Fake News: non dago egia?

AEBetako Presidentea hautatzeko 2008ko kanpainan, Washington Post egunkariak Barack Obama gizarte sareen erregea zela esan zuen. Obama gizarte sare nagusietan profila ireki zuen lehenengo hautagaietako bat izan zen, baita sare horiek kudeatzera baliabideak eta langileak bideratu zituen lehenengoa ere, hautesleekin komunikatzeko estrategiari lotuta.
Baina harrigarriena da estrategia hori kasualitatez hasi zela. Unibertsitateko ikasle batek, politikariaren jarraitzaile sutsuak, talde bat sortu zuen Facebooken, “One Million Strong for Barack” izenekoa. Hilabete baten buruan, 270.000 kide baino gehiago zituen taldeak. Arrakasta ikusirik, Obamaren aholkulariek eskala handiko estrategia bat diseinatu zuten, plataforma garrantzitsu guztietan presentzia edukitzeko.

MySpace, LinkedIn, Facebook, Twitter, YouTube eta Flickr erabiliz, Obamak bere jarraitzaileen artean edukiak zabaldu zituen eta haiekin harremanetan jarri zen. Atari horien guztien abantaila? Sare horietan presentzia edukitzeak ez zuela kosturik, dirutan.

Baina horrek historiaurreko kontua dirudi, Interneten dena oso azkar gertatzen baita.

“Yes, we can” mezua eta milioika estatubatuarren ilusioa gailurreraino igoarazi zuen Internet berak eraman zuen 2017an Donald Trump Etxe Zurira. Orain, ordea, inork ez du hainbeste goratzen.

Orain dela urte betetik hona, oso ezagun egin da “Fake News” terminoa: Donald Trumpen gustukoena izateaz gainera, 2017ko hitz aukeratu zuen Oxford Dictionaryk.

Askatasun, demokrazia eta gardentasun aireek, orain, maltzurragoak dirudite. Hala, Espainiako gobernuak “desinformazio kanpainak” Nazioaren Segurtasunerako mehatxu direla adierazi du.

Ez da harritzekoa, irakurri eta ikusi dugunaren zati handi bat egia ez dela edo, nabarmen, gezurra dela jakin baitugu, botoa eman ondoren. Trump, Clinton, Putin, Macron, Cameron, Brexita, Katalunia,… Internet desinformazioaren, norbere buruaren propagandaren, izen ona zikintzearen eta abarren gudu zelai bihurtu da.

Kezka horren aurrean, lagunduko al didazue, kafe honek irauten duen bitartean, Fake News eta egia ostea zer diren ulertzen (egia eta gezurra besterik ez nituen bereizten, baina, dirudienez, beste egoera batzuk ere badira)? Benetan, dirudien bezain kezkagarria al da egoera?

Zer da “fake news” fenomeno hori?

Alex Rayon (AR): Fake newsak nagusiki gizarte sareen bidez zabaltzen diren informazioak dira, desinformatzeko eta engainatzeko helburua dutenak. Interneteko gizarte geruzan atxikita gelditzen dira, eta eduki bat biral bihurtzeko gaitasunean oinarritzen dira.

Pertsona batzuek uste dute aro digital eta sozial honetan, zerbaitek gizartean eragina izatea nahi bada, gizarte sareetan zabaltzea lortu behar dela. Eta horretarako bitarteko erabilienak Facebook eta Twitter dira, gero eta jende gehiagok kontsumitzen baitu informazioa bi iturri horietatik.

Hainbat webgunek, ”casoaislado.com” eta “diarioespana.com” kasu, hedabidetzat hartu ezin badira ere, milioika irakurle lortu dituzte bi urte eskasean. Bikainak dira Interneten edukiak biralizatzen, halaxe definitzen dute beren burua. Webgune horiek oso titular deigarriak dituzten albisteak eraikitzen dituzte, elementu faltsuak ere erantsita, baina jende asko erakartzea lortzen dute.

Esan bezala, oso onak dira edukiak biralizatzen eta jende askoren arreta erakartzen. Horregatik ukitzen dituzten beti gai xenofoboak, arrazistak, homofoboak…

Kontuan hartu behar dugu Espainiako herritarren % 60k gizarte sareetatik jasotzen duela eguneroko informazioa. Facebook irekitzen dute, eta sare horretatik iristen zaiena irakurtzen dute. Aldatu egin da edukiak kontsumitzeko gure modua. Eta pertsona batzuek aldaketa hori ulertu dute, eta diru asko irabazten ari dira horren kontura.

