Skip to main content

Lan galduaren bila. Lanean berriro hastea

Datuak kezkagarriak dira: 2023ko apirilera arte 108.000 pertsona zeuden langabezian Euskadin eta horietatik 53.400, ia erdiak, iraupen luzekoak ziren. Eta horietatik, % 52,06 — 27.798 pertsona —, 50 urtetik gorakoak. Idoia Mendia lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Lan sailburuak iragarri du programa berri bat sortuko dela kolektibo horri enplegua lortzen laguntzeko. Programa horretan, enpresentzako dirulaguntzak eta egoera horretan dauden pertsonentzako prestakuntza- eta laguntza-programak aurreikusten dira (1) .

2015-2016 ikasturtetik, Deusto Alumnik Lanean berriro hasteko programa antolatzen du urtero, adina dela-eta, zailtasunak dituzten Deustuko Unibertsitateko ikasle ohi langabetuen kolektiboko kideak lan-merkatuan sartzea errazteko. 2022–2023 ikasturtean zortzigarren edizioa egin da.

Banakako lana eta taldekoa uztartuz, zeharkako gaitasun batzuk lantzen dira programan parte hartzen duten pertsonekin, enplegua bilatzeko tresnak aurkezten dira, curriculum indibidualak berrikusten dira, laneko elkarrizketen simulazioak egiten dira pertsonak seguruago sentitu daitezen, indarguneak eta ahulguneak agerian jartzen dira, eta coach profesional batekin lan egiten da zalantzak argitzeko eta motibazio indibidualean sakontzeko. Gainera, enpresa enplegu-emaile potentzialen eta interesekoak izan daitezkeen enplegu-eskaintzen berri ematen zaie.

Aurtengo Lanean berriro hasteko programa langabezian zeuden hogeita hamabost urtetik gorako hamasei pertsonari eskaini zaie, eta horietatik hamaikak lana lortu dute. Banakako orientazioaz gain, honako saio hauek programatu dira:

  • Sinetsi zeure buruarengan eta formulatu zeure helburuak. 9 orduko prestakuntza Gonzalo Serraren eskutik.
  • Banakako online coaching-eko bi saio Gonzalo Serrarekin.
  • LinkedIn-i buruzko prestakuntza eta lana bilatzea sare sozialetan, 9 orduko ikastaroa Jordi Lidonekin.
  • Elkarrizketa eta feedback saio bat Ferruelo y Velasco aholkularitza-enpresarekin, ordubetekoa, eta, ondoren, txostena.

Jarraian, Gonzalo Serra Fernández coach-aren testigantza aurkeztuko dugu. Lanean berriro hasteko programan parte hartu duten pertsonekin lan egin du coach-ak, eta lana lortu duten hamaika ikasle ohietatik bi izan ditu bere ardurapean: Yeray Duque Franco, Psikologian graduatua (prom.: 07) eta Osasun Mentalari eta Terapia Psikologikoei buruzko masterra (prom.: 09), eta Silvia López Esteban, Zuzendaritzako Idazkaritza ikasia (prom.: 01), biak Deustuko Unibertsitatekoak.

Gonzalo Serra Fernández, coach-a

Zure ustez, zein izan da programaren edizio honetan parte hartu duten pertsonen % 68k lan-merkatuan berriro sartzea lortzeko gakoa?

Azkar eta argi datorkit erantzuna. Arrakasta horren gakoa, zalantzarik gabe, taldea eta programa dira. Giza bizitzaren hainbat alderdi eta jardueratan gertatzen den legez, horretaz arduratzen den pertsonen taldea funtsezko kontua da, garrantzizkoa, eta nabarmen baldintzatzen du espero diren emaitzak betetzea. Deusto Alumniren Lanean berriro hasteko programa profesionalek diseinatu eta gauzatzen dute, eta profesional horien kualifikazioen araberakoak izango dira planteatzen diren helburuak eta espero diren emaitzak. Horrekin batera, Deustuko Unibertsitatearen kalitateko ibilbide luzeak, zalantzarik gabe, horrelako programa baterako behar diren gaitasunak eta baliabide osagarriak eskaini ditzaketen beste profesional eta erakunde batzuk erakartzen ditu.

