Skip to main content

Gehiegitan hitz egiten da ekintzaileei buruz banakako gisa eta ez talde gisa

Lorea Argarate ‘Tea Party DJs’ taldeko kide da, baina jende askok ez daki ingeniaritza munduan egin duela bere lan ibilbidea.

Ingeniaria, ekintzailea, Dja, emakumea, boluntarioa, irrati esataria, Deustuko laguntzailea, gaur egun TAZEBAEZen egiten du lan… ezaugarri horiek guztiek definitzen al dute Lorea Argarate edo besteren bat utzi dugu bidean?

Egia esan, neure buruaz esaten dut bere lerro paraleloak oso-oso hurbil joatea lortu duen neska bat naizela (elkartzen direla pentsatzea ere gustatzen zait). Izan ere, jakingo duzue lerro paraleloak hurbil joan daitezkeela, baina inoiz ez dutela elkar ukitzen. Aitzitik, lerro perpendikularrek elkar ukitzen dute, baina behin besterik ez, gero ez dira berriro elkartzen, eta ideia hori ez zait asko gustatzen…! Kasu honetan, neure lerro paraleloak hezkuntza, teknologia eta musika dira.

Zure ibilbideari buruz irakurtzerakoan galdera bat bururatu zitzaidan, eta ziur, ez naiz bakarra izango: nola bateratzen dira egunez ingeniaria izatea eta gauez DJa?

Trantsizio natural bat izan zen. Decathlonen lan egiten nuen, baina gero eta maizago eskatzen zidaten musika jartzera joateko. Jarduera guztiak bateratzen ahalegindu nintzen hasieran, baina denbora libre gehiago behar nuen.

Egun batzuetan gogoeta egin ondoren, konturatu nintzen nahiago nuela aste bukaeretan lan egitea astean zehar lan egin beharrean. Eta erabakia hartu nuen. Gauetan lan egiteak ordutegiak aldatzen ditu, baina atsedena ongi hartuz eta otorduen orduei eutsiz gero, ez da desordena…!

Esan ohi da esperientzia guztietatik ikasten dela zerbait. Zer ikasi duzu Tea Party Dj’s proiektutik?

Tea Party taldearekin denetarik ikasi dut, benetan. Proiektu honetan aurrera egin ahal izan dugu, maila pertsonalean eta profesionalean. Bidaiatzen ikasi dugu, jendearekin egoten, jendearekin lan egiten, zereginak antolatzen, elkarrekin lan egiten, ordezkatzen… Bestalde, hasieran ez genekien faktura bat egiten eta bien artean ondasunen komunitate bat osatu dugu. Lan handia egiten dugu, erantzukizunak ditugu eta pertsonak daude atzean.

Global Shapers Bilbao gazteen komunitatean parte hartzen duzu. TZBZen lan egiten duzu, hauxe da leloa: “Inkonformistak gara. Pertsonak eraldatzen ditugu eta mundua aldatzen dugu”. Herrialde honetan aldaketak egiten modu aktiboan lagundu dezakezula uste al duzu?

TZBZn askotariko profiletako pertsonei eskaintzen diegu trebakuntza, baina ni hezkuntzako proiektuetan aritzen naiz eta horiek dira eragin handiena dutenak. Uste dugu gauza asko daudela aldatzeko hezkuntza sisteman eta horretan ahaleginduko gara, urratsez urrats. Ikasle baten aurpegi biziak eta konfiantzak amestera eramaten gaitu eta gogoratzen digu mundu hobea eraikitzeko tresnak ematen dizkiegula.

Bestalde, Global Shapers Ekonomia Zirkularreko proiektu bat ari da aurrera eramaten, espero dugu eragin handia izatea bai eskoletan eta bai auzoetan.

Eta nork daki urrunago ere joango ote den!

Zein aholku emango zenieke bere lan ibilbidean lehenengo urratsak egiten ari diren alumniei? Helmugak jarri behar dituzte, mugarik gabe?

Ekintzaile bakoitza mundu bat da, baina gomendatuko nieke dibertitzea eta taldean lan egitea. Talde lana da tresnarik onena. Pertsonak eta taldea. Gehiegitan hitz egiten da ekintzaileei buruz banakako gisa eta ez talde gisa. Guri, TZBZn, gustatzen zaigu Teampreneurs garela eta horrela, nahi dugun itsasoan edo ozeanoan nabigatu dezakegu, baina guztiok elkarrekin.

Barne-barnetik

Amets egiteko hiri bat
Bilbo.
Liburu bat
Persepolis, Marjane Satrapi
Abesti bat
Welcome Home – Radical Face
Film bat
Barbarella
Aktore bat
Margaret Hamilton
Neure izaeraren ezaugarri nagusia
Sutsua izatea
Neure akatsik handiena:
Sutsua izatea
Aisialdian gustuko dut
Musika entzutea
Urrezko ametsa
Ikasleen eta irakasleen arteko konfiantza handiagoko eskolak
Kirol gustukoena
Longboard
Janari gustukoena
Pizza