Skip to main content

Ainara Ayerbe y Andrea Páramo

Itxaropena dut etorkizunean eta, pandemia kontrolatu ahala, sor daitezkeen aukera guztietan. Uste dut une egokia dela ikasten jarraitzeko eta turismoak dituen erronka berriei aurre egiteko.

Egia da gaur egungo egoera oso zaila dela. Niri gehien lagundu didana izan da jarrera positiboa izatea eta nire helburuen antzekoak dituzten pertsonez inguratzea.

2020an Deustuko Unibertsitatean Turismoan graduatuak dira, biek lortu dute Eusko Jaurlaritzaren Saria GRAL Turismoa 19/20, Gradu Amaierako Lan Onenari.

Ezer baino lehen, zorionak bioi, Graduko ikasketak bukatzeagatik eta sariagatik!

Zure ikasketen azken seihilekoa COVID-19ak eragindako konfinamenduan egin duzu. Zer ekarri dizu ustekabeko aldaketa horrek? Nola lortu duzu egoera berrietara moldatzea?

Ainara: Egia esan, egoera horrek erabat aldatu zuen seihilekoaren dinamika. Hain aldaketa handia izen zenez, seihilekoa birplanteatu eta egoera berrietara egokitu behar izan nuen. Egoera ikusita, curriculumeko praktikak eten egin ziren, eta nire denbora guztia Gradu Amaierako Lana egitera bideratu nuen. Egoera berrira eta konfinamendura egokitzea, ikasketei dagokienez, ez da erronka handiegia izan. Gradu Amaierako Lana egiteko banakako lana egin behar da, eta lan hori edozein lekutatik egin daiteke. Gainera, nire kasuan behintzat, ez nuen behar izan enpresek edo erakundeek eman ezin zuten laguntzarik, eta, beraz, ez nuen inolako eragozpenik izan arlo horretan.

Andrea: Hasiera batean, zaila izan zen errealitate berria onartzea. Gainera, konfinamenduaren ondorioz, ezin izan nituen nire curriculum praktikak Viajes Nuba-n amaitu, eta horrek pena handia eman zidan. Baina, oro har, gehien lagundu didana gelakideen animo eta laguntza etengabea izan da, azken batean nire egoera berean zeuden.

Hurrengo hilabeteetan, aukera izango duzu unibertsitate ikasketetan eskuratutako konpetentzia guztiak eta bizitzan zehar zure nortasunari gehitu dizkiozunak probatzeko. Nola sentitzen zara erronka berri honen aurrean?

Ainara: Egia da lan egoera zaila dela, bai turismoan, bai esparru gehienetan, baina konfinamenduak ikuspegia aldatzen lagundu dit, eta oraindik ere aukerak daudela konturatu naiz. Itxaropena dut etorkizunean eta pandemia kontrolatu ahala sor daitezkeen aukera guztietan. Uste dut une egokia dela ikasten jarraitzeko eta turismoak dituen erronka berriei aurre egiteko. Erronka berri horiez gain, turismoak aurreko erronkei ere aurre egin behar die, hala nola klima aldaketari, helmugen saturazioari edo turismo garapen jasangarriari, oro har. Egoera hau lagungarria izan daiteke turismo sistema birplanteatzeko eta garatzeko, eta hazkunde arduratsuagoa eta egoera berriaren premiekin bat datorrena ekar dezake.

Andrea: Egia esan, gogo handia dut. Hainbat motatako enpresetan praktikak egiteko aukera izan dut, eta horrek turismoaren esparruko lan munduaren errealitatea ezagutzen lagundu dit. Jakina, oraindik asko daukat ikasteko, eta horregatik gogo handia dut nire ibilbide profesionala modu zabalagoan garatzeko.

Ainara: Gradu Amaierako Lana turismo arduratsuaren aurrean eskariak duen portaerari buruz egin duzu. Esango zeniguke labur-labur zein izan diren zure ondorioak? Horretaz aparte, ikerketa prozesuaren xehetasun tekniko edo metodologikoetan sartu gabe, zertan gozatu duzu gehien prozesuan? Zer kostatu zaizu gehien?

Lan honek oinarri teoriko zabala du, eta gai honen aldez aurreko garapen teorikoa ez da oso zabala. Horregatik, uste dut marko teorikoa egitea izan zela lanaren zailtasunik handiena, baina, aldi berean, arlo horretan gozatu nuen gehien. Oso interesgarria izan zen gai honen hainbat alderdiri buruzko bibliografia berrikustea eta gaia aztertzea modu zabal batean. Atal hau egitea ere gustatu zitzaidan, erronka bat izan zelako eta gozatu egin nuelako.

Ondorioen atala ere oso entretenigarria izan zen. Lan honen ondorio garrantzitsuenek erakusten dute turisten artean informazio falta dagoela, eta horrek haien portaera modu desberdinetan mugatzen duela. Gainera, frogaturik geratzen da turistek informazio egokia eta nahikoa jasoko balute, jarrera arduratsuagoa izango luketela eta, beraz, argi ikusten da zer premia dituzten turistek beren portaera hobetu ahal izateko. Lan honek, era berean, turismo eskariak turismoa behar bezala garatzeko duen garrantzia azpimarratzen du, turista arduratsurik gabe ezin baita turismo arduratsurik egon.

