Skip to main content

Berriemaile baten gauzarik politenetako bat da istorio zirraragarriak kontatzeko askatasuna edukitzea, eta pertsonen giza eskubideak urratzen dituzten milaka egoerei ahotsa jartzea, ikustaraztea eta salatzea.

Arantxi Padilla elkarrizketatu dugu, EITBren Latinoamerikako berriemaile izandakoa.

Giza Zientziak: Komunikazioko lizentziaduna Deustun, kazetaria, ibiltaria… Zein da Arantxi Padilla?

Pertsona nahiko arrunta naiz, gizartekoia, lagunartekoa, alaia, baikorra, toki berriak ezagutzea gustatzen zait, eta ez dut arriskuak hartzeko beldurrik. Baina, aldi berean, oso barneratuta dut zorionekoa naizela planetaren txoko honetan jaio naizelako eta dena eman didatelako: etxea, janaria, hezkuntza, maitasuna, bizitza erraza. Oso sentibera naiz, eta bidegabekeriek nire onetik ateratzen naute. Hori nire lanetan ere nabaritzen da.

Lan ibilbideak egoera harrigarriak jartzen dizkigu aurrean. Nolatan billabonatar bat Kolonbian, EITBko Latinoamerikako berriemaile?

Beti izan dut mundua ezagutzeko gogoa, gizarte eta giza alderditik. Nerabezaroan, anai-arrebak eta gurasoak uda askotan joan ginen Bosniara, Sos Balkanesen autobus batean, gerra amaitu berritan. Urte batzuk geroago, Etiopian boluntario egon nintzenean, Angel Olaran hernaniarrak hango haurrekin egiten duen lan itzela ezagutu nuen.
Horrek guztiak, zalantzarik gabe, bizitzari begiratzeko modu jakin bat ematen dizu eta profil hori egokia zen Kolonbian edo antzeko herrialde batean berriemaile izateko, Latinoamerikako kontinente erraldoian. Aukera hori suertatu zenean, ez nuen zalantzarik izan. Telebistako erredakzioan ari nintzen lanean eta, aldi berean, eskolak ematen nituen Tolosako Musika Eskolan. Baina dena uztea eta arriskua hartzea erabaki nuen.

Nolakoa da bizitza Kolonbian, emakume berriemaile batentzat? Nolakoa zen orduko Kolonbia: telebistan ikusten dugun segurtasunik gabeko Kolonbia hori edo herrialde zoragarria, milaka aukera eskaintzen dituena?

Kolonbiara iritsi nintzen herrialde hartatik nituen estereotipo guztiekin, baina hutsetik hasteko gogoz. Herrialde hartako segurtasun eza eta kaleko indarkeria ez nituen ezagutzen. Eta bakarrik nengoen. Egoera horretara ohitu egin behar izan nuen. Gizartean desberdintasunak oso handiak ziren, baina, aldi berean, jendea oso abegitsua eta atsegina zen, bizitzeko indar eta poz handia zuen. Horrek harrituta utzi ninduen. Kolonbia neure etxea izan zen sei urtez, eta pertsona eta profesional gisa hazteko aukera eman zidan, zalantzarik gabe. Latinoamerikan, milaka pertsona eta egoera ezagutzeko zortea izan dut, inoiz ez nuen imajinatu ere egingo.

Egunerokoari dagokionez, berriemaile baten bizitza lanari eta gaurkotasunari lotuta dago, beti mugikorrari begira zaude eta eguneko 24 ordutan egon behar duzu lanerako prest.

Euskal Herriarekin ordu aldea handia da, eta, gainera, edozein unetan hegazkin bat hartu behar izaten duzu Latinoamerikako beste toki edo herrialde batera joateko, jakin gabe noiz itzuliko zaren eta zer aurkituko duzun albistea dagoen toki horretan.

Hugo Chavezen heriotza edo FARCen kanpamentuak. Konturatzen al zara une historikoak kontatu dizkiguzula?

Adrenalina, presa eta intentsitate handiko uneak izaten dira horiek, eta ez zara gauza askotaz konturatzen, zure lana ongi egitea da bilatzen duzun bakarra: ikusten ari zarena ongi kontatzea, material guztia arazorik gabe bidaltzea, eta zuzeneko konexioetara garaiz iristea. Une hori gozatzen eta murtxikatzen ahalegintzen zara, bai baitakizu ez dela berriro gertatuko. Hor egoteko eta hori bizitzeko zortea izan duzu! Denbora igarotzean, atzera begiratuz gero, konturatzen zara zenbateko garrantzia duten une horiek, eta esker oneko sentitzen zara.

Berriemaile baten lanetako bat da kontatzea merezi duten istorioak bilatzea, eguneroko informazioa emateaz gainera.

Lan liluragarria da, toki batetik bestera eramaten zaitu, egun horretan nor ezagutuko duzun edo gaua iristen denean zer ikasi duzun jakin gabe. Baina kontatzen duzun guztiak telebista aurrean eseri eta albisteak ikusi nahi dituen pertsona horrengana iritsi behar du eta, ahal den neurrian, haren gogoeta eragin. Beti gizarte gaiak bilatzen nituen. Berriemaile baten gauzarik politenetako bat da istorio zirraragarriak (oso gogorrak, askotan) kontatzeko askatasuna edukitzea, eta pertsonen giza eskubideak urratzen dituzten milaka egoerei ahotsa jartzea, ikustaraztea eta salatzea. Hori ere gure erantzukizuna da, kazetari eta pertsona garen aldetik.

Nolakoa da Euskadira itzultzea, hainbeste urte kanpoan eman ondoren? Zein proiektu dituzu etorkizun hurbil baterako?

Etxetik kanpo ia sei urte eman ondoren, badakizu egokitzea ez dela erraza izango eta denbora beharko duzula. Ez zara hemendik duela sei urte atera zen pertsona berbera, ohitu egin behar duzu egoera berrira, egoera hori atzean utzi zenuenean ohitu zinen bezala. Dena berdina eta desberdina da, aldi berean. Horregatik, zure buruarekin pazientzia eduki behar duzu, edozer gauzaren inguruan (barreak). Gogo handia nuen familia eta lagunak hurbil edukitzeko, haien falta sumatu dut kanpoan bizi izan naizenean. Eta horrek asko lagundu dit prozesu osoan.
Ia urte eta erdi igaro da itzuli nintzenetik. ETBko informatiboen erredakzioan ari naiz lanean eta oso gustura, gainera. Baina etorkizunean sor daitezkeen proiektuen aurrean ere jarrera irekia dut. Berriemaileei gorputzean zerbait sartzen omen digute eta toki berean denbora luzean irautea galarazten omen digu horrek (barreak). Bizitza honetan, ezer ezin da baztertu.