Skip to main content

Ana Isabel Estévez Gutiérrez

Nire ustez, oso garrantzi handikoa da unibertsitateetatik egiten den lanak bizi garen gizartea hobetzeko balio izatea. (…) Klaseek balio dezatela lanbidean aritzeko psikologorik onenak prestatzeko, jendea zerbitzatzera estuki loturik. Ikasketek politikak aldatzeko balio dezatela eta ezagutzak ildo estrategikoetan aholkularitza emateko balio dezala.

2019ko otsailaren 25ean, Ekonomia eta Enpresa Ministerioaren egoitzan, Jokoa arautzeko Zuzendaritza Nagusiaren Joko Arduratsuaren Aholku Batzordea eratzeko saioan, Ana Estévez irakaslea Batzorde horretako kide izendatu zuten.

Psikologian lizentziatu eta doktore egin zinen, Nortasunaren Psikologia, Ebaluazioa eta Tratamendu Psikologikoko sailekoa zara eta zure ikerketako interesak zorizko jokoei lotutako nahasmenduak, substantziarik gabeko adikzio berriak eta prozesu kognitiboak dira. Itxaroten zenuen izendapen hori? Zer esan nahi du zuretzat?

Ez nuen itxaroten.Aurretik esperientzia bat izana nuen, Diputatuen Kongresuan Drogen arazoak aztertzeko Batzorde Mistoan, jokoaren publizitateak gazteengan duen eraginari buruz informazioa emateko, baina gauza puntuala izan zen.Nire ustez, oso garrantzi handikoa da unibertsitateetatik egiten den lanak bizi garen gizartea hobetzeko balio izatea.Egiten dudan guztiaren helburua da.Klaseek balio dezatela lanbidean aritzeko psikologorik onenak prestatzeko, jendea zerbitzatzera estuki loturik.Ikasketek balio dezatela politikak aldatzeko eta ezagutzak balio dezala ildo estrategikoetan aholkularitza emateko.

Urteak daramatzazu goian aipatutako tipologien inguruan lanean eta ikerketa egiten. Zelako eboluzioa izan du gaiak azken urteetan? Baikor izateko moduan gaude?

2000 urtean hasi nintzen ludopatia arazoak zituzten pertsonekin lanean.Ekintza-Aluviz Elkartea koordinatu nuen eta urte luzeetako lana izan zen.Ludopatia ez zegoen ondo ikusita eta pertsona ugari hurbiltzen zen zentrora laguntza eske.Urteotan, aldaketa asko izan da alde askotatik.Lanak balio izan du arazoa begien aurrean jartzeko, oso ondorio larriak baititu bizi dutenentzat eta pertsona horien hurbilekoentzat.Zentrora datozen pertsonen profilak ere aldaketak izan ditu.Gero eta gazteagoak dira eta jokatzen hasten direnetik eta bizitzan ondorioak agertzen direnera pasatzen den tartea gero eta laburragoa da.Une honetan, jenderik gazteenaren kasuan, 6 hilabetetik urtebetera bitartean pasatzen da; lehenago, jokozaleak 20 urte zeramatenean hurbiltzen ziren.Asko dira aldaketa horretan eragin duten arrazoiak: jokoak ugaritzea, interneten bidez zabaltzea, etab.

Garrantzizkoa da baikorra izatea jende hori erakartzeko eta ilusioa jarri behar da egiten duzun lanean; baina garrantzizkoena lanean jarraitzea da.Urte hauetan, FEJAR erakundeak (Federación Española de Jugadores de Azar Rehabilitados) aurrerakuntza handiak lortu ditu, arlo askotan, denon lanari esker. Hala ere, asko dago egiteko. Garrantzizkoena da, gizarte gisa, gazteak eta nerabeak, talderik ahulenak, babesteko eta prebentzio lana egiteko balioko duten balioak izatea. Funtsezko lana da niretzat. Ekintza Aluviz Elkarteak bertako ohorezko kide egin ninduen, eta bizi izan ditudan gauzen artean barrutik gehien eragin didana izan da. Erantzukizuna nuela sentitu dut, nire irakasle postutik, arazoaren berri eman eta foroetan parte hartzeko, arazoa denen begien aurrean jartzeko.

