Nerea del Moral Bilbao

Urdailife.com webgunearen sortzailekidea Turismoa (prom.: 14)

Turismoa ezin geldituzko sektorea da,(…), motor ekonomiko garrantzitsua. Baina ez da ahaztu behar negozio errentagarri horrek ingurumena hondatu ere egiten duela eta herrialde hartzaileen bizi kalitatea okertzea eragiten duela

Gaur egun, turismoak eskualde bateko ekonomian, onerako zein txarrerako, zelan eragin dezakeen kontuan hartzen duten berariazko produktuen garapenera bideratu duzu karrera profesionala. Zer esan nahi du horrek zuretzat? Zein zailtasun aurkitzen duzu, halakorik badago, erronka hori lortzeko?

Turismoa ezin geldituzko sektorea da, etengabe hazten diharduen industria, eta ezin da ukatu motor ekonomiko garrantzitsua dela. Baina ez da ahaztu behar negozio errentagarri horrek ingurumena hondatu ere egiten duela eta herrialde hartzaileen bizi kalitatea okertzea eragiten duela Kontraesan horrek eraginda interesatzen naiz kudeaketa sistema jasangarriez eta saiatzen naiz ezagutzen zer-nolako mekanismoak dauden helmuga batek asmo handiko eredu eta epe laburrera begirakoen mehatxuak saihesten.

Helmuga turistiko baten onura ekonomikoen eta natura eta kultura babestearen arteko oreka hori lortzeko, beharrezkoa da zeresana duten eragile guztien konpromisoa izatea, tokiko populazioarena ere, turismoko proiektuak eguneroko bizitzan izan dezakeen eragina dela eta. Alde horretatik, Urdaibaik urrats irmoa eman du Europac Federazioko Turismo Jasagarriko Europar gutunarekin bat eginik eta Biosferaren Erreserbako Patronatotik eta Urremendi landa garapeneko elkatetik sustatuta. Horretan, Urdailife foro iraunkorraren parte da. Gutunak duen punturik interesgarriena hau da: ez du erakundeetatik inposatutako plan bat izan nahi, borondatezko konpromiso eta metodo bat baino, natur espazioen kudeatzaileetara eta turismo enpresetara bideratua, eta mesedegarri dena toki berezi hauetako biztanleentzat.

Zure proiektuaren aurkezpeneko bideoetako batean hau diozu: erreserba izaten jaio nintzen. Zure proiektuak, Urdailife.com-ek, Urdaibaiko Biosfera Erreserba ezagutzera eman nahi du, eskualdeko turismoa deszentralizatu eta urteko sasoi batera ez lotzeko asmoz. Hala diozu zeure proiektuan. Zein izan da helburu horien bilakaera azken urteetan? Badago baikor izateko arrazoirik?

Urdailife bezalako plataforma bat sortzeak lagundu egiten du Erreserbako hondarerik desezagunena ezagutzera ematen. Uste dugu balioa eman diogula Erreserbari oso-osorik, bisitari askoren arreta erakartzen duten toki enblematikoenak ez ezik, gure irakurleei adieraziz zein tokitara joaten garen bertako biztanleok. Urdailife turisten fluxua deszentralizatzeko gai den tresna izatea nahi genuke eta Erreserbako herri txiki guztiek (gehienak dira halakoak) horren onurak jasotzea. Urdaibaiko Biosfera Erreserba, paisaje aldetik duen edertasunari esker ezaguna izateaz gain, gizakiak eta natura elkarrekin bizitzen dauden lurralde bat da. Horregatik, kontzientziatuta gaude bertako kultura aberatsa ezagutarazteko, eta gure irakurleei urteko edozein sasoitan bisitatzeko gonbidapena egiten diegu.

Ez dugu helburu horien bilakaera ezagutzeko tresnarik, baina jasotzen ditugun ohar eta eskaeren ezagutzetan oinarrituta, jende asko interesatzen da erreserba osatzen duten herri txikiak ezagutzeaz.

Ezinezkoa da ez aitortzea komunikabideek erraztu egiten dituztela sendo turismo fluxuak. Urdaibai oihartzun mediatiko ezin ukatuzkoa izan duen telesail baten fan-en munduko helmuga bihurtu da. Zure iritziz, zeintzuk izango lirateke hartu beharreko neurriak jendearen etorrera eta biosferaren erreserba errespetatzea eta zaintzea bateratu ahal izateko? Egin da ezer horren inguruan?

Zaila da turisten etorrera kontrolatzea, batez ere errekurtsoa telesail bateko fanen kultuko monumentu bezalako bat bihurtu denean; Gaztelugatxez ari gara eta “Game of Thrones” telesailean agertu izanaz. Egia esan, bermeotarrentzat ustekabea izan da Gaztelugatxek jendea erakartzeko zelako ahalmena duen ikustea.

Ez dakit zeintzuk izan daitezkeen halako egoera bat kudeatzeko hartu beharko liratekeen neurriak. Urdailife-n printzipio hau dugu, “ezagutzea zaintzea da”, eta zenbat eta eduki gehiago sortu toki baten balio kultural eta sinbolikoaz, errespetu eta konpromiso handiagoa sortuko da bisitariarengan.

Oraingoz, eta guk dakigula, Gaztelugatxen turisten fluxua kontrolatzeko neurririk adierazkorrena, batez ere goi-denboraldian, Bizkaiko Foru Aldundiak ezarri duen txartelen sistema izan da, baina ez dakigu helburua betetzea lortzen duen.

Sara Merinorekin batera hasitako proiektua hartuko dugu orain ardatz. Gizarte sareetan erraz surfeatzen duzue… Hitz egiguzu zehatzago zuen ekimenaz.

Proiektu horrekin bi urte eman ondoren, atzera begiratu eta ezin dugu sinetsi zaletasun gisa hasi zen hura oraindik ere zutik egotea eta garatzeko ideia asko dituela ikustea. Aipatu dudan bezala, Urdaibaiko Biosfera Erreserba erakutsi nahi dugu alderdi guztietatik. Ez dugu kontuan hartzen soil-soilik zer ikusi edo zer egin Urdaibain; webean legendak, istorioak eta gure izaerari buruzko jakingarriak ere aipatzen ditugu, interesgarri iruditzen zaigun guztia, bisitariak aparteko txera sentitu dezan gure etxearen inguruan. Gainera, azken hilabete hauetan buru-belarri ari gara Biosferaren Erreserba zer den (gu figura horren defendatzaile sutsuak gara) eta ingurua zaintzeak zelako ardura eta garrantzia duen azaltzen.

Zer aholkatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei benetako turismo arduratsua sustatzeko eta praktikatzeko?

Helmuga bat sustatzen gizarte mailako bitartekoak erabiltzeaz badihardugu, esango nuke garrantzizkoa dela jakitea aho biko ezpata bat dugula eskuartean. Alde batetik, gizarte sareak tresna bikainak dira, helmugara hurbildu eta ingurua bisitatu duten pertsonekin elkarreragina erraztu egiten digutelako. Beste alde batetik, ordea, azalkeria sustatzen dute eta arriskua dugu azaleko kontuetan geratzeko, estetika kontuetan, helmugarako kaltegarria den turista profila erakartzen delako. Nire uste apalean, eta turista ere banaizenez, onartu behar dut azalkeria hori sustatu dudala ezjakintasunak eraginda. Partekatu nahi dugun argazkiari tokiaren inguruko eduki interesgarria erantsi behar diogu. Turismo arduratsua praktikatzeko erarik onenari dagokionez, helmuga esploratzea, kulturaz interesatzea eta historia ezagutzea litzateke gakoa.

Eskerrik asko zure denboragatik. Bukatzeko, Deustuko Unibertsitateko urteetara itzulita, zer oroitzapen gordetzen dituzu eta nahi zenituzke gurekin partekatu garai hartaz?

Zalantzarik gabe, turismoa ikasten egon nintzen urteez gehien baloratzen dudana da sektoreak dakarrenaren inguruan hausnartzeko gaitasuna. Lan merkatuan sartzeko beharrezko gaitasunetan prestatzeaz aparte, turismoaren zeharkakotasuna eta profesional garen aldetik dugun “erantzukizuna” erakutsi ziguten. Baina arlo akademikotik aparte, nork ez ditu unibertsitateko urteak gogoratzen, ikaskideekin zer ondo pasatzen genuen gogoratuta eta, zelan ez, azterketa aurreko estresa, erdi dibertigarri eta larria! Irakasleak ere gogoan ditudala esan behar dut, batez ere haien irakasgaiekin lotutako gaien inguruko gaiak jorratu behar ditudanean.

Partekatu ezazu