Skip to main content

Carlota Acha Zabala

Ez, gauzak ez dira berez gertatzen. Guk sortzen ditugu errealitateak, eta hori egiteko boterea eta gogoa badugu, zergatik ez gara ausartzen? Eta, era berean, uste dut oso garrantzitsua dela porrotari beldurrik ez izatea. Bizitza behin eta berriro erori eta zutitzea da, eta batzuetan proiekturik handienak akatsik handienetatik sortzen dira. Irakasle batek –hain zuzen ere, Komunikaziokoak– behin esan zidan bezala, “ezin hobea onaren etsaia da”. Beti saiatzen naiz hori gogoan edukitzen.

Donostiar polifazetikoa zara: dantza gustatzen zaizu, aktorea zara, modeloa, pianoa jotzen duzu… Zerk bultzatu zintuen Komunikazioa ikastera, berrikuntzan eta ekintzailetzan espezializatzera eta, ondoren, Telebistako Kazetaritzako masterra egitera?

Tira, aktorea eta modeloa… ez nuke hainbeste esango. Zerbait egin dut, hori bai, kar-kar. Asko gustatzen zaizkit erronkak eta komunikatzea… komunikatzea, hainbat modutan (besteak beste, dantzaren bidez edo pianoa joz). Eta horrexegatik aukeratu nuen Komunikazioa ikastea. Ez nekien zertan aritu nahi nuen etorkizunean, baina argi neukan komunikatuz bizi nahi nuela. Hasieran, komunikazio korporatiboa hautatu nuen, eta Innovandis programarekin uztartu nuen, beti izan dudalako jakin-mina, kezka eta modu disruptiboan lan egiteko gogoa (uste dut hor sortzen dena magia eta geure burua eta gure ingurunea hobeto ezagutu ditzakegula). Gero, erreportajeei eta telebistako aurkezpenari buruzko ikastaro bat egin nuen eta oso erakargarria iruditu zitzaidanez, pausoa ematera ausartu nintzen. Itxaropen handirik gabe, RTVEko Telebistako Kazetaritzako Masterrean eman nuen izena. Maila handia zen, baina hartu egin ninduten… Asko ikasi nuen urte hartan eta zortea izan nuen gero kontratua egin zidatelako, TVEko Telediario Matinal saiorako, alegia, goizeko albistegirako.

Kontatuko al diguzu nola bizi duzun goizeko albistegia prestatu, aurkeztu eta zuzenean egiteko ardura?

Asko gustatzen zait galdera hau egitea; izan ere, jendearekin hitz egiten dudanean, pentsatzen dute goizeko zuzeneko konexioa egiteko iristen naizela lanera… eta atzean askoz ere lan gehiago dago! Goizeko albistegietako langileak goizaldeko ordu batean hasten gara lanean, begi zuloekin beti, eta goizeko zortzietan ateratzen gara, albistegia amaitzen denean (beraz, alderantziz bizi gara!). Gauean, albistegia prestatzen dugu. Lantalde txikia denez, denetarik egiten dugu (zereginak banatzen ditugu), baina, orokorrean, hiru bat ordu behar izaten ditut goizeko albistegian emango den bideo bat prestatzeko. Gero, zerbait gosaldu, makillatu eta orraztu egiten naiz (laguntzarik gabe, kar-kar) eta zuzenekoak egiten ditut, goizeko seiak eta zortziak bitartean (egun horretan halakorik baldin badago). Goizeko albistegiak duen gauzarik okerrena ordutegia da; hiru urte daramatzat horrela, eta oraindik ez naiz ohitu… Onena? Dugun lantaldea eta, ondoren, ongi egindako lana ikusteak ematen duen poza. Jendeari egun on esaten diogunak gara! 🙂

Aspaldi esan zenuen moda zela gehien gustatzen zitzaizuna. Telebistako aurkezle izateko ikastaroa egin ondoren, konturatu zinen aurkezle izaten jarraitu nahi duzula. Zure ustez, zein alderdi profesionalek irabaziko du partida epe ertain/luzera?

Biak izugarri gustatzen zaizkit. Lehen moda munduan sartu nahi nuen, baina bizitzak beste bide batzuetatik eraman nau… Lanbidez, eguneroko albistegietan aritzen banaiz ere, modak presentzia handia du nire egunerokoan (nire pasioetako bat dela esan dezakegu). Beraz, batek daki… Ez zait oso burugabea iruditzen etorkizunean bi alderdiak uztartu ahal izatea. Moda kazetaritza? Niri zoragarria iruditzen zait!

Zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei lanbideko bizitzan sortzen diren bidegurutze horiei aurre egiteari buruz?

Nire ustez, oraindik bidegurutze asko izango ditut bidean, lanbideko ibilbide laburra baitut. Baina bizi izan dudanagatik, esango nieke -klixe bat izan badaiteke ere- arriskuak hartzeko eta bihotzak esaten diena egiteko beldurrik ez izateko. Urte hauetan zehar jende asko aurkitu dut benetan gogobetetzen ez duten gauzetan, gizartearen presioak eraginda edo “hori besterik ez dagoelako” aritzen direnak. Ez dut batere gustuko esaldi hori… “hori besterik ez dago”… Ez, gauzak ez dira berez gertatzen. Guk sortzen ditugu errealitateak, eta hori egiteko boterea eta gogoa badugu, zergatik ez gara ausartzen? Eta, era berean, uste dut oso garrantzitsua dela porrotari beldurrik ez izatea. Bizitza behin eta berriro erori eta zutitzea da, eta batzuetan proiekturik handienak akatsik handienetatik sortzen dira. Irakasle batek –hain zuzen ere, Komunikaziokoak– behin esan zidan bezala,” ezin hobea onaren etsaia da”. Beti saiatzen naiz hori gogoan edukitzen.

Deusto Alumni Time aldizkariaren ale honetan parte hartzeagatik eskerrak eman nahi dizkizugu eta zure lan ibilbidean zorterik onena opa dizugu. Amaitzeko, zer oroitzapen duzu Deustuko ikasgeletako garaietatik?

Karrerako urteen oroitzapen zoragarriak ditut! Deustuk lanbidean hazten ikusi nau eta aipatu ditugun arlo horietan guztietan neure burua hobeto ezagutzen lagundu dit. Komunikazioa ikasi nuen, baina antzerkia ere egin nuen, Innovandis… Eta bidean jende zoragarria aurkitu dut, oso proiektu politak sortu genituen elkarrekin eta beti nahiko nituzke nire inguruan. Eta ez naiz ikaskideez bakarrik ari, irakasleez ere ari naiz. Haiei zor diet oraingo Carlotaren zatitxo bat. Niretzat “irakasleak” baino gehiago izan dira…, maisuak izan dira, bidelagunak. Erakutsi zidaten guztiarekin geratzen naiz (eta hori ez da gutxi). Ai ene, malkoek ihes egingo didate…