Argitaratu berri diren datuen arabera, ludopatiak 43.000 pertsona ingururi eragiten die Euskadin, populazioaren % 2ri.Kopuru hori, seguru asko, diagnostikatu eta tratatutako kasuen kopuruari dagokio. Zure esperientzia kontuan hartuta, hori hala balitz, zein izango litzateke gaixotasun horren eragina jasaten dutenen benetako kopurua, gutxi gorabehera, gure erkidegoan?

Erantzun zaila da ematen, zailenetarikoa.Ez da azterketa epidemiologikorik egin berriki. Arlo horretako ikerketak egin behar dira.Drogen Plan Nazionalean, gazteekin eta nerabeekin ikerketak egiten ari gara, egoera zertan den jakiteko.Hala ere, beharrezkoa da populazio orokorraren inguruko ikerketak egitea.

Joko Arduratsuaren Kontseilu Aholkularia 2013an sortu zen, Jokoa Arautzeko Zuzendaritza Nagusiari Joko Arduratsuaren estrategia definitzen eta diseinatzen aholku emateko eta arlo horretan gidalerroak ezartzeko.Zelan egin dakioke aurre dilema honi: alde batetik, ludopatia eraginkortasunez prebenitzeari eta, aldi berean, Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioari atxikitako Estatuko Loteria eta Apustuen Enpresa-Entitate Publikoaren publizitate makineria indartsuaren lekuko izateari, diru-kutxa publikorako diru-sarrera handien iturri izanik?

Halako kasuetan ez dakit dilemarik dagoen ala ez. Egoerarik kalteberenean daudenak babestea da beti lehenetsi beharrekoa.Ez dute zertan elkarren kontrako izan. Jokoaren arazoa diru asko kostatzen zaio Estatuari ere beste bide batzuetatik: osasun zerbitzuetan, bajak, etab.

Zer aholkatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei joko arduratsua sustatzen laguntzeko, eta zein modutan lagundu dezakete, beren familia eta lagunei horren berri ematen?

Garrantzi handikoa da horretaz hitz egitea arazoa ezagutzeko, aurrea hartzeko eta tratatzeko. Ezagutzea behar-beharrezko urratsa da.Hala ere, ez dakit jokorako hain gauza zehatza egitea beharrezkoa den. Uste dut balio jakin batzuk lantzeak erraztu egiten duela prebentzioa maila guztietan.Balio ekonomikoa, beste balioen aldean, oso errotuta dago. Gainera, horixe da gazteek eta nerabeek jokatzearen arrazoi nagusia. Bestearen tokian jartzeko ahalmena, bestea desberdina dela ulertzea; taldearen presiorik gabe erabakiak hartzeko gaitasuna, etab. Prebentziorako kontuan izan beharrekoak dira, bizitzako arlo askotan.

Eskaini diguzun denboragatik eskerrak eman eta, bukatzeko, ikasle garaira itzuliko gara: urte haietako zer oroitzapen gordetzen duzu, zer partekatuko zenuke gurekin?

Oso urte onak izan ziren. Nire kasuan, ikasketak eta boluntario lana bateratu nituen beti eta horrek balio izan zidan errealitate askotara begiak zabaltzeko. Uste dut ezinbestekoa dela gaur egun gauzez dudan ikuspegia izateko. Psikologia ikastea ikaragarri gustatu zitzaidan eta oraindik ere gozatzen jarraitzen dut gauza berriak ikasten. Adiskide asko ezagutu nituen garai hartan eta oraindik ere harremana mantentzen dut haiekin.