Eta, zalantzarik gabe, nolako programa, halako ibilbidea eta lorpenak izango ditu. Berriro lanean hasi nahi dutenen beharrizanetara egokitutako jarduerak izatea ere ezinbestekoa da lan-merkatuan berriro sartu ahal izateko.

Zein izan dira nahi baino luzaroagoan langabezian egon diren hogeita hamabost urtetik gorako pertsonekin lan egitean aurkitu dituzun oztoporik handienak?

Beste askotan bezala, zaila da oztopo guztiak norbaiti edo zerbaiti egoztea. Hala ere, askotan protagonismoa hartzen duten eta indarra duten muga eta oztopo batzuk aipatu ditzaket. Eta, nahiz eta a priori, norbaitek pentsa lezakeen adina, laneko eta prestakuntzako desfasea, edo teknologia bera ere, oztopo garrantzitsuenen artean egon litezkeela, nire ustez, ez da nahitaez horrela. Nire ustez, oztopo nagusiak muga mentalak, azturak eta ohiturak eta norbere burua ez ezagutzea dira.

Nahiz eta hiru arlo identifikatzen diren muga mentaletan ohikoenen artean, “itxaropenik eza”, “inpotentzia” eta “merezi izatea”, bizitzako edozein aldaketa gauzatzeko bost muga mental handi daudela esan dezakegu, eta lanean berriro hastea da muga horietako bat. Lanean berriro hasteko prozesuan, lehenengo muga mentala da ea zein puntutaraino nahi den hori. Programan parte hartzen duten pertsona guztiek lanean berriro hasi nahi dutela pentsa genezake, baina hori aldez aurretiko ustea baino ez da. Horrez gain, garrantzitsua da zein puntutaraino nahi duten ikustea: agian denek nahi dute, baina egoerak eragin lezake 1etik 10erako baremoan, 3 edo 5 edo 7ko mailan lanean berriro hasi nahi izatea. Bigarren muga ekintzekiko konfiantza da. Pertsona batek lanean berriro hasteko gogo handia badu ere, zalantzan jar dezake hori lortzea posible den. Hirugarren muga nagusia ekintzen komenigarritasunari eta zailtasunari buruzko gogoeta da, kasu honetan lanean berriro hasteko programan aurreikusitako ekintzei buruzkoa. Eta, komenigarritzat jotzen badira ere, “niretzat zailegiak” direla pentsatzeak mugatu egiten du haiek burutzea eta lortzea. Prozesu horietan ikusten den laugarren muga mental garrantzitsua norberaren gaitasunari buruzko sentimendua da. Gai sentitzeak edo ez sentitzeak eskatzen diren ekintzak gauzatzeko norberaren trebetasunak zalantzan jartzea edo ez jartzea dakar. Eta honelako mezuak sortzen dira: “Ez nago (edo naiz) behar bezain kualifikatua / kongruentea / adimentsua / zentratua / eta abar”, nahi dudan emaitzara eramango nauen bidea egiteko, egin behar dudana arrakastaz egiteko. Eta bosgarren muga erantzukizunari eta merezimenduari buruzkoa da. Pertsona batek emaitza bat lortu nahi badu ere, emaitza hori posible dela uste badu ere, emaitza lortzeko zehaztu diren ekintzak komenigarritzat jotzen baditu eta beharrezko trebetasunak jokoan jartzeko eta beharrezko ekintzak gauzatzeko gai dela uste badu ere, litekeena da ez duela halakorik merezi pentsatzea, eta ez dela bere erantzukizuna ustez egin behar duen guztia egitea ere.

Muga mentalek osatzen dute, beraz, lehen oztopo multzo handia. Nire ustez, bigarren oztopo multzoa azturak eta ohiturak dira. Ez luzatzeko, nire ustez ezinbestekoa dena baino ez dut aipatuko. Bidea oztopatzen duten azturak eta ohiturak gainditzeko, ezinbestekoa da plangintza pertsonal ona egitea eta, batez ere, epe laburreko helburuak xehetasunez planifikatzea. Lanean berriro hasteko programa baterako, nire ustez, epe laburreko helburuak eguneko eta asteko helburuei buruzkoak izan behar dira. Helburu horiei esker jakin dezakegu aurrera egiten ari naizen ala ez, benetako pausoak ematen ari naizen ala ez.

