Giza Baliabideetako Masterra. Joane Barberena Esteban (17. prom.), Maider Barrondo Aretxaga (09. prom.) eta Laura Ruiz Eguino (14. prom.)
Gure ekonomia eta lan merkatua eraldaketa bizian sartuta egon dira XXI. mendeko lehenengo hogei urteetan, baina horiei gehitu behar izan zaie pandemiaren ondorioz izan dituzten aldaketa sakonak.
Talentua bilatu eta lan merkatuan sartzeko arduratzen direnen leihora hurbildu nahian, Deustuko Unibertsitateko Alumnien arteko hiru emakumeri iritzia emateko eskatu diegu. Hirurak oso esparru desberdinetan ari dira: nazioartean, tokikoan eta sektorekoan. Maider Barrondo Aretxaga, Laura Ruiz Eguino eta Joane Barberena Esteban ditugu.
Eskerrik asko hirurei beren ekarpenengatik!
MAIDER BARRONDO ARETXAGA
Koch Global Business Services: besteak beste, Guardian Industries-en jabea den taldea. Nazioarteko esparrukoa da, munduko 70 herrialdetan dago eta 122.000 pertsona baino gehiagoko langile-taldea du, enpresa-aholkularitza profesional, zientifiko eta teknikoko zerbitzuetan diharduena.
Zer trebetasun ari dira enpresak bilatzen kontratazio berriak egiteko?
Aztoramen eta aldaketa handiko garaia da gaur egungoa, asko ez bezalakoa. Etorkizunean mundu mailako krisi historikoen artean aztertuko diren egoerak bizi izan ditugu. Eta krisi guztietan bezala, gure ikuspegi eta buruko eskemetan aldaketa sakonak dakartza berarekin. Aldaketak denoi eragiten digu, baina enpresetara ekarrita, gaitasun likido iraunkorretara begirako ikuspegia dakar.
Teknologia bilakaera geldiezina gure lan egiteko eran islatzen da, etengabe, baita enpresak etorkizunera egokitzeko eran ere. Hori dela eta, gero eta garrantzitsuagoa da etengabeko prestakuntza, etengabe ikasten jarraitzea eta gure enplegatuek, helburu gisa, etengabe aldatzeko erraztasuna izatea eta beharrizanetara ia berehala egokitzea.
Horregatik, malgutasuna, egokitzeko gaitasuna eta etengabe ikasteko gaitasuna dira etorkizuneko enplegatuaren ezaugarriak eta enpresek bilatzen dutena, inoiz baino gehiago. Gaitasun ugari dituztenek izango dute prozesuetan irabazten ateratzeko aukera gehiago. Horretan fokalizatu eta trebatu behar da, hori da indartu beharrekoa.
Zer arlo sendo aurkitzen dituzu Deustuko Unibertsitatetik jasotzen dituzun hautagaietan?
Deustuko Unibertsitatea beti nabarmendu izan da gaitasun bigunak edo soft-skills delakoak sustatzen dituelako, funtsezkoak bizi garen garaian.
Gure taldean beti preziatu izan gara jarrera bilatu dugulako gure hautaketetan, gaitasuna baino gehiago, eta uste dut hori dela Deustutik datozen hautagaietan aurkitzen duguna hautaketetan.
Eta hobetu beharrekorik?
Unibertsitateak etengabeko ahalegina egiten dute enpresen inguru hurbilean kokatzeko, baina, zoritxarrez, ahalegin horiek ez dira beti errazak edo ez dute beti emaitza onik. Prestakuntza dual edo praktiken ikuspegiei buruzko ideiak lagungarri dira arlo horretan, baina tamalez, hautagai oso juniorrez eta esperientziarik gabeez hitz egiten dugunean, sarritan enpresen errealitatetik deskonektatuta dauden pertsonak aurkitzen ditugu eta horiei, beste ezer baino lehen “lan egiten irakatsi behar zaie”, eta hori oztopo garrantzizkoa da berehalakotasunaren garai honetan.
Zer balio ematen diozu Deusto Alumnik eskaintzen duen Bitartekaritza Zerbitzuari langileen bilatzaile lanean?
