Skip to main content

Galder Reguera Olabarri

Arraroak ginen, bereziak; besteei berdin zitzaiena guri axola zitzaigun. Maite genuen outsider sentitzea. Badakizu zer erantzuten genien beste fakultate batzuetakoek filosofiak zertarako balio duen galdetzen zigutenean? Horrelako galdera tentelak ez egiteko!

Zure ikasketak amaitu eta Filosofiako eta Artearen Historiako ikertzeko gaitasuna lortu ondoren, bi argitalpenetan lan egin zenuen. Bata, arkitekturan eta artean espezializatua zen eta erredaktoreburu aritu zinen; eta, bestea, arte garaikidean, berriemaile eta laguntzaile: Arketypo eta Lápiz, hurrenez hurren. Zer nabarmendu nahiko zenuke zortzi urte horiei buruz?

Filosofia ikasten duzunean, badakizu zure titulazioarekin lana ez duzula soberan izango. Garai hartan, idaztetik bizi nahi bazenuen, artearen munduak aukerak eskaintzen zizkizun. Aldizkariak, arte garaikideko zentroak eta ekoizpenerako aurrekontua zuten museoak zeuden. Nire gurasoak artistak dira. Artea ez zitzaidan arrotza. Hainbat hedabidetan kolaboratu nuen, aipatzen dituzun horiez gain. Arte kritikaria izan nintzen sasoi batean. Saiakera batzuk argitaratu nituen. Sari garrantzitsu bat ere jaso nuen artikulu batengatik. Lagun onak egin nituen. Baina, oro har, nire oroitzapenak oso txarrak dira. Artearen mundua nazkagarria da. Egoz, handinahiz eta interesez beteko esparrua da, eta talentu-gabezia handia dagoela uste dut.

Prentsa idatzian eta irratian kolaboratu duzu. Gaiak jorratzeko duzun modua kirol kazetaritza tradizionaletik urrun samar dago. Zure ustez, zer da garrantzitsuena gai horien inguruan nabarmentzea?

Garrantzitsuena ahots propioa aurkitzea dela uste dut. Lan horrek, batzuetan, urteak eskatzen dizkizu. Futbolaren kasuan, begirada propioa izaten saiatu behar da.

Zure literatur ekoizpenean ez duzu futbola alde batera uzten, baina istorioekin lotzen duzu, agian istorio pertsonal batzuekin, artearekin… Filosofiari itxuraz eragiten dioten narratiba eta gogoetak dira, akaso. Zer esan diezagukezu horretaz?

O, noski, filosofia inguruan ari da jira-biraka. Filosofoen harrobi batean trebatu nintzen. Uste dut nire literatura eta saiakera lanetan nabaritzen dela galderek erantzunek baino gehiago mugitzen dituzten horietakoa naizela.

Athletic Club Fundazioaren Estrategia eta Operazioen zuzendari gisa, 2010ean hasitako Letras y Futbol literatura jaialdiaren eta 2013an hasitako Thinking Football Film Festival zinemaldiaren arduraduna zara, besteak beste. Zeintzuk dira kultur ekitaldi horien helburuak?

Kulturaren eta futbolaren arteko zubiak eraikitzea. Gogoeta eta begirada desberdinak eskaintzea. Komunitate bat sortzen den espazioa izatea ere bai: futbolaren kultura interesatzen zaienena, estadiotik haratago doana.

Zure denbora eskaintzeagatik eskertzeaz gain, azken galdera bat egin nahi dizugu. Zer oroitzapen gordetzen dituzu Deustuko Unibertsitateko ikasgeletan emandako denboraz?

Oso onak. Filosofiako azken promozioetakoak izan ginela uste dut. Gogoan dut ikasleen eta irakasleen artean ere bazegoela zerbait berezia, komunitate bat osatzeko ideia. Arraroak ginen, bereziak; besteei berdin zitzaiena guri axola zitzaigun. Maite genuen outsider sentitzea. Badakizu zer erantzuten genien beste fakultate batzuetakoek filosofiak zertarako balio duen galdetzen zigutenean? Horrelako galdera tentelak ez egiteko!”

Azaleko argazkia eta goiburukoa: Elena Blanco
Elkarrizketako argazkiak: Joxean Zurutuza