Skip to main content

Nire ustez, bi dira Psikologia ikasteko dudan interesa laburbiltzen eta bat egiten duten ardatz nagusiak: batetik, zientziarekiko eta giza adimena ezagutzeko dudan interesa eta, bestetik, pertsona ahulen kolektiboaren bizi kalitatea hobetzeko dudan interesa.

Zorionak 2022ko doktore tesirik onenaren Ignacio Ellacuria Sari Bereziagatik. Zure ibilbideagatik, badirudi hasiera-hasieratik zenekiela zer nahi zenuen. Zerk inspiratu zintuen Psikologia ikastera eta Neuropsikologia Klinikoaren arloan espezializatzera?

Betidanik sentitu dut Psikologiarako interes handia, baina onartu behar dut batxilergoko ikaslea nintzenean beste diziplina batzuk ere interesatzen zitzaizkidala, hala nola Biologia edo Filosofia; beraz, hasieran ez neukan erabat argi unibertsitateko zein karrera ikasi.

Nire ustez, bi dira Psikologia ikasteko dudan interesa laburbiltzen eta bat egiten duten ardatz nagusiak: batetik, zientziarekiko eta giza adimena ezagutzeko dudan interesa eta, bestetik, pertsona ahulen kolektiboaren bizi kalitatea hobetzeko dudan interesa.

Gainera, psikologiaren hainbat arlo interesatzen zitzaizkidan arren, zalantzarik gabe, Neuropsikologia Klinikoa izan da beti gehien gustatu zaidana, karreraren hasieratik. Psikologiaren barruan, gehien interesatzen zitzaidana giza adimena ikuspuntu biologikotik ezagutzea zen; hau da, gure prozesu mentaletan eta portaeran garuneko zer mekanismo dauden inplikatuta, zer gertatzen den garuneko kalte edo alterazio bat dagoenean eta nola tratatu ditzakegun alterazio horiek pertsonen bizi kalitatea hobetzeko. Interes horrek bultzatu ninduen bereziki, nire ustez, Psikologia ikastera eta Neuropsikologia Klinikoan espezializatzera.

Nola baloratzen duzu Honors Program in Psychology Psikologiako graduarekin batera egin izana?

Oso esperientzia aberasgarria izan zen, diziplinaren hainbat esparrutan gehiago sakontzeko eta nire ikerketako karrera hasteko aukera eman zidana. Honors Programen azken ikasturtean, Unibertsitateko ikertalde batean sartu behar duzu, ikerketako praktika gehigarri batzuk egiteko, eta uste dut aukera ezin hobea dela ikerketaren esparruak nola funtzionatzen duen ezagutzeko. Nire kasuan, ikerketako praktika horiek Nahasmendu Mediko Larrien Neuropsikologiako taldean egin nituen, Natalia Ojeda doktorearekin. Gerora doktoregoko tesia ere talde horretan egin nuen. Praktika horiei esker, Neuropsikologiaren esparruan ikertzeak zer zeregin eskatzen duen ikasi nuen, ebaluazio neuropsikologikoak, neuroirudia eta datuen azterketa, besteak beste. Gainera, esklerosi anizkoitza, eskizofrenia eta Parkinson gaixotasuna ikertzeko hainbat proiektu ezagutu eta horietan parte hartu ahal izan nuen, baita Gradu Amaierako Lana egin ere, eskizofreniako ikerketa proiektu baten datu klinikoekin. Azkenik, Honors Programen bidez, Erasmusean Irlandara joateko aukera izan nuen, eta hori oso esperientzia positiboa izan zen, bai maila akademikoan bai hazkunde pertsonalean.

Labur-labur azalduko zenizkiguke zeintzuk diren zure ondorioak sormenaren eta errehabilitazio kognitibo integralaren eraginen arteko korrelazioak eta eskizofrenia duten pertsonei nola egin diezaieketen mesede?

Sormena azken urteotan garrantzi handia hartu duen gaitasuna da, bizitzako hainbat arlotan (pertsonen bizi kalitatean barne) duen garrantziagatik. Doktoregoko tesi honen emaitzek iradokitzen dutenez, eskizofrenia duten pertsonek sortzeko gaitasunean erasana dute neurri batean, beste gaitasun kognitibo batzuk, sintoma klinikoak eta garuneko alterazioak ere badituztelako. Gainera, doktoregoko tesi honetan ikusi da sortzeko gaitasunak pertsona horien eguneroko funtzionaltasunaren zati bat azaltzen duela. Eskizofrenia duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko, sormeneko trebetasunetan trebatzeak tratamendurako estrategia berriak garatzeko gakoak eskaintzen ditu.

Bestalde, Rehacop programarekin egindako errehabilitazio kognitibo integralak frogatu du tesi honetan, hobekuntzak daudela pertsona horien kognizioan, sormenean, sintomatologia kliniko negatiboan eta eguneroko funtzionaltasunean, eta tratamendu farmakologikoarekiko erresistenteak izan ohi diren alderdiak hobetu egiten direla. Oro har, emaitza horiei esker, ideia bat sendotu da: errehabilitazio kognitiboa funtsezko tratamendua dela eta osasun mentaleko zerbitzuetan txertatu beharko litzatekeela.

Zein dira, etorkizunari begira, psikologiaren eta neuropsikologiaren esparruan aztertu nahi dituzun proiektuak edo ikerketa arloak?

Neuropsikologiaren arlo asko interesatzen zaizkit, baina bereziki gure prozesu mentalen azpian dauden mekanismoak eta horietan nola esku hartu. Alde horretatik, gehien interesatzen zaidana da esku hartzeak garatu ahal izatea eta hainbat patologia dituzten pertsonen funtzionamendu mentala eta ongizate psikologikoa hobetzeko mekanismoak ulertzea. Nire espezializazio arloa eskizofrenia eta sormena badira ere, etorkizunean beste patologia batzuei buruz ikertu ahal izatea gustatuko litzaidake. Hori bai, uste dut asebetegarriena dela parte hartzen dudan ikerketek ondorio klinikoak izatea pertsonen ongizate psikologikoaren eta bizi kalitatearen mesederako.

Diziplina ugariko ikerketa proiektuetan ere lanean jarraitu nahi nuke. Nire ustez, garrantzitsua da ikerketa ezagutzan aberatsagoa izatea eta problematikari ikuspegi askotatik heltzea. Adibidez, nire doktoregoko tesiaren kasuan, ikerketa proiektu zabalago baten barruan egin da, eta Deustuko Unibertsitateko Nahasmendu Mediko Larrien Neuropsikologiako taldeaz gain, Arabako Osasun Mentaleko Sareak, Galdakaoko Ospitaleak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateak parte hartu dute. Talde horien parte hartzerik gabe, doktoregoko tesi hori ezinezkoa izango zen.

Eskerrak ematen dizkizugu Deusto Alumni Time aldizkariaren zenbaki honetan parte hartzeagatik. Bukatzeko, esango zeniguke zer oroitzapen dituzun alma mater izan duzun unibertsitateko garaiaz?

Egia esan, Psikologiako Gradua, unibertsitateko masterrak eta doktoregoa gehituta, asko izan dira Deustuko Unibertsitatean ikasle eman ditudan urteak. Urte horien guztien oroitzapen oso positiboak ditut, baina ahalegin handia ere eskatu didate, jakina. Batez ere, urte hauetan zehar unibertsitatean ezagutu ditudan pertsona zoragarri guztiekin geratzen naiz. Adiskidetasun ona eta handia dut haiekin oraindik.