Aspaldian ez dut zuzenean eta aktiboki lan egin langileak bilatzeko lanetan, baina ziur nago gure langile bilatzaile askorentzat, beste garai baten niretzat izan zen bezala, laguntza handia dela gure prozesuetan harremanetarako eta laguntzarako bestelako kanalak ere izatea. Deustuko Unibertsitatea aitzindaria da halako batzuetan.
Zure ustez, zer alderdi hobetu litezke (edo hobetu beharko lirateke)?
Prozesu guztietan bezala, proaktibotasuna beti da ideia ona, ez bakarrik erreaktibotasuna, gertatzen diren egoerak hobetzeko. Unibertsitatea Enpresara gehiago hurbiltzea ona litzateke, burutuko diren prozesuetan egon daitezkeen beharrizanak eta aldaketak aurreikusteko; aurretiazko plangintza laguntza handia izango litzateke halako kasuetan.
LAURA RUIZ EGUINO
Ferruelo & Velasco: Antolaketa eta Pertsonen aholkularitza.
Zer trebetasun ari dira enpresak bilatzen kontratazio berriak egiteko orduan?
Hain lan-mundu aldakorrean balio handia ematen zaio tituludun berriak bizitzea tokatzen zaien inguruarekin sintonian egotea; pertsona malguak, egokitzen dakitenak, aldaketetarako aldez aurretiko joera eta jarrera izatea, baita elkarlanean aritzearekin lotutako gaitasunak izatea ere.
Horiekin batera, jakin-mina, ideia berriak, freskoak, sortzaileak bilatzea bezalako ezaugarriek aldea markatzen dute antzerako profil akademikoen artean erabaki behar bada.
Zer arlo sendo aurkitzen dituzu Deustuko Unibertsitatetik jasotzen dituzun hautagaietan?
Ezagutza mailako prestakuntzaz gain (oro har, amaierako ezagutza maila nahiko ona da beste unibertsitate batzuetakoarekin konparatuta), gaitasun batzuk garatzen dira eta hor ikusten da benetako aldea. Gainera, beste balio batzuk lantzen dira, adiskidetasuna, errespetua, tolerantzia bezalakoak, behar-beharrezkoak diziplina edo kultura ugariko lan-taldeak osatzeko orduan.
Eta hobetu beharrekorik?
Titulazio batzuetan, irakasgaiei esleitutako kredituak asko dira eta gutxi geratzen dira curriculumaren barruko praktika zabalagoetarako eta eduki interesgarriagoetarako. Batzuetan iruditzen zaigu ez dituztela ezagutzen karrerek edo titulazioek zelako lan irteerak eskaintzen dizkieten.
Zer balio ematen diozu Deusto Alumnik eskaintzen duen Bitartekaritza Zerbitzuari langileen bilatzaile lanean?
Oro har, balio handia ematen diogu entzuteari, laguntzeko prestasunari, gure beharrizanak ulertzeari, baita ikasleak eta enpresak harremanetan jartzeko sortzen dituen foroak ere.
Halaber, uste dugu, orientazio tailerrak ere oso baliotsuak direla, lan-merkatuan sartzeko laguntza ematen baitiete.
Zure ustez, zer alderdi hobetu litezke (edo hobetu beharko lirateke)?
Agian, interesgarria izango litzateke ikasleak eta tituludunak taldeka, esperientzia urteen arabera, rolen arabera sailkatzea eta komunikazio bereziak bidaltzea; adibidez, lan aukerak partekatu nahi direnean.
Zer iruditzen zaizu Deustuko Unibertsitateko Enpresen Ataria?
Oro har, oso baliagarria dela uste dugu. Ahalegin handia egiten ari da hobetzeko eta praktikoagoa eta funtzionalagoa izan dadin, bai ikasleentzat eta bai enpresentzat.
JOANE BARBERENA ESTEBAN
EDUCSI Iparraldea: Hezkuntza. Jesusen Lagundiko iparraldeko ikastetxeak.
Zer trebetasun ari dira enpresak bilatzen kontratazio berriak egiteko?
