Berriki, Espainiako Auzitegi Nazionalak Inocente Orlando Montanoren kontrako sententziaren jendaurreko irakurketa egin zuen. Epaitzaren arabera, El Salvadorreko Indar Armatuetako koronel erretiratua eta Segurtasun Publikoko ministrorde ohia 1989 eta 1992 bitartean, hilketa bakoitzeko hogeita sei urte, zortzi hilabete eta egun bateko giltzapetze zigorrera kondenatu zuten “izaera terroristako bost hilketa delituren autore”-ren arduradun izan zelakoan. Guztira, 133 urte baino gehiagoko zigorra. Hala ere, kondena ez da 30 urteko espetxeratzea baino gehiagokoa izango.
Krimena UCAko sarraskia izenez ezagutzen da. 1989ko azaroaren 16ko goizaldean burutu zen Universidad Centroamericana José Simón Cañas (UCA) ikastetxearen campusean. Espainiar nazionalitateko bost jesuitekin batera (Ignacio Ellacuría, Segundo Montes, Ignacio Martín Baró, Amando López eta Juan Ramón Moreno), Joaquín López, Julia Elba Ramos eta haren alaba Celina hilarazi zituzten. Azken hiru biktimek El Salvadorreko nazionalitatea zuten. Koronel ohiaz gain, beste 16 militar akusatu dituzte krimen horren autore material eta intelektual gisa.
Espainian egin den epaiketak, justiziaren unibertsaltasun printzipioan babesturik eta bost erlijiosoen nazionalitatea kontuan izanik, eragin batzuk ekarri ditu El Salvadorreko gizartean.
Lehenengo eta behin, prozedura judizialak ekarri du militarren Goi Aginteko ordezkari bat lehenengoz justiziaren aurrera eramatea eta zigortzea terrorismoagatik eta gizateriaren aurkako krimenengatik. Gertaera historiko horrek piztu egin du egia jakin ahal izateko aukera eta, ondorioz, El Salvadorren justizia egitekoa. Auzitegi Nazionaleko bista publikoak erakutsi du Jesusen Lagundiak eta El Salvadorreko Eliza Katolikoaren sektore batek jasan zuten difamazio, mehatxu eta atentatuen kanpaina. Izan ere, justizia egitea ez da bakarrik errudunek beren egintzei erantzutea ikuspegi judizialetik. Hori ukaezina da. Hala ere, justizia egiteak beste dimentsio batzuk hartzen ditu barruan. Madrilgo prozesua aldarrikapena izan da, biktimen egia berretsi duelako eta konpondu ezin denaren memoria egiteko bide bat izan delako. Bista publikoan zehar, behin eta berriro errepikatu zen, proba eztabaidaezinen bitartez, Ellacuría eta haren kideak gorrotoak eta irrazionaltasunak hil zituela. Giza eskubideak defenditzeagatik eta bakerako bidea elkarrizketaren eta negoziazioaren bidetik bilatzeagatik hil zituzten. Herrialdean benetako aurrerakuntza demokratikoa lortzeko beste indar armatu bat sortzea erabakigarria zela salatzeagatik. Gainera, kondenarekin agerian geratzen da pertsona horien martiri-odolak bake prozesuari mesede egin ziola. Hiru hamarkada geroago, itxaropena ematen die Erdialdeko Amerikako herrialde horretako milaka biktimari.
Bigarrenik, Montano kondenatzeak erakusten du UCAko sarraskia aurretiaz pentsatutako agindua izan zela. Era berean, berretsi egiten du 1991n El Salvadorreko justiziak irekitako prozesua irregulartasun eta funsgabetasunez beterik egon zela. Sententziak egiaztatzen du erakunde armatuko agintariek maltzurkeriaz jokatu zutela eta estali egin zituztela. Horrez gain, Indar Armatuen funtzionamenduaren funtsezko ezaugarriak ere azaltzen ditu. Erakunde horrek egitura kriminal eta mafioso gisa jardun zuela ulertzen laguntzen du, indarkeria askatasun osoz erabili zuela eta delitu larriak egin zituela. Botere politiko bat eraikitzea lortu zuen eta haren bizio eta pribilejioak oraindik agerikoak dira.
Pribilejio horiek gorabehera, espainiar Auzitegi Nazionaleko ebazpenak berresten ditu “De la locura a la esperanza: La guerra de 12 años en El Salvador de la Comisión de la Verdad de El Salvador” txostenak aurkitu zituenak. Era berean, ekarpena egiten du El Salvadorreko sistema judizialak funtzionatu dezan. Laguntzen du, giza eskubideen beste urraketa larri batzuetan bezala, justiziaren eta egiaren bidea berriro hartzen herrialdearen barruan. Inolako zalantzarik gabe, mezu baikorra ematen du. Eta mezuak azpimarratzen du behin eta berriro iraganeko bidegabekeriak ezin direla zigorrik gabe gelditu.
Hirugarrenik, UCAk jakinarazpenean adierazi zuenez, “giza hilketa edo terrorismoagatiko kondena judizialak ez dira pozgarriak. Historiako une bateko errealitate penagarria adierazten dute, giza izaeraren alderik okerrena, bizitza iraintzeko gaitasuna eta denok gure artean izan beharko genukeen senidetasuna haustekoa”. Ildo horretatik, unibertsitateak, urte hauetan guztietan izan duen jarrerarekin koherentziaz jokaturik, ez du epaiketa hau erresumin eta mendeku ikuspegitik ulertzen, egia aitortzeko bidea dela ulertzen du. Erreparazioaren eta berradiskidetzearen aldeko apustua egiten du. Hala ere, berradiskidetzea iristeko, funtsezkoa da egileak egindako bidegabekeria aitortzea, egiaz gertatu zena argitzen laguntzea, eragindako kalteaz damutzea eta barkamena eskatzea. Baina barkamenik ezin da izan aurreko guztiak egon ezik.
Gerra 1992an amaitu zen, Bakea Akordioak sinatuta. Dena den, aurrerapen demokratikoaren mesedetan, bakea bidegabekeriatik eta biktimek jasandakoa ezagutu gabe eraiki zen. Auzitegi Nazionalaren epaitza aurrerapausoa da. Egia ezagutzeko adibidea dugu. Prozesu hau pizgarria da El Salvadorreko inpunitatea gainditzeko. Gizartearen eta sistema judizialaren kontzientzia egiten laguntzen du, iraganaz arduratzen eta biktimekin dagoen zor historikoa kitatzen.