Skip to main content

beldurrik gabe borroka egin dezatela amets txiki bakoitzagatik, ez baitago porrotik saiatuz gero; porrota sekula egiten ez saiatzea da

Turismoaren eta modaren munduko profesionala eta, gainera, idazlea. Bere hitzetan, “Latir en palabras liburuan eguneroko gaiak jorratzen ditut, maitasunari, beldurrari, ametsei edo iritsi nahi diren helmugei buruzko hausnarketak. Inspirazio iturri ditudan gauzez hitz egiten dut, lorratza utzi zidaten tokiez edo pertsonez. Gehienak errealak dira, sentitzen edo pentsatzen ditudanak; beste batzuk, ordea, irudimenaren fruitu dira”.

Turismoko graduduna, Personal Shopper masterra. Turismoaren eta modaren munduko profesionala eta, gainera, idazlea… 29 urterekin. Zelan definituko zenuke Irati Arroyo?

Esan dezaket emakume ameslari konpultsiboa naizela. Turismoa ikasi nuen bidaiatzeko dudan zaletasunagatik, pertsonekin jarduteko eta turismoaren munduak mugitzen duen edertasun guztiagatik. Ondoren, modari buruzko master bat egin nuen, janzteak duen edertasunarekin amets egiten jarraitzeagatik. Idaztea dela eta, beti esaten dut ez dudala neure burua idazletzat hartzen, zer sentitzen dudan edo zer darabildan buruan idaztea maite dudala, beste barik. Txikitatik, oso irudimen handia izan dut eta hitzekin jolastekoa, koadernoetan esaldiak idaztea nuen gogoko.

Orain, Getariako Cristóbal Balenciaga museoko bisitaldi gidatuen eta jendeari harrera egitearen arduradun zara. Bi arloetako prestakuntzak harmonia betean bateratzeko aukera ematen dizu ala biak bateratu ezineko arloak dira.

Zorion ikaragarria dut lan hau izugarri maite dudalako. Cristóbal Balenciaga jostunaren museoan nire bi zaletasunak, turismoa eta moda, bateratu ditzakedalako. Uste dut ez dela batere erraza zure zaletasunak jasoko dituen lan bat aurkitzea, baina nire kasuan lortzen dut. Ondo diozu: turismoaren eta horrek dakarren guztiaren eta modaren arteko harmonia perfektua da nire lana, turismoa modaren esparrura eramatea, goi mailako jantzigintzaren eta inoiz izan den jostunik onenaren bitartez. Beti lan egin nahi izan dut hemen eta duela 3 urte lortu nuen.

Zerk du pisu handiagoa zure lanbidean, alde teknikoak ala alde artistikoak?

Nire lanbidean alde teknikoak pisu handia du, egunerokoan badirelako lan metodikoak, eta museoaren asmoa da diseinatzaile baten bizitza eta lana transmititzea. Hortaz, bertan lan egiten dugunok mezua era teknikoan aditzera eman behar dugu, nahiz eta gero balantzak beti egiten duen alde pertsonal edo emozionalerantz. Azken batean, bisitariari helarazi nahi diozuna sentitzen ez baduzu, hori igarri egingo da. Izan ere, alde artistikoa beti islatzen da alde emozional horretan.

2019ko urtarrilean argitaratu da zure lehenengo liburua: Latir en palabras. Zorionak! Eskaintzen diozu denborarik idazteari? Zelan egiten duzu?

Eskerrik asko.

Nire lanak ordutegi oso aldakorrak ditu. Goi denboraldian, ordu asko ematen ditugu museoan; gero hilabete lasaiak heltzen dira. Baina, egia esan, beti atera daiteke denbora gustatzen zaizuna egiteko. Azkenean, nik ez dut denbora bat idazteko soil-soilik; sarritan esaldiak edo gaiak gogoratzen zaizkit eta momentuan jartzen naiz horretan; beste batzuetan, asteak pasatzen ditut idatzi gabe eta askotan ez da denbora faltagatik, inspirazio edo gogo falta gehiago izaten da. Koadernoa aldean eramaten duen horietakoa naiz eta, bestela, mugikorra erabiltzen dut, sarritan, burutik pasatzen zaidana idazteko.

Eta aurrerantzean, bateratu ahal izango dituzu zure hiru zaletasun horiek: turismoa, moda eta literatura?

Bai, jakina. Lanean jarraituko dut eta astialdian edo inspirazioa dudanean idazten. Lehenengo liburu honekin, koaderno izena ematen badiot ere, argitaletxe txiki batek nire idatziak paperean ikusteko aukera eman dit. Orain idazten jarraitzen dut eta proiektu berriak jorratzen.

Zer aholku emango zenieke, unibertsitateko titulazioarekin lotuta, beste proiektu profesional batzuetan ere murgildu nahi duten Alumniei?

Aholku batzuk ematen ausartuko naiz: lehenengo, benetan nahi dutena ikas dezatela, grina senti dezatela egiten duten horretarako; izan ere, bizitzan ordu asko ematen ditugu lanean eta, gustuko dugun lan batean ematen baditugu, hobea izango da. Baina argi gera begi: ez dago lan perfekturik, denak du bere alde ona eta txarra, bestela ez ligukete horregatik ordainduko.

Karrera profesionalarekin batera beste proiektu batzuetan sartzeari dagokionez, BAIETZ, egiteko esango nieke, letra larriz, beldurrik gabe borroka egin dezatela amets txiki bakoitzagatik, ez baitago porrotik saiatuz gero; porrota sekula egiten ez saiatzea da.

Azken batean, uste dut aldi bereko proiektu horietan lan egin behar dela, horrek gogobetetasuna sentiarazten baitizu.