Skip to main content

Mikel Oyarzabal Ugarte

Mikel Oyarzabalek Kirol Balioen Deusto Saria jaso du azaroaren 18an, Mariasun Quiñonesekin (gure aldizkariaren 14. zenbakianegin genion elkarrizketa) eta Errugbiko Euskadiko Federazioarekin batera.

Zorionik beroenak unibertsitateko ikasketei eliteko kirolari izanik ekiteko ahalegina eta irmotasuna aitortzen duen sariagatik! Zer esan nahi du zuretzat sariak?

Oso harro sentitzen naiz saria jasotzeagatik. Orain arte jaso ditudan sari guztiak zelaiko lanarekin zeuden lotuta eta zoragarria da beste lan honegatik ere aitorpena izatea. Nirekin batera lortzeko bidean lagun izan ditudan pertsona guztien eginahala ere aitortzen du.

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua egin duzu Real Sociedad taldean kirol karrera profesionala egiten zenuen bitartean. Nola lortu duzu bi inguru zorrotz horiek bateratzea?

Gurasoen ekinari esker, batez ere, hezkuntza eta prestatzen jarraitzea futboleko karreratik aparte egiten jarraitu behar nuen kontua zela esaten zidatelako. Gero irakasleen lana dago, baita fakultateko idazkarietariko batena ere, ahal zuten guztia egin baitzuten nire egutegiak bateratzeko eta azterketak egin eta lanak garaiz aurkeztu ahal izateko. Errealak ere laguntza guztia eman dit hori posible egiteko.

Zure ustez, nola eragin dezake zure unibertsitateko prestakuntzak eliteko kirolari jardueran? Eta alderantziz?

Prestakuntza, dena delakoa izanda ere, lagungarri izango da beti. Ikasten ekina izateak lagundu egiten dit eliteko futbolak eskatzen duen lanean eta ahalegin fisikoan. Graduan jasotako ezaguerak ere oso baliagarriak izango zaizkit karreran zehar, kontratuen xehetasunak zehatz-mehatz ezagutzeko eta futbolaren ondorengo bizitzarako.

Gazte-gaztetan hasi zinen kirolean, ia haurra zinela, lehenengo taldera eta estatuko selekziora iritsi arte. Seguru asko une garratzak eta gozoak pasatuko zenituen prozesu horretan. Nola definituko zenuke zure ibilbidea eta zein pertsona eta/edo egoera izan dira, zure ustez, funtsezkoak?

Karreran zehar izan ditudan entrenatzaile eta lantaldeko kideek hobetzen lagundu didate, Eibarren izan nuen lehenengo entrenatzailearengandik hasi eta Imanol Alguacilenganaino. Gurasoen etxea utzi eta, karrera hastean, Donostiara lagunekin bizitzera etortzeak ere heldutasun jauzi hori ematen lagundu zidan. Nire ibilbidea orain definitzen hasi beharrean, nahiago dut amaitu arte itxarotea. Une bikainak bizi izan ditut eta lesioek errespetatu egin naute, ezer larririk izan gabe. Urte asko barru, nire ibilbidea amaitzen dudanean, berdina esan nahi nuke.

Bukatzeko, zorterik onena opa dizugu 2021-2022 ligarako. Eta azken galdera bat dugu: zer oroitzapen daramatzazu eta partekatu nahi zenituzke gurekin Deustun eman dituzun urteez?

Gradua ateratzen lagundu didaten pertsonen oroitzapena daramat. Jon Mikel Zabalak, nire tutoreak, eta Mari José Seinek, idazkariak, dena jarri zuten erritmoa mantendu ahal izan nezan. Campusean bizi izan dudan guztia ere nirekin eramango dut, nahiz eta nire kasuan askorik izan ez den.