Emozioak ukitzea da sentsibilizatzeko eta laguntzeko modu bakarra. Garrantzitsua da gauzei aurpegia eta begiak jartzea.
Zuzenbideko ikasketak amaitu ostean, esklerosi anizkoitzari lotuta ekin zenion lan ibilbideari, autonomia erkidegoan, Espainian, Europan eta nazioartean. Zergatik hartu zenuen norabide hori? Nola uztartu ahal izan duzu abokatu izatea a priori abokatu jardunetik hain urrun dagoen arlo horrekin?
Gure amari esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten nik 8 urte nituela. Zalantzarik gabe, egoera horrek eta berak Bizkaian elkarte bat sortzeko egin zuen ahaleginak nire lan ibilbidea baldintzatu dute, baita nire ibilbide pertsonala ere. Nahiz eta inoiz ez aritu abokatu lanetan, berriro ere Zuzenbidea ikasiko nuke. Urte hauetan guztietan nire lan arlo nagusietako bat esklerosi anizkoitza eta beste gaixotasun kroniko batzuk dituzten pertsonen eskubideen defentsa izan da. Legez besteko proposamenak bultzatzea, legeen sorreran eragitea, adierazpenak pentsatzea, eztabaidetan parte hartzea, testu kritikoak eta eztabaidakoak prestatzea… Azken batean, unibertsitatean ikasi nuenetik asko jarri ahal izan dut praktikan. 2011n abokatu elkargoan eman nuen izena eta informazioa jasotzen jarraitzeko aukera izan dut, lanean eragina duten gaien inguruko hitzaldietara joaten naiz…
Teknologia, osasuna, errehabilitazioa eta neurozientzia ere interesatzen zaizkizu, aspaldidanik. Nola jar daitezke elementu horiek guztiak esklerosi anizkoitza duten pertsonen zerbitzura? Ekimen berritzaileren bat ba al dago, Alumni Timeko irakurleekin partekatzeko modukoa?
Berrikuntza gure jardueren ardatzetako bat izan da. Benetan gauzak aldatu eta balioa erantsi nahi duzunean, behar berriak ikusten hasten zara eta konturatzen zara urratsak ematen ez badituzu, inork ez duela egingo, ez hemen eta ez inon. Teknologiak eta berrikuntzak, beste gauza askok bezala, negozio eredu bat behar dute, gizartera transferitu ahal izateko. Beste sektore batzuetan, entretenimenduari lotutakoetan, kirolean eta abarretan, hori askoz ere errazagoa da. Teknologia gizarte sektoreei, osasunari, errehabilitazioari transferitzea beste gauza bat da. Baina, zalantzarik gabe, sektore honetan, besteetan baino beranduago bada ere, iraultza handia izango da. Gero eta zaharragoa den eta gero eta gaixotasun kroniko gehiago izango dituen biztanleriaren bizitza kalitatea eta osasuna asko hobetu daitezke teknologiaren laguntzaz. Zilarrezko ekonomia garrantzi txikikoa izatetik gure gizartearen motor ekonomikoetako bat izatera irits daiteke.
Zein iritzi duzu lurralde esparru desberdinetako agintariek zuen arloan duten inplikazioari buruz? Eta gizartearen inplikazioari buruz, oro har?
Zalantzarik gabe, desberdintasuna, kasurik gehienetan, pertsonek eragiten dute, nahiz eta lurraldeak eta kulturak ere eragina izan. Badirudi gauzetan eragin ahal izateko, mundu konplexuegian bizi garela, baina adibide askok erakusten digute hori ez dela horrela. Hala ere, zaila da gizartearen arreta gai zehatzetara erakartzea, esate baterako, esklerosi anizkoitzera. Teknologia berriak hirugarren sektorea aldatzen ari dira, baita interes kolektiboak ordezkatzeko eta gizarte osoa inplikatzea lortzeko modua ere. Digitala erronka eta aukera handi bat da guretzat.
Hogeita bat urte daramatzazu esklerosi anizkoitzeko pertsonekin harremanetan. Askotariko egoerak bizi izango zenituen. Zugan eragin berezia izan duen bat kontatuko al diguzu? Era berean, azalduko al diguzu nolakoa den esklerosi anizkoitza duten pertsonen egunez egunekoa?
Urte hauetan guztietan, izugarri aldatu da gaixotasun horren inguruan dakiguna eta hari aurre egiteko erabiltzen diren tratamenduak. Esklerosi anizkoitza oraindik ere gaixotasun larri bat da eta pertsona gazte askori eragiten die, beren bizitzako garai emankorrenean. Zalantzarik gabe, hasierako urteetan oso dramatikoa izan zen, ia ez baitzegoen tratamendurik, gogoan dut. Gaur egun, borrokarik handiena bizi kalitatea irabaztea da. Asko dago egiteko, baina helmugak gero eta zehatzagoak dira eta aurrerapausoak ematen ari gara. Hamaika aurpegien gaixotasuna izaten jarraitzen du, pertsona bakoitzari modu jakin batean eragiten diolako eta ziurtasun ezak bizi proiektu guztiak baldintzatzen dituelako.
Zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei endekapenezko gaixotasunen aurrean sentiberatasun handiagoa izan dezaten eta antolatzen diren ekimenetan lagundu dezaten?
Emozioak ukitzea da sentsibilizatzeko eta laguntzeko modu bakarra. Garrantzitsua da gauzei aurpegia eta begiak jartzea. Endekapenezko gaixotasun terminoa nahiko abstraktua izan daiteke eta, beharbada, urrunegia. Baina guregandik oso hurbil gaixotasun mota horrekin bizi diren pertsona gazteak ditugu, ziur. Besteen tokian jartzea funtsezkoa da sentsibilizatzeko eta zerbaitetan laguntzeko. Pertsona horien errealitatea herritar guztiei hurbiltzea da egiten ditugun kanpainen helburua, esate baterako, Busti zaitez kanpainarena. Boluntario izatera edo kanpainetan parte hartzera gonbidatzen ditut.
Bukatzen ari gara. Eskerrik asko zure denborarengatik eta zure ibilbide osoarengatik! Zer partekatuko zenuke gurekin Deustun ikasle izan zinen urte haietatik?
Eskerrik asko zuei. Deustuko Unibertsitatean bizi izan nituen garaiak maitasun handiz gogoratzen ditut. Ilusio handiko urteak, etorkizuna aurrean; lagunak, oraindik ere ondoan ditudanak; eta ikasteko ordu haien oroimena, baita dibertsioa ere, “pezeretan” eta kafetegian.