Nikaraguako Ortega eta Murilloren erregimena —2007tik boterean dagoena— Erdialdeko Amerikako herrialdearentzat zalantzazkoa den etorkizunera bideratu da eta, norabide argi gabeko lasterketa ero horretan, Universidad Centro Americana (UCA) eta Jesusen Lagundiko kideekin ankerkeriaz jokatu du. Joan den abuztuaren 10ean bankuko kontu guztiak blokeatu ostean, haien jabetza eta eraikin guztiak konfiskatzeko agindu zuen 15ean, zuzendaritzako kideei “terrorismoa” leporatuz. Lau egun beranduago, poliziak eta justiziak jesuitak beren bizilekutik kanporatu zituzten eta, azkenik, 23an, Nikaraguako gobernuak Jesusen Lagundiaren nortasun juridikoa baliogabetu zuen. Hala ere, abuztuko gertakari larrien ondoren, oraingoz irakaskuntza ertaineko bi ikastetxe eta Fe y Alegriako nazioarteko sarea zuzentzen jarraitzen dute.
2021etik 20 unibertsitate baino gehiago konfiskatu dituzte Nikaraguan —27 iturri batzuen arabera, horietatik 11 2023an—, alderdi politikoak deuseztatu, egunkariak itxi, ehunka GKE desagerrarazi —tartean CARITAS—, aurkari politikoak jazarri; eliza, kultura edo gizarte zirkuluei lotutako agintariak edo pertsonak kartzelaratu edo herrialdetik kanporatu dituzte, nortasun juridikoa baliogabetu dute hiru mila kasu baino gehiagotan… Neurri horiek guztiak demokrazia modernoen jokabideetatik baino diktadura totalitarioen berezko jokabideetatik gertuago daude, disidentzia oro ezabatu eta inolako aukerarik gabe, agintekeriaz baliatu eta instantzia judizial inpartzialen aurrean bidezko defentsa gauzatu ezin izateko.
Nikaraguaren alde egindako otoitz-ekitaldian, irailaren 26an, Deustuko Unibertsitatean (Bilboko campusa), bide telematikoz zuzenean konektatuta, José María Tojeirak (SJ), Jesusen Lagundiaren Erdialdeko Amerikako Probintziako bozeramaileak, aurreko paragrafoan adierazitakoa berretsi zuen. Gaineratu zuenez, UCAren aurkako jazarpena 2018ko maiatzaren 30ean hasi zen. Orduan, ateak ireki eta babes bila zebiltzan milaka ikasle hartu zituen unibertsitateak, agintari polizialek elkarretaratze baketsu bat tiroz sakabanatu ondoren. Elkarretaratze horretan, 15 pertsona hil eta beste 199 zauritu ziren. “Orduan hasi zen jazarpena. Harrezkero, mehatxuak etengabeak izan dira gaurko egoerara iritsi arte”.
Gobernuak, UCA desjabetzeaz gain, Casimiro Sotelo Montenegro Unibertsitate Nazionala izena jarri dio, ikasle mugimendu sandinistaren buruzagi gaztearen omenez. Unibertsitatea oraindik ez da ireki, eta, beste zailtasun batzuen artean, erregimenak erresistentzia handia izan du, bai irakasleen aldetik, bai bertako ikasleen aldetik. Une honetan, 4.000 ikaslek baino gehiagok eskatu dute bere ikasketak birtualki jarraitzeko edo amaitzeko Jesusen Lagundiaren beste unibertsitate batean.
Juan José Etxeberria (SJ) Deustuko Unibertsitateko errektoreak bere adierazpenean adierazi zuen, “IAJUtik (Jesuiten Goi Mailako Unibertsitate eta Zentroen Elkartea, ingelesezko sigletan) asko garela UCAko ikasleak hartzeko mobilizatzen ari garen jesuiten unibertsitateak. Elkartasun-kanpaina abiarazi da, nahitaezko eszedentzian jarri diren irakasleei eta langileei prestazioak ordaindu eta dirua biltzeko. Erdialdeko Amerikako Probintziak ere ikasleei lagundu nahi die beren ikasketak beste erakunde batzuetan baliozkotzen”.
