Deustok aldatzen jakin behar du, Deusto izateari utzi gabe

Deustuko Unibertsitatearen 140. urteurrena dela eta, Juan José Etxeberria errektoreak erakundearen historia eta izaera gogoratu dizkigu, alumni komunitatearen zereginari buruz hausnartu du eta Unibertsitatearen etorkizuna baldintzatuko duten erronkei buruzko iritzia eman digu.

140 urtek gauza asko aldatzeko aukera eman dute. Irakasteko modua, ikertzekoa, gizartearekin erlazionatzekoa, baita etorkizuna irudikatzekoa ere. Baina geure buruari zerk iraun behar duen galdetzera ere behartzen gaituzte. Urteurren honetan, Juan José Etxeberria errektorearekin hitz egin dugu Deustoren izaeraz, bere ikasgeletatik igaro direnekiko loturaz eta aurrera begiratzen duen Unibertsitate honen erronkez, beti ere aldatzen jarraitzeko, Deusto izateari utzi gabe.

— Ikasturte honetan Unibertsitateak 140 urte betetzen ditu. Ibilbide horretan, gaur egun Deusto zer den definitzen duen une edo mugarri bat aukeratu behar izango bazenu, zein izango litzateke?

Zaila da 140 urtetan une bakarra aukeratzea. Beharbada, ezaugarri iraunkor bat hautatuko nuke, data zehatz bat baino gehiago: Deustok pertsonak, ez profesionalak soilik, prestatzeko duen borondatea. Gure ikasle guztiek, ikasten dutena ikasten dutela ere, balioei buruzko giza prestakuntza jasotzen dute.

Ikasketak, gizartea, irakasteko modua eta Unibertsitatea bera ere aldatu egin dira, baina hezkuntza ulertzeko modu horrek iraun du. Eta, nire iritziz, horrek nahiko ongi azaltzen du zergatik, 140 urteren buruan, garen horretan gure berezko ezaugarriak antzematen ditugun.

— Zu ere Deustoko ikaslea izan zinen eta gaur bertako errektorea zara. Urte haietaz gogoratzen zarenean, zer geratzen da ikasle hartaz?

Esker onez gogoratzen dut gure unibertsitatean ikasle izan nintzen garaian bizi izandako guztia. Prestakuntza integral sendoa jaso nuen; filosofiako eta teologiako ikasketak sakonak eta zorroztasun akademiko handikoak izan ziren eta, zalantzarik gabe, eragin handia izan zuten nire bizitzan. Maisu bikainak izan nituen, arlo intelektualean gidari izateaz gainera, giza alderdian ere inspirazio iturri izan ziren niretzat. Garai pribilegiatua izan zen harremanak eta adiskidetasuna lantzeko, gaur egun ere maitasunez gordetzen ditut horietako harreman asko.

— Zer aldatu da gutxien Deuston 140 urtean, eta zer aldatu da gehien?

Gutxien aldatu dena, seguruenik, zergatia da. Unibertsitatea gure ignaziotar sustraietatik eta pertsonari eta gizarteari begiratzeko modu jakin batetik ulertzen jarraitzen dugu, gizarteari zerbitzua emateko bokazio argia dugu.

Ia beste guztia aldatu da. Irakasteko modua, ikertzekoa, titulazioak, enpresekin eta erakundeekin ditugun harremanak, nazioartean dugun presentzia… Gizartearekin batera aldatzen ez den unibertsitate batek baliagarri izateari uzteko arriskua du.

Horixe da, hain zuzen ere, erronka: behar den guztia aldatzea, egiten dugunari zentzua ematen diona aldatu gabe.

— 140. urteurrena aitzakiatzat hartuta, nora begira dago Unibertsitatea datozen urteetarako? Zer nahiko zenuke Deustoz esatea hemendik hamar urtera?

Hamar urte barru gustatuko litzaidake esatea Deustok aldatzen jakin izan zuela, Deusto izateari utzi gabe.

Izugarrizko eraldaketak bizitzea egokituko zaigu. Batzuk dagoeneko ikusten ari gara, esate baterako, adimen artifizialarekin, baina ziur gaur egun aurreikusi ezin ditugun beste asko ere etorriko direla. Unibertsitateak haiekin batera aldatu beharko du.

