Skip to main content

Eva Perea Muñoz

Unibertsitatea da gizarteko igogailurik onena, eta horrek klase ertain sendoa sortzen du eta gizarte mailako desberdintasunak ez dira hain markatuak

Ekonomia eta Enpresa Zientzietako Eva Perea doktorea UAO CEUko errektore berri izendatu dute. Bilbon jaioa da, ia hamar urteko ibilbidea duena erakundean, eta UAO CEU sortu zenetik arduradun nagusi den lehenengo emakumezkoa.

Bilbotik Edinburgora. Handik Hagara, gero Luxenburgora, El Paso-Ciudad Juarezeko muga eta, azkenik, Bartzelonara. Soziologiatik Enpresa Zientzietara, aholkularitzara. Ekintzaile, irakasle, doktore, ikertzaile, idazle, solasaldietako kide irratian, dekanoa, errektoreordea eta, orain, errektorea. Hurrengo zer?

Bizitzak aukera ugari eskaintzen ditu eta prest egon behar da aurretik pasatzen zaizkizun tren horiek hartzeko. Gaur egun, bizitza luzeagoa dela pentsatzen dut; baina, horrez gain, zabaldu ere egin daiteke. Hainbat herrialdetan eta kultura desberdinetan bizitzeak zabaldu egiten dizu bizitza, aberastu eta osoago egin. Pozik nago naizena naizelako, urte hauetan, esperientzia horietan guztietan ikasi dudanari esker. Ezer edo ia ezer ez zegoen planifikatuta, berez joan da sortzen urteek aurrera egin ahala; eta, aldi berean, atzera begiratzean, denak du zentzua. Ez dakit zer izango den hurrengo, ez diot neure buruari planteatzen; inguruan eragin positiboa lortzeko asmoa baino ez dut, ahal den neurrian, jakina.

Estatu espainiarreko 76 unibertsitateetatik 11k dute emakumezko errektorea (% 14,47k guztira). 50 unibertsitate publikoetatik, lautan (50etik % 8,00tan, eta 76tik % 5,26tan); eta gizarte ekimeneko eta pribatuetako 26etatik, zazpitan (26tik % 26,92tan eta 76tik % 9,21etan). Zure ustez, sentiberatasun handiagoa dago, emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunari dagokionez azken talde horretan?

Emakumeen egoera esparru honetan, beste batzuetan bezala, nabarmen hobetu da. Hobeto gaude unibertsitateetan, oro har, bai publikoetan eta bai pribatuetan. Egia da ekimen pribatukoetan (irabazi asmorik gabeko unibertsitate pribatua da gurea), sentiberatasun handiagoa dagoela: adibide bat jartzearren, CEUren hiru unibertsitateetatik, bitan daude emakumezko errektoreak. Behar bada ekimen pribatuko egiturak malguagoak dira eta aldaketetara arinago moldatzeko modua dute. Oro har, baikorra naiz alde horretatik: Emakume errektoreen kopurua oraindik txikia bada ere, errektoreordeena altua da; beraz, denbora kontua baino ez da izango goi mailako arduretara heltzea. Joan den astean hitzaldi bat eman nuen soldaten arteko etenari buruz PIMECen biltzar batean. Oraindik ere batez beste % 16ko aldea dago gizon eta emakumeen artean EBen eta Espainian. Asko dago egiteko, baina aldaketa martxan dago.

Boloniako Prozesuaren benetako espirituaren ia aitzindaria izan zinen. Gaur ia ahaztua dugu, gaitzetsia, gaizki ulertua eta sarritan gaizki ezarria. Unibertsitatetik mundu errealera atera zinen eta hainbat denbora eman zenuen bertan, berriro unibertsitatera itzultzeko, oraingoz behintzat. Zein neurritan eragin izan dizu errealitateko esperientziak irakaskuntza eta ikerketako ikuspegiak planteatzeko orduan?

Premiazkoa da unibertsitatea eta mundu erreala elkarrengana hurbiltzea. Batzuetan, testuinguruak zailtzen du hurbilketa hori. Adibidez, unibertsitateko irakasle doktore egiaztagiria izan beharrak eragiten du unibertsitateko geletara profesional gutxi sartzea, normalean ez baitira egiaztagiridun doktore izaten. Horren barruan, gure unibertsitatean ikaragarrizko ahalegina egiten dugu irakaskuntzaren berrikuntza sustatzeko, kasuen metodoa erabiltzeko, beste irakasle batzuk gonbidatzeko, learning by doing metodoa sustatzeko, ikasleak ekitaldien, biltzarren eta antzekoen antolaketan sartu daitezen. Hortaz, saiatzen gara irakaskuntza eta ikerketa garai berrietara egokitu daitezen, ikasleen eskakizun berrietara (oso bestelakoak baitira duela hogei, hamar edo bost urtekoekin erkatuta).

