Denbora daramazu gazteenen motibazioarekin eta proaktibitatearekin lotutako jardueretan, bai boluntario gisa eta bai profesional gisa. Zerk eragiten dizu horretan aritzen? Zure ustez, zer behar du gaurko gure gazteriak?
Uste osoa dut gazteengan. Bizi dugun errealitatea aldatu, eraldatu nahi dugu. Gogo itzela daukagu! Hala ere, etengabeko aldaketan sartuta dagoen gizarte batean bizi gara, ikaragarrizko abiadan eta norabide izugarrian aldatzen ari den gizartean. Jakina, gu testuinguru horretan jaio eta hazi gara. Horren ondorioz, alde batetik, aldaketara moldatzen gara neurri handiagoan edo txikiagoan; baina, sarritan, izan liteke nondik hasi ez jakitea ere. Horregatik gustatzen zait gazteekin eta gazteentzako proiektuetan lan egitea, gehiago konektatzeko bidea ematen digutenetan. Are gehiago, gaur egun informazioz aseta gaudenez, gutariko bakoitzak gauza jakin bat daki eta indarrak, gogoa eta ezagutzak batzen baditugu, ideia, ekimen eta proiektu kaineroak sortu ditzakegu.
Urtebetean Gazte saregile izan zara. Uste duzu erakunde publikoak behar adina baliabide bideratzen ari direla gazteenentzat?
Gazteengan inbertitzen den galdetzen badidazu, erantzuna baiezkoa da. Baina, baliabide horiek nahikoa eta egoki dira? Nire ustez, oraingoz, ez. Orain arte honela sailkatu gaituzte: gazteok ez dugula ezer egiten, sofa gainean etzanda egoten garela eta alferkeriak gehiago egiten digula. Hau da, ezer ez zaigula interesatzen eta ez garela ezerekin ez inorekin konprometitzen. Horrek halako mesfidantza giro bat sortu du: eskaintzen dizkiguten baliabideak ez ditugula aprobetxatuko ustea sortu da eta, ondorioz, geuk ere mesfidantzaz begiratzen diegu erakundeei. Baina, zorionez, konturatzen hasi gara gazteen benetako potentzialaz. Guregana heltzen jakin behar da, besterik gabe. Eta, zelan egin jakiteko gako ideala ez badut ere, badakit lehenengo urratsa, gazteei zuzendutako proiektu guztietan, pertsona gazte batek egon behar duela gutxienez horretan lanean. Bestela, perspektiba galtzen da.
Zure ibilbideari begira, badirudi Giza Baliabideen arloa ere gogoko duzula. Non ikusten duzu zeure burua urte batzuk barru? Zer arlotan nahi zenuke zure lanbideko karrera garatzen jarraitu?
Galdera hori laneko elkarrizketetako klasikoetako bat da eta niri neuri, ez zait askorik gustatu halakorik galdetzerik: “Non ikusten duzu zeure burua 10 urte barru?” Bihar zer egingo dudan ez badakit, 10 urteko epea luzeegia da orain asmatzeko. Hori bai, lehenago esan dudanez, mundua abiada bizian aldatuko da eta, horregatik uste dut gauza bakar batean ibiltzeak mugatu egingo gaituela, asko gainera. Horregatik, aldatzea gustatzen zait proiektuak aukeratzeko orduan. Inguru erosotik irten eta ahal dudan beste ikasi, bai ezagutzetan eta bai trebetasunetan. Beraz, seguru nago % 99an, birziklatzen, ikasten eta lanean egongo naizela pertsonekin, pertsonengatik eta pertsonentzat.
Boluntario lan ugariak erakusten du oso pertsona solidarioa eta sentibera zarela gai sozialetan. Zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei sentiberatzeko eta boluntariotzako ekimen gehiagotan parte hartzeko?
Hasieran pentsa dezakezu “orain ez dut horretarako astirik”, baina jarduera sozial bat egiteak beti ekarriko dizu zeuk eman dezakezuna baino gehiago. Asko ikasten duzu, oso jende interesgarria ezagutzen duzu eta oso testuinguru desberdinetakoak.Inbertsio pertsonala eta profesionala da. Eta, gainera, niretzat garrantzizkoena da enpatia lantzen duzula eta oinak lurrean jartzen dituzula.
Oraindik oso hurbil dituzu, baina zer partekatuko zenuke gurekin Deustuko geletan eman zenituen urteez?
Esaldi klixea esango nuke: aprobetxatzeko ikasle urteak. Hasteko, esparru eta testuinguru oso desberdinetako jendea ezagutzen duzu eta hori aberasgarri zaizu, asko gainera. Horrez gain, norbere burua ezagutzeko garaia da eta, batez ere, aldaketakoa. Nire kasuan, Unibertsitatean sartu zen pertsona eta handik urte batzuetara irten zenak ia dute zerikusirik. Ez dut bakarrik eskolara joateaz edo ikasteaz bakarrik hitz egiten. Unibertsitateko ostegunetatik eta Erasmus programatik ere asko ikasi daiteke. Benetan. Hala eta guztiz ere, ez gara konturatzen pribilegiatuak garela, pertsona askok ametsetan ere egingo ez luketen hezkuntza dugulako. Bai, egia da hezkuntza sistemak akats asko dituela. Dena den, uste dut gauzak aldatzeko erarik onena barrutik egitea dela. Gogoan dut, behin, kexaka genbiltzala zerbaitengatik eta, hain ohituta geunden gauzak ez zirela aldatuko pentsatzera (berdin zen zer egin), inork ez zuen ezer egiten. Eta ni nekatu egin nintzen. Eta, lagunekin batera, egoera aldatzea lortu genuen. Lehen esan dudan legez, klixea izan daiteke, baina ikastea, burua zabaltzea eta pentsamendu kritikoa lantzea iraultzailea iruditzen zait gaur egun.