Skip to main content

Arrupe bekak eta filantropia

Joan den abenduaren 4an, Juan Jose Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektoreak topaketa batera gonbidatu zituen Deusto Arrupe beka programan parte hartu duten erakunde eta enpresa laguntzaileetako ordezkariak, banakako emaileak eta beken onuradunak. Deusto Alumnik antolatuta, ekitaldia berriki inauguratu den Barandiaran aretoan izan zen, Unibertsitatearen Bilboko campusean.

Jesús Riaño Deusto Alumniko zuzendariak errektorea, harekin egon ziren agintari akademikoak eta gonbidatuak agurtu zituen, eta programaren ibilbidearen aurkezpen laburra egin zuen. 2021ean sortu zirenetik, beka horiek eragin zuzena izan dute 76 ikasle baino gehiagoren eta haien familien bizitzan. 14 titulaziotako ikasleak dira beka horien onuradun eta, jasotako laguntzarekin, zailtasun sozioekonomikoak gainditu eta talentua sustatu ahal izan da. Hiru urte hauetan, banakako 213 emaileren eta 7 erakunderen konpromisoari esker, 630.000 € bildu dira. Kopuru hori elkartasunaren indarraren eta hezkuntzan inbertitzearen garrantziaren erakusle da.

Beken onuradunen artean, atzerriko hainbat herrialdetako 28 ikasle daude, Argentina, Bolivia, Ekuador, Georgia, Honduras, Italia, Kolonbia, Maroko, Nikaragua, Paraguai, Peru, Portugal, Sahara, Txile, Ukraina eta Venezuelakoak.

Programa horri esker, Deustuko Unibertsitatean ikasketak hasten dituzten ikasketa espediente bikaineko 25 gaztek bat egiten dute urtero aurreko promozioetako Deusto Arrupe bekadunekin eta, horrela, arrakala sozioekonomikoak gutxitzen laguntzen da. Bekak graduko ikasketen % 100 ere estal dezakete. Horrek erakusten du talentua modu ekitatiboan banatzen dela mundu osoan, baina aukerak ez.

Aurkezpen laburraren ondoren, Riañok Glòria Oliver eman zion hitza, Pasqual Maragall Fundazioko zuzendari nagusi albokoa eta Espainiako Fundraising Elkarteko presidentea. Oliverrek filantropiaren botere eraldatzaileaz hitz egin zuen. Etimologiari begiratuta, “phílos” hitzak maitasuna esan nahi du, eta “anthropos” hitzak, gizakia. Filantropia, beraz, gizakiarenganako maitasuna da, gizadiarenganako maitasuna.

Hondamendi natural baten ondoren, pertsonek, kuboak eta erratzak hartuta, elkartasun uholdeak sortzen dituztela ikusi dugu Valentzian. Enpresaburu batek, gustukoa izan ala ez, 100 milioi euroko dohaintza egin du GOIDIaren kaltetuentzat. Pertsona horiek, ahal duten neurrian, daukatenetik ematen dute, beste batzuei falta zaielako… Loiolako Ignaziorengana irits gaitezke horrela: ikuspegi integratua eskaintzen digu, adimena ez ezik, bihotza eta espiritua ere lantzen baititu -”gehiago izan, hobeto zerbitzatzeko”. Ildo horretatik, hezkuntzak garaian garaiko gizarterako liderren prestakuntzaz arduratu behar dela dio, lidergo trebetasunak garatuz eta besteen beharrez jabetuz, beren komunitateei ekarpen positiboa egiteko. Horrek filantropiara garamatza, hau da, guztion onerako jarduerak garatzera eta jarduera horietara finantza baliabideak eta denbora bideratzera.

Eta, hitzaldia amaitzeko, galdera bat egin zuen:

“Zein da filantropiaren botere eraldatzailea goi mailako hezkuntzan? Goi mailako hezkuntzak bizitzak eta gizarteak eraldatzen ditu (…) Gizabanakoen, fundazioen eta korporazioen eskuzabaltasunak izugarrizko balioa du hezkuntza erakundeen gizarte eragina bultzatzeko. Filantropiak, Deusto Arrupe beken bidez, arlo akademikotik haratago doan botere eraldatzailea du. Hezkuntzarako sarbidea errazten du, balio humanistak sustatzen ditu, eta pertsonaren garapen integralean laguntzen du, jakinik pertsona horiek, aldi berean, gizartearen ongizatearen alde lan egiten dutela”.