Gomendatuko zenieke esperientzia hau belaunaldi berriei?

Klaseak ematen ditudanean, ikasleek estimatzen dute enpresetan eta nazioarteko erakundeetan aritu izana. Diziplina guztietan gertatzen da: Zuzenbidean, esaterako, irakasleak magistratuak, notarioak, lanean diharduten abokatuak, etab. badira, ikasleek gehiago ikasten dute eta balioetsi egiten dituzte irakasten diezuna. Ikasleek ulertu behar dute “zergatik” dauden klasean; hau da, klasean egoteak hainbeste alternatiba badu, jakin behar dute klasean badaude merezi behar diela egotea. Gaur egungo ikaslea exigentea da, esperientzia praktikoa balioesten duena, batez ere. Beraz, bi gomendio ematen ditut: 1. Unibertsitateek, ahal den neurrian, lan mundua ezagutzen duten irakasleak kontratatzea; eta 2. ikasleei gomendatzen diet enpresa eta erakundeetan lan egiteko, unibertsitatera itzuli aurretik, baina ez diezaiotela inoiz prestatzeari utzi, eta doktoregotza ere egin dezatela. Ate asko zabaltzen ditu eta benetan merezi du.

Europako enpresa txikiak eta ertainak ezagutzen dituzu, Gizarte Erantzukizun Korporatiboaz kezkatuta zaude, sentiberatasuna duzu kultura artekotasunaz eta sortzen ari diren nazioarteko merkatuez. Zelan eragin daiteke unibertsitatetik garapen jasangarrira bideratuta dagoen unibertsitatea gauzatzen eta gero eta gizarte endogamiko gutxiago eta zabalago gehiago egiten, gizarte desberdintasun sakonagoak ez izaten?

Unibertsitatea da gizarteko igogailurik onena, eta horrek klase ertain sendoa sortzen du eta gizarte mailako desberdintasunak hain markatuak ez izatea ekartzen du. Bestalde, Erasmus programa beti izan da Europaren eta europar mailako integrazioaren erakusgarririk onena, Europa osoko ikasleak eta EBtik kanpoko beste herrialde batzuetakoak nazioartean mugitzen direlako eta pertsonak eta kulturak trukatzen dituztelako. Kultura arteko lehen mailako eragilea da. Munduan diren erakunde global guztien artean, unibertsitatea da garrantzizkoena hedaduraz, onarpen sozialaren aldetik, eta talentu sortzailerik handiena. Hala uste dut behintzat.

Espainiako unibertsitatea hedabideetan gaur bai eta bihar ere bai agertzen dela, zein paper uste duzu jokatzen duela unibertsitateko prestakuntzak enplegagarritasunean eta bertako geletako tituludunen lanbideko karreretan?

Unibertsitate espainiarra unibertsitate zorrotza eta kalitatekoa da. Toki jakin bateko jardunbide desegokiek ez lukete unibertsitatearen ospea oro har zikindu behar. Bestalde, gure gazteak zenbat eta hobeto prestatuta egon, aukera gehiago izango dute lan merkatuan sartzeko eta kontratu, soldata eta kalitateko enplegu onenetan. Nire unibertsitateak % 90 inguruan du enplegagarritasun tasa. Unibertsitaterik gabe, halakorik ezin izango litzateke gertatu. Gazteak ez dira gaur egun baino hobeto prestatuta egon inoiz.

Bukatzeko, eskaini diguzun denboragatik eta zure bizitzako atal batzuk gurekin partekatu izanagatik eskerrak emateaz gain, esango diguzu zelan gogoratzen dituzun Deustuko Unibertsitateko Soziologia eta Politika Zientzien Fakultateko urteak?

Oroitzapen bikaina dut: unibertsitatearena, bertako ikaskideena (oraindik ere adiskide ditut), irakasleena, unibertsitateko bizitzarena oro har, kafetegiko uneena. Eraikinak gogoratzen ditut, oso ederrak, klaustroak, campusa… Gogoan ditut irakasleak ere: Javier Elzo, Miguel Ayerbe (berarekin egin nuen GALa) eta beste asko. Ez dakit han jarraituko duten. Egia esan, unibertsitateko garaia bizitzako onena da: penagarria da bizitzen ari zarelarik horretaz ez konturatzea eta gerora baino ez dugu balioestea. Uste dut Deustuko Unibertsitatea oso erreferente ona dela eta oso harro nago ikasle ohietako bat izan naizelako.