Alumni Now topaketen helburua da Deustuko Unibertsitatean ikasketak amaitutako pertsonak biltzea, aktualitateko, inspirazioko eta hausnarketako gaien inguruan iritziak partekatzeko, konektatzeko eta giro lasai eta profesionalean gozatzeko. Deustuko Unibertsitateko ikasle ohiak eta DUko partaide direnak elkartzeko eta biltzeko apustua da.
2023ko lehen seihilekoaren amaiera bi Alumni NOW topaketaren lekuko izan da. Lehenengoa, maiatzaren 4an izan zen, Donostiako Aquariumean, Emakume arrakastatsuak izenburupean. Ekitaldi horretan, Adela Balderas (coacha, irakasle elkartua, ikertzailea eta aholkulari seniorra) moderatzaile zela, Begoña Marañónek (Prisa Radioko zuzendaria), Demelza Pantigosok (DBG Legaleko bazkide fundatzailea) eta Susana Quiñonesek (BIAKTIONeko CEOa) beren esperientzia profesionala partekatu zuten entzuleekin, eta gaur egun beren ardurapeko erakundeetako zuzendaritzako postuetara nola iritsi ziren eta horra iristeko egin zuten bidea azaldu zuten.
Ezkerretik eskuinera, Adela Balderas, Demelza Pantigoso, Susana Quiñones, Begoña Marañón eta Jesús Riaño
Bigarren topaketa ekainaren 6an egin zen, Deustuko Unibertsitatearen Madrilgo egoitzan, Castelló kaleko 76. zenbakian dagoen jauregitxo klasiko eta dotorean. Cani Fernández Vicién Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionaleko (MLBN) presidenteak Lehiaren Zuzenbidea: erronka juridikoak eta ekonomikoak gaiari buruzko eztabaida batean parte hartu zuen, Arantza Golderos, Lawyer at European Commission, DG CNECT – Electronic Communications-ekoak, Carlos Rodríguez Schumacher Espainiako Bankuko letraduarekin batera (biak Deustuko Unibertsitateko ikasleak). Globalizazioak eta teknologia berriek eremu juridikoan eta ekonomikoan planteatzen dituzten erronkei heltzea zen eztabaidaren helburua.
Saioan zehar, Fernandezek azpimarratu zuen jada legezko neurriak hartzen hasi beharko litzatekeela eta adimen artifizial sortzailearen sistemei arau-muga jarri beharko litzaiekeela. Haren arabera, ChatGPT, ezagunena,”jabetza industrialaren eta intelektualaren eskubide ia guztiak urratzen ari da”. “Gauzak egiten egon beharko genuke” —esan zuen—, “baina denok ari gara begiratzen ea zer gertatzen den. (…) Hori nola arautu eztabaidatzen ari gara, baina errespetatzen ari ez direnetik hastea bezain sinplea da, eta esparru egokia jartzea”. Teknologia horrek ‘privacy’ eta beste eskubide asko urratzen ditu” —azpimarratu zuen—.
Fernandezen esanetan, komenigarria da metavertsoaren mundu birtualean ikuskapenak egin beharrari buruz pentsatzea, hori ere espazio aproposa baita lehiaren legea urratzeko.
Jendearen galderen txandan, FACUA kontsumitzaileen erakundeak MLBNren aurka Herriaren Defendatzaileari aurkeztutako salaketaren inguruko iritzia emateko eskatu zitzaion, BEZa jaitsita duten elikagaien prezioak igotzen dituzten establezimenduetan ezer ez egiteagatik. Horren inguruan argitu zuen MLBNk, bere eskumenen arabera, lehiaren legedia urratzen bada jardun dezakeela, baina ez kontsumoarena. Hala ere, gaineratu zuenez, laster BEZaren jaitsieraren eraginari buruzko azterlan bat argitaratuko dute, 60.000 produktu baino gehiago aztertu ondoren.
Ekitaldia David Fernández de Retana Deusto Law Alumniko presidenteak aurkeztu zuen eta Gema Tomás Zuzenbide Fakultateko dekanoak itxi zuen.
Ezkerretik eskuinera, Gema Tomás, Cani Fernández, David Fernández de Retana, Carlos Rodríguez Schumacher eta Jesús Riaño