Skip to main content

‘Ibilbide Profesionalari’ Aintzatespena

CRUE-TICek (Espainiako unibertsitateetako errektoreen biltzarraren IKTetako taldeak) CRUE-TIC 2017 saria eman dio Iñaki Fuertes alumniari (Informatikako ingeniaria, 87ko promozioa), beren lan ibilbide osoa aitortzeko. CRUE-TICen elkartzen dira Espainiako Unibertsitate Sistemako IKTen arloko ardura duten zuzendari eta errektoreorde guztiak.
Iñaki Fuertes Informatikako Ingeniaritzan lizentziatu zen 1987an. Lan ibilbide luzea du informatikaren esparruan, bai sektore pribatuan eta bai publikoan. 2003az geroztik, Deustuko Unibertsitateko Informatika Zerbitzuaren zuzendaria da.

“IKTetako Lan Ibilbidearen” saria urtero ematen da eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien esparruko lan ibilbidea aitortzea du xede.

Saria CRUE-TICek ematen du, Espainiako Unibertsitateetako Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Sektore Batzordeak. 2003an jarri zen talde hori abian, CRUEren baitan lantalde bat sortu zenean teknologia horiek Espainiako unibertsitateetan zuten egitekoaren inguruan gogoeta egiteko. Taldearen helburuen artean daude teknologia horiek kudeaketan, irakaskuntzan eta ikerkuntzan erabiltzeko beharrak eta aplikazioak aztertzea, eta unibertsitateen arteko lankidetza sustatzea, bultzatzea eta gidatzea.

Iñakirekin hitz egin dugu munduari konektatutako unibertsitatearen orainari eta etorkizunari buruz.

Nola ikusten duzu IKTen bilakaera Espainiako unibertsitateetan?

Azpimarratzekoa da CRUEren babesean IKTetako lantalde sektorial sendo eta ondo antolatua sortzea lortu dugula eta guztion artean aurrerapenak eta esperientziak partekatzeko lan agenda adostu dugu, unibertsitate batekoa edo bestekoa izan. Profesionalen talde honek mentalitate irekia du, berritzeko prest dago eta azaltzen ari diren teknologia berrien inguruko zaintza egiten du.

Sektore talde honen potentzialaren erakusle da, esate baterako, orain dela gutxi unibertsitate guztietarako irtenbide teknologiko horizontalak eraikitzeko egin den lankidetza apustua, esate baterako CRUE-TIC appa, unibertsitateko elkarte osoarentzat, eta ikerketaren kudeaketa semantizatua, Hercules deitutako proiektu berritzailea eta asmo handikoa, https://tic.crue.org/hercules, 25 unibertsitate baino gehiagoren parte hartzearekin.

IKTek, benetan, ikasleen ikaskuntza hobetzen al dute?

Gehiago gustatzen zait “ekarpena” egiten dutela esatea, izan ere, IKTak ikaskuntza prozesuari ekarpena egiten dioten edo laguntzen dioten tresna bat direla uste dut. IKTeek bizitza errazten digute eta ikasleei IKTeek informazio espezializatu asko eta asko eskuratzeko aukera ematen diete. Nire kezkarik handiena da Unibertsitatean teknologiaren erabilera zuzena eta onena lortzeko bitartekoak eskaintzea. IKTen aukerak behar bezala ezagutzen ez baditugu, behar dena baino denbora gehiago erabili behar izango dugu.

Zein erronka ditugu aurrean, zein da IKTetan joera nagusia?

Ikerketan berritzeko modu berriak azaltzen joango dira, konputazio zerbitzuen aurrerapenak eta hodeian dauden laborategi birtualizatuak aprobetxatuta. Garrantzitsua izango litzateke, halaber, unibertsitateek aurrera eramaten dituzten proiektuen eta ikerketako ekintzen emaitzen ikusgaitasuna handitzea eta jendearen eskura jartzea. Jakintza sistema bat sendotu behar dugu eta bertarako sarbidea eduki behar dute unibertsitateetako ikertaldeek, proiektu horiek finantzatzen dituzten administrazio publikoek eta emaitza horiei dagokien balioa eman nahi dieten enpresek. Triangelu hori behar-beharrezkoa da.

Irakaskuntzan, mundu zirraragarri bat ari da irekitzen. Aurrez aurreko irakaskuntza erabili beharko litzateke presentzia horrek ikasleari balioa eransten badio. Laborategiak ere urrunekoak izan daitezke gaur egun; hala, oso ekipo espezializatuetara sar gaitezke etxetik edo ikasgelatik mugitu gabe. Teknologiak ikaskuntza prozesua errazten jarraituko du: errealitate handitua, errealitate birtuala, adimen artifiziala… dagoeneko errealitate dira, eta ikaskuntza prozesuetan txertatu dira. Teknologia horiek etorkizuneko irakaskuntza ereduak baldintzatuko dituzte, maila guztietan.

Gero eta gutxiago falta da ikaskuntza formatu mistoak erabiltzeko, zati bat aurrez aurrekoa eta bestea urrunekoa. Horrek aukera emango du norberaren araberako ikasketa planak egiteko, gaur egungo enpresen, administrazioen eta ikasleen beharrei erantzuteko.

Laburbilduz, teknologia osagarri bikaina da ikaskuntza eta irakaskuntza prozesurako, eta hezkuntzaren jokaleku eta eredu berrien beharretara egokitu behar da. Teknologia, momentuz, bitarteko bat da, eta ez helburua.