Juan Carlos Matellanes Fariza

Ekonomia eta Enpresa Zientziak. Prom.: 80

Opera hain da ikuskizun oso eta berezia, ia ezinezkoa da ez gustatzea. Antzinako estereotipoetatik askatu egin behar da: ez da beharrezkoa trajez jantzita joatea, aditua izatea eta ez da garestia. Operara joateko praka bakeroak eraman daitezke, ez da ulertu behar, emozioz bete besterik ez duzu egin behar…

Seguru asko, antzekotasun handiak egongo dira zure enpresa jardueren eta Opera Lagunen Bilboko Elkarteko presidentziaren artean. Noiz eta zergatik eman zenuen jauzia banbalinen eta kulturaren mundura?

Arrazoi duzu, enpresa bat zuzentzeak eta kultura elkarte bat zuzentzeak antzekotasun handia dute. Hemen, edozein enpresatan bezala, efizientzia, jasangarritasuna, hazkuntza eta inguruan aberastasuna sortzea funtsezkoak dira.

Ez nuke esango “jauzia” eman nuenik. Une batean jarduera profesionalak eta Deustuko Komertzialeko klaseak zaletasun batekin bateratzea erabaki nuen, boluntario lan garrantzizkoa eskatzen baitu. Elkarteko lana “ad honorem” egiten dut.

OLBE “Opera baino gehiago” dela azpimarratzen duzu, “gizarte eta kultura proiektu bat” dela. Kontatuko zeniguke zehatzago presidente zaren elkarte horretan zelakoa den hain ezaguna ez den ikuspegi hori?

OLBEk denentzat zabalik dagoen kultura proiektu bat sustatu eta kudeatzen du, esparru pribatutik, eta gizarte eta didaktikaren ikuspegitik opera zabaltzen laguntzen du, inguruan aitorpena eta aberastasuna sortuz. Euskadiko musika eta kultura garapenean funtsezko eragile bat da, jarduera artistikoak, didaktikoak eta prestakuntzakoak sustatzen baititu.

Proiektu horrek aitorpen zabala du estatu eta nazioarte mailan, erreferentea da opera ikuskizunen kalitateagatik eta gizarteari egiten dion ekarpenagatik.

Opera denboraldiaz (5 titulu eta kontzertu bat Euskalduna Jauregian) eta Arriagan eskaintzen diren opera txikien lau emanaldiez gain, ganbera musikako programa bat antolatzen du OLBEk Elkarte Filarmonikoan eta bi hitzaldi ziklo: DeustoForumen eta Arte Ederren Museoan, nazioarte mailako ospea duten hizlariekin. Gizarte lan handia ere egiten du, elkarteak duen alderik ezezagunena, baina ez garrantzi gutxiagokoa. Erakundearen zutabe da programa didaktikoa eta Estatu mailan zaharrenetarikoa da; Abao Txiki denboraldiko eskola-saioak eta senior programa ditu unibertsitate eta udalen laguntzarekin; Gazteam elkartearen gazteentzako arloa du; “Opera eta +” Gurutzetako Ospitalean; Bizkaia Koopera Bizkaiko Foru Aldundiaren bitartez; Fair Saturday mugimendua bultzatzen du eta inklusioko ekintzak eta hainbat GKE eta elkartasun erakundeekin burutzen du gizarte lana.

OLBE opera baino askoz gehiago da, jakina! Kultura proiektu bat da eta herritar guztiek harro sentitu daitezke horretaz.

Aurtengo denboraldiko ikus-entzuleen aurreikuspenak 73.893 pertsonara hurbilduko dira, diozunaren arabera. 47 funtzio daude programatuta eta horrek esan nahi du funtzioko 1572 pertsona hurbiltzen direla, batez beste, funtzio bakoitzeko. Ez dira ezerezko kopuruak! Hala ere, gehienezko kopuruari begiratuta, 528 toki geratuko lirateke libre Euskaldunan funtzio bakoitzean. Zelan okupatzen ditugu? Zer egin genezake Euskalduna funtzio guztietan goraino bete dadin?

OLBEren programa artistikoak 47 funtzio ditu denboraldi bakoitzeko, baina okupatzen ditugun hiru espazioetan: Euskaldunan, Arriagan eta BBK aretoan. Espazioek toki kopuru eta okupazio maila desberdina dute. BBK aretoa ia osorik betetzen da, eta antzera gertatzen da Arriagan ere Abao Txikiren denboraldiko funtzioekin. Euskaldunan, ostiraleko eta larunbateko funtzioek % 80tik gorako okupazioa dute operarik gehienetan; eta portzentajea % 75era jaisten da, batez beste, astelehen-astearteetako funtzioetan.

