Maroko herrialde zoragarria da, baina Espainian bizkar ematen diogu sarritan. Ohiturak, erlijioa eta hizkuntza desberdinak dira, baina historiaren zati handi bat, ahaztu ezin dugun harreman geografiko bat eta elkarren arteko mendekotasun maila partekatzen ditugu gai askotan. Harritu egingo ginateke. Marokoarrak eskuzabalak, adeitsuak eta begirunetsuak dira. Ez zait kostatu egokitzea, atzerritar naizen aldetik badakit-eta tradizioak eta erritmoak errespetatu behar ditudala. Asko ikasten ari naiz beren Islam moderatutik eta tradizioetatik. Ez ditut epaitzen.
Karrerako diplomatikoa, Deustuko alumnia, Amerika Latinoa biziki maite duena, baina, batez ere, kanariarra. Arin eman zenion hasiera zure lurraldetik kanpoko ibilbideari. Zergatik aukeratu zenuen Zuzenbidea Deustun ikastea?
UBIn nabarmen jaitsi ziren nire notak; erdi-galduta nenbilen, nerabe asko bezala. Hori ikusirik, aitak esan zidan unibertsitate bat aukeratu nezakeela penintsulan, motibatzeko asmoz segurki. La Palmako gazte batentzat (kanpoaldeko irla txiki eta urrun samarra izanik, duela 25 urte), halako gauza bat eskaintzea da Londresera edo New Yorkera ikastera joatea eskaintzea bezalakoa. Ezin zen ezetzik esan.
Aurreko urtean Nafarroa bisitatu nuen eta anaia Garateren liburuxka txiki bat heldu zitzaidan eskuetara. Aukera izan nuenean, ez nuen zalantzarik izan eta Deustura joatea eskatu nuen, informazio gehiagorik izan gabe, Deustuko atezain hari buruz irakurritako historia laburra bakarrik. Izan ere, garai hartan ¡”Deuston! esaten nuen. Gurasoak harritu egin ziren eta hasieran errezeloz zeuden, oinarrian Kanariar irletatik oso urrun joatea baitzen; baina onartu zuten eta, azkenean, denok ikusi genuen erabaki ona izan zela.
Bilboren ondoren, Hagan eta Mexiko DFn jarraitu zenuen ikasten. Hor hasi zinen nazioarteko karrera jorratzen, Kanpo Harremanetako Idazkaritzan praktikak egiten. Esango zeniguke zer ekarri zizuten praktika horiek arlo pertsonalean? Une hartan erabaki zenuen ibilbide diplomatikoarekin jarraitu nahi zenuela?
Karrerako urte bakoitzean aritu nahi nuen Zuzenbidearen arlo desberdin batean. Hirugarren mailan beka bat lortu nuen Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegian Nazioarteko Zuzenbideko ikastaro bat. Han, Deustuko irakasle eta egun adiskide dudan batekin egon nintzen, Felipe Gómez Isarekin. Ikastaroari esker konturatu nintzen Nazioarteko Zuzenbidetik jo behar nuela, baina oraindik ez nekien zein arlotan.
Erasmuserako aukera zabaldu zenean, Latinoamerikako jesuiten zenbait unibertsitaterekin trukea egiteko hainbat aukera eskaini zizkidaten. Ez nuen zalantzarik izan, huraxe zen nik egin nahi nuena. Buenos Aires, Bogota eta Mexiko hiria eskaini zizkidaten. Gurasoek esan zidaten Buenos Aires –berriro ere- oso urrun zegoela, Bogotak indarkeria egoera larria bizi zuen (zelako bueltak ematen dituen bizitzak, bogotar emakume batekin nago ezkonduta eta gure umeak kolonbiarrak dira). Ekin eta ekin nenbilenez, Mexiko hiria onartu beharra izan zuten. Han egin nuen Zuzenbideko laugarren maila, Universidad Iberoamericanan. Deustuko lehenengo ikaslea izan nintzen unibertsitate hartara trukean joaten.
Esperientzia bikaina izan zen. Ordutegiak antolatuta zeuden, laugarren eta bosgarren mailako Zuzenbideko ikasleak bulego edo enpresetara praktikak egitera joan zitezen. Goizeko 7etatik 9etara eta arratsaldeko 5etatik 8etara izaten nuen klasea. Denbora libre ugari nuela ikusi nuen eta mexikar Kanpo Arazoetako Ministeriora aurkeztu nintzen, CVa antzinako idazmakinaz prestatuta, eta urtebetean praktikak egitea eskatu nuen. Txeraz hartu ninduten.
