Skip to main content

Mikel Urbano Díaz de Guereñu

Uste dut gehien bultzatzen nauena nire etengabeko jakin-mina eta ikasteko gogoa direla. Beti saiatu naiz mugitzen, ez bakarrik fisikoki, baita maila pertsonalean eta profesionalean ere. Konfort-zonatik irteteko beldurra galdu dut, egiaztatuta baitaukat horixe dela hazteko gakoa.

7 urte igaro dira Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua amaitu zenuenetik. Bi master egin dituzu, doktoretza hasi duzu eta etengabe lan egiten duzu, nola deskribatuko zenuke zure bizitzako aldi hau?

Zalantzarik gabe, aldi hau hazkunde bidaia etengabea izan da. Formakuntza akademikoaren eta lan-esperientziaren arteko oreka mantentzen saiatu naiz. Etapa bakoitza erronka desberdina izan da: dela ikasketak eta lana uztartzea, dela gidaritza ardurak hartzea berrikuntza proiektuetan… Egokitzen, taldean lan egiten eta prozesuak gidatzen ikasi dut, eta, batez ere, kirolaren bidez inpaktu positiboa sortzeko lan egiteko motibazioa mantentzen ikasi dut.

Mugikonen, zure funtzioetako bat intra-ekintzailetzari lotuta dago, eta Active City apparen garapenean parte hartu duzu. Zer erronkari egin behar izan diezu aurre sorkuntza prozesu horretan eta nola gainditu dituzu?

Erronka handiena ideia bat benetako beharrei erantzungo dien tresna digital bihurtzea izan da. Active Cityren garapenean, aldaketarako erresistentzia izan da erronka nagusietako bat, batez ere teknologia oraindik erabat integratuta ez dagoen inguruneetan. Zentzu horretan, funtsezkoa izan da etengabeko lan didaktikoa egitea: profesionalak eta erabiltzaileak heztea, prestatzea eta laguntzea, tresnaren balioa uler dezaten.

Mugikonetik kudeatzen ditugun zerbitzuetan detektatu ditugun beharrei erantzuten ere saiatu gara. App-a eskaera horiek bideratzeko modu bat izan da, espazioak dinamizatzeko, parte hartzea monitorizatzeko eta ohitura aktiboak modu eraginkorragoan sustatzeko aukera ematen diguten irtenbideak eskainiz. Active City tresna teknologikoa izateaz gain, gizarte aktiboagoa lortzeko aliatua ere bada.

Pertsona askok nahiko lukete zurea bezain ibilbide profesional dinamikoa izatea. Zer ikaskuntza gako partekatu nahiko zenuke haiekin?

Uste dut gehien bultzatzen nauena nire etengabeko jakin-mina eta ikasteko gogoa direla. Beti saiatu naiz mugitzen, ez bakarrik fisikoki, baita maila pertsonalean eta profesionalean ere. Konfort-zonatik irteteko beldurra galdu dut, egiaztatuta baitaukat horixe dela hazteko gakoa.
Halaber, funtsezkotzat jotzen dut inspiratuko zaituzten, mugiaraziko zaituzten eta lagunduko dizuten pertsonez inguratzea. Huts egiteko beldurrik ez izatea, prozesu orok bere gorabeherak dituela eta ikaskuntza urrats bakoitzean dagoela ulertzea. Eta, batez ere, mugiarazten zaituenarekiko leiala izatea: nire kasuan, jarduera fisikoaren bidez ongizatea sustatzea.

Zeintzuk dira zure hurrengo helburu profesionalak eta nola jarraitu nahiko zenuke jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruari ekarpenak egiten?

Epe laburrean, nire doktoretza-tesia amaitu nahi dut eta horretan ari naiz buru-belarri, hiri ingurunean jarduera fisikoa sustatzeko ebidentzia sortu nahian. Bereziki interesatzen zait ulertzea nola diseinatu herritarren benetako beharrei erantzungo dieten espazio aktiboak, ikuspegi funtzional, hezitzaile eta praxeolologiko batetik. Nire ustez, praxiologia motorrak oso esparru indartsua eskaintzen digu egoera motor esanguratsuak aztertzeko eta diseinatzeko, eta hori espazio publikoen diseinura ere eraman daiteke eta eraman behar da.

Gainera, nazioarteko ikerketa-egonaldi bat prestatzen ari naiz, lankidetza-ildo berriak irekitzeko eta beste errealitate batzuetatik ikasten jarraitzeko. Epe luzera, ikerketa, irakaskuntza eta praktika profesionala uztartzen jarraitu nahi nuke, bizimodu aktiboak sustatzen dituzten irtenbideak sortzeko, batez ere oztopo handiagoak dituzten testuinguruetan. Nire helburua da pertsona guztientzat mugitzea errazagoa, eskuragarriagoa eta erakargarriagoa egingo duten estrategiak diseinatzen laguntzen jarraitzea.

Zer oroitzapen gordetzen dituzu Deustuko Unibertsitateko ikasgeletan ikasle gisa egindako ibilbideaz?

Oso oroitzapen politak ditut. Etapa horretan, nire bokazioa sendotu eta prestakuntza integralaren balioa aurkitu nuen, ikasgelatik haragokoa. Ikaskuntzak, irakasleekiko eta ikaskideekiko loturak eta unibertsitate-ingurunean bertan lanean hasteko aukerak funtsezkoak izan ziren. Deustu aukera eta hazkunde gune bat izan zen, eta horrek bultzatu ninduen prestatzen jarraitzera eta egin nezakeenari mugarik ez jartzera.