Fenomenoa modan dago orain, baina ez da berria, ezta?

Jonathan Caro (JC): Filosofoek beti egin ohi duguna egingo dut: baiez eta ezetz erantzungo dizut, batera. Ez da berria, betidanik erabili izan baita gezur bat edo faltsua den zerbait, nahita, norberarentzat etekin bat lortzeko edo aurkariaren ideologia jakin baten kontra egiteko. Garai klasikoan, sofistek uste zuten edozein egia defendagarria zela, nahiz eta jakin egia hori ez zela ez sendoa eta ez oinarriduna.

Esaten zuten ez zegoela defendatzeko moduko egia absoluturik, ezta garai hartan ontzat emandako egiak ere. Horrek aukera eman zien Aristotelesek edo Periklesek, kulturaren eta klasizismoaren garairik distiratsuenetan, egiterik izan ez zuten zerbait proposatzeko: pertsona guztiak berdinak jaiotzen garela defendatzea, Grezia klasikoan guztiz errotuta zegoen esklabotasunaren aurrean.

XX. mendearen amaieran, postmodernitatearekin lotuta, berriro ere indarra hartzen du egia absolutua ukatzeak. Ez dira ontzat ematen gizakiaren eta bere historiaren egia objektiboa deskribatzeko kontakizun absolutuak (nahasten da egiarik ez dagoela eta kontakizunik ez dagoela esatearekin).

Egia osteak (edo “fake news”ak) ez digu esaten ez dagoela egiarik, baizik eta ez duela axola egia hori ez defendatzeak edo zure nahierara desitxuratzeak. Postmodernitateak proposatzen zuenaz oso bestelakoa da, beraz, orain egiten ari garena. Egia ostearen eta, bereziki, gaur egun ikusten ari garen egia oste maltzurraren helburua ez da egia objektiboaren kontakizun absolutu unibertsalak ezkutatzen duen berezitasun bat aldarrikatzea eta agerian jartzea. Aitzitik, norberaren borondatea askatu nahi du, boterea edukitzeko, beti errealitatea nahita manipulatzeko bitartekoak erabiliz eta, moralaren ikuspuntutik, beste helburu arrazoizkorik gabe.

Laburbilduz, zer ez da berria? Gezurra esatea ez da berria, gezurra beti erabili izan baita norberaren intereserako. Baina berria da orain gezur hori norberaren intereserako baino ez dela erabiltzen eta egia objektibo eta unibertsalik ez dagoela aldarrikatzeko beste legitimitaterik ez dago.

Zein dago “fake news” horien atzean? Eta, zergatik?

AR: “Fake news” horien atzean, hiru helburu ezkutatzen dira: ekonomikoa, ideologikoa eta nik gizakion gaiztakeria deitzen dudana.

Eredu ekonomikoaren paradigmaren bi adibide “OKDIARIO” eta “ELESPAÑOL” dira. Trantsizio garaian Espainian kazetaritzan eta komunikazioan erreferentzia izan ziren bi pertsonak bideratutako proiektu berriak dira (Eduardo Inda eta Pedro J.). Egunkari horiek albiste sentsazionalistak eta faltsuak ematen dituzten webgune bihurtu dira. Jabeak konturatu dira aro digital-sozialean dirua irabazteko bidea dela zure edukiak irakurtzera jende asko erakartzea. Hortaz, arrakastaren gakoa da gizarte sareetan milioika jarraitzaileren arreta bereganatuko duten albisteak sortzea. Adibidez, Iruñeko ustezko biolazioaren eta hari lotutako epaiketaren inguruko erreportaje “handiak” oso “arrakastatsuak” izan dira ‘elespañol’-en. Epaiketaren aurretik eta epaiketan zehar, informazio asko eta asko zabaldu du, berdin dio egiaztatua izan ala egiaztatu gabea.

Negozioaren % 100 publizitatea da, besterik ez. Horregatik, helburu bakarra irakurleak erakartzea da. Beste hedabide batzuek eredu hibridoak erabiltzen dituzte, harpidetzen bidezkoak, alegia. Horregatik, albisteak argitaratzen dituztenean, kontu handiagoz aritzen dira, harpidedunen nahiak asebetetzeko.

Horretan guztian eragina du, gainera, berreste alborapenak: neure hautemateak indartuko dituzten informazioak bakarrik irakurri nahi ditut. Segurtasun eza handitzen ari dela hautematen badut, orduan lapurretei, hilketei eta abarri lotutako izenburua duten informazioak kontsumituko ditut, segurtasun eza Bilbon.

