Manu Roibal Prieto

MBA Prom. 03, Ing. Informática Prom. 94

Ez da begien bistatik galdu behar teknologia Smart City-aren oso atal garrantzitsua dela, baina beste atal bat baino ez dela, azken batean. Teknologia bideratzailea da; baina lidergoa, hiria eratzeko ikuspena eta egiten jarraitzeko ekina izatea ez ditu teknologiak ematen. Lehenengo zer egin erabaki behar da; gero, teknologiak bideratu egiten du lan hori.

Azalduko diguzu labur-labur zer paper jokatzen duen BilbaoTIKek Bilboko bizimoduan eta zein den zure lana?

BilbaoTIK udal sozietate bat da, informazioaren teknologien bizi ziklo osoa kudeatzen duena, bai udaletxean bertan eta bai udal sozietate publikoetan ere. Gure lanaren barruan dago korporazioaren barruko barne prozesuak bideratzen dituzten ITen aplikazio eta plataformak diseinatzea, eraikitzea, martxan jartzea eta kudeatzea.

Erakundean, arlo teknikoak zuzentzea dagokit: aplikazioen garapena, azpiegituren eta informazio sistemen diseinua eta kudeaketa eta datuak analizatzea, berritzeko ikuspegia alde batera utzi gabe eta hobekuntza teknologikoak proposatuz hainbat arlotan lan egiten duten lankideei. Neure burua bideratzailetzat jotzen saiatzen naiz, bai nire taldean, lana ahalik eta errazen egin dezaten, eta bai bezeroen artean, berrituz eta hobekuntzak proposatuz, euren eguneroko lana bermatzen dugularik.

Herritarrek udal informatikarekin izaten dituzten ohiko harremanak errolda begiratzea, zerga jarduera edo aparkatze kontuak izaten dira. Jarriko zenizkiguke pare bat adibide erakusteko zelan lotzen diren udal informatika eta herritarren eguneroko jarduna, azken horiek konturatu gabe?

Hiriak aldaketa digitalean murgilduta daude eta hori ikaragarri nabaritzen da udaletako barne bizitzan. Begien bistako adibide bat jarriko dizut: duela hamar urte, udalaren barne sareak lau mila puntu inguru zituen. Gaur egun, sareko lau mila puntu horiek ditu, baina sare horrek hiriko sareko 140 mila puntu ingururi eusten die.
Udal arloan aurreikus daitezkeen aplikazioez gain (biztanleen errolda edo zergen kudeaketa), gure ardurapean daude semaforoen kudeaketa, TAOren kudeaketa, kiroldegietako sarreren salmenta, Azkuna Zentroko edo Arriaga Antzokiko kultur programazioa, hiriko wifi sarea, informazio panelak edo airearen kalitatearen edo zarataren sentsoreak, udaltzaingoaren IT sistemak eta Smart City izenez ezagutzen dugun mundu hasiberri hori. Lehen esan dudan bezala, barne prozesuak existitzen dira eta horien bertsio digitalak ere existitzen jarraituko du, baina hiriek kaleko mailan zabalduko duten zerbitzu berrien eztanda izugarria izango da.

Bilbo ere Smart City bihurtzeko bidean dago. Azalduko zeniguke zein puntutan gauden eta nora heldu nahi duen udalak?

Denak bezala, bidearen hasiera-hasieran gaude. Hiriek sekulako erronka dute aurrean: NBEren etorkizuneko proiekzioak. Horien arabera, 2050ean, belaunaldi eskas bat barru, munduko populazioaren % 80 hirietan biziko da; gaur egun, % 55 bizi da. Egia esan, proiekzio horiek ez dira beti zuzenak izaten. Duela hogei urte eskas herri digitalaz hitz egiten zen, teknologia erabilgarri jarri eta denok baserrian bizitzeko moduan jarriko gintuena, irudi bukolikoa benetan. Baina errealitatea justu kontrakoa izan da: teknologiak distantziak murrizten dituen honetan, gizakioi oraindik piltuagoa bizitzea zaigu atsegin. Smart City-en erronka handia horixe da, hain zuzen: hirietako bizi kalitatea hobetzea, gizakiok gauzak korapilatsuago egiteko ahalegin guztia egin arren.

Ez da begien bistatik galdu behar teknologia Smart City-aren oso atal garrantzitsua dela, baina beste atal bat baino ez dela, azken batean. Teknologia bideratzailea da; baina lidergoa, hiria eratzeko ikuspena eta egiten jarraitzeko ekina izatea ez ditu teknologiak ematen. Lehenengo zer egin erabaki behar da; gero, teknologiak bideratu egiten du lan hori.

Une honetan kalean zerbitzu digitalak zabaltzen hasteko unean gaude, hainbat faktoreri buruzko datuak denbora errealean neurtzen, baita denbora errealeko informazio horretan oinarrituta erabakiak hartzen hasteko unean ere. Edozein gurpil zorotan, informazioak sistema berrelikatzen du informazio gehiago sortzeko. Martxan dago ziklo hori jada, baina bidea luzea da; kiroletako arropa jantzi baino ez dugu egin.