Hona hemen oso-osorik errektorearen adierazpena:
Deustuko Unibertsitatetik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu Jesusen Lagundiaren Erdialdeko Amerikako Probintziari eta Managuan egoitza duen Universidad Centro Americana-ko (UCA) unibertsitateko elkarteari, abuztuan izandako gertakari larrien aurrean.
Kalitate akademiko handiko hezkuntza zerbitzua eta konpromisoa erakutsi ditu UCAk eta hala eskaini izan dizkio 1960tik gaur arte Nikaraguako herriari eta gizarte konpromiso horren fede eman dezakegu, herrialde hartan eta beste latitude batzuetan oso aintzatetsia izan baita. Nikaraguako UCArekin sareko hainbat lankidetza proiektu izan ditugu. Lankidetza hori oso baliotsua izan da beti, eta, orain, hain modu gaitzezgarrian etenda ikusten dugu.
Hargatik, Deustuko Unibertsitatetik honako hau eskatzen dugu:
1. Nikaraguako agintariek hartutako neurri zorrotz, ezusteko eta bidegabeak berehala lehengoratu eta zuzendu daitezela.
2. Bertan behera utz ditzala gobernuak UCAren eta Jesusen Lagundiaren aurkako jarrera justifikaezina eta erasokorra.
3. Egia, justizia eta elkarrizketa nagusi izango dituen irtenbide arrazionala bila ditzala.
Eskertzen dugu UCAko unibertsitateko elkartearen ausardia, entrega eta testigantza. UNIJESek gure ahizpa den unibertsitatearekin eta Jesusen Lagundiaren Erdialdeko Amerikako Probintziarekin duen elkartasuna berresten dugu.
UCA itxi badute ere, Lagundiak baditu Nikaraguan martxan jarraitzen duten beste obra batzuk. Probintziako jesuitek, batez ere, unibertsitatearen itxiera jasan duten ikasle eta irakasleei babesa eman nahi diete.
IAJUtik, asko gara UCAko ikasleak hartzeko mobilizatzen ari garen jesuiten unibertsitateak. Elkartasun-kanpaina bat abiarazi da nahitaezko eszedentzian jarri diren irakasleei eta langileei prestazioak ordaindu eta dirua biltzeko. Erdialdeko Amerikako Probintziak ere ikasleei lagundu nahi die beren ikasketak beste erakunde batzuetan baliozkotzen.
Jesusen Lagundiak giza eskubideekiko duen leialtasunak, gaur ere, ebanjelioaren testigantza ematea ekarri du, jazarpena nagusi den testuinguruan. Otoitz egin dezagun gure anai-arrebek egoera lazgarria fedez eta itxaropenez bizi dezaten.
Azkenik, Deustuko Unibertsitateak bat egiten du Jesusen Lagundiak pertsona guztientzako kalitatezko hezkuntzaren eta Nikaraguako herriaren alde hartutako konpromisoarekin, Jesukristoren Ebanjelioan oinarritua, eta inspirazio horrek gure itxaropenari eusten dio, azken batean, nazio eta nazioarteko elkartasunak Nikaragua eta UCA berrituak sortuko dituela sinetsita.
“Jainkoak du azken hitza historiari buruz, eta Nikaraguari buruz ere izango du.”
Nikaragua: Erdialdeko Amerikako jesuiten adierazpena
Latinoamerikako eta Karibeko Jesuiten Probintzien Konferentziaren (CPAL) jakinarazpena, 2023-08-16
Denok gara UCA Nikaragua adierazpena
Latinoamerikan Jesusen Lagundiaren esku utzitako Unibertsitateen Elkartearen (AUSJAL) adierazpena, 2023-08-19
Irudi guztiak: CPALek adeitasunez lagatakoak