Bigarren faktorea ideologikoa da. Gizarte “fake news” horiek dakarten arazoaz AEBetako hauteskundeetan konturatu zen. Donald Trump eta bere aholkulariak konturatu ziren AEBetako herritarren zati handi batek bi edo hiru mezu besterik ez zituela entzun nahi, eta erabaki zuten kanpainan programa politikoa pentsatzeari denbora gehiegi ez eskaintzea. Hiru mezu aukeratu zituzten: “ekonomia amerikarrentzat berreskuratzea”, “immigrazioarekin bukatzea” eta “establishment-a ustela da”. Trump eta bere taldea hiru ideia horien inguruko edukiak eta albisteak sortzen eta biralizatzen aritu ziren eta, gainera, oso ongi egin zuten.

Eredu horren paradigmetako bat Veles da, Mazedoniako herri bat. Bertan, ehun gazte webak eta edukiak sortzen eta Facebooken eta Twitterren biralizatzen aritu ziren. Guztira, 160 milioi estatubatuarrek jaso zituzten albiste faltsuak. Horrek erakusten digu hautesleak desinformatzeko lan hori oso ongi egin zutela.

Europan ez ginen arazo horretaz jabetu, Frantziako presidentea aukeratzeko hauteskundeen bigarren itzulian gaur egungo presidenteak, Emmanuel Macron-ek, “Macron Leaks” izeneko erasoa jasan zuen arte. Hillary Clintonekin erabilitako estrategia bera errepikatu zuten, baina Macronek erreakzionatu egin zuen eta, Clintonek baino hobeto gainera. Horrela, hauteskundeak irabaztea lortu zuen. Oxfordeko Unibertsitateko adituen talde batekin lan egin zuen, edukien biralizatzea gerarazteko.

Fenomeno hori bera errepikatu da Kataluniako “procés”arekin ere. Zenbatespenen arabera, Espainian gai horri buruz irakurri denaren % 80 faltsua da.

Alexek aipatzen zuen errealitate digital-sozial horretan egiak garrantzirik ez badu eta elementu garrantzitsuenak sentimenduekin eta aurreiritziekin lotuta badaude, ez al goaz lubakietan antolatutako mundu batera? Ez al gara arituko talde bakoitza geure burua berresteko ahaleginak egiten, beste taldeen aurrean?

JC: Erabateko sakabanatze prozesu bat dela esan dezakegu, eta lortu nahi duena da azpimarratzea gizabanakoaren emozioa eta konbikzioa direla elementu garrantzitsu bakarrak.

Horrek gogoeta bikoitz batera eramaten nau.

Burke-k, ideologia kontserbadorearen aitak, esaten zuen indibidualismo hutsean sinesten badugu, Estatuaren aurrean, eta ez beste inoren aurrean, erantzun behar duten gizabanakoen batura besterik ez dugula izango, beste erantzukizunik gabe. Gerta liteke, kasu honetan, Estatua populista bihurtzea eta bilatzen duen gauza bakarra izatea gizabanakoen atxikipena, edozein preziotan. Edo, Estatu totalitarioa sortzea, gizabanakoa mendean hartuta.
Egia osteak gizabanakoari botere sentsazio faltsua ematen dio, dena eta etengabe manipula baitezake. Baina, aldi berean, erabateko konfiantza eza sortzen du. Hobbs-ek adierazten zuen gerran guztiok guztion kontra aritzen garenean, eta gizakia gizakiarentzat otso bihurtzen denean, zentzuzkoa dirudien gauza bakarra dela gure askatasuna subirano absolutu baten eskuetan uztea, guztiok mendeko izan gaitezen, maila berean. Horrela, ez dugu elkarren beldurrik izango.

Ikusi beharko dugu banakako askatasun isolatu, egiaztatu gabeko eta erantzukizunik gabeko honen aurrean –ez baitugu inoren aurrean erantzuten–, botereak arazo honi helduko ote dion eta nola.

Lehen “gizakion gaiztakeria” aipatu duzu. Zer esan nahi zenuen horrekin?

AR: Mundu digital-sozial honetan, gizakion gaiztakeriaren irudikapena trollak dira.
Trollak Interneteko munduko arketipo bat dira, eraso egitea gustuko duten pertsonak.

Trollek, esate baterako, identitate faltsuak sortzen dituzte eta horietatik eraso egiten diote aurkari bati, albiste faltsuak argitaratuz. Gainera, hori egiteko pizgarriak atzeraelikadurak emango dizkie.

