Inma Vegas Ortega

Turismoa, 97ko promozioa

Mundua gero eta txikiagoa da eta denon eskura dago.

Nondik sortu zitzaizun Indonesiara bidaiatzeko ideia edo aukera?

Bizitzako kasualitatea izan zen. Senarra eta biok orduan senar-emaztegai ginen, lan finko samarra genuen Bilbon (jende askok uste du atzerrira goazen guztiok arazo ekonomiko edo lan faltagatik egiten dugula, baina gure kasuan ez zen hala izan). 2013an, gure bizitzari beste norabide bat ematea erabaki genuen eta erronka berri bati aurre egitea Asian. Horrela sortu zen Indonesiara bidaiatzeko aukera.

Herrialde musulmana zenez, ezkondu egin ginen, paper eta bisatu kontuak errazteko. Anekdota moduan, esan behar dut Jakarta bezalako hiri batean ez zigutela elkarrekin bizitzen uzten, ezkonduta egon ezik.

Hasiera gogorra izan zen, nahiz eta senarraren enpresaren eskutik joan. Maitagarrien ipuina ematen du ia beti; baina errealitatea oso desberdina da: kontua ez da 15 eguneko oporraldian zaudela zure herrialdetik urrun. Alderantziz, etxetik urrun joaten zara lan egitera. “Cultural shock” fenomenoaz hitz egiten ziguten eta hala izan zen, aldaketa asko izan ziren bat-batean. Eta hori batetik bestera ibiltzen eta lan egiten ohituta geundela. Pixkanaka, ingurura moldatzen joan ginen, baina kontuan izan behar da gure lehenengo hiria, Jakarta (oihan gisa definitzen dute), oso gogorra dela mugitzeko ere. Trafikoa ikaragarria da egun guztietan. Han hasi nintzen gauzatxo batzuk egiten, freelance lan egiten agentzia batekin, taldeen gidari izateko. Urte eta erdira, Jakartatik Jogjakartara joan ginen, kultur ondare den Java irlaren erdiko hiri txiki batera; eta handik, Kuala Lumpur-era (Malaysia). Ia bi urte daramatzagu bertan bizitzen. Beraz, 5 urte daramatzagu Asia aldetik eta gustatuta gaude oso kontinenteaz. Hainbeste, non Asya izena jarri diogu gure alaba txikiari.

Zer alde aurkitu zenituen turismo eta lan merkatuan, Bilbon izandako esperientziarekin konparatuta?

Desberdintasun handiak daude, bai pertsona bai lan aldetik, eta ez dago hoberik edo okerragorik; baina oso desberdinak dira. Kulturak desberdinak dira, baita harremanak ere. Hemen, esate baterako, ez dakizula inori lanean oihu egitea bururatu, egin dezakezun okerrena baita. Blokeatu egiten dira eta oso heziera txarrekoa da hala egitea. “Don’t lose face” esaten dute haiek, hau da, “ez galtzeko paperak”. Eta hori bezalako anekdota asko daude.

Horretatik guztitik ikasi egiten duzu. Esperientzia aparta da. Gurea ez bezalako herrialde batean bizitzeak ireki egiten dizu ikuspegia eta kultura desberdinak onartzeko eta partekatzeko prestatzen zaitu.

Zer aukera ikusten dituzu toki berri horretan, Kuala Lumpur-en?

Kuala Lumpur-eko langabezi tasa oso baxua da eta lanbideko aukera asko daude; baina, jakina, laneko bisatu berezi batekin baino ez dizute herrialdean sartzen uzten. Beti egon behar da prest etengabeko aldaketara egokitzeko. Batzuetan egin duzunaren guztiz bestelako aukerak sortzen zaizkizu eta, jakina, zezenari adarretatik heldu behar zaio. Jogjakartan, adibidez, nirekin harremanetan jarri ziren gaztelaniazko irakasleak behar zituztela eta. Hasieran ez nuen neure burua irakasle ikusten, baina gero pentsatu nuen neurekiko: zergatik ez? Eta biharamunean, han nengoen, aurrean ikasle pila bat eta atzean arbela nuela, klaseak ematen.

Zeintzuk dira hautaketa prozesuetan funtsezko puntuak, bizi izan zaren herrialdeetan?

Bi puntu garrantzitsu daude:

Herrialdera egokitzea (ohiturak, kultura…), lehen azaldu dudan moduan, “cultural shock”-a

Kultura, ordutegiak, harreman profesional eta pertsonaletako protokoloak ezagutzea. Azken batean, ulertu egin behar duzu zelan egiten diren negozioak. Adibidez: Txinan, kasurako, mahai baten inguruan egiten dira, jatorduan; eta Kuala Lumpur-en, berriz, trago batzuk hartzen.

Zer aholku emango zenizkieke lanbideko ibilbidea atzerrian egin nahi duten Deustuko Unibertsitateko alumniei?

Animatu egingo nituzke, jakina, maleta hartu eta esperientzia berriz bete dezaten, esperientzia pertsonal eta lanbidekoez, horixe baita bizitzea. Mundua gero eta txikiagoa da eta denon eskura dago. Asiar kontinenteak aukera ugari eskaintzen dizkie turismoko profesionalei. Baina beti egon behar da prest sakrifikatzeko eta aldaketara egokitzeko. Hazi egiten zara pertsona eta profesional gisa eta balio handiagoa ematen diozu denari. Argi esan behar da sakrifizio handia dela etxekoengandik eta lagunengandik, azken batean, zure herrialdetik eta sustraietatik urrun egotea. 

Bizitzako gertakaririk tristeena Indonesian bizi nintzela gertatu zitzaidan. Duela hiru urte, aita gaixotu eta etxera joan behar nuela esan zidaten, oso gaizki zegoen eta. Biharamunean hartu nuen hegaldia, baina bidaia eta ordu aldaketarekin ez nintzen heldu. Oso gogorra izan zen, ikaragarria; beti izaten dut arantza hori. Larrutik ordaintzen duzu, egia esan, etxetik urrun bizitzea.
 
Zer oroitzapen konta diezagukezu Deustuko Unibertsitatean bizi izan zenuenaz? 

Oroitzapen zoragarriak ditut Unibertsitateko aldiaz. Irakasle bikainak izan nituen, oso maila onekoak, zuten onena eman ziguten eta lan mundura hurbildu gintuzten. Ikaskideei dagokienez, garai hartako adiskide onak ditut. Hain zuzen ere, duela astebete, Unibertsitateko ikaskide eta lagun batek, hegazkin konpainia batean lan egiten duenak, idatzi eta esan zidan Asia hego-ekialdetik zebilela ibilbidea egiten eta pare bat egun emango zituela Kuala Lumpur-en. Han elkartu ginen biok, eta garai hartako kontuak gogoratzeari ekin genion.

Bihotzez eskertzen ditut Deustuko Unibertsitateak eman nituen urteak.

Partekatu ezazu