Baina gustatuko litzaidake hamar urte barru Deustora itzuliko litzatekeen norbaitek unibertsitate zorrotza, hurbila eta pertsonengatik kezkatua izaten jarraitzen duela ikustea. Nire ustez, eraldaketaren eta izaeraren arteko oreka hori izango da gure erronka handietako bat.

— Enplegagarritasuna eta lanerako orientazioa dira gaur egun edozein ikasleren kezka handienetako bat. Zer eginkizun du Unibertsitateak bidelaguntza horretan, titulua eskuratzen laguntzeaz gainera?

Ikasle batekin dugun konpromisoa ezin da amaitu azken lana entregatzen edo titulua jasotzen duenean. Gero etorriko denerako prestatzen lagundu behar diogu.

Ideia batek ongi laburbiltzen du gure erantzukizuna: aurrea hartzea bidelaguntza ematea ere bada. Lan merkatuaren aldaketei aurrea hartzea eta ikasle bakoitzari bere lekua aurkitzen laguntzea esan nahi du horrek, baita bere bizitza profesionalean gertu egoten jarraitzea ere.

Izan ere, bidelaguntza ez da lehen enpleguarekin amaitzen. Lan ibilbideak ez dira linealak: lana aldatzen dugu, ardura berriak hartzen ditugu, ezagutzak eguneratu behar ditugu edo, zenbaitetan, gure bidea birplanteatu behar izaten dugu. Eta horretan, Unibertsitateak bidelagun izaten jarrai dezake.

Nahiko nuke gure ikasleek jakitea Deusto haien ondoan egon daitekeela beren lan ibilbidearen lehen urratsetan, eta, era berean, gure alumniek sentitzea Unibertsitatera itzul daitezkeela, behar dutenean.

— Deustok ikasle ohien komunitate zabala du. Nolako balioa ematen dio Unibertsitateak sare horri, eta nolakoa gustatuko litzaizuke izatea sarearen eta erakundearen arteko harremana?

Niretzat, Deustoren indargune handienetako bat bere alumni komunitatea da, zalantzarik gabe. Milaka pertsona dira, belaunaldi, lanbide eta leku oso desberdinetakoak, baina Unibertsitatearekin lotzen dituen esperientzia komuna dutenak.

Eta komunitate horrek izugarrizko balioa dauka. Askotan ikusten dugu hori: alumni bat bere esperientzia ikasleekin partekatzera itzultzen denean, hasten ari den norbaiti bidelaguntza eskaintzen dionean, bere enpresako ateak irekitzen dituenean, topaketa batean parte hartzen duenean edo Unibertsitateko proiektu bat babestea erabakitzen duenean. Edo hemendik milaka kilometrora bizi diren alumniak elkartu eta Deustok haien arteko lotura izaten jarraitzen duela ikusten dutenean.

Gustatuko litzaidake harremanak gero eta estuagoak izatea, bi noranzkoetan. Alegia, Deustok alumniei topo egiteko, ikasteko, partekatzeko eta elkarri laguntzeko espazioak eskaintzen jarraitzea nahiko nuke, eta alumniek sentitzea Unibertsitateko bizitzan parte hartzen eta ekarpen bat egiten jarraitu dezaketela.

— Gero eta Deustoko alumni eta lagun gehiagok erabakitzen dute Arrupe beketan edo beste proiektu batzuetan modu aktiboan inplikatzea. Eskaintzen duten laguntza ekonomikoaz harago, zer esan nahi du zuretzat Unibertsitatean jartzen duten konfiantza horrek?

Niretzat garrantzitsuena ez da ekarpen ekonomikoa bakarrik. Horren atzean dagoen konfiantza da. Norbaitek Arrupe bekak bezalako proiektu bat babestea erabakitzen duenean, Deusto egiten ari den horretan sinesten duela eta horren parte izan nahi duela esaten ari da.

Eta konfiantza hori zaindu egin behar da. Gure emaileekiko harremana ez dugu ulertu behar une jakin bateko zerbait bezala, kanpaina edo dohaintza bati lotua. Epe luzeko harremanak eraiki behar ditugu, gardenak izan, zer egiten ari garen azaldu eta elkarrekin sortzen ari garen eraginaren berri eman.

Arrupe beken adibidean, eragina oso zehatza da: beka bakoitzaren atzean ikasle bat, familia bat eta agian laguntza hori gabe existituko ez litzatekeen aukera bat daude.

