Babesten ikasi behar da, edo norbere burua ez erakusten; baina, gauza guztien gainetik, arriskuak ezagutu eta balioetsi behar dira.
Maiatzaren 25ean indarrean sartu da europar herritarren datu babesari buruzko irizpideak erabat aldatu dituen araudia. Lehenengo aldiz, EBean pertsonen eskubideei buruzko arau bateratuak xedatu dira jakiteko nor, nola eta zergatik erabiltzen edo gordetzen ari diren eta irizpideak ezartzen ditu datu horiek ezabatu edo besterentzeko, beraien trataera bertan behera utzi edota zuzentzeko oker badaude. Erakunde publikoak eta enpresa pribatuak datuen babesari buruzko europar araudi berrira egokitu beharra izango dute.
Deustun amaitu zenuenetik, lanbideko ibilbide luze eta askotarikoa bizi izan duzu, gizartean garrantzia duen erabakitzeko postu bat betetzen ari zara. Zer balioespen egiten duzu lanbideko karreran pasatu duzun une bakoitza gogoratzean?
Zoriontsu sentitzen naiz nire ibilbideko atal bakoitzaz: abokatutzako lanbidean ikasten eman nuen tarte labur bat antzinako bulego batean, Rafael Sáenz Cortabarriarekin; Eusko Jaurlaritza sortu berrian sartu nintzen, Carmelo Renovales Justizia sailburu zela; Administrazioarekiko Auzibideko zuzendaria izan nintzen, Euskal Administrazioko defentsa juridikoko zerbitzuak martxan jartzen; Gorteetako diputatu izan naiz Bizkaitik EAJrekin hiru legegintzalditan, zeregin handiko jarduna (Datuak Babesteko Lege Organikoan ponente izan nintzen); ondoren, Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko bokal izan nintzen urte batzuetan; eta, azkenik, Datuak Babesteko Euskal Bulegoan egun dudan ardura, gai horretan goitik beherako aldaketa dagoen momentuan. 42 urte luzeko ibilbidea izan da zeregin publikoetan, eta espero dut neure onena eman izana, pozgarriak izan baitira urteok niretzat.
Prestatuta gaude Datuak Babesteko europar arau berriak planteatzen digun erronkari begira?
Baietz espero dut. Oraindik aldaketa sakon batek ematen dizun zorabio sentsazioa izanik ere, uste dut arduradun diren agintariek eta sektore pribatukoek ere apustu serioak egin dituztela, garrantzizkoak, Araudia bere betean aplikatzeko lagungarri diren gidak eta bestelako tresnak prestatu eta zabaltzen. Nolanahi ere, beti izango da artezteko, zuzentzeko, birpentsatzeko aukera, praktikan gauzak ikusi ahala.
Bai, tamalez ezin izan da lege organikorik onartuta eduki; izan ere, zuzenean aplikagarri den araudia izan arren, estatu kideei aukera batzuk lagatzen dizkie, eta mesedegarri litzateke aukera horiek ere, argi eta garbi, indarrean izatea.
Horrek, gainera, egiteke uzten du euskal araudia egokitzea ere, eta uste dugu behar-beharrezkoa dela.
Enpresak, entitateak eta erakundeak egokitu dira araudi berrira? Egongo da egokitzeko eperik?
Arlo publikoak eta pribatuak ahalegin handia egin dute eta kontroleko agintariek lagundu egin diegu. Maiatzaren 25erako zentzuzko egokitzapena eginda egongo da eta hobetzeko modua egongo da, lehen azaldu dudan moduan. Baina egun horretan hasiko da bere betean aplikatzen. Araudira egokitzeko bi urteko tartea egon da, 2016ko apirilean, Europako Parlamentuan onartu zenetik.
Datuak Babesteko Espainiar Agentziak zehapena jarri die Whatsapp-i eta Facebook-i, datu pertsonalak baimenik gabe laga eta tratatzeagatik. Zelan ikusi duzu Facebook eta Cambridge Analytica-ren eskandalua? Lehentxoago edo gerotxoago aurre egin beharko genion arazo bat utzi du agerian, zure ustez?
Whatsapp-i eta Facebook-i jarritako zehapenek zabalkunde handia izan dute zenbatekoagatik, ia denok erabiltzen ditugun enpresa boteretsuak epaitzeagatik, eta gizartean sentiberatasuna sortzen hasi delako, pribatutasuna sakrifikatzeak, gizarte sareetan etengabe agerian egoteak zer esan nahi duen jabetzen hasi garelako.
Baimenik gabe edo emandako baimena gaindituta datuak erabiltzea egin daiteke teknologikoki, baina zuzenbideak debekatu egiten du, bai lehen eta bai orain, eta zigorra ezarri behar da. Enpresek datuen feudalismoa aplikatzen dute.