Eta hirugarren oztopoen multzoa norbere burua ezagutzearekin lotuta dago. Orain arte garatu ditugun gaitasunak (egindako jarduerak baino gehiago) zein diren eta, aurrekoekin lerrokatuta, lanpostu berrietan, lehenago bete ez diren lanbide berrietan eta inoiz lan egin ez den sektore berrietan aplika daitezkeen gaitasunak zein diren ezagutzeak ekarriko du norbere burua berrasmatu ahal izatea. Eta nahi baino denbora gehiago langabezian egon den norbaitek, edo urte batzuk dituen batek, baliteke bere burua berrasmatu behar izatea, osorik ez bada ere, zati batean behintzat. Eta garatutako gaitasunez gain, komenigarri baino komenigarriagoa da nortasunaren berezko ezaugarriak ezagutzea, berezi egiten gaituztenak eta balioa ematen digutenak, bai eta prozesua oztopa diezaguketenak ere.

Zer estrategia erabili dituzu pertsona horiek motibatzeko eta ahalduntzeko eta enplegua bilatzeko dituzten indarguneak eta trebetasunak identifikatzen laguntzeko?

Laburtuta, nik esango nuke erabiltzen dudan estrategiarik eraginkorrena aipatu ditudan muga horiez guztiez jabetzen laguntzea dela. Askotan, muga horiek oztopo ezezagun gisa aurkezten dira. “Elkarrizketa adimentsu” batetik abiatuta (eta coaching-ak hori egiteko aukera ematen digu), oztopoez konturatzen laguntzen diet.

Hurrengo urratsa kudeaketarako edo aldaketarako tresnaren bat eskaintzea da. Eta horretarako, beste metodologia eta tresna batzuen artean, PNL (Programazio Neurolinguistikoa) erabiltzen dut. Duela lau hamarkadatik hona, PNL tresna erabiliena, baloratuena eta eraginkorrena da mundu osoan.

Nolakoa izan da hogeita hamabost urtetik gorako pertsonekin lan egitean izan duzun esperientzia, lan bila dabiltzan gazteagoekin alderatuta?

Nire aldetik, esperientzia beti da aberasgarria, nahiz eta desberdina izan. Motibazioak, oztopoak eta ilusioak ez dira berdinak, noski. Kasu bakoitzean, bizitzako etapa bati eta urteek eta zirkunstantziek eskainitako esperientziei dagozkienak dira. Nire esperientziatik eta gaikuntzatik ekarpenak egiten saiatzen naiz eta, nola ez, adin eta egoera zehatz bakoitzera egokitzen naiz jarrera eta metodologia aldetik. Ondorioz, bi taldeen artean dagoen aldera egokitzen saiatzen naiz. Nire ustez, kezka eta erantzukizun desberdinek markatzen dute aldea, eta, aldi berean, amets eta helburu desberdinak sorrarazten dituzte.

Zer balorazio egiten duzu langabezian adin zailetan geratzen direnak lanean berriro hasteko programa hauei buruz?

Laguntza guztiak dira positiboak. Lanean berriro hasteko egoerei aurre egiteko prestatuta egoteak eta gaitasunak izateak ez du esan nahi laguntzarik ez dugunik, laguntzarik izan ezin dugunik edo izan nahi ez dugunik. Deusto Alumniko lanean berriro hasteko programan parte hartzeak esan nahi du nik, banaka, eskura ditudanak baino baliabide gehiago izan nahi ditudala. Eta hori jarrera adimentsutzat jotzen dut. Horrela, laguntza “behar izan” nahiz ez izan, niretzat zentzuzkoena izena ematea da eta Deusto Alumniren lanean berriro hasteko programan aktiboki parte hartzea. Badakigu: bizitza konpainia onean eramangarriagoa da.

Yeray Duque eta Silvia López

Zerk bultzatu zintuen lanean berriro hasteko programan parte hartzera? Nola zeunden alde pertsonalean eta profesionalean hori egin aurretik?

Yeray: Programan sartu nintzenean, Bilbora itzuli berria nintzen, atzerrian urte batzuk eman ondoren, eta berriro lan-merkatuan hasi nahi nuen. Baina, tarte horretan kanpoan egon ondoren, ez nituen eskura zeuden baliabideak ezagutzen eta oso esperientzia eskasa nuen lana bilatzen. Horrela bada, lagun batek programa honetan parte hartzen ari zela eta hari buruz hitz egin zidanean, interesgarria iruditu zitzaidan zeregin horretan diharduten profesionalen talde baten laguntza izatea lana bilatzeko.

