Skip to main content

Nagore Martínez López

Baina ikasten duzuna bokazioz egiten baduzu, eguneroko bizitzan egiten duzuna jasotzen duzun prestakuntzarekin lotuta dagoelako, Ikaskuntza-Ekintza-Hausnarketa hirukotea berrelikatzen bada etengabe eta era naturalean, askoz errazagoa da dena.

Zorionak! Duela gutxi lortu duzu Familian esku hartzeko eta bitartekotza egiteko masterra eta urtebete lehenago Gizarte Hezkuntzako Gradua. Hala ere, 2014tik, unibertsitatean sartu aurretik ekin diozu arlo horretako lanari. Argi zenuen zer izan nahi zenuen? Noiz konturatu zinen hori zela zure bokazioa?

Ezin izango nuke data bat eman, ezta era berezian markatu ninduen gertakari jakin bat ere. Nire kasuan, uste dut familiarengandik jaso dudan balioetako hezkuntzari, kulturartekotasunean eta zuzentasunean oinarritutako hezkuntzari, eskola publikoan ikasi izanari eta auzoan bizitza egin izanari esker, gizarte konpromisoari eta aisian eta denbora librean garatu ditudan balioei esker eta, gero, boluntario lanean izan dudan kezkari esker egin dudanak bide horretarantz eraman nauela.

Hortaz, uste dut bilakaera guztiz naturala, bokaziozkoa, nire pertsonan integratua eta bizi zikloan jarraipena izan duena dela. Ezagutza eta ikaskuntza bizitako errealitatearekin alderatzeko momentua zen. Sakontzeko unea zen, beste pertsona batzuen esperientzia eta jakintzatik jasotako balio eta ezagutzetan oinarrituta. Ikaskuntza eta ekintza kontrajarririk ikastea, teoria desberdinak, metodoak, kudeatzeko moduak ikustea, eta mundu hobea ahalbidetzeko programak, proiektuak eta jarduerak ezartzea, kalteberatasun egoeran dauden pertsonen aldeko bereizketa positiboa eginez.

Pertsona moduan hazteko unea ere bazen, barruan pil-pilean nituen emozioak kudeatzen ikastekoa, neure oreka aurkitzekoa, horrela profesional eta pertsona bezala hazi ahal izateko.

Unibertsitateko ikasketak eta jarduera trinkoa bateratzea ez zen erraza izango. Zelan lortu duzu dena uztartzea? Zein izan da zure sekretua?

Beno, ikasteko ahalegina egin eta ekina izan behar da, azken batean lanak aurkeztu eta azterketak gainditu behar dituzulako. Baina ikasten duzuna bokazioz egiten baduzu, eguneroko bizitzan egiten duzuna jasotzen duzun prestakuntzarekin lotuta dagoelako, Ikaskuntza-Ekintza-Hausnarketa hirukotea berrelikatzen bada etengabe eta era naturalean, askoz errazagoa da dena.

Baina, jakina, uste dut ez diogula geure buruari tranparik egin behar. Ez dugu ikaskuntza berezko helburu bihurtu behar, baliabide bat izan behar da pertsona gisa hazteko, barne hazkuntza lortzeko. Hazkuntza hori ikaskideekin, ingurukoekin, gizarteko txikienekin partekatzen baduzu, berrelikatu eta hazi egiten zara. Prestakuntzan, lanbidean eta pertsona moduan hazten zara. Denak batera bete egiten zaitu eta errazagoa eta eramangarriagoa izaten da.

Zure ibilbideak, pertsonala eta akademiko-profesionala, bat egiten dira gizarte esparruan. Orain, lan munduan sartzean, boluntario lanetan aritu izanak zein neurritan eratu ditu zure bi profil horiek? Esperientzia horiek bizirik mantenduko direla uste duzu etorkizunean lanbidean aritzean?

Jakina. Gizartean esku hartzean ezagutza ez da mahaian jarrita sortzen, are gutxiago besaulkian jarrita. Errealitatea hausnartuta eta aztertuta sortzen da, esku hartzeko etengabeko ebaluazio kuantitatibo eta kualitatiboetatik; hortaz, nire ustez, bi profil horiek uztartuta joan behar dute gizarte esku hartzean, bat egin behar dira, autoebaluazioa ahaztu gabe, zergatik egin dudan hau edo bestea, edo beste era batera, beste ikuspegi batetik jokatu daitekeen pentsatuta. Nire ustez, horrek guztiak hazarazten zaitu.

Horregatik uste dut arlo pertsonala eta akademikoa, profesionala eta boluntariotzakoa, gizartean esku hartzean, berdin dio zein esparrutan, nahiko lotuta doazela, eskutik doazela ere esango nuke. Izan ere, ez dugu torlojuekin lan egiten, pertsonekin dihardugu, prozesuetan laguntzen; horrek izan dezake lan arloko alderdia, baina bokaziozkoa ere badu, baita boluntariotzakoa ere. Gainera, boluntariotzako aurretiko esperientzia guztiek markatu egiten zaituzte; era askotako ikasgaiak atera ditut, kontzeptualak eta pertsona moduan hazten lagundu didatenak eta, beraz, bai, bizirik jarraitzen dute.

Lan arloan ziurgabetasuneko momentuak bizi ditugu. Asko dira zure egoera berean bizi direnak. Zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumni Gazteei erronka horri aurre egiteko?

Ba, alde batetik, lehia moduan ez bizitzeko… Halakoetatik batuta eta elkarri lagunduta hobeto ateratzen da, egitura komunitarioak eta sozialak aldatuz; inor ez da heroia bakarka, hobe da elkar hartuta jokatu, urrunago heltzen da.

Bestalde, ez diogu gu geu izateari utzi behar, ez diogu geure buruari tranparik egin behar, itxaropena ez galtzeko erarik onena poztuko zaituen lan bat izatea delako, hazten lagunduko dizuna, zure bizi zikloak taupaka jarraitu dezan; zeure buruari fidel izatea eta hortik elkar hartuta aurrera egitea da kontua.

Eta, jakina, ez dugu sekula ahaztu behar ekina izatea. Ekina izan baina hausnartuta… Ekinean irautea, zailtasunetatik egoerak gainditzen ikasiz, inoiz amore eman gabe.

Azkenik, sekretua gogorarazi nahi diet: lana. Zortea, diotenez, aurkitu egiten da, baina aurkitzeko bilatu egin behar da eta horretarako ahaleginduz lan egin behar da. Eta beste bat gehituko dut, niretzat oso garrantzitsua dena: gure adiskide eta familiaz beti gozatzen jarraitzea.

Geletatik ia pasatu berritan, zer kontatuko zeniguke Deustuko Unibertsitatean eman dituzun urteez? Zer oroitzapen daramatzazu?

Prozesuan lagun egin didatela sentitzen dut, esperientzia guztietatik ikasi dudala, eta oinarri teoriko oso zabala dudala irtengo  naiz Pertsona zoragarriak ezagutu ditut, bai nire promozioan eta bai masterrean. Eta eskerrak ematen dizkiot urte hauetan guztietan era atsegingarrian eta baliagarrian prestatu nauen profesional talde zabalari.

Tarte horretan, Deusto Campus Elkartasunari esker ere bestelako esperientzia ahaztezinak bizi izan ditut: beste esparru batzuetako prestakuntza jaso dut, Marokon auzolandegi batean parte hartu dut eta, pandemia dela eta, beste bat geratu zitzaidan egin gabe.

Uste osoa dut pertsona eta profesional moduan heltzeko prozesuan beste urrats bat eman dudala eta nire bokazioa eta bizitza sendotu egin direla.