Skip to main content

2023-2024 ikasturtearen irekiera

Irailaren 20an eman zitzaion hasiera ospetsua 2023–2024 ikasturteari Deustuko Unibertsitateko Bilboko campusean. Egitaraua 10:30ean hasi zan Espiritu Santuaren mezarekin, Joseba Segura Bilboko elizbarrutiko Gotzaina buru zela, Kapera Gotikoan; eta, ondoren, 12:00etan, Unibertsitateko Paraninfoan izan zen ekitaldi akademikoa.

Eukaristia

Homilian, Gotzainak azpimarratu zuen hezkuntza katolikoak (…) Ebanjelioa transmititzeko eliz misioa zehaztu eta garatu behar duela, [Europan] kristau zibilizazio izenez ezagutu denak itzulerarik ez duen egoera bizi duen une historiko honetan, eta hori biztanleen gehiengo handi batek faltan bota gabe gertatu da. Kontrako testuinguru horretan, irteera ez da muturretara jotzea: batzuek defentsarako harresiak eraikitzen dituzten bitartean, beste batzuek, bizirauteko, arau nagusien arabera jokatzen dute.

Bestalde, gaineratu zuen hezkuntza-erakunde katolikoek ez dutela irakaskuntzan eta ikerketan bakarrik bikaintasuna zaindu behar, enpresa eraginkorrak izateko, ikasleak bizitza profesionalerako prestatzeko, eta prestakuntza tekniko espezializatuan eta BPGaren hazkundean egindako ekarpenetan soilik nabarmentzeko (…), hura gizartearen aurrerapenaren oinarrizko adierazle balitz bezala. Ezta pentsatu pastoraltza saila edo Teologia Fakultatea izatea nahikoa dela ere.

Segurak azpimarratu zuenez, fedea kosmobisio bat [da], eta gaur egun gogorarazten digu ez dela nahikoa gorputza zaintzea, ondo elikatzea eta pilatesa egitea, (…) arimak ere arreta behar du (…) [ez dakigun] gogortu (…) Kristoren parabola ia guztietan aurkitzen dugu erronka bat (…) [horrek] gogoeta integraturako eta diziplinarteko elkarrizketarako ekimenak ekar ditzake, Frantzisko aita santuak aipatzen duen osoko ekologia (pertsonala, soziala eta naturala) sustatu eta indartzeko.

 

(…) Orain hemen gaude, Izpirituari beharrezko eta bihotz-bihotzeko deia eginez, (…) denok (…) Elizak behar dituen aldaketen eta erreformen eragile egin gaitzan, baina ez Elizak bakarrik. Era berean, hezkuntza katolikoak berrikusketa behar duela ulertu eta jabetu behar dugu. (Homiliaren testu osoa)

Ekitaldi akademikoa 

Ekitaldiaren buru hauek izan ziren: Iñigo Urkullu Rentería, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria; Javier López Ariztegui SJ, Deustuko Unibertsitateko kantzelariordea eta Gobernu Kontseiluko burua; Juan José Etxeberria Sagastume SJ, Deustuko Unibertsitateko errektorea; Jokin Bildarratz Sorron, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua; Stella Solernou Sanz, Deustuko Unibertsitateko Idazkari Nagusia; Eva Ferreira García, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea; Vicente Atxa Uribe, Mondragon Unibertsitateko errektorea; Lluís Vicent Safont, Gasteizeko European University-ko zuzendaria; eta Raúl Antón Remírez, Tecnun Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria.

Ezkerretik eskuinera: Stella Solernou, Juan José Etxeberria SJ, Iñigo Urkullu, Javier López SJ eta Jokin Bildarratz.

Agur Jaunak kantatu ondoren, 2022-2023 ikasturtearen memoria akademikoa irakurri zuen Stella Solernou Idazkari Nagusiak. (Memoria akademikoaren testu osoa).

Jarraian, Carmen Bernabé doktoreak eta Teologiako irakasle titularrak “Gutxiengoak eta marjinaltasunak. Kristautasunaren hastapenen azterketa kritikoa gaur egun” irekiera-hitzaldia eskaini zuen.

Kristautasunak Europako panoraman izan duen protagonismoa nabarmen galdu duen une historiko honetan, badirudi mundu akademikoan interesa piztu dela erlijio horren jatorrietan sakontzeko, jatorri horietan intuizio berritzaileak aurkitzen direlako, eta ez zirelako garatu barruan zituzten bertute guztiak eta, orduan itota geratu zirenez, beren ahalmen handia noiz erakutsiko zain daudelako.

Kristautasuna fenomeno minoritario eta marjinal gisa sortu zen, eta balio kontrakulturalak ditu, ezarritako botere sozio-politikoa eta erlijiosoa erabiltzen zutenei kritika egiten zietenak.

Jesusen mugimenduaren proposamen berritzailearen bi alderdi izan ziren emakumeen lekua eta samariar logika bizimodu bezala

Emakumeak, garaiko ordenamendu sozio-politiko eta erlijiosoak baztertuak, estigmatizatuak eta gaitzetsiak, Nazareteko Jesusen zirkulu hurbilenari batu zitzaizkion eta, dizipulu gisa, Jainkoaren erresumaren etorrera aldarrikatzen zuten herrixketan zehar.Iragarritako erreinuan zuten presentzia errealitate berriaren, “leku” berriaren primizia zen. Denboraren poderioz, Jesusen planteamendu kontrakultural eta berritzailea inguruko ordena hegemonikoak neutralizatu zuen.

