… “moldaerraza izan behar da eta egoera berrietara egiten jakin. Gaur egun, lan arloan gehien baloratzen den trebetasunetako bat da. Hortaz, moldatu beharra dugu datorkigunera eta borroka egin, nahi duguna lortzeko.”
Global Trainig (2019) nazioarteko lanbideko praktika programaren zortzigarren edizioan, 400 bekadunetako bat izan zen June eta Huaraz-era joatea tokatu zitzaion, Perura. Azaroko gure aldizkariko zenbakian –2019ko abenduan argitaratu genuen irteteko zorian zegoela egin genion elkarrizketa–. Orduko hartan, itxaropenei, kezka, ziurtagabetasun, urduritasun eta ilusioei buruz hitz egin zigun. 2020ko otsailaren 23an joan zen Perura, praktikak martxoaren 2an hasteko. Hil horren 14an, Espainiako Gobernuak alarma egoera aldarrikatu zuen. Pandemia planeta mailako errealitatea zen.
2020ko otsailaren amaieran etxetik irtetean, Perura bidaiatzeko zeundela, zure kezkak, zalantzak eta ziurgabetasunak ilusioarekin bateratzen ziren, zerbait berria hasteko zeundelako, beste abentura bat. Zutaz aparte, beste hiru pertsona joan ziren. Zelan eragin zion zuen proiektuari pandemia lehertzeak? Zelan egin zenioten aurre egoerari?
Egia esan, Huaraz-era heldu eta denbora gutxira lehertu zen dena. Loiuko aireportutik irten ginen COVID-19a ez zela Perura helduko pentsatuz, baina oker genbiltzan. Otsailaren 24an lur hartu genuen eta martxoaren 2an hasi ginen proiektuan lan egiten. Zoritxarrez, alarma egoera martxoaren 16an hasi zen; beraz, bi aste presentzial baino ez genituen izan eskola alternatiboan. Zorionez, era telematikoan lan egin ahal izan genuen ikasleekin. Azken batean, eskola txiki bat izateko, gelak oso murritzak ziren eta horrek erraztu egiten zuen komunikazioa eta ikaskuntza. Gainera, gu geu ginen saioetarako materialak sortzen genituenak eta klaseak praktikoagoak egiteko modua izan genuen, testu libururik jarraitu gabe. Egia da ikasleek ikasteko gogoa zutela eta horrek ere errazten zituela dinamikak. Hortaz, aurrera egin ahal izan genuen proiektuarekin, baina ez aurretiaz pentsatuta genituen baldintzetan; moldatu beharra izan genuen.
Gainera, ekainean egun batzuetako irteerak egiten hasi ginen mendira. Horrek pandemia egoeratik deskonektatzen laguntzen zigun. Imajinatu ezazu, 4.000 m-ko altueran egotea, mugikorreko estaldurarik gabe eta naturen erdian; hobe zen hori etxean itxita egotea baino. Jende zoragarria ezagutzeko parada izan genuen eta Huaraz ingurua ezagutu ahal izan genuen haiekin: bertako mendiak, aintzirak, harkaitz gaineko eskalada. Esperientzia imajinatu ezinak izan genituen mundu mailako pandemiaren erdian. Adibidez, Peruko iparraldera joan ginen, kostaldera, oporretan eskolako ikasturtearen erdian.
Gure Partzuergoko 60 bekadunetako batek baino ezin izan zuen nazioarteko esperientzia izan, eta zortzik bekak bertan behera utzi behar izan zituzten, helmugan lau hilabete baino gutxiago eman ondoren. Hogeita bost Euskadira itzuli ziren, baina praktikak egiten jarraitu ahal izan zuten telelanean. Hogeita sei zuen helmugetan geratu zineten bekaren amaierara arte. Kontatuko zeniguke zelan bizi izan dituzuen zuen praktikak ohiz kanpoko egoera horretan? Zelakoa zen Huaraz-eko egoera epidemiologikoa?
Praktikak gogotsu bizi izan genituen, egoera ohiz kanpokoa bazen ere, gutariko inor ere lanik egin gabea zelako eskola alternatibo batean eta materialak sortzeko aukera genuelako, ikasleen eskaeren arabera. Gutariko bakoitza etapa bateko laguntzailea zen. Ni neu, lehen hezkuntzako 8 eta 11 urte bitarteko neska-mutilen laguntzailea nintzen. Gainera, elkarrekin bizi ginen eta horrek nabarmen aberastu zuen gure esperientzia, denok genekielako zelan egiten zuen besteak lan eta elkarri lagundu eta ikasteko modua genuen.