Silvia: Aukera hori bat-batean sortu zen, eta une erabakigarrian sortu zitzaidan, une egokian, esan ohi den bezala. Deustuko Unibertsitateko ikasle ohia nintzenez, kasualitatez ikusi nuen programa hori aurkezten zuen argitalpen bat Deusto Alumni-ren web orrian, eta une horretan, hain zuzen ere, lan bila nenbilen. Ororen gainetik, nire aurreko lanetan lortutako esperientziara egokituko zen aukera baten bila nenbilen, neure burua hobeto ezagutzen aurrera egiteko aukera emango zidanaren bila, nire helburuak lortzeko aukera bat, nire ibilbidean aurrerabidea ekarriko zidan eta aspalditik bilatzen ari nintzen egonkortasuna ekarriko zidanaren bila.

Oso interesgarria iruditu zitzaidan lan-plana: coach-ak, Deustuko Unibertsitateko profesionalak, beste enpresa laguntzaile batzuk, aholkulariak eta abar gure esanetara jartzea, beren ezagutzak eta laguntza eskaini ahal izateko, gure onena emateko eta bidea errazteko eta kalitatezko enplegu produktiboa bilatzeko tresnak eskaintzea.

Nahiko positiboa ikusten dut nola, modu objektiboan, erakutsi zidaten enpresek zer ikusten duten niregan elkarrizketa bat egiten dudanean, edo nola
hobetu dezakedan ezagutzei dagokienez, zein ikasgai menderatzen ditudan eta zein indargarri beharko nituzkeen nire curriculumari balio gehigarria emateko, identifikatuko nauen ezaugarri pertsonal eta bakar bihur dadin.

Zer aipatuko zenuke orain arte programan bizi izandako esperientzia garrantzizkoenen artean?

Yeray: Nire kasuan, garrantzitsuena izan zen nire kabuz lan bila ari nintzenean bezain galduta ez sentitzen lagundu zidala. Taldean egiteak eta zure antzeko egoeran zeuden beste batzuekin informazioa eta esperientziak partekatzeak lagunduago sentiarazi ninduen, eta haiengandik gauza baliagarri asko ikasi nituen. Baita atsedenaldietako kafeetan ere, noski…

Silvia: Niri neuri, asko lagundu dit neure burua nola ikusten dudan jabetzeko; batez ere funtsezkoa izan da neure buruarengan eta ditudan gaitasunetan sinestea. Lan arloan asko dudala eskaintzeko eta, jakina, ikasteko ere asko dudala jakitea. Horretan, jarrera da lortu nahi dudana lortzeko oinarri nagusia.

Aldaketa izan da enpresetara aurkezterakoan. Jarraipena eduki dut nire curriculuma egiteko orduan, kontuan izanda hori ikusten dutela enpresek nire aurkezpena jasotzen dutenean, eta hori dela nik indartu dezakedana beste hautagaitza batzuen aurrean erreklutatzaile batek hauta nazan.

Oso jarduera desberdinak egin genituen eta atsegingarria izan zen alde horretatik. Programaren barruan, batzuetan banakako bilerak izaten genituen hainbat profesionalekin, eta haiek feedbacka ematen ziguten eta gure garapenean laguntzen saiatzen ziren. Beste batzuetan, taldeko bilerak egiten genituen. Azken horietan, pertsona gutxi batzuek, niretzat guztiz ezezagunek, arlo eta interes desberdinetako prestakuntzadunek, kezkak, helburuak edo zalantzak bateratzen genituen. Entzuteko eta ikasteko talde bat osatzen genuen.

Garrantzitsua zen ulertzea bakoitzak zer ekarpen egin geniezaiokeen lan munduari, eta sentitzea, ni ez ezik, jende gehiago zegoela, hainbat zirkunstantziagatik, bere bizitzan proiektu profesional berria bilatzen ari zena, baina sentimendu komun bat genuela: garenari eta egunero egiten dugunari balioa ematea.