Kataluniako atentatuen ostean, alerta terrorista faltsuak izan ziren, boluntarioentzako dei faltsuak, poliziaren aurkikuntza faltsuak. Portaera horien atzean, ez dago interes ekonomikorik, ez ideologikorik, gaizkia egin nahia, besterik ez.

Orduan, hainbeste albiste faltsuren artean, izango al dugu egiazko informazioa lortzeko aukerarik?

JC: Hartzaileak erantzukizun argi bat du, batez ere igorleek ez dutelako erantzukizunez jokatuko, ez baitzaie interesatzen. Hartzaileak konturatu behar du bere borroka dela hori.

Postmodernitatearen eta egia ostearen arteko bereizketa argia da. Vattimok “Gizarte Gardena” lanean adierazten du hedabideak askatasun iturri izango direla Estatuko erakundeen manipulazio eta kontrol nahiaren aurrean. Baina egia osteak eta fake newsek esaten dute gizarte sareak ez direla horretarako: burura etortzen zaigun lehenengo ideia 180 karakteretan partekatzeko balio dute. Faltsutze gaitasun horrek alderatze kritiko bat eta diskurtso mantso, landu eta hertsadurarik gabea ekarriko balu, betetzen ari den utopia bati buruz hitz egin ahal izango genuke, nahiz eta kudeatzeko zaila izan.

Baina, aitzitik, hedabideak gero eta gehiago anekdota eta titularra besterik bilatzen ez badituzte, Vattimok proposatutako gizarte garden horrek bere aurpegirik maltzurrena erakutsi digula ulertu beharko genuke.
Gizarte horrek ez du kritikarik egin nahi eta ez du erakundeek kontrolatzea nahi. Zein da horren emaitza? Gure Gizarteak Gizarte basatien gero eta antz handiagoa duela, baina zibilizazioaren elementu asko dituela eskura. Eta ez da pistola eskuetan duen tximino bat baino gauza arriskutsuagorik.

Nola egin diezaiokegu aurre “fake news”en arazoari?

AR: Momentu honetan, bi mugimendu daude fake newsei aurre egin nahian.

Alde batetik, ikuspegi frantsesa deitu dudana. Emmanuel Macron, presidente oso gaztea, aro digitaleko lehenengo presidentetzat har dezakegu eta modu berritzaile batean ari da arazoari aurre egiten, arauketaren bidez.

Urtarrilaren 5eko diskurtsoan adierazi zuen albiste faltsuak zabaltzen dituzten hedabideentzat legeak sortuko dituela. Proposamen horrek, ordea, arazo handiak izango ditu. Lehenengo, kasu askotan ez dela posible izango albisteen jatorria identifikatzea. Eta, identifikatuta ere, zaila izango da horren kontra joatea. Bigarrena, faltsua zer den tipifikatzeak duen zailtasun izugarria.

Hori Trumpek oso ongi egiten du: erdi egiak diren albisteak zabaltzen ditu, edo faltsuak direla egiaztatzeko modurik ez duten baieztapenak egiten ditu. Iritziak dira, baina ez dira gertakarietan oinarritzen. Donald Trumpek berak Fake News Awards sariak sortu ditu, ironiaz, bere adierazpenak bihurritzeaz edo txosten faltsuak egiteaz arduratzen diren hedabideak aitortzeko.

Zailtasun hori dela eta, Facebookek eta Twitterrek ere ezin du gauza askorik egin fenomeno horren aurrean. Ez dute esparru egokirik albiste batek egiazkotasuna edo faltsutasuna egiaztatzeko.

Bigarren ikuspegia, italiarra, oso erromantikoa da: heztea. Italiako Hezkuntza Ministerioak herritarren plataforma bat sortu du Googlerekin eta Facebooekin, guztien artean, Italiako gizarteari laguntzeko albiste faltsu bat zer den ulertzen eta bereizten. Ikuspegi honen arazoa horretarako behar den denbora da eta, gainera, esparru orokor bat sortzeko ezintasuna.

Zein iritzi duzu fake newsen arazoari aurre egiteko ikuspegi horiei buruz?

JC: Arauketa beharrezkoa da, zentzuak horixe esaten digu. Inork ezin du nire izen ona zikindu eta, hala eginez gero, legeak aukera ematen dit defendatzeko. Mundu digitalean ere, nolabaiteko arauketa egon behar da, anabasa horren barnean.

