Skip to main content

Adrián Arenas Álvarez

“Ez dago aztarnategi galdurik, ez altxor ezkuturik, ez mito lurperaturik, orain arte aurkitu edo ikertu ez dena baizik. Ikasketa sakona eta ikerketa ditugu; hala eta guztiz ere, aurkikuntza arkeologikorik garrantzitsuenak ezustekoak izaten dira”.

Historiako Lizentziaturako ikasketak amaitu eta aztarnategi galduaren bila joan zinen. Noiz konturatu zinen arkeologia zela gogokoen zenuena?

Eskolan nengoenetik, aparteko interesa nuen Historiarekiko, baita Arkeologiarekiko ere. Unibertsitateko ikasketetan, obsesio hori hazi eta hazi egin zen. Horregatik, Bilbon ikasketak amaitu ondoren, Madrilera joatea erabaki nuen, gustuko nuena ikastera.

Hala ere, lanbide idealizatua bezain estimurik gabea da eta hala ulertu behar da. Jenderik gehienak ez du arkeologo baten benetako zeregina ezagutzen. Hori dela eta, lanaren ideia okerra izaten da eta, sarritan, ez da balioesten edo kritikatu egiten da egiten dena. Hargatik daude, gaur egun, arkeologia eta ondarea sozializatzera bideratutako hainbeste proiektu. Industria normalizatzeko saioa egiten ari gara, jendeak arkeologia-lanaren errealitatea ulertu dezan.

Horretarako, uneren batean txoratu gaituzten Hollywood-eko mito batzuk edo nobela historiko batzuk atzean utzi beharko genituzke. Ez dago aztarnategi galdurik, ez altxor ezkuturik, ez mito lurperaturik, orain arte aurkitu edo ikertu ez dena baizik. Ikasketa sakona eta ikerketa ditugu; hala eta guztiz ere, aurkikuntza arkeologikorik garrantzitsuenak ezustekoak izaten dira Arkeologoak eskura dituen baliabide urriak erabiltzen ditu,  errealitatetik ahalik eta hurbilen eta egokien egongo den berreraikuntza historikora hurbilduko duten erantzunak aurkitzeko. Eta horretarako beste diziplina eta metodologia zientifiko batzuetan oinarritzen da, azken interpretazioan lagungarri izan dakizkion.

Cácereseko Malpartidan, Ponpeian, Madrilen eta Gironan esperientziak izan ondoren, Mexikora egin zenuen jauzi, azkenik, bost urteren ondoren, Erresuma Batuan amaitzeko. Kontatuko zeniguke ibilbide horretako zerbait?

Batez ere, laneko aukerak eta neure nahiak kontuan hartuta mugitu naiz. Arkeologiarena mundu zaila izan daiteke, lanbideko aukera handirik ez duena; lanik handiena boluntarioen laguntzaz egiten da eta boluntario horiek unibertsitate mundura daude lotuta.

Jakina, lanbideko momenturik onenak ere eman dizkit, baita pertsonalak eta bizipen mailakoak ere: Ponpeian, mundu mailan aztarnategirik ezagun eta zoragarrienean lagundu ahal izatea; nire zaletasunik handiena, urpeko igeriketa, eta lanbideko karrera bateratu ahal izatea eta Gironako kostaldean bi mila urte baino gehiagoko ontzi hondoratu baten indusketan aritzea.

Baina Mexikoko esperientzia izan zen, seguru asko, onena: arkeologia interesgarri eta erakargarriena dagoen tokia da eta une hartako arkeologia eta historia aldizkaririk aktiboenetarako lan egin ahal izan nuen.

Erresuma Batuko esperientzian, berriz, egonkortasun handiagoa aurkitu dut, etorkizunerako aukera gehiago aurkitu ditut eta erosoen bertan sentitu naiz.

Kontatuko zeniguke Erresuma Batuan daramatzazun lau urteetan landu duzun proiektuetakoren bat?

Erresuma Batuak arkeologiako industriarik indartsuena du mundu mailan. Oso azpiegitura sendoa garatu du eraikuntzari lotua, edozein lan mota egingo den lurretan ikuskaritza egitea eskatzen duena. Arkeologia Prebentibo edo Premiazko izenez ezagutzen da. Hemen “Commercial Archaeology” esaten diote. Gobernuak eta sustatzaile pribatuek egiten duten inbertsioari esker, beste herrialde batzuetan baino baliabide gehiago dago eta, ondorioz, lan eskaintza handiagoa da. Europa eta mundu osoko arkeologoak biltzen gara hemen helburu berdina buruan dugula: bizimodua ateratzeko gai izatea, gustatzen zaiguna eginez.