Zure ustez, zer aldaketa izango lirateke garrantzitsuenak programa egin aurretik eta ondoren?

Yeray: Aldaketa nagusia izan zen nire helburua eta eman beharreko urratsak argi eta garbi zehazten lagundu zidala, eta hori izan zen nire bilaketa bideratzeko gida. Uste dut orain lehen baino tresna gehiago dauzkadala enplegua era aktiboan bilatzeko, eta ikasi dut bakoitzak bere metodoa sortu behar duela, norberaren beharrizanetara egokituta, baina jarraitu egin behar duela eta ekina izan. Programan, bilaketa prozesuarekin lotutako alderdi psikologikoetara bideratutako prestakuntza saio batzuk izan genituen, bai eta gai praktikoagoetara bideratutakoak ere: enplegu-atariak ezagutzea, sare sozialak, curriculum interesgarria egitea… Horrek guztiak balio izan zidan egin behar nuena nola antolatu eta planifikatu argi izaten, lehendik neuzkan edukiak hobetzeko

Silvia: Bizitza oso azkar doa, eta batzuetan gelditu ere ez zara egiten hausnartzeko: zeren bila nabil?, nora bideratu nahi ditut nire karrera eta lortu nahi ditudan helburuak? Zer gauza egin ditzaket eta zer sakrifikatu beharko nuke nire helburuak lortzeko?

Nire kasuan, aldaketa esanguratsua izan da zentzu horretan: orain badakit zeren bila nabilen nire ibilbide profesionalean, neure buruarengan sinesten dut, positiboagoa eta, aldi berean, kritikoagoa naiz neure buruarekin, eta badakit ahaleginik gabe ez dagoela lorpenik, pertsona bakar egiten nauen guztia bultzatu behar dudala eta bizitzan nahi dudanaren alde borrokatzeko prest egon behar dudala.

Aukera asko daude gure ibilbide profesionalean zehar, sortzen zaizkigunak aprobetxatu behar ditugu eta ezkutatuen daudenak bilatu, baina ez inoiz zalantzan jarri hor daudela. Ez dugu esperientzia txar baten aurrean amore eman behar, indar handiagoz altxatu behar dugu eta gure ahuleziak gainditzen saiatu. Pazientzia, gaur egun, nire eguneroko bizitzaren parte da, gauza azkarrak ez dira beti ondo ateratzen.

Zer neurritan erraztu dizu laneratzea programan parte hartzeak?

Yeray: Nire kasuan, zerikusi handia izan du, ez bainuen enpresa ezagutzen, eta Deusto Alumniko Laura Calahorrak eman zidan ezagutzera eta kontaktua erraztu zidan. Elkarrizketa bat eskatu nuen, eta une hartan lanposturik betetzeko asmorik ez bazuten ere, bertara joan eta aurkezteko aukera izan nuen. Handik denbora batera, lanpostu huts bat betetzea eskaini zidaten, eta gaur egun han egiten dut lan. Ulertzen dut programaren babesarekin aurkeztea beti dela mesedegarria, zeure burua ezagutzera emateko baino ez bada ere.

Silvia: Programa honetako profesionalen laguntzari esker, gaur egun askoz aukera gehiago ditut lan-merkatuan, eta nire curriculuma askoz ikusgarriagoa eta osoagoa da. Ulertu dut zein garrantzitsua den elkarrizketa ona egitea etorkizuneko lanpostu baterako.

Nire maila profesionalarekin bat datozen lanetan sartu ahal izan naiz.

Deustuko Unibertsitatea bezalako erakunde baten eskutik joateak aukera ematen dizu enpresek zugan konfiantza handiagoa izan dezaten. Izan ere, oro har, Unibertsitate honek duen lan egiteko modua ezagutzen dute. Unibertsitatea osatzen duten pertsonak profesional handiak dira, eta, jakintza ez ezik, balio batzuk ere transmititzen dizkiete ikasleei, pertsona gisa eta, ondorioz, esperientzia oso atsegina eta ahaztezina da parte hartu dugun ikasle guztientzat.

Sean Foster azaleko argazkia Unsplash.

 


(1) Barandiaran, Ana (2023, maiatzak 14). “28.000 parados vascos mayores de 50 años llevan más de un año sin encontrar empleo” El Correo, Economía, 50, 51. or.