Funtzio guztietan % 100eko okupaziora heltzea lortu nahi dugu baina zaila da puntu horretara iristea. Titulu jakin batzuetako funtzio batzuk beteko dira, baina errepresentazio guztietan “sold out” kartela jartzea ez da munduko antzoki batean ere gertatzen.

Hala ere, duela gutxi Kultura Ministerioak plazaratu duen kultura kontsumoaren azken inkestaren arabera, azken urtean operara joan diren pertsonen % 95k errepikatu egiten du, gogobetetasun maila 7 eta 10 punturen bitartean dagoelako. Bestela esanda, opera gustagarria da, eta OLBEk okupazio mailak hobetzea du bere helburu estrategien barruan. Horretarako hainbat programa eta sustapen jarduera egiten dira, beste erakunde batzuekin hitzarmenak sinatuta, Arte Ederren Museoko lagunekin edo Deustuko Unibertsitateko Aisiako Ikaskuntzekin, hurbileko adibide bi jartzeagatik; edo harrerako agentzia eta bidaien sustapenetan espezializatutakoen bidez, kalitateko kulturan interesa duten goi mailako turismoa sustatzen dutenen bidez.

Hamazazpi urte daramatzazu OLBEren buru. Kontatuko zeniguke gogoan duzun gertakari atseginen bat? Eta, kontatuko zeniguke zelakoa den OLBE barrutik?

OLBE Euskadiko kultura erakunde zaharrenetariko bat da eta operan Estatu mailako garrantzitsuenetarikoa da. 66 urteko historian, gertakari harrigarriak ehunka kontatu daitezke. Kantari bat denbora errekorrean ekartzeko abioi bat pleitatu behar izatetik hasi eta ikuskizuna ikusten ari zen tenorea jarlekutik altxatu beharrera, eszenatokian zegoen artista gaizki jarri zelako, baten bat aipatzearren.

OLBE Elkartea opera lagunen elkarte moduan sortu zen. Askotariko kultura eta gizarte mailako zirkulu bat zen, opera babesteko eta zabaltzeko interesak elkartua. Une honetan, taldeak 4.000 bazkide ditu.

Bazkide horien ordezkari, zuzendaritza batzorde bat dago gobernu-organo gisa, musika-genero horrekiko zaletasunak elkartuta. Lehen esan dudan bezala, dedikazioa erabat altruista da. Ohiko abonatuen ordez bazkideen eredu honek esan nahi du konpromisoa dagoela proiektuarekin, parte hartze zuzena dagoela elkarteko bizitzan: kontuak onartzen dituzte, zuzendaritza batzordea aukeratzen dute, etab.

Lan-taldeari dagokionez, OLBE elkartea erakunde oso profesionalizatua da eta enpresa baten antzera funtzionatzen du. Bi arlo nagusi daude: bata, artistikoa, zeregin nagusia denboraldia programatzea duena; eta, bestea, gainerako aldeez arduratzen dena: ekonomia, finantza, marketin eta jarduera berriak garatzeaz.

Gutxieneko egitura du eta negozioaren muinekoak ez diren jarduerak azpikontratatu egiten dira.

Zer aholkatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei operara hurbiltzeko?

Gure Gazteam programaren sloganean laburbiltzen da: “opera gustuko duzu baina oraindik ez dakizu”.

Opera hain da ikuskizun oso eta berezia, ia ezinezkoa da ez gustatzea. Antzinako estereotipoetatik askatu egin behar da: ez da beharrezkoa trajez jantzita joatea, aditua izatea eta ez da garestia. Operara joateko praka bakeroak eraman daitezke, ez da ulertu behar, emozioz bete besterik ez duzu egin behar, eta 30 urtetik beherako gazte bat jarlekurik onenera joan daiteke edozein funtziotan 25-30 euro ordainduta adinaren arabera, edo 56 eurotan 30 urte baino gehiago izanez gero. Entsegu orokorrak daude, azken minutuko sarrerak, seniorrentzako programa, esperientzia gelak… Operara hurbiltzea gogo kontua da, ez prezio kontua. Eta egin ahal izatea eta familian edo lagunekin gozatzea, pizgarria.

Amaitzeko, eskaini diguzun denboragatik eskerrak emateaz aparte, zer partekatu nahi duzu gurekin Deustun ikasle izan zinen garaitik?

Esperientzia ezin hobea eta oroitzapen atsegingarria dut Deustuko La Comercialen eman nituen urteez. Prestakuntza bikainaz gain, balioak eta filosofia bat ikasten dira bizitza osoan mantentzen direnak eta gure eginkizunetan (pertsonalak zein profesionalak) eragina dutenak.

Partekatu ezazu