Joan den azaroaren 15ean, “Mendia, elkartasun lotura” master class-a izan zen Deustuko Unibertsitatean, alpinismoaren eta elkartasunaren arteko harremanak agerian jartzeko. Saioan parte hartu zuten Alberto Iñurrategi mendizale eta eskalatzaile ezagunak eta Isaac Ahon Euskadin bizi den sherpa pakistandarrak.
Fernando Asenjo doktoreak (Pedagogia, 95eko promozioa), Unibertsitateko Kirol Zerbitzuko zuzendariak, Baltistan Fundazioaren helburua azaldu zien Entzungelara bertaratutakoei. Bi hizlariak ere aurkeztu zituen. Alberto Iñurrategiren kasuan, 14 zortzimilakoak igo izana nabarmendu zuen, baita bere izaera humanista ere; Ahonen kasuan, bere jatorri xumeak gogoratu zituen eta sherpa moduan bizi izandako une gogorrak, Euskadira iritsi zen arte.
Mendian sortutako Fundazioa
Alberto Iñurrategik azaldu zuenez, Baltistan Fundazioa “mendiari lotuta” jaio zen, espedizioetan zamaketari aritzen diren herritarrekiko harremanaren ondorioz. Izan ere, gailurretarako ibilbidea ia beti berdina izaten da eta horrek aukera ematen du beti “jende berarekin” topo egiteko (zamaketariak, gidak, gidariak…) eta, horrela, adiskidetasun harremanak eraikitzeko. Fundazioa 2000. urte inguruan sortu zen, Hushé izeneko haraneko herritarrei prestakuntza eskaintzeko asmoz, bizitza duin bat izan dezaten. Harana zortzi herrik osatzen dute, Pakistango iparraldean, mendiz eta glaziarrez inguratuta.
Inguru gogorra da eta muturreko meteorologiak are gehiago zailtzen du bizitza. Horregatik, diru sarrerak eskuratzeko ia bide bakarra mendiko lana izaten da.
Gainera, Baltistan eremu militarizatua da eta, horregatik, ezin da turismoa sustatu, ez ohikoa eta ez mendikoa, herrialdeko gainerako eremuetan egiten den bezala. Hain zuzen ere, Pakistanek interes handiko tokiak ditu, bereziki trekking-ari lotutako turismoa egiteko, bertan biltzen baitira munduko gailu handienetako hamar.
1997. urtean, adiskide bihurtu ziren zamaketari batzuekin batera, Iñurrategi anaiek Machulu herrian mendiko eskola bat sortu zuten, eskualdeko jendeari mendian nola lan egin erakusteko. Jakite teknikoak eskaini zizkieten, baina, Albertok azaldu zuen bezala, “oso baliabide eta jakite gutxi zituzten”. Alberto Iñurrategik eta beste mendizale batzuek egin zuten erreskate baten ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak kiroltasunari lotutako sari bat eman zien eta diru hori Machuluko mendiko eskolari ematea erabaki zuten. Gainera, inguru hartako herritarrei laguntzeko erakunde bat sortzea erabaki zuten, eskolaz gainera, beste behar batzuetan laguntzeko.
Fundazioak uste du edozein komunitate garatzeko ezinbestekoak direla hezkuntza eta ekitatea. Horregatik, Fundazioaren lanaren funtsezko oinarrietako bat da hezkuntza eta emakumeen proiektua. Fundazioaren lanari esker, eskola uzteko tasa % 50etik % 18ra jaitsi da, 2006tik 2016ra. Gainera, emakumeak eskola sisteman sartzen hasi dira, Fundazioak nesken matrikula finantzatzen baitu, urtean 50 euro ingurukoa. Horri esker, gaur egun, haraneko hezkuntza sistemako ikasleen erdia baino gehiago neskak dira.
Gai horri dagokionez, azpimarratzekoa da Ahonen esperientzia. 8 senideko familia bateko kidea izanik, gurasoak galdu zituenean 4 anai-arreba txikienez arduratzea erabaki zuen (2 mutil eta 2 neska). Seme-alabei hezkuntza aukera ematea hain zaila den herrialdean, Isaacek estereotipo bati aurre egin eta anaiak eskolara eramateaz gainera, arrebei ere aukera berbera eskaini zien. Bizilagunek galdetzen zioten zergatik gastatzen zuen dirua arrebak eskolara bidaltzen, ama izan eta etxean geldituko baziren. “Bai, nire arrebak ama izango dira, baina hezkuntza jasotzea nahi dut, haiek gero beren seme-alabak hezteko”. Zalantzarik gabe, berdintasun eta etorkizuneko ikuspegia erakusten du horrek, desberdintasuna nagusi den herrialdean.
Oso jende xumea
Alberto Iñurrategik hainbat argazki erakutsi zituen hitzaldian. Hushé haraneko ingurune gogorra agertzeaz gainera, mendian bizi eta lan egiten duten herritar horien bizi baldintzak ere ikus zitezkeen haietan. Eskalatzaileak azpimarratu zuen Baltistaneko herritarrak “jende paregabea direla, oso zintzoak eta abegikorrak”.
Espedizioetan lagun izan dituzten zamaketarien lanari buruz, Alberto Iñurrategik aipatu zuen sherpak oso gutxirekin moldatzen direla: ” 5.000 metrotan gaua igarotzeko nahikoa dute harrizko horma bat, plastiko batez estalia, elurraz eta haizeaz babesteko”.
Lan horren inguruan hitz egin zuen, halaber, Isaac Ahonek. Ahon Baltistan haranekoa da jatorriz eta 2000an hasi zen zamaketari lanetan. Lehenengo esperientzia hartatik gogoratzen du ez zuela materialik. Sokak erosi zituen eta haiekin lotu zituen 22 egunez gainean eraman behar izan zituen 32 kiloak. Gainerako lankideek bezala, ez zuten mendiko ekipamendurik. Oinetako pare bakarra zuten, kiroletako oinetako zahar batzuk, eta jaisterakoan, esperientzia handieneko lankideek gomendatzen zioten oinetakoaren gainetik galtzerdiak jartzeko, hainbeste irrista ez zezan. Hala ere, zamaketarietako askok ez zuten horretarako galtzerdirik.
Baldintzak oso gogorrak baziren ere, Ahonek gogoan du 22 egunez lan eginda, herritik kanpo 4-5 hilabeteetan lan eginda baino gehiago irabazi zuela. Horregatik, lan horretan jarraitzea erabaki zuen, familiakoengandik hurbil gelditzeko eta dirua irabazteko, familiaren ekonomiari laguntzeko asmoz.
Jardunaldia Jarduera Fisikoak eta Kirolaren Zientzietako ikasleei eta kirolaren eta jarduera fisikoaren munduarekin lotura duten pertsonei zuzendutako klase magistralen zikloaren barruan dago. Oraingoan, Iñurrategi eta Ahonen laguntzaz, askorentzat ezezaguna zen herri baten errealitatea ezagutu ahal izan dugu eta mendizaletasunetik sortu zen Fundazio baten lana ezagutzera eman. Alberto Iñurrategik entzuleak animatu zituen Fundazioaren ekintzetan parte hartzera eta espedizio horiek “bidaia errepikaezinak” direla adierazi zuen.