Horregatik, emaileez bakarrik hitz egin beharrean, Deuston konfiantza duten eta proiektu jakin batzuk gauzatzen lagundu nahi diguten pertsonen komunitate bat eraikitzen ari garela pentsatzea gustatzen zait. Eta konfiantza hori denboran zehar zaintzea gure ardura da.

— Oso aldaketa azkarrak ari gara bizitzen —adimen artifiziala, lan merkatuaren eraldaketa, ziurgabetasun geopolitikoa—. Zer egin behar du Deusto bezalako unibertsitate batek hain azkar aldatzen den mundu batean lan egingo duten pertsonak egoki prestatzeko?

Inork ez daki zehazki nolakoa izango den mundua hamar urte barru. Eta, ziur aski, ez dakigu zein lanbidetan arituko diren gaur unibertsitatean hasten ari direnak.

Horregatik, gure erantzukizuna ezin da gaur dakiguna irakastera mugatu. Ikasten jarraitzen, egokitzen, galderak egiten eta erabakiak irizpide sendoetan oinarrituta hartzen irakatsi behar diegu.

Adimen artifiziala adibide ona da. Erabili egin behar dugu, noski, baina, aldi berean, zertarako erabiltzen dugun, zer erabaki uzten ditugun haren eskuetan eta zer ondorio dituen galdetzen ere erakutsi behar dugu.

Hain azkar aldatzen den mundu honetan, agian unibertsitate batek eman diezazukeen gauzarik onenetako bat, hain zuzen ere, mundu horretan egoki mugitzeko irizpidea ematea da.

— Gaur egun, unibertsitateak beren eskaintza akademikoan eta ordezkatzen duten horretan oinarrituta ari dira lehiatzen. Deustoren balioak eta izaera oraindik ere unibertsitate hau hautatzeko arrazoietako bat direla uste al duzu?

Baietz esango nuke. Norbaitek unibertsitate bat aukeratzen duenean, jakina, zer ikasi nahi duen aztertzen du, ikasketa plana, lan irteerak… baina uste dut horrekin batera garrantzitsua dela aztertzea non igaroko dituzun zure bizitzako urte oso garrantzitsu batzuk eta nolako prestakuntza jasoko duzun.

Deuston hezkuntza ulertzeko modu jakin bat dugu, gure ignaziotar izaeratik datorrena: pertsona erdigunean jartzea, profesional onak prestatzea, noski, eta, horrekin batera, irizpidea izango duten pertsonak prestatzea, ikasi dutenarekin zer egin nahi duten eta zer izan nahi duten galdetzeko gai izango direnak.

Eta horrek gaur egun ere balio handia duela uste dut. Kontua ez da inori zer pentsatu behar duen esatea, baizik eta bere irizpidea eraikitzen laguntzea.

— Jesuita eta errektorea zara. Zertan nabaritzen da jesuita izatea errektore izateko zure moduan?

Nire lidergo estiloan eragin sakona du izaera jesuitak, eta horrek izateko eta egoteko modu jakin bat dakar. Hainbat jarrera lantzea esan nahi du horrek: bidelaguntza, pertsona zaintzea, Magis etengabe bilatzea, esker ona, ausardia, apaltasuna. Horren guztiaren euskarri dira bereizkuntza eta errealitateari fedearen begietatik begiratzea, eta erronka sozialak, teknologikoak eta intelektualak itxaropenez eta errukiz begiratzera eraman nau horrek, betiere horiei Ebanjeliotik erantzutea bilatuz.

— Amaitzeko: zer esango zenieke aldizkari hau jasotzen duten milaka ikasle ohiei?

Egun batean hemen ikasi zenutenei gauza xume bat esango dizuet: Deustok zuen etxea izaten jarraitzen du. Dagoeneko urteak igaro dira, eta ziur aski asko aldatuko zineten ikasgela hauetatik atera zinetenetik. Baina oraindik urte haietako zerbait gordetzea espero dut.

Gurera itzultzea nahi dugu, parte hartzea eta komunitate honetako kide zaretela sentitzen jarraitzea. Izan ere, Deusto ez dira eraikinak bakarrik, ezta gaur hemen gaudenak ere. Gure ikasgeletatik igaro zareten guztiak ere Deusto zarete, unibertsitate honen zati bat zaudeten lekura eramaten duzue.
Eskerrik asko Deusto izaten jarraitzeagatik.

Gracias por seguir siendo Deusto.