Jarriko zeniguke une honetan lantzen ari zareten eta laster bilbotarron eskuetan izango dugun zerbaiten adibide bat?

Adibide asko daude, baina badago bat bene-benetan betetzen nauena: datuak ‘askatzea’, ez datuak norbaitek bahiturik dituelako, baizik eta sarritan balio handiko barne informazioa dagoelako, eskuragarri ez dagoena, horretarako bide egokirik ez dagoelako. Kalte geoespazialen atariaren –geobilbao– bertsio bat lantzen ari gara, zerotik birdiseinatu eta herritarra ardatz hartzen duena. Aste gutxi barru argitaratuko da eta administrazioak eskura duen datu kopuru eskerga publikatzeko modua emango digu, herritarrek eta enpresek kontsumitu eta berrerabili dezaten. Hirian zabalduko ditugun zerbitzu digitaletako askok isla izango dute atari horretako datuetan. Hala, eraikitzen ari garen datuen analisi guztia ere eskura egongo da, zerbitzu digital berriak bideratzeko. Eta google-aware estiloan eraiki dugu, sinple eta erraz, terminologia klasikoa eta administrazioko teknizismoak alde batera utzita, informazioa denok oso erraz kontsumitzeko eran. Gaur egun batean eta bestean sakabanatuta dagoen informazio asko pilatuko du: trafikokoa, garraioei buruzkoa, turismoari lotua, hirigintzakoa, ingurumenekoa, lanetakoa, etab.

Eta kalean antzematen dugun aldaketa horrek zer dakarkizue udalean lanean zabiltzatenoi? zelan berritzen da administrazio publikoan?

Gartnerrek Continuous Next kontzeptuaz hitz egiten digu. Teknologian dihardugun pertsonarik gehienok ohituta gaude horretara, baina denean eragina izango duen korronte bat da. Funtsean, honela laburtu daiteke: edozein profesionalek egon beharko du etengabe prestatzen, etengabeko bilakaeran, une horretara arte jasotako ezagutzek azaldu ahal izango dutelako iragana eta oinarri izan daitezkeelako, baina ez dute inolako garrantzirik izango etorkizunera begira. Teknologia ez da abiadura konstantean bilakatzen, gero eta bizkorrago baino. Zikloak laburtu egiten dira eta gaur azken teknologia direnak, bost urtetan baztertuta daude.

Horrek dakar etengabe berritu eta berrasmatu beharra. Administrazioa, seguru asko, beranduxe sartu da korronte horretan, baina ziurtatu dezaket aldaketa nabaritzen hasita dagoela. Gizarteak gero eta gehiago eskatzen die Administrazioaren zerbitzu digitalei eta hori ona da, egiten duzun guztian tentsioa eta kalitatea mantentzera behartzen baitzaitu.

Informatika egungo aukera teknologikoetatik oso urrun zegoen garai batean ikasi zenuen Deustuko Unibertsitatean. Zergatik erabaki zenuen informatika ikastea eta zelan gogoratzen dituzu ikasketa garai haiek?

Nire kasuan, erabakia oso erraza izan zen, bokazioa jarraitzea. 12 urterekin izan nuen ordenagailuekin lehenengo harremana eta liluratu egin ninduen hasieratik bertatik. Gauzak zelakoak diren! Neurria hartu nion cobolen programatzeari ere, karkarkar!

Zorionekoa izan naiz, urteak aurrera, bokazioa lanbide bihurtu ahal izan baitut. Eta zerbait gustuko baduzu, egiten duzun horretan jartzen duzun ahaleginak markatzen du aldea. Ez dut esango lanean jarraituko nukeela loteriaren lehenengo saria tokatuz gero; baina, zalantzarik gabe, zorte handia da gustuko duzun horretan lan egin ahal izatea.

Zer aholku emango zenieke orain Unibertsitatean ikasketak amaitzear dauden ikasleei?

Ez dut sentsazionalista izan nahi, baina garrantzi handikoa da lanbideko karrera erakartzen zaituen zerbaitetara bideratzea. Gogoan izan behar dute karrera bideratzen duten arlo horretan lan egin beharko dutela urteetan.

Begien bistako kontua da. Dena dela, ez da batere erraza lanbideko ibilbide bat gomendatzea. Une honetan, lan merkatua aldaketan murgilduta dago, bai lan harremanen aldetik, bai oraingo lan mota eta etorkizunean izan daitezkeenen aldetik. Enpresen aldaketa digitalak eta adimen artifizialak lan mundua goitik behera aldatuko dute eta, hainbestekoa izango da aldaketa, non Davoseko Foroak egindako ikerketek diote pertsonen erdiak gaur egun existitzen ez diren ogibideetan egingo dutela lan hogei urte barru.

Beraz, lan merkatuaren entropia eskasa eta asmatzeko aukera eskasa ikusirik, seguru asko lehenengo puntura itzuliko nintzateke: Maslow-en piramidean minimoa mantentzen saiaturik, asetzen zaituen arlo batera bideratuko nuke karrera.

Partekatu ezazu