Urriaren 12an, goiz erdian, zera esan zidan nagusiak: “españolito, coge tu chaqueta, nos vamos a tu embajada a celebrar el día” (espainol seme, hartu jaka; zure enbaxadara goaz eguna ematera). Eta bizitzan lehenengoz sartu nintzen enbaxada batean. Heldu bezain laster, espainiar diplomatiko bat aurkeztu zidaten eta bi ordu baino gehiagoan egon nintzen hitz egiten harekin. Harrera ekitaldia lapurtu nion. Bukaeran esan zidan: “diplomatiko ona izan zaitezke zure herrialderako”. Mexikon eman nuen urte hartan, sarritan ikusi genuen elkar, ekitaldietara gonbidatzen ninduen, jendea aurkeztu zidan eta asko hitz egin genuen. Adiskide handia dut harrezkero eta nire bokazioa zein zen erakutsi zidan. Horri esaten zaio zortea, zalantzarik gabe. Seme-alabei eta gazteei esaten diet halakoak gertatzen direla eta jende ona agertzen zaigula bidean. Adi egon behar da.
El Salvadorren kontsul egon zinen, Espainiaren Sudango eta Venezuelako enbaxadetan, eta orain Casablancako (Maroko) kontsula zara. Zaila da herrialde bakoitzeko ohitura eta berezitasunera moldatzea?
MNire lehenengo lanpostua El Salvadorren izan zen, historia gogorra bizi izan duen baina jende zoragarria duen herrialde txiki batean. Latinoamerikarekiko zaletasun eta sentiberatasun apur bat izanda, herrialde horietan ez da egokitzeko lan handirik izaten. Nik pasioa dut kontinente horrekiko, ez dut sekula arazorik izan edo ez dut aparteko erronkarik izan haien ohituretara moldatzeko. Errespetuz eta txeraz, erraza da egokitzea. Tarte luzez bizi izan naiz Venezuelan, Mexikon, Kolonbian eta El Salvadorren, eta etxean bezala sentitu izan naiz beti, bereziki Venezuelan, non 4 urte bizi izan nintzen.
Bestelakoa izan zen Hego Sudan. Hura bai izan zela erronka! Hura bai zaila! Nire bigarren lanpostua planetako herrialderik pobreena izan zen. 30 urte luzeko gerra batetik zetorren; 2 milioi lagunen heriotza eragin zuen gerra bat izana zen eta tribuen arteko herra sendaezinak zituen. 2011n herrialdearen sorrera zela eta, hara bidaltzen zuten lehenengo diplomatiko espainiarra izan nintzen. Ez zegoen inolako ohorerik horretan, bulego bat sortu beharra baizik, logistika arlo txiki bat eta gure herrialdea ia ikusi ere ez zen egiten. Lanpostu zaila izan zen, familiarik gabe; baina abentura handia izan zen Afrika sakonean. Esperientzia pertsonal handia izan zen. Oso gauza gogorrak ikusi nituen. Harrezkero, ez naiz ezergatik kexatzen. Hego Sudanek pertsona hobe egin ninduen.
Orain, Marokon, atzerritar batzuk ez dakit zergatik eta besteagatik kexatzen dira. Nik uste dut toki berezi batean bizi naizela. Maroko herrialde zoragarria da, baina Espainian bizkar ematen diogu sarritan. Ohiturak, erlijioa eta hizkuntza desberdinak dira, baina historiaren zati handi bat, ahaztu ezin dugun harreman geografiko bat eta elkarren arteko mendekotasun maila partekatzen dugu gai askotan. Harritu egingo ginateke. Marokoarrak eskuzabalak, adeitsuak eta begirunetsuak dira. Ez zait kostatu egokitzea, atzerritar naizen aldetik badakit-eta tradizioak eta erritmoak errespetatu behar ditudala. Asko ikasten ari naiz beren Islam moderatutik eta tradizioetatik. Ez ditut epaitzen.
Kontsulatu baten buru zaude Casablancan, migrazioaren presio handia duen batean. Gainera, Afrikako eta Ekialde Hurbileko hiririk erakargarriena da inbertsiorako. Zelan eragiten dio horrek zure kontsul lanari?
Casablanca oso hiri bizia da. Marokoko negozioen gunea da eta Afrikako negozioetarako sarbidea. Marokoarrek lortu dute. Aireportua inauguratu berri dute, eta kontinentean bidaiaririk gehien duen bigarren izatea lortu du. Casablanca Afrikako “hub” bihurtzeko ideia umotuta dago.
Igarriko duzuenez, ekonomia eta merkataritza arloa oso garrantzitsua da guretzat. Espainia Marokoko lehenengo merkataritzako bazkide da seigarren urtez jarraian. Negozio bolumena 14.000 milioi eurotara heltzen da. 2018an, 20.000 esportazioko enpresa espainiar erroldatu ziren Marokon, mundura esportatzen duten enpresa guztien % 10. 800 enpresa espainiar baino gehiago daude Marokon. Oso garrantzi handikoa da hori.
Geografia hutsari begiratuta, Espainiak Marokon dituen zazpi kontsuletxe orokorrek presio handia jasotzen dute, baina ahalik eta zerbitzurik onena eman behar diegu, Espainiara joan nahi duten marokoarrei ez ezik, Marokon bizi diren edo Marokotik pasatzen diren espainiarrei ere.
