Skip to main content

Deusto Alumni: Topaketak

Deusto Alumnik hainbat topaketa antolatzen ditu gogoeta egiteko, ospatzeko, gogoratzeko eta, zergatik ez, gozatuz egiteko. Hona hemen horietako hiru, urrian eta azaroan egin direnak:

Aurkibidea

NOW topaketa: “Bienhumorados”, Sergio Ayalarekin 23/10/2025
Revenue beldur barik: turismoaren etorkizunerako gakoak 19/11/2025
Gizarte Lanak 30 urte Deustuko Unibertsitatean 28/11/2025

NOW topaketa:
“Bienhumorados”, Sergio Ayalarekin

2025eko urriaren 23an berrehun eta hogeita hamar lagunek beste NOW topaketa bat izan zuten Bilboko campusean Sergio Ayala eta bere “Bienhumorados”-ekin. Baikortasuna eta umorea balio estrategiko moduan hartzen dituen hitzaldi motibazionala da, ametsak lortzeko balio duena.

“Bienhumorados” saioaren helburua da umorea norberaren bizitzako eta laneko ingurunea bultzatzeko eta hobetzeko funtsezko balioa dela gogoratzea, modu sortzailean, oso bisualean, hunkigarrian eta umoretsuan.

Barrez, baikortasunez eta errutinari eta lanari jarrera positiboarekin aurre egiteko tresna baliotsuz betetako saioa. Gogoan izateko arratsaldea!

Revenue beldur barik: turismoaren etorkizunerako gakoak

«Revenue beldur barik: turismoaren etorkizunerako gakoak» izenburupean, Deusto Alumnik gosari-solasaldia antolatu zuen 2025eko azaroaren 19an Deustuko Unibertsitateko liburutegiaren atarian. Berrogeita bat lagunek parte hartu zuten, horietatik % 20 hotelen sektoreko adituak. 

Asun Fernandez-Villarán Ara* irakasleak eman zion hasiera topaketari. Sarrera labur bat egin, entzuleak agurtu eta solasaldiko paneleko kideak aurkeztu zituen.

Iñaki Armada Alonso Holiday Inn Express Bilbao hotelaren zuzendariak moderatuta, hiru Deusto AlumniAida Caneda Pérez (Turismoa, prom. 15), Latroupe-La Granjako General Managerra; James Andrew Rhind (Turismoa, prom. 21), RoomPriceGenie-koa, eta Mercedes Rodríguez Larrauri (Aisia eta Giza Baliabideetako Masterrekoa (prom. 92; Pedagogiako liz., prom. 87), Bilbao Ekintzako Turismoko zuzendariaeta Asier Pereda, The Rentals Collection-eko sortzailekidea eta CEOkidea eta Aparture-ko zuzendaria, solasean aritu ziren revenue management delakoaren funtsezko paperaz turismoa lehiakorragoa eta jasangarriagoa izan dadin.

Elkarrizketan zehar, turismoaren bilakaera eta helmugako revenue-aren kudeaketa markatzen ari diren ikuspegiak, joerak eta erronkak partekatu zituzten. Jorratutako puntuen artean, hauek nabarmendu ziren:

  • AA, laguntzaile estrategiko gisa sendotzen ari da: zereginak automatizatuz ,tresna aurreratuetarako sarbidea demokratizatuz etapentsatzeko, erabakitzeko eta balioa emateko denbora emanez.
  • Bilbo bezalako helmugetan, revenue delakoa funtsezko tresna bihurtzen da eskaerari aurrea hartzeko, urtarokotasuna murrizteko, kanal eta segmentu desberdinekin lan egiteko, cross-selling estrategiak bultzatzeko eta behe-denboraldiko aukerak aprobetxatzeko.
  • Ostalarien, erakundeen eta helmugaren arteko lankidetza funtsezkoa da ekitaldiak erakartzen, balioa sortzen eta proposamen lehiakor eta jasangarria eraikitzen jarraitzeko.
  • Etorkizunak turismo kontzienteagoa, benetakoagoa eta tokiko bizitzarekin hobeto integratua eskatzen du.