Mark Zuckerberg-ek Euroganberan “sentitzen dut” esan zuen egunaren biharamunean nago hau idazten eta, egia esan, barkamena eskatzea ezer gutxi dela uste dut, datuak erabiltzeak izugarrizko boterea eta irabaziak ekarri baitizkio, batetik; eta prozesu politikoetan eta hauteskundeen emaitzetan eragiteko boterea izan baitu. Ezer gutxi esatea da “ez dugula behar adina egin” aitortzea.
Zaila izanik ere, egokiena litzateke zuzenbidearen erantzuna eta aukera teknologikoak bateratzea. Baina posizioa ez da orekatua. Horregatik, Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen gutunaren hitzaurrean hau aipatzen da: “oinarrizko eskubideak berrindartu beharra dago gizartearen bilakaera, gizartearen aurrerapena eta aurrerapen zientifiko eta teknologikoak kontuan hartuta”. Eta 8. artikuluan, “datu pertsonalen babesa” jasotzen da. 2000. urtean idatzia da.
Enpresentzat, zenbat balio dute gure datuek? Hobeto babesten ikasi behar dugu?
Esaldi eginekin erantzungo dut: “XXI. mendeko petrolioa dira”, “sarean zerbait doan eskaintzen bada, prezioa zeu zara”…
Jakina, babesten ikasi behar da, edo norbere burua ez erakusten; baina, gauza guztien gainetik, arriskuak ezagutu eta balioetsi behar dira.
Aipatu behar da badirela legezkoak ez diren datuen erabilerak eta aurrerakuntzen iturri direla, gizarte ikaskuntzetan, zientzian, ikerketa medikoetan eta halakoetan. Big-data eta algoritmoen erabilerak onura handiak ekar diezazkioke gizateriari.
Zer oroitzapen duzu Deustuko ikastaldiaz?
Unibertsitateko garaia herritar gisa esnatzearekin lotzen dut. 17 eta 22 urte bitarteko aldia garrantzizkoa da pertsona prestatzeko. Burgoseko prozesuaz hasi eta Francoren heriotzaz amaitu nuela esaten dut. Garai hartan, tardofrankismoko gertakari eta diktaduraren amaierak bere isla izan zuten unibertsitateko giroan: geldialdiak, grebak, salbuespen egoerak, ikasleei espedienteak egitea. Baina guztiaren gainetik, gertatzen ziren gauzez enteratu eta eztabaidak entzutea ditut gogoan. Prestakuntza akademikoarekin batera, Euskadiko eta Espainiako une politikoa izan nituen interes iturri. Aparteko errespetuz eta maitasunez gogoratzen dut Lucas Verdú irakaslea, don Pablo, guk esaten genion bezala; baita konstituzio aurreko garaietako Zientzia Politikoko haren klaseak ere. Oinarri eta balio demokratikoak irakasten zizkigun diktadura garaian.
Unibertsitateko garaikoa dut arlo publikoa nahiago izatea ere, administrazio zuzenbideagatiko, zigor zuzenbideagatiko edo inori gustatzen ez zitzaion administrazioarekiko auzibideko zuzenbideagatiko interesa. Izan ere, nik beti lotu izan ditut bidezko epaiketa eta babes judizialeko eskubide eta bermeei. Irakasle epaile eta fiskalak izan nituen: Guerra, Santolaya, Barrilero. Agian, horretatik datorkit botere judizialarekin betidanik izan dudan “lotura” edo “hurbiltasuna”: administrazioarekiko auzibideko zuzendari, justiziako bozeramaile, Botere Judizialaren Kontseiluko bokal izatea.
Zer aholku emango zenizkieke lanbideko karreran lehenengo urratsak ematen ari diren ikasleei?
Ez naiz aholkuak abstraktuan ematen zale, baina bai gauza zehatzetan “laguntzaile”.
Pertsona, herritar izatea gomendatuko nieke, kosta ahala kosta onena edo puntaren puntakoa izaten saiatu aurretik. Bizitza profesionalak ez du maila bat izan behar, ezta maila hutsa ere.
Etengabe prestatzen jarraitu. Gustuko duzunaren edo trebatuago zaudenaren aldekoko apustua egin, aldaketen beldurrik izan gabe. Ez izan dimentsio bakarrekoa; lana baino gehiago da bizitza eta inguruko guztiak aberastu egiten zaitu pertsona gisa.
Eta jabetzen naiz errazegia dela baieztapen hutsak egitea. Benetako aukerak, ordea, daudenak dira.
Nire hitzak irakurtzen dituztenei zoriona opa diet eta ea aukeretan asmatzen duten.