Arazoa da non jartzen diren mugak, non amaitzen den nire iritzia eta nire askatasuna. “Fake news”ak kontrolatzen badira, egin ondoren eta ez aurretik, ongi iruditzen zait. Salaketak egongo dira, faltsuak direla egiaztatuko da, eta erruduna identifikatuko da. Baina arazoa konplexua da. Izan ere, nork erabakiko du berri bat faltsua den, berri txar bat den edo ofizialaz bestelako ikuspegia islatzen duen, besterik gabe? Hemen hasten dira benetako arazoak.
Ezkorra naiz. Epe laburrera, ez dut irtenbiderik ikusten.

Tamalez, iruditzen zait ia jende guztiak uste duela irakurtzen ari dena ez dela egia. Hedabideak ere interes politikoen eta ekonomikoen arabera mugitzen dira. Oro har, oso gauza gutxi sinets ditzakegu.

Prestakuntza prozesua ez litzateke mugatu behar informazioaren iturri fidagarrienak zein diren aitortzeko informazio objektiboak ematera. Ez da horrenbeste zer esaten didaten, nahiz eta, noski, beti ikuspegi jakin batetik abiatuko garen, baizik eta nork esaten didan. Eta hor, nire ustez, hezkuntzan egiteko garrantzitsu bat dugu.

Herritarra “deseraikitzea” eta arkeologoa izan dadila, neurri batean, eta kontsultatzen ari den hedabide horri dagokionez, bila dezala nor dagoen atzean, nork finantzatzen duen, non kokatzen duen bere burua.

Egia ostearekin bi gauza gerta daitezke. Egia behin betikoz ahaztea, eta ez dut uste hori gerta daitekeenik. Edo pentsatzea, postmodernitateak egiten duen bezala, zein diren egiari jarri behar zaizkion parentesiak egiari buruz dugun ikuspegia Gizateriaren interesen zerbitzura jartzen ez denean. Aurrean nirekiko desberdina denarekin hitz egitea eragozten didan egia absolutista bat dudanean, egia ostearen defendatzaile izango naiz ni. Egia oste horrek, ordea, esaten badit egia absoluturik ez dagoenez, ez dudala inorekin solas egin behar eta jende guztiak neure iritzia onartu behar duela, orduan, egia ostea gaizki ulertu dugu eta guztiok guztion kontrako gerra batera eramango gaitu. Era berean, egia oste horrek besteenganako beldurra sortzen didanean eta guztiontzat egokiena norbaitek guztia modu absolutuan arautzea dela pentsatzera eramaten nauenean, orduan ere gaizki interpretatzen arituko gara.

strong>Zure ustez, arazo honen irtenbidea ikusiko al dugu epe laburrera?

AR: Ez dut uste egoera epe laburrera konponduko denik. Albiste faltsuak beti egon izan dira, baina, orain, fenomeno hori orokortu egin da.

Interesgarria izango litzateke giza eskubide digitalen adierazpen bat egitea, esate baterako, zuzentzeko eskubidea ere kontuan hartzeko. Plataformak ezin dira neutroak izan, eta erantzukizun maila bat hartu beharko lukete. Albiste faltsuak antzemateko modurik ez badago, gutxienez posible izan beharko litzateke albiste horiek ezabatzea, faltsuak direla frogatzen denean. Izan ere, arazoa albistearen kokapena izaten da. Ez naiz gehiegi luzatuko, baina Interneten, SEO identitate baten kokapenak baldintzatzen du eduki batera iristea, eta fake newsen sortzaileek oso ongi menderatzen dituzte Interneten kokatzeko mekanismoak.

Interneteko plataformek ez dute inolako pizgarririk arazoa lantzen hasteko, beren negozio ereduaren muina gu erakartzea baita. Zeren aurrean garen sentiberak jakiten badute, zein albisteren bidez kontsumitzen dugun jakiten badute, gero iragarleei gure pentsamendu eta portaera profilak eskainiko dizkiete. Horregatik, fake newsak oso garrantzitsuak dira beren negoziorako.

Horrelako albisteen iturri asko eta asko daude, esate baterako, “Doceminutos”, “Haynoticias”, “mediterraneodigital” edo “Diarioespaña”. Bisitatzera gonbidatzen zaituztet eta beren burua nola definitzen duten eta beren argitalpen lerroa nola azaltzen duten aztertzera. Horrek lagunduko digu, eta asko, informazio bat irakurtzeko orduan irizpidez jokatzen eta, horren arabera, baliozkoa den ala ez erabakitzen.

Partekatu ezazu