Pertsona kontzienteak, trebeak, errukiorrak eta konprometituak nahi ditugu (Kolvenbach), besteentzako eta besteekiko gizon-emakumeak (Arrupe).
Alde batetik, lanbidean pertsona trebeak nahi ditugu, haien lanerako beharrezko ezagutzak dituztenak. Bestetik, gaitasun pertsonal jakin batzuk izan behar dituzte. Hezkuntzan ezinbestekoa da gure hezkuntza komunitatea osatzen dutenak ondo komunikatzeko gai izatea, komunitate hori osatzen dugun eragileen arabera erregistroa egokitzeko gai direnak. Gure ikasleen artean sustatzen ahalegintzen garen beste gaitasun bat taldean elkarrekin lan egitea da. Hortaz, hezitzaileok jarduteko modu horren isla izan behar dugu, eguneroko lanean elkarrekin eta elkarlanean aritzearen eredu. Horri gehitu behar zaio enpatizatzeko gaitasuna eta gure ikasleei, familiei eta hezkuntza komunitateari eskaini beharreko arreta pertsonala. Azkenik, beren burua eta errealitatea sakon ezagutzen duten pertsonak nahi ditugu, besteen zerbitzura daudenak eta inguruan gertatzen denarekiko sentikorrak. Azken batean, beren buruaz eta inguruaz arduratzen diren pertsonak behar ditugu, gizartea senide artekoagoa eta bidezkoagoa izateko eraldaketan konprometituak.
Zer arlo sendo aurkitzen dituzu Deustuko Unibertsitatetik jasotzen dituzun hautagaietan?
Gure hezkuntza komunitateko partaide izateko hautagaitza aurkezten duten DUko tituludunek taldean lan egiteko eta IKTen erabilerarako trebetasunak jaso dituzte unibertsitateko ibilbidean. Bi trebetasunak dira beharrezkoak hezkuntzako zereginean. Gainera, askok Deustuko Unibertsitatea beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera izan dute, unibertsitateko bizitzan fede eta elkartasun ikuspegitik parte hartuz, Jesusen Lagundiaren obren misiora eta espiritualtasunera hurbilduta.
Eta hobetu beharrekorik?
Ez lirateke arlo ahulak berez, baizik eta enpresek, kasu honetan ikastetxeek, gure proiektuetara biltzen direnekin dugun erantzukizuna. Gure identitatea eta jokabidea osatzen duten balioak aurkezteko konpromisoa hartzen dugu eta, horretarako, zabaltasuna behar da, ikasteko jarrera eta geure burua ebaluatzeko jarrera izatea bizitza osoan zehar.
Zer balio ematen diozu Deusto Alumnik eskaintzen duen Bitartekaritza Zerbitzuari langileak bilatzeko lanean?
Bitartekaritza Zerbitzua da gure ikastetxeetarako behar ditugun profil akademikoak eta hizkuntzakoak betetzen dituztenengana heltzeko, pertsona horiengana heltzeko zubi lana egiten duena eta bidea errazten duena; bestela, ez genituzke ezagutuko.
Zure ustez, zer alderdi hobetu litezke (edo hobetu beharko lirateke)?
Enplegu emaileok erantzunkide gara Deustuko Unibertsitatearekin eta Unibertsitatearentzat, baita ikasleekin eta ikasleentzat. Horregatik, uste dugu zerbitzua etengabe mugimenduan mantendu behar dela, enplegu eskaintzen berri eman eta egunean-egunean dauden beharrizanak partekatu behar direla, arlo horien hazkuntza eta etorkizuneko harremanak sustatzeko.
Zer iruditzen zaizu Deustuko Unibertsitateko Enpresen Ataria?
DUko Enpresen Atariak laguntza handia ematen du eta enplegu eskaintzak oso erraz eta arin sortzeko, baliozkotzeko eta argitaratzeko modua ematen digu. Atari horri esker, gure hezkuntza proiektuarekin bat egiteko interesa dutenengana heldu gaitezke eta bizi dugun errealitatea hobetu, haur hezkuntzatik hasi eta lanbide Heziketara, lehen hezkuntza, bigarrena eta batxilergoa ahaztu gabe.
Azaleko argazkia: Chase Clark en Unsplash.