Egoera epidemiologikoa Huaraz-en negargarria zen. Bizi baldintzak ez dira Euskal Herrian bezalakoak. Hango jendeak, oro har, gure inguruan ez zeukan aurrezkirik. Hori dela eta, ezin ziren etxean gelditu lanik egin gabe, kalera atera behar ziren eta kutsatzeko arriskuan jarri behar zuten beren burua. Ez ziren Peruko Gobernuak hartutako neurriak errespetatzen eta osasunari zegokionez, ez zegoen baliabiderik kutsatuta zeuden guztientzat. Medikuntzarako oxigeno botilak behar ziren ospitale askotan eta pandemiak heriotza ugari utzi zuen Huaraz-en egon ginen denboran, Egunkarian duela egun batzuk irakurri nuen albiste bat azpimarratu beharra dago: “Peruk, COVID-19a dela eta, munduko heriotza tasarik altuena du, hildakoen kopuruak aztertu ondoren”. Herrialdea osasun arloko, ekonomiako eta gizarte mailako aspaldiko krisirik larriena bizitzen ari da eta herritar askoren bizi baldintzak ez dira onenak.
Zalantzarik gabe, ez zen erraza izango. Pentsatzen dugu eta espero dugu gauza positiboak ere egon izana. Kontatuko zeniguke une latzetakoren bat eta hilabeteotan jasotako ikaskuntzetariko bat.
Nire kasuan, martxoaren amaieran itzultzeko zorian egon nintzen, egoerak ikaragarri okerrera egin zuelako herrialdean, eta gogorra zen familiagandik urrun egotea halako egoera batean. Saiatu nintzen baina ezinezkoa izan zen, Peruko herri guztietan itxiera perimetralak zeuden eta ezin zinen irten, kontrolak zeuden pauso bat eman orduko. Jende asko sorterriratu bazuten ere, ezina zen Limara iristea Huaraz-etik. Pentsatu nuen han gelditzeko seinale bat zela. Halakoetan asko sinesten dut eta, senideekin eta lankideekin hitz egin ondoren, esperientziarekin jarraitzea erabaki nuen.
Ikasitako esperientziei dagokienez, asko izan direla esan nezake. Maila profesionalean, irakaskuntzako lehenengo esperientzia izan da, horrek dakarren guztiarekin. Oso esperientzia positiboa izan da, baina batez ere ikasitakoekin geratzen naiz arlo pertsonalean: zelan egin aurre pandemia bezalako egoerei etxetik urrun egonda, beldurrei, ziurgabetasunari, etab. Eta bestetik, emozio horiek kontrolatzen jakitea, Gainera, ondo zaindu dugu elkar, erantzukizun afektiboa geneukan eta asko lagundu digu bizikidetzan.
Itxaroten ez dituzun eta konplexuak diren egoerei aurre egitea, zorionez, ez da maizegi gertatzen. Borroka egin eta halako egoeratik onik ateratzea zortea eta merezimendua da. Zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei antzerako egoera batean beren burua aurkituz gero prestatzeko?
Lehenengo esango nieke, lasai egoten saiatzeko. Global Training bezalako aukera bat ez da egunero lortzen eta, gauzak okertu badaitezke ere, beti aterako duzu gauza positiboren bat.
Azken batean, gomendatuko nieke aukera aprobetxatzeko: toki berriak, jende berria ezagutuko dituzte, lan esperientzia izango dute… Nire kasuan, hain positiboa izan ez zena, era ez presentzialean lan egitea izan zen, alde batetik; bestetik, aurreikusita genuen bezala, bidaiatu ezin izatea. Hala ere, moldaerraza izan behar da eta egoera berrietara egiten jakin. Gaur egun, lan arloan gehien baloratzen den trebetasunetako bat da. Hortaz, moldatu beharra dugu datorkigunera eta borroka egin, nahi duguna lortzeko.
Gainera, uste dut halakoetan sortzen diren harremanek ikaskuntzak aberastu eta oroigarriago egiten dituztela; hortaz, pertsona horiengandik apur bat ikasten ahalegindu eta ekarpenak egiten dizkiguten ikaskuntza eta esperientziekin geratu behar dugu. Nire lankideek eta nik asko ikasi genuen alde horretatik.
Eskerrik asko zure esperientziak partekatzeagatik. Amaitu aurretik, zer moduz zaude eta zeintzuk dira etorkizunerako dituzun planak?
Une honetan pozarren nago, ikastetxe batean lanean, Lehen Hezkuntzan, eta Irakasleen Prestakuntzarako Masterra amaitzen ari naiz. Perutik bueltan hasi nituen ikasketa horiek eta hona etorri eta handik gutxira hasi nintzen lanean. Gainera, itzultzean hizkuntzak hobeto ikasten hasi nintzen, ezinbestekoak iruditzen baitzaizkit nazioarteko esperientziak izateko.
Etorkizuneko planei dagokienez, irakaskuntzan jardun nahi dut eta prestatzen jarraitu, oraindik asko baitaukat ikasteko. Momenturen batean hezkuntzako beste etapa batzuetan lan egin nahi nuke, Bigarren Hezkuntzan edo Batxilergoan, nire esperientzia pertsonalaren arabera, asko baitago aldatzeko metodologiei dagokienez etapa horietan. Ez dut baztertzen momenturen batean ikerketari denbora eskaintzea. Hala ere, ezin dut esan % 100 non egongo naizen hemendik urte batzuetara, are gutxiago beste herrialde batean bizi izan dudan esperientzia izan eta esperientzia hori gozatu ondoren.