Erregearen bidaietan parte hartu duzu, Libian, Australian eta Zeelanda Berrian, Chávez presidenteari Espainiara egindako bisitaldian laguntzen. Kontatuko zeniguke, diplomaziako zuhurtzia errespetatuz, gertakari sinpatikoren bat?
Madrileko lehenengo lanpostua protokolo sailean izan zen. Enbaxadore bideratzaile esaten zaio. Nahikotxo bidaiatzeko aukera izan nuen eta atzerriko ordezkaritza askori harrera egitekoa. Sail hori gertakarien iturri agortezina da, pentsa dezakezuen bezala.
Malaysiako errege-erreginekin konturatu nintzen zelako garrantzia duen ingeles ona mintzatzeak. Toledon geunden. 20 ibilgailu baino gehiago karabanan. Zentro historikoa itxita zegoen errege-erreginen paseo eta erosketetarako. Joateko geundela, errege-erreginak ibilgailura igo eta printzea, 10 urte ingurukoa, ere sartu nuen aurreko autoan. Korrika joan nintzen karabanari hasiera ematen zion protokoloko ibilgailura. Autora heltzean, atzera begiratu eta –harrigarriro– printze gaztea autotik kanpo ikusi nuen. Korrika joan nintzen harengana.
Printzea gurasoen autora joan zen eta erregina jaitsi zen oinordeko gaztearekin hitz egiteko. Gero, erreginak niregana zuzendu eta esan zidan: “my son would like a sword” (semeak ezpata bat nahi du). “I am sorry Madam, could you repeat it” (barkatu, andrea, errepikatuko zenuke?), esan nion. “My son would like a sword” (semeak ezpata bat nahi du), errepikatu zuen –adi– Malaysiako erreginak. Durduzadura une horretan, erregea ikusi nuen, bai, Malaysiako erregea bera, autotik jaitsi eta guregana hurbiltzen. Erreginak hirugarrenez errepikatu zidan metro bateko tartera-edo. “My son would like a sword” (semeak ezpata bat nahi du). “Bai, gorentasun”, esan nuen nik, oraindik /so:rd/ soinuak zer esan nahi zuen ulertu gabe. 30 segundotan, malaysiar militarrez eta espainiar poliziaz inguraturik geunden; eta erregeak zerbait esan zion erreginari printzeak (gerri ingurura heltzen zitzaidan) amari gora begiratzen ziolarik, niretzat ezin deszifratuzko soinu hura errepikatu eta errepikatu. Malaysiar militar batek serio demonio “a sword, a sword, a sword” esan zidan; eta ezpata astinduz bezala besoa mugitu zuenean konturatu nintzen zer nahi zuen. Niretzat 3 aste hotz pasatuak ziren. Oraindik errekuperatzen nago.
“Yes, Your Excellency, immediately” (bai, gorentasun, berehala) esan, eskua printze gaztearen sorbaldan jarri eta norabide ezezagun baterantz jo nuen. Toledon, zorionez, edozein bazterretan saltzen dute sword bat. Ikusi nuen uniformedun bi militar malaysiar genituela atzetik. Artisautzako lehenengo dendan sartu eta esan nion dendariari ezpata baten bila genbiltzala mutikoarentzat. 15 minutu baino gehiago eman genituen dendan, printzeak ez baitzekien zein aukeratu. Printzeak sword-ak baztertzen zituen bitartean, Toledo blokeatuta zegoen, batzuk bozina joka eta jendea hurbiltzen, zer gertatzen zen ikusi nahian. Onena izan zen malaysiar militarra serio-serio ikustea, militar-itxuraz, printzearen atzean, dendatxoan, eta kreditu txartela bi hatzez helduta zuela begien aurrean.
Gustuko sword-a aukeratu zuenean, dendaren jabeari esan nion (zalaparta hura ikusirik deitu zioten): “kobratu iezaiozu nahi duzuna, joan beharra dugu”. Ez dakit zenbat kostatu zitzaien sword-a, baina ez zait sekula ahaztuko ezpata toledoarraren gertakaria.
Mila esker zure denboragatik eta zure esperientzia gure irakurleekin partekatzeagatik. Badakigu jakin zure “alma mater”-arekin lankidetzan jarraitzen duzula eta bisitatu ere bisitatzen duzula. Zer oroitzapen gordetzen dituzu Deustuko Unibertsitateko egonaldiaz?
Bi motatako oroitzapenak ditut. Alde batetik, poza, jaia, Pozas, adiskideak eta giro ona Unibertsitatean eta bihotzeko Deustuko Ikastetxe Nagusian (han eman nituen 4 urte). Eta, bestetik, sakrifizioa, diziplina, gastuak kontrolatzea (etxean ez genbiltzan lasaiegi diruz), gauak lorik egin gabe, suspentsoren bat eta lortu izanaren gogobetetasuna.
Mila esker Deusto Alumniri eta Unibertsitateari. Batzuetan itzuli naiz urte hauetan, eta noan lekura noala, beti nago harro bertako ikasle ohi naizelako.