Andrea, zure Gradu Amaierako Lanaren helburua da eskaintzaren eta eskariaren posizionamendua aztertzea turismo industrialarekin kontrastatuz. Esango diguzu labur-labur zein ondoriotara iritsi zaren? Horretaz aparte, ikerketa prozesuaren xehetasun tekniko edo metodologikoetan sartu gabe, zertan gozatu duzu gehien prozesuan? Zer kostatu zaizu gehien?

Gradu Amaierako Lanaren ideia Eusko Jaurlaritzak Euskadiko turismo industriala ikertzeko proposatu zuen erronkaren ondorioz sortu zen eta bost esperientzia turistiko desberdin diseinatu nituen. Beraz, proiektu honen oinarria da eskariaren eta eskaintzaren iritzia ezagutzea online galdetegi baten eta elkarrizketen bidez. Emaitzak oso positiboak izan dira. Inkestan parte hartu duten 400 pertsonek eta elkarrizketatutako sektoreko profesionalek oso iritzi positiboa agertu dute industria turismoari eta proposatutako esperientziei buruz. Zalantzarik gabe, gehien gustatu zaidana galdetegien emaitzak eta jaso ditudan iritzi guztiak aztertzea izan da. Gehien kostatu zaidana sektoreko profesionalen elkarrizketak lortzea izan da, denak konfinatuta geunden eta.

Turismoaren sektorea da pandemiak gehien kaltetu duenetariko bat. Pertsona asko daude zure egoera berean une honetan. Zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumni Gazteei orainaldi eta etorkizun zalantzagarri horiei aurre egiteko?

Ainara: Pandemia honek erakutsi digu ezin dugula etorkizunean gerta daitekeena neurtu, egoera egun batetik bestera alda daitekeelako. Nire gomendioa litzateke alderdi negatiboengatik gehiegi ez kezkatzea eta egoera bakoitza aukera berri modura ikustea. Egungo erronketan zentratzea turismo garapena hobetu ahal izateko eta ez pentsatzea etorkizunak ez duela aukerarik. Egia da batzuetan horrela pentsatzea erronka bat izan daitekeela, pandemia hasi zenetik urtebete delako eta egoera ez delako gehiegi hobetu, baina badakigu hobetuko dela. Horregatik aprobetxatu behar dugu egoera hau, lasai egon eta gogotik aurre egin errealitate berriari, kontuan izanik egoera hobetzeko ekarpena egin dezakegula.

Andrea: Egia da gaur egungo egoera oso zaila dela. Niri gehien lagundu didana izan da jarrera positiboa izatea eta nire helburuen antzekoak dituzten pertsonez inguratzea. Horretaz gain, uste dut oso garrantzitsua dela denbora aprobetxatzea profesional gisa prestatzen jarraitzeko, bai online ikastaroekin, bai eskura ditugun webgune interesgarriekin.

Zuek campus desberdinetan ikasi duzue. Zer kontatu ahal diguzu Deustuko ikasgeletan igarotako garaiaz? Nolako oroitzapenak dauzkazu?

Ainara: Graduko lau urteko ibilbide hau oso aberasgarria izan da nire garapen akademikorako eta pertsonalerako. Deustun ikasteak hainbat aukera eskaini dizkit: boluntario lan egitea, prestakuntza ikastaroetan parte hartzea, atzerrian ikastea eta ikasle gisa nire garapenean ekarpen handia egin didaten pertsonak ezagutzea. Aukera horiek baliatu ahal izan ditut ikasteko eta turismoaren arloan ditudan anbizioak eta interesak hobeto ezagutzeko. Bizipen horiek nire garapen pertsonalari ere lagundu diote, inoiz imajinatuko ez nuen moduan. Unibertsitatean eman ditudan urteetako oroitzapen nagusia prozesuan gehien lagundu didaten irakasleena da, baita lau urte hauetan haiekin partekatu ditudan nire ikaskideena ere, eta haiekin jarraituko dut datozen urteak partekatzen.

Andrea: Egia esan horrelako campus ederrean ikasteko aukera izatea pribilegio handia izan da. Maitasun handiz gogoratzen ditut campuseko lehen egunak, lehen klaseetako urduritasuna eta ikasgelaz ikasgela galtzen gineneko uneak. Gainera, lau urte horiek ez ziren gauza bera izango ezagutu ditudan eta hainbeste ekarpen egin didaten pertsonarik gabe, nire lankideak, irakasleak eta tutoreak. Zalantzarik gabe, unerik onenak izan dira eskolen artean eman ditugunak, azterketen edo lanen aurkezpenen aurreko uneak, korridoreetakoak eta liburutegian edo kafetegian emandakoak, besteak beste.

Ayerbe, Ainara. Análisis del comportamiento de la demanda en el desarrollo de turismo responsable. https://youtu.be/eAx-2Mu0uUQ

Páramo, Andrea. Turismo industrial en Euskadi: Evaluación de experiencias potenciales para el territorio https://youtu.be/Fi5WprpVU98