500 urte Loiolako San Ignazioren konbertsiotik
1521eko maiatzaren 20a. Iruñeko gotorlekua frantsesek setiatua zuten. Alkaideak egoera aztertu eta errenditzea erabakia zuen. 26 urteko euskal zaldun porrokatuak kontrakoa egiteko konbentzitu zuen eta, azkenean, gainerako zaldunak guztiz konbentziturik ez bazeuden ere, aurre egin zioten etsaiari eta aurrera jarraitu zuten defenditzen. Guduan tarte luze baten ondoren, kanoikada frantses batek bete-betean eman zion euskaldunari eskuin hankan eta bestea ere zauritu zion. Baja horren ondoren, gotorlekuak amore eman zuen. Euskal gerlari setati hura Loiolako Iñigo zen (Iñigok izena aldatu zuen, Ignazio izateko, 1537 eta 1542 bitartean).
Zauritua ondo artatu zuten irabazleek eta, Iruñean ia bi aste eman ondoren jaiotetxera eraman zuten: Loiolatarren oinetxera, Azpeititik hurbil. Hara helduta, zauriak zainduta, osasun egoerak okerrera egin zuen arin eta arrisku handiz. Hilko zelakoan zeuden. Ekainaren 28an, goizez eri hiletsirik, gauerdian eta bat-batean suspertzen hasi zen.
Gipuzkoar eta bizkaitar nobleziaren artean sustrai sakonak zituen, munduko handikeriez gozatzen zuen, batez ere, armetan, ohorea irabazteko irrika handiusteko eta hutsaletan¹. Iragan lasaikeriazkoaren, lizunkeria eta zalduneriako eleberrien zalea izanik, susperraldian, zutik egon ezin eta gehien maite zituen irakurgaiak ekartzeko agindu zien hurbilekoei, denbora pasarako. Halako libururik etxean ez zegoenez, Vita Christi bat eman zioten eta santuen bizitzako liburu bat erromantzean.
Liburu horietan kontatzen zituzten istorioetara zaletzen hasi zen, nahiz eta bere pentsamenduak irakurritakoaren eta iragan bizimoduaren artean ibili. Batez ere, batek zion bihotza hain harrapaturik, non bi, hiru eta lau ordu ematen zituen gero hartan zentzurik gabe pentsatzen, andre baten zerbitzuan zer egin zezakeen irudikatzen, zer bitarteko hartuko zituen hura zegoen lurraldera joateko, zer ezizen, zer hitz esango zizkion, zer armazko ekintza egingo zituen haren zerbitzura. Eta hain zegoen horretan harropuztuta, non ez zen jabetzen zein ezinezko izango zen hori lortzea; izan ere, andrea ez zen noblezia arruntekoa: ez kondesa, ez dukesa, horiek baino askoz maila altuagokoa zen.
Barnera biltzeko ariketa horietan zebilela konturatu zen, munduko gauzetan pentsatzen ari zela, gozamen handia jasotzen zuela; baina nekaturik pentsatzeari uzten zionean, zimel eta nahigabeturik sentitzen zela. Alderantziz, Jesusen eta santuen bizitzaz hausnartzen ari zenean, kontsolatu ez ezik, pentsamendu horietan murgiltzen zenean, pentsamendu horiek utzita ere, kontent eta alai geratzen zela… Hori ez ezik, haiek bezala bizi nahia hazten zitzaion barruan.
Gau batez, esnaturik zegoela, Andre Mariaren irudi bat ikusi zuen argi-argi, Jesus Ume Santuarekin. Ikuskizun hura luzaroan izanik, hain kontsolamendu handia jaso zuen eta hain nazkatuta geratu zen iraganeko bizitza guztiaz, batez ere haragi kontuez, non bazirudien arimatik garbitu egin zitzaizkiola aurretik irudikatuak zituenak.
Jesusen Lagundiaren historia kontatzen duen liburuaren lehenengo lerroak dira. Aurten ospatzen dugu sortzailearen konbertsioaren bosgarren mendeurrena; lerro hauek islatzen dute zer gertatu zen. 2021eko maiatzaren 20tik 2022ko uztailaren 31ra bigarren Jubileu Urte Ignaziotarra ospatuko da, Ignaziotar bidea sendotzeko, Jainkoarekin topatu eta pertsona gisa hazteko tresna gisa.