Topaketa oso dinamikoa izan zen, eta turismoaren sektoreko joera berriak, errentagarritasuna, prezio jasangarrien estrategiak eta enpresen eta helmugen arteko lankidetzaren garrantzia eztabaidatu ziren.

Ezkerretik eskuinera: Iñaki Armada, Asun Fernandez-Villarán, Mercedes Rodríguez, James Andrew Rhind, Aida Caneda eta Asier Pereda

(*) 2025eko azaroaren 20an, Asunción Fernández-Villarán Ara irakasleak, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko katedradunak, aipamen berezia jaso zuen Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak emandako 2025eko Euskadi Sarietan. Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo Sailak babestu zuen hautagaitza.

Gizarte Lanak 30 urte Deustuko Unibertsitatean

Deustuko Unibertsitatean Gizarte Laneko lehenengo promozioaren hogeita hamar urteak ospatzeko, ikasketa horiek amaitu dituzten hainbat promoziotako 126 pertsonak parte hartu zuten.

Amaia Mosteiro Pascualek, Bilboko Campuseko Gizarte Laneko arduradunak —Gizarte Laneko doktorea prom.: 15; Gizarte Lana, prom.: 10; European Master in Sustainable Regional Health Systems, prom: 08, eta Soziologia, prom.: 06— eman zion ongietorria bertaratutako jendeari eta, gure artean dagoeneko ez badaude ere, historia honetan laguntzen egon zirenak gogoratu zituen. Ondoren, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekanoari eman zion hitza ekitaldiari hasiera emateko.

Ane Ferrán Zubillagak —Gizarte Zientzietako doktorea, prom.: 16; Gizarte Laneko diplomatua; Enpresa, Erakunde eta Ikus-entzunezko Komunikazioaren Kudeaketari buruzko Unibertsitate Masterra, prom.: 11; Giza Zientziak Enpresa, prom.: 09— zorionak eman zizkien kideei, laguntzaileei, ikasleei eta ikasle ohiei, eta eskerrak eman nahi izan zizkien bereziki “30 urte hauetan ikasle izan eta horretan jarraitzen dutenei” eta “irakasle, akademiko eta profesionalei, Gizarte Lana Gizarte eta Giza Zientzien esparruan funtsezko diziplina izan dadin lagundu” dutenei. Izan ere, ikuspegi originala ematen duen lankidetza da, “esku-hartze praktikoa” eta “zuzeneko gizarte-ekintza” batzen baititu. Ikerketaren garrantzia ere nabarmendu zuen: “esku-hartzeak ikerketa eskatzen baitu. Eta ikerketak, ekintza”.

Amaitzeko, urteurren honetan “batez ere pertsonak erdigunean jarri dituen komunitate akademiko eta profesional bat eraiki izana ospatzen dugu”, azpimarratu zuen. [Eta hau] lorpen kolektiboa da”.

Mosteiro irakasleak hartu zuen berriro hitza. Deustuko Gizarte Lanaren ibilbide kronologiko eta ebolutiboa egitea tokatzen zen hurrengo.

Marisa Setien Santamaria —Soziologiako dk., prom.: 90; Soziologiako liz., prom.: 76—, Gizarte Laneko Eskolaren bost urteko ibilbidean (1995etik 2000ra) zuzendaria izan zena, gonbidatu zuen lehenengo. Setienen eta irakasleen lehenengo klaustroaren inplikazioari esker hasi zen Deustuko Unibertsitatean Gizarte Laneko Diplomatura. Titulua ezartzeaz gain, “ausardiaz egin zuten lan Gizarte Lana unibertsitateko diziplina gisa ikusarazteko eta hazteko, biltzar eta argitalpenetan parte hartuz, lehen graduondoekin prestatzeko aukerak areagotu zituztelako, eta gune profesionalekin lotura estua sortu zutelako, horrela, kalitatezko praktikak bermatzeko”.

