Foroan parte hartu zuten mila ikasle eta ikasle ohi inguruk, batez ere azken hiru promozioetakoek, sektore guztietako enpresek argitaratutako 503 lan eskaintzetako bat aukeratu ahal izan zuten
100 enpresa baino gehiago talentu bila aritu dira Deustuko Unibertsitateko XVII. Enplegu eta Ekintzailetza Foroan
Otsailaren 23an eta 24an, Deustuko Unibertsitateak Enplegu eta Ekintzailetza Foroaren XVII. edizioa ospatu zuen, talentu onena gizartera transferitzeko eta ikasleei eta ikasle ohiei aukera profesional onenak eskaintzeko, lankidetzan diharduen 116 enpresaren kontratazio beharrak asetzeko konpromisoa berretsiz.
Enplegu eta Ekintzailetza Foroa kontratazioa eta sare-lana aurrez aurre eta online egiteko espazio bat da, enpresen, ikasleen eta tituludunen arteko topagune gisa funtzionatzen duena. Foroan hitzaldiak, topaketak, tailerrak izaten dira, denak ere enplegagarritasunari buruzkoak. Marka pertsonalean, sare-lanean eta sektore ezberdinetako enpresen giza baliabideetan aditu direnek parte hartzen dute, Deustuko Unibertsitateak eskaintzen dituen titulazioen ezagutza-arlo guztiak barruan hartuta.
Foroa aurrez aurreko gosari batekin hasi zen Deustuko Unibertsitateko CRAI Liburutegian (Ikaskuntza eta Ikerketarako Baliabideen Zentroa). Bertan hartu zuten parte Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta Xavier Otxandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak. Ekitaldiaren premia eta egokitasuna nabarmendu zuten biek, eta euren erakundeek gazteen enpleguarekiko, ekintzaile espirituarekiko eta Bilbon gazteen egungo eta etorkizuneko presentzia bermatzearekiko interesa eta konpromisoa nabarmendu zuten. Horrez gain, inaugurazioan izan ziren laurogeita hamar pertsona baino gehiagori, gizarteko ordezkariei, parte hartu zuten enpresa eta erakundeei eta ekitaldiko babesleei (Lanbide, Eusko Jaurlaritza, EURES, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, BBK Fundazioa eta Cadena SER, Radio Bilbao) ongietorria eta eskerrak eman zizkieten.
Deusturentzat, “gazteen laneratzea da lehentasuna” eta, horregatik, urtero tituludunak lan munduan txertatzea errazteko jarduerak sustatzen dira. José María Guibert errektorearen iritziz, unibertsitateko irakaskuntzaren balioa oinarrizkoa da eta datuek hala erakusten dute: «Lau urteren ondoren, enpleguaren, soldataren eta progresioaren datuak hobeak dira unibertsitateko prestakuntzan lanbide heziketan baino». Unibertsitatera sartzea “pribilegio bat eta zorte handia” dela azpimarratu zuen bertaratzen direnentzat eta “baita erantzukizuna ere horretan dihardugunontzat”. «Ekonomiaren motorrak funtzionatu dezan ezinbestekoa da talentu gaztearen presentzia», adierazi zuen errektoreak.
Xabier Ochandianok, bere aldetik, gazteen azken inkestaren datuak ekarri zituen gogora. Bilboko “lau gaztetik hiruk” “bertan ikusten dute euren burua lanean etorkizunean”. Hitzaldiaren amaieran, mezu argia helarazi zien Hiriko ikasleei: «Bilbon maite zaituztegu eta behar zaituztegu. Hiriak etorkizuna du jokoan; unibertsitate-hiri izateaz gain, erakargarria izan behar du gazteentzat».
Agurraren ondoren, mahai-inguru bat izan zen: “Unibertsitateko gazteen enplegua lan erreforma berrian“, eta bertan hartu zuten parte Virginia Mugica Confebaskeko Lege eta Lan Harremanetarako Saileko zuzendariak, Javier Ramos Lanbideko Bulego Teknikoko buruak, eta Tomas Arrieta Euskadiko Lan Harremanen Kontseiluko presidenteak. Moderatzaile lanetan Jose Luis del Val aritu zen, Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Gizarte Eragileekiko Harremanetarako Unitateko zuzendaria.
Aldi baterako enpleguari amaiera ematen saiatu da lan erreforma berria, hizlarien ustez. Hori izan da erronketariko bat. Aldi baterako kontratuak mugatu eta ez bultzatzea, kontratu mugagabeak sustatzea edo indarrean dauden prestakuntza kontratuak berregokitzea dira legeak jasotzen dituen neurrietako batzuk. Horrez gain, gazteek lan merkatuan sartzeko dituzten arazoak konpontzen lagundu nahi du; izan ere, «gaur egun lan-merkatuan sartzea asko hobetu daiteke».
Aditu horien iritziz, hezkuntza munduaren eta enpresen artean doikuntza falta dago, elkarrizketa gehiagoarekin konpontzen saiatu behar dena, lan-merkaturako trantsizioa bultzatuz eta, gainera, baldintza berdinetan, kontraturik okerrenak izaten dituztenen, oro har, gazteen mesedetan. Konturatu behar dugu gazte gutxi dagoela eta gero eta gutxiago izango direla. Horregatik, ezinbestekoa da pertsona horiek enpresek behar dutenari «lotuta» egotea. Une honetan, kontratu duala ‘gakoa’ da. Era berean, negoziazio kolektiboan eta elkarrizketa sozialean politika aktiboak sartzea proposatzen dute.
Enplegu foro birtualak enpresei ikusgarritasuna ematea ere esan nahi du, ikasleek eta tituludunek alternatiba profesional gehiago ezagutu ditzaten. Deustuko Unibertsitateak duela 18 urte ekin zion Foroaren lehen edizioari. 2020ko Enplegu Foroa eten egin behar izan zen, mundu mailako pandemiaren ondorioz, ospatu baino egun batzuk lehenago.
Nahiz eta, aurrekoetan bezala, ekitaldia euskal gizarte osoari irekia izan, Foroan parte hartu zuten mila ikasle eta ikasle ohi inguru batez ere azken hiru promozioetakoak izan ziren eta bertan argitaratutako sektore guztietako enpresetako 503 lan-eskaintzetakoren batera aurkeztu ahal izan ziren.
Unibertsitatearen eta enpresaren mundua elkarrengana hurbiltzea da foro honen helburu nagusietako bat. Sareko jarduerez gain, aurrez aurreko topaketak antolatu ziren enpresa munduarekin eta unibertsitatearekin. Aurtengo edizioan, 61 jarduera egin ziren. Aurrez aurrekora itzultzeak sare-lana egiteko aukera errazten du.
Parte hartzaileek 5.368 bisita birtual egin zituzten standetan eta enpresek argitaratako 503 eskaintzatan izena emateko aukera izan zuten eta 932 eskaera egin zituzten. Sofia Arruti Muñoz Zuzenbideko Graduko 4. maila ari da ikasten: “Aukeraketa prozesuen eta enpresaren funtzionamenduaren eta kulturaren ikuspegi pribilegiatua eskaintzen digu foroak, eta hori ere oso baliagarria da zure profila enpresa desberdinetan nola egokitzen den argitzeko. Lehian abantaila eman diezazukeen tresna da». Aurten, enpresek online aurkezpenak antolatu zituzten eta bideo-txat bidez komunikatu ahal izan ziren parte-hartzaileekin. Kontratatzaileek pantailaren beste aldean egon arren ikasle eta graduatuekiko hurbiltasun hori nabarmendu dute.