Azken gogoeta hori Pedro Arruperen erregu ezagunarekin lotu zuen: “besteentzako gizon-emakumeak” heztea. Hain zuzen ere, erregu horrek Jesusen Lagundiko hezkuntza erakundeek gogoeta egitea ekarri zuen, eta gogoeta horren ondorio dira gaur egungo erronkak eta etorkizunari begirakoak.

Jarraian, Almak –Zuzenbideko 4. mailako ikaslea– eta Maria Josék –Industria Antolaketako Ingeniaritzako 3. mailako ikaslea–, Arrupe beken onuradunetako bik, solasaldi bat izan zuten, Riañok moderatuta. Bi ikasleek duintasunaz, esker onaz, erresilientziaz, ilusioaz eta elkarrekikotasun nahiaz hitz egiten zuten. Pandemia garaian, Almaren amak eta aitak lana galdu zuten, eta alabak hasi behar izan zuen lanean, bere ametsa alde batera utzita: Deustun hasiak zituen Zuzenbide ikasketak. Maria Josek bere herrialdea utzi behar izan zuen, 2023ko abuztuan Ortega-Murilloren erregimenak Nikaraguako Erdialdeko Amerikako Unibertsitatea (UCA) bereganatu zuzenean. Arrupe bekei esker, Alma Zuzenbideko gradua amaitzen ari da. María Josék, berriz, hauxe esan nahi izan die entzuleei: “herriko neskato batek ingeniari bihurtzeko aukera izatea lortu duzue”. Biek aitortzen dute ez dutela inoiz ahaztuko norbaitek haiengan sinetsi zuela eta lagundu egin ziela, eta etorkizunean gauza bera egin nahi dute beste pertsona batzuekin.

Amaitzeko, errektoreak hartu zuen hitza.

Adierazi zuen “benetako pribilegioa eta poz handia” dela Arrupe beken programa errealitate bihurtzea ahalbidetu dutenekin egotea, eta azpimarratu zuen “garrantzitsua dela elkarrekin hezkuntza proiektu eraldatzaile bat eraikitzen jarraitzea, Deustuko Unibertsitatearen balioetan eta gure ignaziotar tradizioan sakon errotua”.

Eskerrak eman zizkien emaileei, “hezkuntzaren indarrean, gure gazteen talentuan eta gure gizartea eraldatzeko duten gaitasunean sinesteagatik (…), eta gazte askoren eta haien familien bizitzetan eragin zuzena duen kausa batekin konprometitzeagatik (…); izan ere, ez da ekarpen ekonomiko huts bat, pertsonenganako fedea erakusten duen ekintza bat baizik. Garatzeko behar diren baliabideak eduki ez arren, beren helmugetara iristeko aurrera egiteko talentua, erabakimena eta kemena dituzten gazte horienganako konfiantza erakusten duen ekintza da”.

Gogorarazi zuenez, “ignaziotar tradizioan (…) bada gidatzen gaituen funtsezko balio bat: besteentzako gizon-emakumeak izatea”.

Eta beken hartzaileei zuzendu zitzaien: “proiektu honen muina zarete. Zuen ahalegina, dedikazioa eta konpromisoa dira jaso duzuen laguntzari eman diezaiokezuen erantzunik onena (…). Baina horretan ez geratzeko gonbita egiten dizuet (…). Jaso duguna gizarteari itzultzea da gure egitekoa. Etorkizunean, zuek ere beste batzuei aukerak eman ahal izango dizkiezue, belaunaldi berrientzat aurrera egiteko inspirazio iturri izango zarete”.

Amaitzeko, bertaratutako pertsona guztiei eskatu zien egitasmo horretan laguntzen eta sinesten jarraitzeko; “egin dezagun bidaia elkarrekin, hezteaz gainera, gure gizartea eraldatzea eta gizatiarragoa bihurtzea helburu duen misioarekin konprometitutako pertsonak izanik”.

Loiolako Ignazio Deuna aipatuz eman zion amaiera hitzaldiari: “Ekintzetan jarri behar da maitasuna, hitzetan baino gehiago”.

Helburu honekin bat egin nahi duzu?
Informazio gehiago: