Aukera berdinak ditugu denok?
Jesús Riaño. Deusto Alumniko zuzendaria.
Bizi dugun krisi ekonomikoak areagotu egin ditu gizarte mailako desberdintasunak. Egoera ahulagotik abiatzen diren pertsonek seguru asko ez dituzte beste batzuek adina aukera. Halakoetan, ezinbestekoa da beka programa sendoak izatea, bai funtsen aldetik eta bai funtzionamendu aldetik, arin eta ekitatez banatzen direnak izatea. Bekadun ikasleen kopurua hobetzea da gure erakundearen erronka handietako bat.
2020-2021 ikasturtean, Deustuko Unibertsitateak gehitu egin ditu beka programetara bideratutako funtsak (+ 3,35 milioi euro), egin duen apustu estrategikoaren erakusgarri. Igoera ekonomiko horri esker, aurreko ikasturtean baino % 21 gehiago, bekadun ikasleak 1624 izatera iritsi dira, hau da, graduko ikasle guztien % 16,3 izatera.
Deustuk beka programara bideratzen dituen funtsek bi finantzazio iturri nagusi dituzte: Unibertsitatearen beraren baliabideak (% 70) eta fundazioek, enpresek, ikasle ohiek eta Deustuko unibertsitateko elkarteko kideek egindako dohaintzak (% 30).
2021-2022 ikasturtetik aurrera, Deustuk talentuaren eta aukera berdintasunaren alde apustu egingo duen beka programa bat izan nahi du. Horixe dugu Deusto Arrupe Beka Programa. Horri esker, urtero, ikasketa-espediente bikaina izan baina baliabide ekonomiko nahikorik ez duten 25 gaztek prestakuntza jaso ahal izango dute gure campusetan. Bekek, lehenengoz, % 100eko estaldura izango dute graduko ikasketetan, eta premia ekonomikorik handiena izan eta ikasketa-espediente bikaina dutenei emango zaizkie. Talentua ekitatez banatzen da mundu guztian, baina aukerak ez.
Beka hauek, beraz, eragin zuzena dute ikasleengan eta haien familiengan. Ikasle ohien, enpresen, erakundeen eta gure unibertsitateko elkartea osatzen dutenen ekarpenei esker, kalitatezko prestakuntza jaso eta lanbideko karrera bat egin ahal izango dute gazte horiek.
Deusto Arrupe Beka Programaren finantzazioa bi iturritatik dator nagusiki: unibertsitateko funts propioetatik (% 66) eta dohaintza-emaile eta enpresen eskuzabaltasunetik (% 33).
Ikasturte hasieran, Jose María Guibert errektorea (SJ) beren laguntza ekonomikoa emateari esker Unibertsitatea bultzatzen dutenei zuzendu zitzaien: “Bidezkoago, jasangarriago eta denon ongizatearekin konprometituago dagoen gizartearen aldeko lanak batzen gaitu. Eta Deusto Arrupe Beka hauek hori guztia erakusteko aukera bat dira”.
Emango zenioke dirua ikasketak egin zenituen unibertsitateari?
Prestakuntzak, ikerketak, nazioartera zabaltzeak, berrikuntza bultzatzeak eta erakundeak gizartearen egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteak finantzazio iturri berriak lortzea eskatzen du. CRUEk unibertsitateen finantzazioari buruz aurkeztutako azken txostenean jasotzen diren kopuruetan ikusten da unibertsitate publikoek inbertsio kopururik baxuena eskuratu zutela 2016an krisi finantzario globalaren hasieratik, 1.200 milioi euroko zenbatekoa osta-osta gainditu baitzituzten.
Mezenasgoa gure herrialdean ez da ohikoa, ez pertsonen ezta erakundeen aldetik. Beraz, finantzazio mota hori mugatua da; ez da normalean unibertsitateetako aurrekontuen % 1era heltzen.
Georgetown-eko ikasle ohi batek prestakuntza jaso zuen unibertsitateari dohaintza egitea ez da ohiz kanpokoa. Estatu Batuetako campusik ospetsuenetan, ikasle ohien dohaintzak unibertsitatearen aurrekontuaren % 25era iritsi daitezke. Unibertsitate batzuek ekarpen publikoetan baino funts pribatuetan gehiago jasotzen dute. Hori da, esaterako, Berkeley-ko Kaliforniako Unibertsitatearen kasua: % 60 enpresa eta fundazioetatik lortzen dute. Harvard-ek edo Stanford-ek 1.000 milioi dolar baino gehiago jasotzen dituzte urtean dohaintzetan.
Unibertsitate mailako fundraising-a AEBn dago garatuen; baina Europa mailan ere badugu erreferente handi bat: Erresuma Batua. Herrialde horretan, hirugarren urtez jarraian, funtsak biltzea urtean mila milioi liberaren inguruan kokatu da, Ross_CASE 2019 Txostenaren arabera, eta, hala ere, unibertsitate ingelesek hazten jarraitu nahi dute bide horretatik eta plan bat eratu dute, 2022an helburua bikoizteko eta 2.000 milioi liberara iristeko. Badaude funtsen bilketan arrakasta izan duten beste kasu batzuk Espainiako unibertsitateen eta europarren artean: Amsterdameko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitatea, Pompeu Fabra Unibertsitatea, Jaime I.a Unibertsitatea, ESADE, Madrilgo Unibertsitate Complutensea (dohaintzetan guztira gehien jasotzen duena).
Dohaintza pribatuak egin egiten dira espainiar unibertsitateetan; gero eta gehiago aztertzen da arlo hori, finantzazio alternatiborako iturri gisa. Baina kontua ez da soilik unibertsitateei dohaintzak egiteak zelako zerga pizgarriak dituen ezagutzera ematea (abantaila handiak daude gure herrialdean pertsona fisikoentzat eta pertsona juridikoentzat), balio edo garrantzia duen proiektu batean dohaintza handiak eta txikiak egiteko gogoa ere erein behar da, beharrizan errealei erantzun eta gizartean dauden beharrizanei loturik. Dohaintza-emaileek beren dirua zertan inbertitzen den jakin nahi dute.
Deusturen konpromisoa
Edozein dohaintzak, berdin dio zenbatekoa den, Deusturen proiektuari babesa eta konfiantza ematen zaiola esan nahi du, alma mater izan duzunari esker ona adierazten diozula. Hori dela eta, ekarpen guztiak dira garrantzi handikoak eta Deustuk gardentasun, aitorpen eta esker oneko konpromisoa hartzen du dohaintza-emaileekin, jakina.
Argibide gehiago behar baduzu, kontsultatu hemen: deusto.es/becasarrupe
Deusto Arrupe Beken funtsera dohaintza eginez ere lagundu dezakezu, talentua izan arren Deustun ikasteko baliabide ekonomiko nahikorik ez duten gazteentzat ekarpena eginez: deusto.es/colabora.