean abiarazi zirenetik. Oraingo honetan, 25 beka berri emateko eta aurreko bi deialdietan emandako 50 bekak berritzeko funtsak biltzeko kanpaina hasi da. Guztira, 2024-2025 ikasturterako helburua 75 bekakoa izango da. 2026-2027 ikasturterako, Deustuko Unibertsitatean 125 ikasle bekadun izatea espero da, funts horri esker. Funts horrek, administrazio publikoaren laguntzekin batera, karreraren % 100eko estaldura ekonomikoa bermatzen du.
Deusto Arrupe bekak – Juan José Etxeberria (SJ) errektorearen aurkezpena
Proiektu honek aukera paregabea eskaintzen du talentua duten pertsonentzat, baliabide ekonomikorik ez izateagatik, batzuetan Deustura sartzeko aukerarik ez dutelako. Beka hauek Aita Arruperi egiten diote erreferentzia. Aita Arrupek hezkuntza sustatu nahi izan zuen beti, bidegabekeriari aurre egiteko funtsezko mekanismo gisa.
Bilbotar jesuita eskuzabaltasunaren eta askoren inspirazioaren adibide ezabaezina da. Pedro Arrupe, berez gizon baikor eta alaia, besteentzako gizona zen. “Besteei bere burua eskaintzen dien gizon-emakumeen” ondarea utzi digu, giza duintasunarekin, guztion onarekin eta laikoak jesuiten misioan integratzearekin konprometitua, fedearen zerbitzu eta justiziaren zaintza gisa definituta.
Beka hauen hartzaileak espediente akademiko bikaina izan baina baliabide ekonomiko urriak dituzten ikasleak dira.
Arrupe beken % 66 Deustuko Unibertsitatearen baliabide propioekin finantzatzen dira, eta % 34 partikularrek, enpresek, erakundeek eta unibertsitateko elkartea osatzen duten pertsonek modu altruistan egindako dohaintzekin. Juan Jose Etxeberria errektorearen hitzetan, “guztion artean, kalitatezko hezkuntza bermatzeko konpromisoa duen gizarte bidezko baterako unibertsitatea eraikitzeko” modua da.
Lankidetza ildo hori berriro ireki da, datorren ikasturtean 75 gazteri Deuston ikasteko aukera emateko behar diren ia 530.000 eurotara iristeko. Gainera, aurten funts osagarri berria sortu nahi da, kasu batzuetan, Deustuko Ikastetxe Nagusiko ostatuko gastuekin laguntzeko. Horregatik, ekarpena egin nahi dutenek Unibertsitateko webera jo dezakete, Deusto Colabora atalera, hain zuzen, Deustuko Unibertsitateari Laguntza emateko. Proiektuaren berri jaso eta laguntza zelan egin jakin ahal izango dute, eta aplikatuko diren zerga salbuespenen inguruko informazioa ere bertan ikus dezakete.
Lekukotasunak
“Eskerrak eman nahi dizkiet emaileei eta Deustuko Unibertsitateari, gizarteari egiten dioten ekarpenagatik; izan ere, Arrupe bekek asko errazten dizkiete gauzak familia askori, eta aukera ematen diote jende askori Deustuko Unibertsitatean ikasteko. Nire kasuan, adibidez, laguntza handia eman didate”. Asier – Deusto Arrupe beken onuraduna
“Talentua sustatu egin behar da, gure ingurunerako hain beharrezkoak diren elkartasunaren, inklusioaren edo konpromisoaren balioekin batera. Gure gizarteak ezin dio talentuari uko egin baliabide faltagatik “. Izaskun – Emailea (Industria Teknologien Ingeniaritza. Prom. 01).