Normalean, lana lurrean ebaluazio txikiak egitea izaten da, interes arkeologikoa ebaluatzeko, edo indusketa txikiak egitea, garrantzi handirik gabeak, arkeologiatik kanpoko mundurako. Hala ere, beharrezkoak dira herrialde baten ondarea eta kultura salbatzen laguntzeko.

Horrek ez du esan nahi sarritan mundu hau zergatik maite duzun eta zergatik erabaki zenuen horretan jardutea gogorarazten dizkiguten gauzak ikusteko aukerarik ez duzunik. Nire kasuan, “bitxi” hauek pasatu dira nire begien aurretik: neolito garaiko “trackway” bat, duela 5000 urte baino gehiagoko egurra oso egoera onean duena; erromatar “villa” bat, hormetan pintura eta lurrean mosaikoak dituena; edo armadak herrialdea konkistatzen aurrera egiteko erabili zuen galtzada bat; Erdi Aroko gaztelu baten putzua, jendeak bertara botatzen zituen hondakinez beterik; edo eguzki-erloju zoragarri bat eta ezagutzen ez zen “Manor” tipiko bateko behatoki bat, Ingalaterrako landazabalean, Jane Austin edo Downton Abbey estilora.

Zer aholkatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko ikasle ohiei, lanbideko karrerari aurre egiteko orduan, haiena ez den herrialde batean egitearen inguruan?

Inguru erosotik, gehienek beldurrez utzi nahi ez duten segurtasun ingurutik urrunduko zaituen esperientzia oro, maila profesionalean eta pertsonalean hazteko faktorerik garrantzitsuena da, zalantzarik gabe. Denboraldi labur baterako bada ere berdin. Nik denei gomendatuko nieke egitea.

Ezagutzen ez dituzun edo kontrolatzen ez dituzun egoerei aurre egin beharrari, sarritan, bakarrik egotea eta babesik ez izatea gehitzen badizkiozu, gogortu egingo zara, konfiantza sendotu eta heltzen lagunduko dizu. Eta arlo profesionalera eramaten baduzu, hori guztia nabarmendu egiten da. Horrela konturatzen zara zer egin eta lortu dezakezun, horretan ahalegintzen bazara. Eta horri kultura talka edo hizkuntza gehitzen badizkiozu, erronka are eta handiagoa da. Zenbat eta handiagoa izan erronka, handiagoa izango da balentria, pertsona moduan izango duzun poza, baita saria ere.

Ikasketak amaitzean, gradudunek oraindik atzerrian lanbideko karrera egiteko interesa badute edo, seguru ez badaude ere, aukera bat eman nahi badiote beren buruari eta denbora epe labur baterako esperientzia probatu nahi badute, nire gomendioa izango litzateke gobernuak horretarako eskaintzen dituen beketako bat eskatzeko aukera ez galtzea. Curriculumean distira egiteaz gain, trebetasun berriak garatzen, jendea ezagutzen eta hizkuntza maila hobetzen lagunduko dizu. Baina, denen gainetik, sekula ahaztuko ez duzun bizi esperientzia bat izango duzu.

Eskerrak ematen dizkizugu Alumni Time aldizkariaren zenbaki honetan parte hartzeagatik. Bukatzeko, esango zeniguke zer oroitzapen dituzun Deustuko Unibertsitateko ikasle izan zinen garaiaz?

Uste dut, jenderik gehienaren kasuan bezala, bizitzako etaparik onenetarikoa izan zela. Dibertigarria, zirraragarria, interesgarria eta sufritua ere bai, unibertsitateko edozein karrerak ditu sufrimendu eta estres uneak; baina emaitzak eta etorkizuneko aukerek merezi dute.

Jakina, jendearekin batzen zaitu, eta, seguru asko, bihotzean dudan oroitzapenik onena da: nire lagun koadrila, faltan botatzen dudana. Hainbeste gauza bizi izan ditut haiekin, berdin da zenbat denbora pasatzen den, berriro elkartzean denborarik ez dela pasatu sentitzen duzu. Broma eta kontakizun berberak, behin eta berriro gogoratzen dituzu eta inoiz ez dira nekagarri suertatzen. Detaile txiki horiek bihurtzen dute unibertsitateko bizitza berezi.