Samariar logikak paradigma aldatzea dakar: [Jesusek aurkezten duen] Jainkoaren erresumaren logikan, Legea historiaren ertzetatik, mugetatik interpretatzen da, biktimen eta baztertuen beharretatik. (Irekiera hitzaldiaren testu osoa)

Bernabé doktoreari eskainitako txalo zaparrada bero eta luzearen ondoren, Deustuko Unibertsitateko errektorearen txanda iritsi zen.

Juan José Etxeberriak (SJ) bere hitzaldia plan estrategikoan oinarritu zuen. Plan horrek pertsonak, lankidetza eta eraldaketa ardatz dituen unibertsitate-ereduaren aldeko apustua egiten du, eta Personas que transforman el mundo, Mundu berri baten alde elkarlanean, Transforming Our World Together leloan laburbiltzen da. Lelo horretatik abiatuta, gure unibertsitate-ereduari buruzko hiru baieztapen garrantzitsu egiten ditugu. Honelako unibertsitatea gara eta izan nahi dugu:

– Pertsonak ardatz dituen unibertsitatea.
– Gizartea eraldatzen duen eta bere burua eraldatzen duen unibertsitatea.
– Gizarte bidezkoagorako unibertsitatea.

Pertsonak ardatz izate horri dagokionez, errektoreak garrantzi handia eman zion bokazio-kulturari eta horrek esan nahi du ikasketak eta dimentsio profesionala bokazio pertsonalaren esparruan kokatzen direla. Bokazioak egiten edo ikasten duguna baino askoz gehiago hartzen du; bokazioa gara. Era berean, esparru horretan, adimen artifiziala nabarmendu zuen, pertsonaren zerbitzura egon behar duen tresna gisa, eta arriskuak aztertzeko eta eraldaketa handi horren kostuak kontuan hartzeko ahalegina ere bai.

Ingurumena eta erakundea bera eraldatzeko gaitasunari dagokienez, adierazi zuen unibertsitateak pertsonen garapen integralean oinarritzen duela bere ekarpena, arreta berezia jarriz behartsuenengan eta gazteengan, eta eskaintza akademikoaren eta jardueraren malgutasuna bilatzen duela, bai tokiko eremuan, bai autonomia erkidegoan, estatuan eta nazioartean.

Gizarte bidezkoagoarekiko konpromisoa berritu egin da, abuztuan Nikaraguako UCArekin, unibertsitate senidearekin, gertatutakoaren ondoren: Erdialdeko Amerikako gure kideen adibideak biktima eta talderik ahulenen babesean eta defentsan inplikatzen jarraitzera bultzatzen gaitu, pobreen, biktimen eta desjabetuen ikuspegia geure eginda. Unibertsitateak Euskadiko, Espainiako eta Europako hainbat erakunde eta forotan parte hartzen du, hala nola politiken prestakuntzan edo kontrastean, aniztasunaren erregulazioan, indarkeria terroristaren inguruko memoriari buruzko politiketan, energiaren kontsumoan, Europako asiloko politiketan, teknologiaren erregulazioan edo gobernantzan.

Ildo horretan, Deustura etorri nahi duten baina beka publikoak osatu behar dituzten gazteentzako beka programa bat sortu da, baita Ukrainako eta Afganistango ikasleak hartzeko programa bereziak ere, eta bi milioi eta erdi euro baino gehiagoko bekak ere mantentzen dira funts propioekin finantzatuta.

Era berean, justizia sozialarekiko konpromiso hori Deustuko Unibertsitatearen Campus Sozialarekin osatzen da. Campus horrek kolektibo ahulen zerbitzura jartzen ditu Unibertsitatean dauden gaitasunak eta baliabideak (…), administrazio publikoekiko eta Hirugarren Sektoreko erakundeekiko lankidetzaren bidez, eta talde kalteberei arreta eta laguntza emateko ekosisteman integratu nahi du, berariaz unibertsitatetik egindako ekarpena eginez (prestakuntza, ikerketa, transferentzia eta arreta). (Errektorearen hitzaldiaren testu osoa)

Ekitaldia Eusko Jaurlaritzako Lehendakari Iñigo Urkulluren hitzaldiarekin amaitu zen. Lehendakariak 2023-2026 Euskal Unibertsitate Sistemaren Planari buruz hitz egin zuen. Plan integral eta asmo handikoa da, elkarrekin egina, eta lehentasunezko zazpi ardatz ditu:bikaintasuna zientzian, enpresarekiko lankidetza, nazioartekotzea, irakaskuntza, unibertsitateko elkartea, digitalizazioa eta gizarte eragina. Proiektu bera partekatzen dugula azpimarratu zuen: euskal unibertsitate sistema eraikitzen jarraitzea. 2030erako gure helburu nagusia sistema hau sendotzea eta bikaintasunera hurbiltzea da.

Amaitzeko, esan zuen Euskal Unibertsitate Sistema osatzen dugunok elkarrekin egin behar dugula aurrera, gure zerbitzua hobetuz eta gazteei eta gizarteari zabalduz, eta argi dugu horretarako bidea zein den: elkarren arteko konfiantza eta auzolana. Jarraian, ofizialki inauguratu zen 2023–2024 ikasturtea.

Ekitaldia Gaudeamus Igitur abestuz amaitu zen.

Musika eta koruak, Eukaristian eta ekitaldi akademikoaren hasieran eta amaieran, Ars Canticum Ensemble Bilbaok eskaini zituen.

Argazkien galeria