Jarraian, Arantxa Rodríguez Berriok, Gizarte Laneko lehen Departamentuko zuzendariak —Soziologiako dk., prom.: 94; Soziologiako liz., prom.: 85— Eskola izatetik Sail izatera eta diplomatura izatetik gradu izatera nola pasatu zen kontatu zuen, baita “prestakuntzaren hazkundea [ere], Estatuko beste unibertsitate batzuekin estu-estu lan eginez, lehenengo master ofizialak sortuz, gerora gizarte langileek doktoregoko ikasketak egiteko modua izan zezaten”.

Jarraian, Mosteirok hitza eman zien 30 urteko historian “justizia sozialarekin konprometitutako gizarte-langile bihurtzea” erabaki zuten pertsonen ordezkariei: Virginia Vélez Ruiz —Gizarte Lana, prom.: 95— eta Ana I. González Castresana —Gizarte eta Kultur Antropologia, prom.: 98; Gizarte Lana, prom.: 95—, diplomaturako lehenengo promoziokoei, eta Daniel March Calvo —Gizarte Lana, prom.: 15—, graduko hirugarren promoziokoari.

Ekitaldia prestatzen egindako lanagatik Deusto Alumni taldeko kide Laura Calahorrari, Mónica Achoteguiri eta Verónica Saezi eskerrak eman ondoren, amaitu aurretik Mosteiro irakasleak hitza eman zion Deusto Alumniko zuzendari Jesús Riañori.

Riañok, ekitaldian parte hartzeagatik zorionak eta eskerrak emateaz gain, Gizarte Laneko profesionalen eragina azpimarratu zuen, “pertsonen eskubideak, duintasuna eta aukerak jokoan dauden lekuetan baitaude: gizarte-zerbitzuetan, osasun arloan, hezkuntzan, hirugarren sektorean, komunitatean, eta baita politika publikoen diseinuan ere”, eta Deustuko Unibertsitatean prestatu izanak lotzen dituen lotura azpimarratu zuen, “justizia sozialaren inguruko begirada partekatzen baitute”. “Sentsibilitate partekatua, zaintzea merezi duen giza kapitala eta kapital profesionala osatzen duena”. Ildo horretatik, “Gizarte Laneko ikasle ohien komunitatea indartzen” laguntzeko gonbita egin zien.

Ekitaldiari amaiera emateko, Amaia Mosteirok azpimarratu zuen “hogeita hamar urteko prestakuntza Gizarte Lanean ez d[el]a soilik hiru hamarkadako unibertsitate-jarduera, baizik eta hiru hamarkadako ekarpena gizarte-ongizatean. Denbora horretan, hemen prestatutako milaka profesionalek lagundu dituzte askotariko bizi-prozesuak. Gaur hemen biltzen den jakintza eta profesionaltasuna ezin dira zenbatu, ezin baita adierazleetan bakarrik adierazi, baizik eta duintasun berreskuratuan, eskubide bermatuetan eta sare komunitario sendotuetan. Ondorio horiek hogeita hamar urteko ibilbidearekin biderkatzean, gizarte-kohesioari eta gizarte-justiziari aparteko ekarpena egiten diogu. 

Harrotasun handiz esan dezakegu, gaur egun, Deustuko Unibertsitateko Gizarte Laneko prestakuntzak lagundu duela sare profesional sendo, aitortu eta gizartean eragina duena eraikitzen, errealitate konplexuak laguntzeko eta eraldaketa esanguratsuak sortzeko gai dena.

Hori da hiru hamarkada hauetako aztarna eta etorkizunera begira jartzen gaituen konpromisoa.

Begira diezaiogun iraganari esker onez eta etorkizunari, itxaropenez. Eraiki dezagun elkarrekin etorkizuna: izan zirelako, gara; garelako, izango dira! Eskerrik asko denoi! ”

Ohiko taldeko argazkia egin ondoren, koktel bat hartu ahal izan zuten klaustroan. Zuriñe Ortega, Penny Lane Djs taldekoa arduratu zen musika jartzeaz.