Ignaziotar espiritualtasuna mundua berritzekoa dela ikusarazteko, Deustuko Unibertsitateak eta Jesusen Lagundiaren Espainiako probintziak egitarauak eta jarduerak prestatu dituzte parte hartzeko. Ikusgai daude denak esteka hauetan:
Deustuko Unibertsitatea: https://www.deusto.es/cs/Satellite/estudios/es/ignaciano eta
Espainiako probintzia: https://ignatius500.org/es/
Nazioartekoa: https://ignatius500.global/
Jesusen Lagundiko aita jeneral Arturo Sosak (SJ) dei egiten digu Ignaziotar Urte honetan haien lema jarraitzera, Gauza guztiak Kristogan berri ikustera, hain zuzen, gure konbertsioa lortu eta Jainkoarengana eta hurkoengana bideratzera, Jainkoak beste batzuekin batera mundura irteteko dei egiten baitigu.
¹ Etzanez dauden testuak Josep María Rambla Blanch-en (SJ) El Peregrino: Autobiografía de Ignacio de Loyola liburukoak dira (Mensajero argitaletxea, Bilbao, 2016, 17-22. or.) [J.C.D.A. E.O.].
Francisco José Ruiz Pérezek (SJ), Deustuko Unibertsitatean Ignaziotar Urteko ospakizunetarako Unibertsitateko Elkarteko eta Agenda 2030eko errektoreordearen ordezkariak, bere hausnarketa eskaintzen digu.
Ignaziotar Urtea mundu garaikidean une larri batean gertatuko da. Denak adierazten digu, oraindik gurutzatzen ari garen pandemia birikoak ageriko aldaketak ekarriko dizkigula, norainokoak izango diren ez badakigu ere. Gauzak ezin dira COVID-19a hasi zitzaigun garaikoak bezalakoak izan. Gaixotasunak zauri global eta hilgarriaren itxura du eta, haren minak gizatasun berria ulertarazten laguntzen digu. Kontzientzia jauziak emateko premia hedatzen ari da inguruan, baina benetako kontzientzia jauziak izan daitezen, azken batean.
Ignaziotar Urtea harea ale bat izan daiteke inguruan, irudikatzen dugun aldaketaren goiargia. Jesusen Lagundiak sortzaile izan zuen san Ignazio Loiolakoaren biografiatik haren bizitzan erabakigarria izan zen une bat hautatu du, sekula sentitu gabeko frustrazioan murgildu zuen unea. Elizak harengan santutasuna aitortzen badu, trantze horretan konszientziatik kontzientziara egiten duen jauziagatik da. Zauri batek, gerrakoak garai hartan, aktibatu zuen pertsona gisa eraldatzeko prozesua.
Izatez, solasaldi hura gerora gertatuko ziren beste batzuen (banakakoen eta taldekoen) prototipoa da. Horregatik iruditzen zaigu hain garrantzitsua gogoratzea. Boterearen eta indarraren logikez konbentziturik zegoen hura kontrakoa zenaren lekuko izatera pasatu zen, san Ignaziok Nazareteko Jesusen bizitzan ikusi zuen beste logika batena izatera, hain zuzen. Izan ere, haren talde-ametsak Jesusen Lagundi izena hartu zuen. Ez dago beste lidergo baliodunik, ez etorkizuneko beste ikuspegi onargarriagorik, ezta gatazkak konpontzeko estrategia hoberik ere.
Eta zer, gure mundu pandemiko honek dituen zaurietan geldiunea egingo balu, zauri horien erantzukizunetik ihes egingo ez balu, planetaren hauskortasun mehatxatuaren aldaketaren agenda zirriborratuko balu eta taldeko eta senidetasunean oinarritutako irtenbideak proiektatuko balitu? Horixe egin zuen san Ignaziok bere neurrian, bere egoera eta testuinguruan. Eta horregatik ospatzen dugu Ignaziotar Urtea: orduko dinamikak aurrera jarraitu dezan eta gelditu ez dadin.